Mantxako on Kixote (Hidalgo zorrotza, 2P: 9-14)

  1. kapitulua

Euskaldun kementsuak eta mantxatar ausartak izan zuten bataila gogorraren kontakizunaren amaiera

Historia honen lehen partean, ezpatak zorrotik atera eta gora jasorik utzi genituen euskaldun kementsua eta on Kixote ospetsua, elkarri kolpe bipilak jotzeko zorian; hain bipilak, haiek betaro harrapatuz gero, erdibituko zuten bat eta goitik beheraino ireki, granada baten antzera; eta momentu zalantzakor hartan etenda geratu zen historia mamitsu hura, autoreak azaldu ez zuelarik falta zena non aurki zitekeen.

Pena handia eman zidan horrek, zeren, irakurritakoari gutxi iriztean, gustua disgustu bihurtzen zen; pentsatzen jarrita, bide zaila izango baitzen nire ustez ipuin mamitsu hartatik falta zen guztia aurkitu artekoa. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan eta ohikoz kanpokoa hain zaldun onari jakintsu bat ondoan falta izatea, sekula inon ikusi ez diren balentria handi haiek eskribitzeko, ordura arte beste zaldun ibiltari guztiei falta izan ez zitzaiena,

beren abenturetara doazela
jendeak esaten duen horiek,

zeren haietako bakoitzak jakintsu bat edo bi zeuzkan propio horretarako, eta ez zituzten soilik gertaerak eskribitzen, pentsamendu eta umekeria txikienak marrazten ere zituzten, ezkutuenak izan arren; ez zitekeen izan horren zoritxarreko hain zaldun ona, Platir eta beste batzuek sobera eta gehiegi izan zutena falta izateko. Horregatik, bada, ez nuen sinetsi nahi hain historia adoretsua gera zitekeenik besamotz eta hondatua, eta denboraren —gauza guztien irensle eta jale— makurkeriari egozten nion errua; denborak zeukan, edo ezkutuan edo kontsumitua.

Bestalde, iruditzen zitzaidan, baldin eta bere liburuen artean Desengaño de los celos etaNinfas y pastores de Henares bezain modernoak aurkitu baziren, beste historia horrek ere modernoa izan behar zuela, eta, idatzia egon ez arren, nekazari-auzoko jendearen memorian eta ingurukoenean egongo zela. Irudikamen horrek nahastua nindukan eta grinatsu Mantxako on Kixote gure espainiar ospetsuaren bizitza eta mirariak egiaz eta zinez jakiteko; Mantxako zalduntzaren ispilu eta argi, bera, eta lehenengoa gure aldi eta garai negargarri hauetan, zaldun ibiltari gisa armak harturik, lan eta ekimen horri lotu zitzaiona, eta irainak desegiten, alargunei laguntzen, dontzeilak babesten, beren neurriko azote eta zaldiekin, birjintasun osoa berekin, mendirik mendi eta haranik haran zebiltzan dontzeilak: baldin eta, behintzat, koldar edo aizkora eta larruzko babesledun horietako bilauren batek edo erraldoi ankerren batek bortxatzen ez bazituen, antzinako garaietan izan zen dontzeilarik, laurogei urteren buruan, garai horretan guztian teilatupean lorik egin gabe, eta hilobira osorik joan zenik, amak eginda bezala. Badiotsuet, beraz, horregatik eta beste gauza askorengatik gure Kixote kementsuak merezi ditu laudorio handi eta etengabeak, eta neuri ere ezin ukatu, historia honen amaiera atsegina bilatzeko egin nituen ahalegin eta lanagatik; nahiz eta badakidan zeruak, zoriak eta zorteak lagun ez balidate, mundua denbora-pasa hori gabe geratuko zela, eta kasik bi orduko gozamenik gabe, bi orduko gustu hori izango baitu arretaz irakurtzen duenak.

Era honetan, bada, gertatu zen aurkikuntza:

Egun batean, Toledeko Alcanan nengoela, mutil bat etorri zen zeta-saltzaile bati karpeta batzuk eta paper zaharrak saltzera; eta ni irakur zalea naizenez, kaleko paper urratuak bada ere, nire joera natural horrek eraginda hartu nuen mutikoak saltzen zuen karpetetako bat eta karaktere arabiarrak ezagutu nituen. Eta ezagutzen nituen arren irakurtzen ez nekienez, aljamieraz zekien moriskoren bat azaltzen ote zen begira ibili nintzen, irakur ziezazkidan, eta ez zen zaila izan gisako interprete bat aurkitzea, eta beste hizkuntza hobe eta zaharrago baterako itzultzailea behar izan banu ere aurkituko nuen. Nolanahi ere, zorteak bat ekarri zidan; nire desioa azaldu eta liburua eskuetan ipini niolarik, erdi-erditik ireki, eta, apur bat leitu zuenean, barreari eman zion.

Ea zergatik ari zen barrez galdetu nion, eta erantzun zidan liburu hark alboan idatzirik zekarren gauza batez. Emateko esan zion, eta hark, barreari utzi gabe, esan zidan:

—Hemen, alboan idatzita, esan dudan bezala, hau dator: «Esaten dute, Tobosoko Dultzinea honek, historia honetan hainbat aldiz aipatuak, Mantxako beste emakumeek ez bezalako eskua zeukala txerrikia gazitzeko.»

Tobosoko Dultzinea entzun nuenean, txunditurik eta galduta geratu nintzen, zeren gero jakin nuen on Kixoteren historia zetorrela karpeta haietan. Pentsamendu horrekin, presa eman nion hasiera irakur zezan, eta, horrela eginik, kolpean arabiarretik gaztelaniara itzulirik, hau zioela esan zidan: Mantxako on Kixoteren Historia, Cide Hamete Benengeli historialari arabiarrak eskribitua. Diskrezio handia behar zen, liburu horren izenburua nire belarrietara iritsi zenean sentitu nuen poza disimulatzeko, eta, zeta-saltzaileari aurrea harturik, paper eta karpeta guztiak erosi nizkion mutilari erreal erdian; diskrezioz jokatu balu eta jakin nik zenbat desio nituen, erraz lortuko zuen salmenta  hartatik sei erreal baino gehiago jasotzea. Gero, moriskoarekin joan nintzen eliza nagusiko klaustrora, eta eskatu nion karpeta haietatik guztietatik, on Kixoteri buruz zerbait ziotenak, bederen, itzultzeko gaztelaniara, ezer erantsi eta kendu gabe, eta eskatzen zuena ordainduko niola. Bi arroba mahaspasa eta bi anega garirekin konformatu zen, eta agindu zuen ondo eta fidelki, eta oso denboran laburrean, itzuliko zituela. Baina nik, negozioa erraztearren eta aurkikuntza balios hura nolanahi ez lagatzeagatik, etxera ekarri nuen, non hilabete eta erdiko epean edo askoz gehiago gabe dena itzuli zuen, hemen kontatzen den modu berean.

Lehenengo karpetan, naturaltasun osoz zegoen pintatua on Kixotek euskaldunarekin izandako bataila, historiak kontatzen duen jarrera berean ipiniak, ezpatak jasota, bata errodelaz babestua, eta bestea burkoaz, eta euskaldunaren mandoa hain garbi, urrundik ikus zitekeen alokairukoa zela. Euskaldunak oinetan titulu hau zeukan idatzia «Azpeitiko on Santxo», inolaz bere izena izan behar zuen, eta Rozinanteren oinetan hau zetorren, berriz, «On Kixote.» Bikain pintaturik zegoen Rozinante, hain luze eta zuzen, eta argalean garden, bizkarrezur zorrotza, biziki hetiko… argi eta nabarmen zegoen zeinen izen egokia zen Rozinante zaldi harentzat. Ondoan, han zegoen Santxo Panza, astoari kabestrutik helduta, eta haren oinetan beste errotulu bat, hauxe zioena «Santxo Zancas.», eta, pinturak azaltzen zuenaren arabera, sabel handia eduki behar zuen, estatura txikia eta hanka luzeak, horregatik ipini izango zioten izena Panza eta Zancas, eta historiak, batzuetan, bi izengoiti horiekin izendatzen du. Badira txikikeria gehiago ere, baina denak garrantzi gutxikoak, eta benetako historiari ekarpen handirik egiten ez diote, nahiz eta txarrik ez dagoen egiazkoa izanez gero.

Bere egiaren inguruan eragozpenen bat jar balekio, ez dago autorea arabiarra izatea besterik, eta badakit nazio hartakoen gaitza dela gezurtiak izatea; nahiz eta, gure etsaiak direlako, errazago uler daiteke eskas geratzea gehiegi luzatzea baino.

Hala iruditzen zait, bada, niri, hain zaldun onaren laudoriotan luma erabili behar denean, isildu egiten duela nahita: gaizki egina eta okerrago pentsatua; historialariek bizkor ibili eta zehatzak izan beharko lukete, egiatiak eta ez grinatsuak, interesak nahiz beldurrak eta gorrotoak zein adiskidetasunak egiaren bidetik aldenduko ez dituenak; eta egiaren ama, historia: denboraren lehiakide, ekintzen gordailu, iraganaren lekuko, presentearen adibide eta abisu, datorrenaren oharpen. Badakit honetan aurkituko dugula historia atsegin eta amultsuenean aurkitu nahiko genukeen guztia; zerbait ona falta izango balitz, autore galgo horren errua delakoan nago, historiaren errua baino areago. Dena dela, bere bigarren partea, itzulpenaren arabera, modu honetan hasten zen:

Bi lehiakide kementsu eta haserretuen ezpata zorrotzak hartu eta gora jasorik, ez zuen ematen zeruari, lurrari eta itsasoaren murgilari mehatxuka ari zirela baino, hain zen beroa jarduna eta saiatzeko modua. Euskaldun haserrekorrak jo zuen lehenengo kolpea, eta halakoxe indar eta amorruz jo ere, ezpata bueltan etorri ezta ere, kolpe bakar huraxe izango zen aski, borroka gogor hura eta gure zaldunaren abentura guztiak amaitzeko; baina zorte onak, gauza handiagotarako gordea baitzeukan, okertu egin zuen arerioaren ezpata, eta, ezkerreko sorbalda harrapatu arren, ez zion egin alderdi hura guztia desarmatzea beste kalterik, zelataren parte handi bat apurtu eta kendurik, belarriaren erdiarekin batera; eta lurrera erori zen guztia, hondamendi beldurgarriak zeharo hebainduta utzirik.

Jainkoa lagun dakidala, eta zeinek neur ote lezake orain gure mantxatarraren bihotzean pilatu zen arrabia, bere burua modu hartan ikusita! Ez dago besterik esan beharrik, baizik eta jaiki eta berriro estriboetan kokatu zen eta, ezpata bi eskuez lehen baino gogorrago estuturik, halakoxe suaz jaurtiki zion ezpata-kolpea euskaldunari eta bete-betean harrapatu zizkion burkoa eta burua, eta, bere babesgarri ona gorabehera, mendi bat gainera jausi izan balitzaio bezala hasi zen odola botatzen sudurretik, ahotik eta belarrietatik, eta mando gainetik erortzeko itxura guztiak hartzen, eta erori beharko zuen, zalantzarik gabe, lepotik oratu izan ez balio; baina, guztiarekin ere, hankak atera zituen estriboetatik eta gero eskuak libratu, eta mando-emeak, kolpe beldurgarri harekin zeharo izuturik, korrika bizian egin zuen ihes landan barrena, eta, bizkarra okerturik, asko baino lehen bota zuen nagusia lurrera.

Sosegu handiz zegokion begira on Kixote, eta erortzen ikusi zuenean, zalditik salto egi eta euskalduna zegoen tokiraino joan zen bizkor asko, eta, ezpataren punta begietan ipinirik, errenditzeko eskatu zion; bestela, lepoa moztuko ziola. Hain ikaraturik zegoen euskalduna, ezin zuen hitzik esan; eta gaizki pasatu beharrean zen, on Kixoteren itsumena ikusita, baldin eta kotxeko andereak, ordura arte desanimu handiz borrokari begira egonak, zegoen tokira joan ez balira eta amultsuki erregutu ez baliote mesede eta fabore egiteko beren ezkutariari bizia barkatzea. On Kixotek harro eta presuntzio handiz      erantzun zion horri:

—Andere ederrak, pozik naiz eskatzen duzuena egiteko, baina baldintza eta akordio batekin izan behar du: eta da gizaseme honek agindu behar didala Toboso herrira joan eta han, nire partetik, parerik gabeko Dultzinearen aurrean presentatu, hark bere borondatearen arabera joka dezan honekin.

Andere ikaratu eta deskontsolatuek, on Kixotek eskatzen zienaz ohartu gabe, eta Dultzinea hori nor izan zitekeen galdetzeke, agindu zioten ezkutariak zuzen beteko zuela haren aldetik manatu zitzaion guztia.

—Bada, hitz horren izenean nik ez diot min gehiago emango, ongi merezia bazeukan ere.

  1. kapitulua

On Kixote eta bere ezkutari Santxo Panzaren arteko pasadizo eta elkarrizketa graziosoak.

Jadanik altxatua zen Santxo Panza, fraideen mutilek nahiko gaizki utzia, eta arretaz egona zen bere jaun on Kixoteren batailari begira, eta Jainkoari bihotzez eskatzen zion garaitza eman ziezaion eta irlaren bat irabaz zezala, hango gobernadore izan zedin, agindu zionaren arabera. Ikusirik, bada, borroka amaituta eta nagusia Rozinanteren gainera igotzen ari zela, estriboari eutsi eta, igo aurretik, bere aurrean belaunikatu zen eta, eskutik heldurik, muin eman zion, eta esan:

—Berorrek nahi izan dezala, ene on Kixote jauna, bataila gogor eta latz horretan irabazi duen irlako gobernamendua niri ematea, ezen, handiena izanda ere, indartsu nago eta jakingo baitut gobernatzen, munduan irlak gobernatu dituen beste edonork bezainbatean.

Eta on Kixotek erantzun:

—Ohar zaitez, anaia Santxo, abentura hau eta honen antzeko bestebatzuk ez direla irla-abenturak, pasadizokoak baizik, eta horietan ez da irabazten burua hautsirik edo belarri bat gutxiagorekingeratzea besterik. Izan pazientzia, abenturak etorriko dira, etaez bakarrik zuek gobernadore egiteko modukoak, baina zerbait gehiago ere.

Asko eskertu zion Santxok, eta berriro eskuan eta lorigaren luzakinean  muin emanik, Rozinanteren gainera igotzen lagundu zion, eta Santxo astoaren gainera igo zen, eta bere jaunari jarraitzenzitzaion; hau, laukoan, kotxekoak agurtu barik eta haiekin hitz gehiago egin gabe, inguruan zegoen basoan barrena sartu zen. Astoari eman zezakeen guztia emanarazita jarraitzen zitzaion Santxo,baina hainbeste korritzen zuen Rozinantek, atzean geratzen ari zela ikusirik, Santxori ez zitzaion geratu itxaroteko hots egiteabeste erremediorik. Horrela egin zuen on Kixotek, Rozinanteri uhaletik eutsita harik eta ezkutari nekatua iritsi arte, zeinek, iritsi zenean, esan zion:

—Iruditzen zait, jauna, hobe genukeela eliza batean gerizatuko bagina, ezen, berorrekin borrokan aritu zen hura hala jota utzita, ez da harritzekoa izango Ermandade Santuari parte ematea eta gu atxilotzea; eta harrapatzen bagaituzte, ziur egon kartzelatik irteterako gure kalparrak izerdi-pats ederrak atera beharko dituela.

—Zaude isilik  —esan zuen on Kixotek—, eta non ikusi duzu zuk edo non irakurri zaldun ibiltari bat sekula auzitara eraman izan denik, nahiz eta gizahilketa ugari egin?

—Nik ez dakit ezer giza setaz  —erantzun zuen Santxok—, ez diot inori setarik izan nire bizitzan; dakidana da Ermandade Santuak daukala aginpidea landetan borrokan dabiltzanen gainean, beste horretan ez naiz sartzen.

—Bada ez izan kezkarik, adiskide —erantzun zuen on Kixotek—, nik aterako zaitut eta kaldearren (babiloniarren) atzaparretatik, are gehiago Ermandadearenetik: Baina esadazu zure biziagatik: ikusi duzu ni baino zaldun kementsuagorik mundu zabal osoan? Historietan inoiz leitu duzu badenik nik baino kemen gehiago duenik edo izan duenik eraso egiteko, nik adinako hatsik irauteko, nik besteko trebeziarik zauritzeko eta nik bezalako arterik inor eraisteko?

—Egia esanda —erantzun zuen Santxok— nik sekula ez dut irakurri inolako historiarik, ez baitakit leitzen ezta eskribitzen ere; baina ausartuko nintzateke apustu egitea nire denboran ez dudala zerbitzatu berori baino nagusi adoretsuagorik, eta Jainkoak nahi izan dezala ausarkeria guztiok esana dudan tokian ordaindu beharrik ez izatea. Erregutzen diodana da senda dadila, odola dario-eta belarri horretatik; alforjetan baditut trapua eta ukendu zuri pixka bat.

—Hori ongi zegokeen —erantzun zuen on Kixotek— baldin eta Fierabrasko baltsamoz beteriko erredoma bat ekartzea oroitu izan balitzait, tanta batez denbora eta sendagaiak aurrezteko.

—Zer erredoma eta zer baltsamo da hori? esan zuen Santxo Panzak.

—Errezeta gogoan dudan baltsamo bat hori erantzun zuen on Kixotek, zeinekin ez zaion heriotzari beldurrik izan behar, eta ez da pentsatu behar zauriren batengatik hilko zarenik. Beraz, nik egin eta ematen dizudanean, ez daukazu beste egin beharrik, baizik eta, ikusten baduzu batailaren batean gorputzaren erdi-erditik apurtu nautela, askotan gertatzen den bezala, halabeharrez lurrera erori den gorputz zatia, kontu handiz, aulkian geratu den beste erdiaren gainean ipiniko duzu, odola jelatu aurretik, eta lehen zegoen bezalaxe erantsi, zuzen. Gero bi trago emango dizkidazu, ez gehiago, esan dudan baltsamo horretatik, eta sagarra baino sanoago geratu naizela ikusiko duzu.

Hori horrela bada —esan zuen Panzak— nik uko egiten diot oraintxe bertatik agindutako irlaren gobernamenduari, eta nire zerbitzu on eta ugariren aldera ez dut nahi beste ezer, baizik eta berorrek eman diezadala likore miragarri horren errezeta, uste baitut edonon balioko duela ontza batek bi errealetik gora, eta nik ez dut beste beharrik, bizitza prestutasun eta atsedenean emateko. Baina jakin beharra dago egitea asko kostatuko den.

—Hiru erreal baino gutxiagorekin egin daitezke hiru azunbre —erantzun zuen on Kixotek.

—Zoritxarrekoa ni! —ihardetsi zuen Santxok—, zeren zain dago, bada, berorri, egin eta niri erakusteko?

—Zaude isilik, gizona —erantzun zuen on Kixotek—, are sekretu handiagoak erakustea pentsatzen baitut, eta mesede handiagoak egin ere bai; eta, oraingoz, senda gaitezen, belarriak nik nahi baino min handiago ematen dit-eta.

Eta, hala, Santxok trapuak eta ukendua atera zituen alforjetatik. Baina, on Kixotek bere zelata apurturik ikusi zuenean, burua galduko zuela uste zuen, eta, eskua ezpatari erantsi eta begiak zerurantz jasorik, esan zuen:

—Nik zin egiten diet gauza guztien Kreatzaileari eta lau Ebanjelio santuei, dagokion eran, Mantuako markesak egin zuen bizimodua egingo dudala, iloba Valdovinosen heriotzagatik mendeku hartzea zin egin zuenean bezala: mahaian zerbitzaturiko ogi zuririk jan ez, emaztearekin oheratu ez eta beste gauza batzuk, orain gogoan ez ditudanak, adierazitzat ematen ditut, ankerkeria hori egin zidanaren aurka guztiz mendekatu arte.

Hori entzutean, Santxok:

—Jakin beza berorrek, on Kixote jauna, gizon hark esandakoa bete badu, hau da, Tobosoko Dultzinearengana joan bere burua aurkeztera, zorrak kitatuak dauzka, eta ez du merezi beste zigorrik, delitu berririk egiten ez badu.

—Oso ongi hitz egin eta zehaztu duzu —erantzun zuen on Kixotek—, eta horrela bertan behera uzten dut berriro mendeku berria hartzeari buruzko zina; baina jakinaren gainean jartzen dut eta berresten esan dudan erako bizimodua egingo dudala zaldunen bati beste zelata bat, hau bezain ona, indarrez kendu arte. Ez ezazu pentsa, Santxo, hori motiborik gabe egiten dudanik, badaukat eta horretan nori imitatua: horixe bera gertatu baitzen, hitzez hitz, Manbrinoren kasketari buruz, ez ahaztu garesti atera zitzaiola Sacripanteri.

—Deabruarentzat horrelako zinak, ene jauna —ihardetsi zuen Santxok, osasunaren hondagarri eta kontzientziaren kaltetan baino ez dira-eta. Bestela esan biezat orain: egun luzeen buruan topatzen ez badugu zelatadun zaldun armaturik, zer egin behar dugu? Zina bete egin behar al da, hainbeste oztopo eta deserosotasun nozituko baditugu ere; adibidez, jantzita lo egin behar, toki jendetsuetan lo egiterik ez, eta beste mila penitentzia aipatzen zituen eta berorrek berritu nahi duen Mantuako markes zahar eta zoro haren zinari jaramon egiten badiogu? Begira beza, jauna, ongi, bide guztiotan barrena ez dabil-eta gizon armaturik, baizik eta mandazain eta itzainak; ez da bakarrik zelatarik ez dutela, baizik eta ez dutela entzun ere egin horren izenik beren denbora guztian.

—Oker zaude horretan —esan zuen on Kixotek—, bidegurutze hauetan bi ordu igaro baino lehen ikusiko ditugu Albracara, Agelica Ederra konkistatzera, joan ziren baino armatu gehiago.

Geldi, bada; halaxe izan dadila —esan zuen Santxok—, eta Jainkoari gogoko dakiola ongi atera dakigun, eta irits dadila hain garesti irteten ari zaidan irla hori irabazteko garaia, eta hil nadila ni gero.

—Esan dizut, Santxo, horren zalantzan ez egoteko, zeren, irlarik ez bada, hor dago Danimarkako erreinua edo Sobradisakoa, hatzari eraztuna baino hobeto etorriko zaikizu; gainera, lur-zoru sendoa delako, askoz ere gehiago poztu beharko zenuke. Baina utz dezagun hori bere garairako, eta begira ezazu alforja horietan jatekorik dakarzun, gero azkar-azkar joateko gazteluren baten bila, gaua pasatzeko eta esan dizudan baltsamoa egin dezagun, zeren Jainkoaren izenean zin egiten dizut belarriak sekulako mina ematen didala.

—Hemen dituzu tipula eta gazta apur bat, eta ez dakit zenbat ogi-pusketa —esan zuen Santxok—, baina ez dira berorri bezalako zaldun adoretsuari tokatzen zaizkion janari finak.

—Zeinen gaizki ulertzen duzun! —erantzun zuen on Kixotek—. Jakinarazten dizut, Santxo, ohorea dela zaldun ibiltarientzat hilabetez jan gabe egotea, eta, jaten badute, jan dezatela eskueran aurkitzen dutenetik; jakingo zenukeen hori, nik adina historia irakurri izan bazenu; eta, nahiz eta asko izan, horietan guztietan inoiz ez dut ikusi zaldun ibiltariek jaten dutelako aipamenik, tarteka eta prestatzen zizkieten otordu handi haietan ez bada, gaineratiko egunak huskeriarekin pasatzen zituzten. Eta argi dagoen arren ez zeukatela bizitzerik jan eta beste eginkizun natural batzuk egin gabe, gizakiak baitziren gu bezalaxe, ulertu beharrekoa da, bizitzako denborarik gehiena landarik landa eta jenderik gabeko tokietan barrena ibilirik, eta sukaldaririk gabe, beren jatekorik ohikoena nekazaritza giroko jangaiz osatua izango zela, zuk orain eskaintzen didazun moduan. Beraz, Santxo adiskidea, ez zaitzala tristatu niri gogoko zaidanak: ez zaitez ibili mundu berria sortu nahian, ezta zalduntza ibiltaria bere lekutik ateratzen ere.

—Barka biezat, jauna —esan zuen Santxok—, nik leitzen eta eskribitzen ez dakidanez, lehen ere esan dudanez, ez dakit eta ez naiz ohartu zalduntza-bizibidearen arauez; eta hemendik aurrera ondo beteko ditut alforjak era guztietako fruta lehorrez berorrentzat, zalduna baita, eta niretzat, ez naizenez, hegazti eta hazkurri arinagoak, baina substantzia gehiagokoak.

—Ez dut esaten nik Santxo —ihardetsi zuen on Kixotek— derrigorrezkoa denik zaldun ibiltariek diozuen fruta horiek besterik ez jatea, baizik eta hori izango zela beren janari ohikoena, landetan aurkitzen zituzten belarrekin batera, beraiek ongi ezagutzen zituztenak eta nik ere ezagutzen ditudanak.

—Bertutea da —erantzun zuen Santxok— belar horiek ezagutzea, ezen, ohartzen ari naizenez, egunen batean ezinbestekoa izango baita ezagutza horretaz baliatzea.

Hala, bada, zekarrela zioena atera eta biek jan zuten bake eta lagun-giroan. Baina, gau hartan non geratu jakiteko grinatsu, oso azkar amaitu zuten afari pobre eta idorra. Zaldi gainera igo ziren gero eta presaka eta bizkor ibili ziren, ilundu baino lehen herrira iristeko, baina eguzkia ezkutatu zen, eta desio zutena lortzeko esperantza ere bai, ahuntzain batzuen etxola ondoan, eta, hala, hantxe bertan pasatzea erabaki zuten; Santxorentzat atsekabea adinako atsegina izan zen nagusiarentzat kanpo librean lo egiteko aukera, iruditzen baitzitzaion hori gertatzen zitzaion guztian posesio-ekintza bat egitea zela, bere zaldun-izaera agerian eta nabari ipintzen zuena.

  1. kapitulua

On Kixoteri ahuntzain batzuekin gertatu zitzaiona

Ahuntzainek oso ondo hartu zuten; eta Santxo, Rocinante eta astoa ahalik eta ongien ipini zituelarik, ahuntz-haragizko zezina-usainaren atzetik joan, inguruan zeuden-eta sutan irakiten lapiko batean; eta hark momentu hartan ikusi nahi bazuen ere ea sabeleko lapikora eramateko moduan zeuden, ez zuen hori egiterik izan, ahuntzainek atera egin zituzten-eta sutatik, eta, lurrean ardi-larru batzuk zabaldurik, bizkor atondu zuten egurrezko mahai sendoa eta biak gonbidatu zituzten, txit borondate onez, zeukatena hartzera. Haietako sei, larruen jiran, borobilean, eseri ziren; haiek ziren saroi hartan zeudenak, eta zeremonia baldar batzuen bidez, buelta emandako azpil batean gainean eser zedin eskatu zioten on Kixoteri. On Kixote eseri zen, eta Santxo zutik geratu, on Kixoteri kopa zerbitzatzeko: adarrez egindakoa zen edalontzia. Zutik ikustean, nagusiak esan zion:

—Santxo, ikus ditzazun zalduntza ibiltariak bere baitan dituen bertuteak eta gai horren eremu batean edo bestean saiatzen direnak zeinen gertu dauden munduan ondratuak eta estimatuak izateko, hemen nire ondoan, eta jende jator honen konpainian, eser zaitezen nahiko nuke, eta nirekin bat, gauza bera, izatea, zure nagusi eta jaun naturala naizen aldetik; nire plateretik jatea eta nik edaten dudan  ontzitik edatea; zeren zalduntza ibiltariari buruz maitasunari buruz esan daitekeen gauza bera esan daiteke: gauza guztiak berdindu egiten dituela.

—Aintzat hartzearen grazia handia! —esan zuen Santxok—; baina ez dut lotsarik berorri hau esateko: jatekoa ondroso izanez gero, ez nintzateke batere gaizki moldatuko zutik eta bakarrik, enperadore baten aurrean eserita bezain ongi. Eta, egia esateko, askoz ere gustu hobea hartzen diot bazter batean bakarrik jandakoari, konplimendu eta txatxukeriarik gabe, ogia eta tipula baino ez bada ere; nahiago beste mahai batzuetako indioilarrak baino, non beharturik nagoen lasai mastrikatzera eta gutxi edatera, ezpainak sarri garbitzera, eztul eta doministikuak etortzen bazaizkit, horiei eustera, eta bakardadek eta libertateak behartzen ez zaituzten beste gaza batzuk egitera. Beraz, ene jauna, berorrek eman nahi dizkidan ondra horiek, zerbitzari eta zalduntza ibiltarikoa naizelako —izan ere halaxe naiz: berorren ezkutari—, bihur bitza gauza eroso eta aprobetxagarriago; izan ere aurreko horiei, nahiz eta eskertzen dizkiodan, uko egiten diet hemendik munduaren azkenera arte.

—Guztiarekin ere, eseri egin beharko duzu; zeren umil jokatzen duena Jainkoak goira jasotzen du.

Eta, besotik heldurik, bere ondoan esertzera behartu zuen.

Ahuntzainek ez zuten ulertzen ezkutari eta zaldun ibiltarien jerga hura, eta ez zuten egiten jan eta isilik egon besterik, eta beren ostalariei begiratu; hauek,grazia handiz eta gogotsu irensten zituzten  ukabila baino zezina-puska handiagoak. Haragia ahitzean, ezkur mordoa zabaldu zuten ardi-larruen gainean; baita ere, haiekin batera, kare-morteroz egina balitz baino ere gogorragoa, egia esan. Aldi berean, adarra ez zegoen geldirik, maiz zebilen buelta, oraintxe beteta, oraintxe hustuta, noriatik ura ateratzeko ontzia baino areago, bistan ziren bi zahagi txikietako aitaren batean hustu zuten. On Kixotek, urdaila ongi bete ostean, hartu zuen eskukada bat ezkur eskuan eta, adi-adi begira jarririk, hitz/arrazoi hauek jaulki zituen:

—Zorioneko aroa eta zorioneko mendeak haiek, gure arbasoek urrezko deitua, ez garai haietan urrea, gure burdina-aro honetan hain preziatua, inolako nekerik gabe lortu ahal zelako, baizik eta aro hartan bizi zirenek honako bi hitzok zurea eta nirea ez zekizkitelako. Garai santu hartan dena denena zen, gauza guztiak komunak: inork ez zeukan, eguneroko jana lortzeko, eskua jaso eta arte sendo haietatik behar zutena hartzea beste lanik, beti eskainka beren fruitu gozo eta eztia. Iturri garden eta ibaiek, ugaritasun handian, ur gozo eta garbiak eskaintzen zizkieten. Harkaizpe eta arbola-zuloetan eraikitzen zuten beren errepublika erle bizkor eta apalek, eta edonoren eskueran, inolako interesik gabe, ipiniko zuten beren lan txit maitagarriaren emaria. Artelatz zindoak ere bai, beren kortesiarena beste artifiziorik gabe, azal zabal eta arinak eskaintzen, eta horiekin etxeak estali, lau hesolaren gainean eraikiak, eguraldiaren erasotik bederen babesteko. Orduan dena bakea zen, dena adiskidetasuna, dena lagunartea: artean ez zen ausartu golde tzarraren nabarra ama-lurraren errai amultsuetan sartu eta irekitzera; hark, behartu gabe ere, denetik eskaintzen zuen bere barne emankor eta handitik, zaintzen zuten seme-alabak ase, elikatu eta gozarazteko. Orduan bai ibiltzen zirela dama gazteak herririk herri eta muinorik muino, adats eta ile-korda libre, onestasunak nahi duena eta beti nahi izan duena onestuki estaltzeko premiazko jantzia besterik gabe, eta beren apaingarriak ez ziren orain erabiltzen diren bezalakoak, Tiroko purpurak eta alde guztietatik martirizaturiko zetak garestituak, baizik eta  lapa-belarraren orri berde batzuk eta huntza elkarrekin josirik, eta segur aski orain gure gortesauak, jakin-min gorrotagarriak eskueran ipini dizkieten jantzi bitxi eta azken asmakizun horiekin, baino dotore eta apainago. Orduan, arimako maitasun-kontzeptuak sotil eta xume erakusten ziren, arimak berak ikusten zituen modu eta era berberean, itxura egiteko hitz potolo eta alferrikakoen bila ibili gabe. Han ez zegon iruzur, engainu eta maleziarik egia eta sotiltasunarekin nahasi. Justizia ongi zaindua, bere tokian, zegoen, fabore-nahikoek zein etekin-goseek nahasarazi eta iraindu gaberik, eta ez orain gutxietsi, nahasi eta pertsegitzen duten bezala. Berak nahi zuena egite hori oraindik ez zegon sartua epailearen buruan, orduan ez zegoen-eta zer eta nor epaiturik. Dontzeilak eta onestasuna, esana dudan eran, nonahi eta lasai zebiltzan, bakarrik eta agerian, ondoko ausarkeriak eta desio lizunek hondatzeko beldurrik gabe, eta ezer egin nahi bazuten, beren gustu eta gogoz egingo zuten. Eta orain, gure gizaldi deitoragarri hauetan damarik ez dago seguru, nahiz eta Kretakoa bezalako beste labirinto berri batean ezkutatu eta itxi; zeren han, dela zirrikituetatik edo dela airetik, egundokorik arinen, grina madarikatuaren eskutik, amodio-izurritea sartzen zaie, eta hankaz gora botarazten diete itxialdiko barne-biltze horretan lorturiko guztia. Eta seguruago egon zitezen, malezia gero eta makurragoa zelako, sortu zen zaldun ibiltarien ordena, dontzeilak defenditzeko, alargunak babesteko eta umezurtzak eta pobreak sokorritzeko. Ordena horretakoa naiz ni, anaia ahuntzainok, eta eskertsu nagokizue niri neuri eta nire ezkutariari egindako harrera eta eskainitako arretagatik. Nahiz eta lege naturalaren izenean bizi diren guztiak beharturik dauden zaldun ibiltariak faboratzea, baina badakidanez zeuok betebehar honen berri jakin gabe onartu eta zaindu ninduzuen, eta normala, ahal dudan borondaterik onenarekin, zuena eskertzea.

Sermoi hau guztia (kentzea ere axola handirik ez diona) bota zuen gure zaldunak, zeren eman zizkioten ezkurrek urre-aroa ekarri zioten gogora, eta ahuntzainei alferrikako arrazonamendu hura egitea eman zion gogoak, ezen, hitzik erantzun gabe, aho-zabalik eta sinesgaitz, entzun zioten. Santxo ere isilik zegoen, ezkurra jaten segitzen zuen, eta maiz-maiz bisitatzen zuen bigarren zahatoa, zein, ardoa hoztearren, artelatz batetik zintzilika zeukaten.

Denbora gehiago eman zuen on Kixotek hizketan afariak iraun zuen baino; amaieran, hala esan zuen ahuntzain batek:

—Berorrek arrazoi gehiagoz esan ahal izan dezan, zaldun ibiltari jauna, abegi ona izan duela gure artean, gogo onez eta borondatetsu egina, oraindik poz eta atsegin handiagoak eman nahi dizkiogu, gure lagun bati kantarazita; laster izango da hemen. Oso gazte aditua eta biziki maitemindua berau, eta, batez ere, leitzen eta eskribitzen dakiena, eta arrabita jotzen duen musikaria; ez dago gehiago eskatzerik.

Ahuntzainak hori esaten amaitzearekin batera iritsi zen arrabitaren soinua haren belarrietara, eta handik gutxira iritsi zen iritzi zen jotzailea, hogeita pare bat urteko mutila, itxura atseginekoa. Afaldu zuen galdetu zioten lagunek, eta, baietz esanik, eskaintza egin zionak esan zion:

—Orduan, Antonio, egiguzu plazer apur bat kantatzea, gure apopilo jaunak ikus dezan mendi eta basoetan ere badirela musika dakitenak. Zure trebezien berri eman diogu, eta ongi utz gaitzazun nahi dugu, eta, beraz, eskatzen dizut, zure biziagatik, ezer zaitezela eta kanta ditzazula zure amodio-erromantzeak, zure osaba benefiziaduak konposatuak, eta herrian begi onez ikusiak.

—Poz handiz —erantzun zuen mutilak.

Eta berriketa gehiagorik gabe, arte baten lepo-buruan eseri zen, eta arrabita tenplaturik, handik gutxira, grazia ikaragarriz, kantatzen hasi zen, honela:

Esan ez arren, Ollala maite,
badakit maite nauzula:
begi geldiak, mihi isila
niretzako dituzula.
Zuhurra zarela badakit-eta
maite nauzula berresten
aitorturiko amodioa
ez baita inoiz zapuzten.
Egia izan daiteke agian,
Olalla, zure ikurra;
igual izan dezakezula
harrizko bihotz makurra.
Hala ere, zure gaitzespen-oihu
eta urruntze artean,
itxaropena egon liteke
zure soineko-ertzean.
Amua kontra jaurtiki arren,
indartsu nire fedea,
deitu ala ez beti parean,
beheraldirik gabea.
Maitasunean adeitasuna
ikusten dizut-eta nik
nire esperantzak oina sendo du
bidea zuk zeuk emanik.
Amodio-ekintzak baldin badira
bihotzarentzat ukendu
nik egindako zenbaitek nire
alde asko esaten du.
Arreta jarri baldin baduzu,
sarri ikusiko zenuen
astelehenetan igandekoez
zeinen dotore nagoen.
Maitasuna eta dotorezia
bide beretik dabiltza,
zure begian izan nahi nuen
nik eguzkiaren printza.
Zuregatik nik dantzari uko
eta musikari berdin,
lehen zuk entzunak desorduetan
eta oilarren kantuekin.
Ez naiz hasiko zure ederraz
esandakoa berritzen,
zeren, egiak izanagatik,
batzuk errazak zauritzen.
Berrocalego Teresa, aizu,
zu laudatzean, iraina:
«Aingeru gurtzen ari dela ta,
tximua da, alajaina!
bitxi ugari, ileordea,
gezurretan edertua,
engaina eta oker liteke
maitasunaren patua.»
Gezurtatzean txit haserretu,
lehengusua ordezkari,
desafio egin ta badakizu
gertatutakoen berri.
Ez zaitut maite edozein moduz,
pretenditzen lizun-gogoz,
baizik barrengo asmo eta plan
askoz ere samurragoz.
Eliza ongi hornitua da
zetazko lazo eta hede,
jarri lepoa zuk uztarrian:
ipiniko dut nik ere.
Zin egiten dut hementxe bertan,
ene, santu bedeinkatu,
ez noa inora mendiotatik
edo kaputxino sartu.

Honek amaitu zuen ahuntzainak bere kantu-saioa; eta on Kixotek pixka bat gehiago kanta zezan eskatu arren, Santxo Panzak ez zuen ametitu, lotarako hobea baitzegoen abestiak entzuteko baino, eta honela mintzatu zitzaion nagusiari:

—Beno, arren joan begi berorri gaua pasatu behar duen tokira, zeren gizon hauek egun osoan zehar daukaten lanak ez du onartzen gauak kantari ematerik.

 —Ulertzen dizut, Santxo —erantzun zuen on Kixotek—, ongi antzematen zait bai zahatoari egindako bisitek nahiago dutela loaren saria musikarena baino.

—Denok datorkigu ongi, bedeinkatua izan dadila gure Jainko Jauna —ihardetsi zuen on Kixotek, baina jar zaitez zu, nahi duzun tokian; nire lanbidedunak hobeto ematen dute esna eta zaindari, lotan baino. Baina, dena dela, ondo egongo litzateke, Santxo, belarri hau berriro sendatuko bazenit, nahi baino min handiagoa ematen dit-eta.

Agindu bezala egin zuen Santxok, eta, ahuntzainetako batek zauria ikusirik, lasai egoteko esan zion, berehala emango ziola-eta erraz sendatzeko erremedioa. Eta erromero-hosto batzuk harturik, izan ere han bazegoen hainbeste, txikitu eta gatz pixka batekin nahastu zituen, eta, belarrian ipini ostean, benda batez bildu zion dena, eta ziurtatu zion ez zeukala beste inolako sendagairen beharrik, eta halaxe geratu zen.

  1. kapitulua

On Kixoterekin zeudenei ahuntzain batek kontatu zienari buruz

Horretan zirela, beheko herritik hornigaiak ekarri ohi zizkien mutila etorri zen, eta esan zien:

—Ba al dakizue herrian zer gertatzen den, adiskideok?

—Nola jakingo dugu? —erantzun zuen taldeko batek.

—Bada, jakizue —jarraitu zuen mutilak— gaur goizean hil egin dela Grisostomo zeritzan artzain ikasle famatu hura, eta diotenez amodio-minez hil da, Martzela deabru harenganako amodio-minez. Martzela, Gillermo aberatsaren alaba, bide-zidor horietan artzain jantziarekin ibiltzen zena.

—Martzelagatik esango duzu —esan zuen batek.

—Bai, horrengatik esaten dut —erantzun zuen ahuntzainak—; eta onena da landan ehorzteko agindua eman zuela testamentuan, mairua balitz bezala, artelatzeko iturriaren ondoan ehorzteko, gainera;  zeren, esaten duenez eta berak hala esan zuela diote, leku huraxe dela lehenengo aldiz ikusi zuena. Beste gauza batzuk ere agindu zituen, baina herriko abadeek diote ez direla beteko eta ez direla, gainera, betetzeko modukoak, paganoen kontuak baitira. Horri guztiari erantzuten dio Anbrosio bere lagun handi eta ikasleak, hau ere harekin batera artzain ibili zena, hitzez hitz bete behar dela dena, hutsik egin gabe, Grisostomok agindua emanik utzi zuen moduan; hori dela eta, herria aztoratuta dabil; baina, dirudienez, Anbrosio eta bere lagun artzain guztiek nahi dutena egingo da, eta bihar ehortziko dute, ospe handiz, esana dudan tokian. Eta ikustekoa izango delakoan nago; ni, behintzat, ez naiz geratuko ikustera joan gabe, bihar herrira itzultzerik ez dudala izango jakingo banu ere.

—Denok gauza bera egingo dugu —erantzun zuten ahuntzainek, eta zotz egingo dugu zein geratu denon ahuntzak zaintzen.

—Ongi diozu, Pedro —esan zuen batek, nahiz zotzean jokatu beharrik izango ez den, neu geratuko naiz-eta guztion ordezkari; eta ez egotzi bertuteari edo nire jakin-min eskasari, baizik eta ez didala uzten ibiltzen minak, lehengoan hanka gainera erori zitzaidan zuhaitz-adarra dela medio.

—Nolanahi ere, eskertzen dizugu —erantzun zuen Pedrok.

Eta on Kixotek eskatu zion Pedrori arren esateko nor zen hildako hura eta zein artzain-neska bestea; Pedrok erantzun zion zekiena zela hildakoa kapare aberatsa zela, mendizerra hartan zegoen herri bateko bizilaguna, urte askoan Salamancan ikasi zuena, eta ondoren jaioterrira itzuli zen jakintsu-sonan eta eskola handiko bezala.

—Batez ere, izarren zientzia zekiela esaten zuten, eta han zeruan eguzkiak eta ilargiak pasatzen dutenari buruz, puntualki esaten baitzigun eguzkiaren eta ilargiaren klisa.

Eklipsea esaten da, adiskidea, eta ez klisa, goiko bi elementu argitsu horiek iluntzen direnean —esan zuen on Kixotek.

Baina Pedrok, umekeriei begira egon gabe, bere kontakizunarekin jarraitu zuen esanez:

—Era berean, asmatzen zuen  noiz izango zen urtabe ona eta noiz antzoa.

Antzua esan nahiko duzu, adiskide —esan zuen on Kixotek.

Antzua edo antzoa —erantzun zuen Pedrok— berdin dio. Eta esaten dut horrela, sinesten ziotelako, aberastu zirela aita eta lagunak, aholkatzen ziena egiten baitzuten; esaten zien: «Aurten erein garagarra, eta ez garia; orain erein barbantzua, eta ez garagarra; datorren urte oliba-urtea izango da, eta hurrengo hiru urteetan ez da alerik ere izango.»

—Zientzia hori astrologia da —esan zuen on Kixotek.

—Ez dakit nik nola deitzen zaion —ihardetsi zuen Pedrok, baina badakit hori guztia eta gehiago zekiela. Azkenik, ez zen denbora asko igaroa Salamancatik etorri zenetik, eta egun batean artzain-jantzian azaldu zen, makila eta txaleko, ikasle gisa zekartzan jantzi luzeak kenduta; eta harekin batera, bere lagun handi bat jantzi zen artzain, Anbrosio zeritzana eta ikaskide izana. Kasik ahaztu zitzaidan esatea Grisostomo zena gizon handia izan zela koplak paratzen: hain handia, berak egiten zituen gabon- kantak, gure Jaunaren Jaiotza-gauerako, eta Jainkoaren egunerako autoak (Corpus Christi), herriko mutilek antzezteko, eta goi mailakoak zirela zioten denek. Herri jendeak bi ikasle haiek hain ustekabean artzain jantzita ikusi zituenean, harrituta geratu zen, aldaketa bitxi haren kausa zein zen ez zekitela. Jadanik, garai horretan, Grisostomoren aita hila zen, eta ondare askoren jabe geratu zen, bai etxe, bai altzari eta bai lur, eta ganadua ere ez gutxi, handi eta txiki, eta sekulako diru mordoa, eta horren guztiaren jabe egin zen mutila, eta, egia esateko, dena merezi zuen, adiskide ona baitzen eta karitate handikoa eta onen laguna, eta bedeinkazioa bera bezalakoxe aurpegia zeukan. Gero, jendeak ulertu zuena zen, trajea aldatu bazuen, gure mutilak lehen aipatu duen Martzela izeneko neska artzain haren atzetik, eremu hauetan, ibiltzearren baino ez zela izango, harezaz maitemindu baitzen gure Grisostomo zen koittadua. Eta era esan nahi dizuet, komeni baita jakin dezazuen nor den txorigaldu hau: agian, baita agianik gabe ere, ez zenuten entzun izango horrelako gauzarik zuen denboran, sarna baino gehiago bizi bazarete ere.

Sarra esan — ihardetsi zuen on Kixotek —ahuntzainaren hitz-trukatzea sufritu ezinda.

—Nahikoa bizi ohi da sarna —erantzun zuen Pedrok—; eta, jauna, uneoro nire hitzak zuzentzen jardun behar badu, ez dugu amaituko urtebetean ere.

—Barkatu, adiskide —esan zuen on Kixotek—, sarnatik Sarrara alde handia dagoelako esan dizut; baina zuk oso ondo erantzun zenuen, sarna Sarra baino gehiago bizitzen baita, eta jarrai historiarekin, dizut-eta berriz ezer ihardetsiko.

—Esan nahi nuke, bada, ene arimako jauna —esan zuen ahuntzainak—, gure auzoan bazela nekazari bat oraindik ere Grisostomoren aita baino aberatsagoa, Gilermo zeritzana, eta Jainkoak gauza asko eta handiak emana: aberastasun handi eta askoren artean, alaba bat; erditzerakoan hil zen ama, inguru hauetan sekula izan de emakumerik zintzoena; badirudi oraindik aurpegi eder hura ikusten nagoela, alde batean eguzkia eta beste ilargia balitu bezala. Eta, batez ere, langilea eta pobreen laguna; beraz, uste dut bere arima, ordu-garai hauetan, Jainkoaz gozatzen egongo dela beste munduan. Emaztea hil izanaren penaz zendu zen bere senar Gillermo, alaba Martzela, gazte eta aberats, osaba apaiz eta herri honetako benefiziaduaren ardurapean utzirik.

Halakoxe edertasunarekin hazi zen neskatoa, amarena gogorarazten zigun, paregabea ederrean, eta, guztiarekin ere, denek uste zuten alabak gainditu egingo zuela; eta halaxe izan zen: hamalautik hamabost urteko tarte horretara iritsi zenean, gauza bera zen hura ikusi eta Jainkoa bedeinkatzea, hain eder egin baitzuen!, eta gainerakoak maitemindu eta txoraturik jartzen ziren harekin. Osabak kontu handiz eta hertsian, gorde eta zaintzen zuen; hala ere, bere edertasun handiaren sona hedatu egin zen, eta bai neska beragatik eta bai zeuzkan aberastasun handiengatik, ez herrian bakarrik, baita legoa askoren inguru luze-zabalean ere, eta onenetakoak, osabari etengabe eskatu, erregutu eta esaten zioten emaztetzat eman ziezaiela. Baina, ongi begiratuz gero, kristau ona, zalantzarik gabe, nahiz eta gero ezkondu nahiko zuen, urteetan aurrerago egitean, ez zuen egin nahi izan neskaren onespenik gabe, horrela ezkontza luzaturik, neskaren ondarea bere esku izateak ematen zizkion etekin eta irabaziak kontuan hartu barik. Eta esan behar, noski, kontu hau izan zela hizpide herritarren artean, apaiz onaren gorantzan. Eta jakin beza, jaun ibiltaria, leku txiki hauetan denetarik jorratu eta oroz hitz egiten dela; eta gogoan hartu, nik neuretzat hartua daukadan eran, onegia izan behar duela eliztarrei beregatik ongi mintzarazten diten abadeak, bereziki auzunetan.

Egia da —esan zuen on Kixotek—, eta segi aurrera, ipuina oso polita da-eta, eta zuk, jaun Pedro, grazia handiarekin kontatzen duzu.

—Ez ahal zait faltako Jaunarena, horrexek du-eta garrantzirik handiena. Gainontzean, jakingo duzue, nahiz eta osabak ilobari proposatu eta emaztetzat eskatzen zion bakoitzaren dohainen berri eman, gogokoena hautatu eta harekin ezkon zedila erregutu arren, ilobak sekula ez zion erantzun hauxe besterik: orduan ez zuela ezkondu mahi, eta, artea neskatxa gazteegia zelako, ez zela trebe sentitzen matrimonioaren karga bere gain hartzeko. Ematen zizkion arrazoi horiei esker, dirudienez aitzakia onargarriak, osabak bakean uzten zion, eta adinean aurrera egin zezan itxaron behar, laguna bere gustura aukeratzen jakingo zuen esperantzaz. Zeren apaizak esaten zuen, eta zuzen zegoen, gurasoek ez zituztela ezkondu behar seme-alabak beren borondatearen kontra. Baina, hona non, gutxien uste nuenean, egun batean Martzela milinga hura artzain bihurturik azaltzen den; eta ez osabak ez beste herrikidek inolako zerikusirik izan gabe, hain zuzen besterik aholkatzen zioten, herriko gainerako artzain-neskekin batera mendira joan zen, eta ganaduzain hasi zen haiek bezalaxe. Eta publikoan azaldu eta haren ederra bistan geratu zenez, zuzen ez nizueke esango zenbat morroi, kapare eta nekazari aberatsek hartu izango duten Grisostomoren trajea eta hor darabilte landa horietan lausenguka; haietako bat, esana dagonez, gure zendua izan zen, eta maitatzeaz gain adoratu egiten zuen. Baina inork ez dezala pentsa, Martzelak hain bizitza aske eta lasai edo erretiro txar edo gabeko hura aukeratu zuelako, bide eman duenik, inondik inora ere, gaizki pentsatzeko eta hori guztia bere ondra eta zintzotasunaren kaltetan izan denik: aitzitik, halakoxe arretaz zaintzen du bere ondra, zerbitzatu eta eskatu izan dion inork ez du motiborik harrotzeko, inork ez du-eta esan ahal izango, egiaz, sekula bere desioa lortzeko esperantza txikienik ere eman dionik. Artzainen konpainia eta solasetik aldendu eta ihes egiten ez duenez, eta amultsuki tratatzen dituenez, norbaiten intentzioari igartzen badio, nahiz eta matrimonioa eskatzea bezain eta zuzena eta santu izan, airean botatzeko ditu ingurutik, trabuko batekin bezala. Eta portaera-modu horrekin, bere bidez edozein gaitz sartuko balitz baino kalte handiagoa egiten du lurralde honetan, zeren bere adeitasun eta edertasunak zerbitzatu eta maitatu nahi dutenek bihotzak erakartzen ditu; baina destaina eta desengainuak bere buruaz beste egiteraino eramaten ditu, eta ez dakite zer esan, baizik  eta oihuka hots egin zein krudel eta esker gaiztokoa den, antzeko beste titulu batzuekin batera, haren izaera-kalitatea ongi agerian ipintzen dutenak. Eta hemen egongo balitz, jauna, egunen batean, ikusiko luke zenbatekoa den mendizerra eta ibarrotako lantuen oihartzun-hotsa, jarraitzen diotenen desengainuen eztarri etsitik sortua. Ez dago hemendik urrun, kasik bi dozena pago tantai dauden leku bat, eta ezta bat bakarrik ere bere azal leunean Martzelaren izena grabaturik eta idatzita ez duenik, eta bakarren baten gainean koroa bat, arbolan bertan grabaturik, maitaleak are eta garbiago esango balu bezala Martzelak giza edertasun osoaren koroa daramala, eta merezi duela eramatea. Hemen artzain bat zizpuruka, han beste bat arranguraz; han amodio-kantak entzuten dira, hemen eresi etsiak. Bada bakarren bat gaueko ordu guztiak arte edo harkaitzen batean eserita ematen dituena, eta han, negar-begiak bete lo egin gabe, bere pentsamenduetan murgildurik eta galduta, eguzkia esnatu zenean; bada, era berean, bere haspereni atseden eta tregoarik eman gabe, udako siesta gogaikarriaren erdian, harea beroaren gainean etzanik, arrangurak zeru goi errukitsura igortzen dituenik. Eta honengandik eta harengandik, hauengandik eta haiengandik, aske eta libre, aise eta erraz, gailentzen da Martzela ederra, eta ezagutzen dugun guztiok zain gaude ea nola amaitzen den bere handikeria eta ea nor izango ote den burgoikeria beldurgarria apalaraziko diona eta neurri gabeko bere edertasuna dastatuko duen zorionekoa. Kontatu dudan guztia zinezko egia delako, ulertzen dut halaxe dela gure artzain-mutilak esan zuena ere; alegia, Grisostomoren heriotzaren kausaz esaten zena. Eta aholku bat ematen diot, jauna, bihar ez dadila gera hiletara joan gabe, ikustekoa izango da-eta, Grisostomok lagun asko baitauzka, eta hemendik ehorztekoa diren tokira ez dago legoa erdirik ere.

—Kontuan hartuko dut —esan zuen on Kixotek—, eta eskertzen dizuet eskertu hain ipuin bikainaren kontakizunaz atsegindu izana.

—O! —ihardetsi zuen ahuntzainak—, nik ez dakizkit Martzelaren maitaleei gertaturikoen erdiak ere, baina gerta liteke bihar bertan bidean topo egitea dena esango ligukeen artzainen batekin. Oraingoz hobe izango, lotara joaten bada aterperen batera, zeren gau-hozkirriak belarriko zauria gaiztotu diezazuke-eta; gainontzean, hain sendagai onak hartuta, ez dauka zertan izan okerrera egiteko beldur.

Santxo Panzak, ahuntzainaren hitzaldi luzearekin asperturik, pikotara bidaliko lukeenean, eskatu zuen nagusia Pedroren etxolan lokar zedila; horixe egin zuen, eta gauaren luzea Dultzinea anderearen kontuak gogoratzen igaro zitzaion, Martzelaren maitaleak imitatuz. Santxo Panza Rozinante eta astoaren tartean jarri zen, eta egin zuen, bai, lo, ez bazterturiko maiteminduaren antzera, baizik eta ostikoka hebainduriko batek bezala.

  1. kapitulua 

Martzela artzainaren ipuina amaitzen dena, eta beste gertaera batzuk

Ekialdeko balkoietan barrena eguna zabaltzen hasi orduko, sei ahuntzainetako bost jaiki eta on Kixote iratzartzera joan ziren, eta galde egin zioten ea artean Grisostomoren ehorzketa ospetsura joateko asmoarekin jarraitzen al zuen; beraiek egingo ziotela lagun. On Kixotek, huraxe nahi mundu guztitik, jaiki eta zaldia txalma eta zela segituan ipin ziezazkion agindu zion Santxori, eta laster bete zuen Santxok agindutakoa, eta gero denek, era berean, azkar batean ekin zioten bideari. Eta legoa laurdena egin baino lehen, bide zigor bat gurutzatzean, han azaldu ziren sei bat artzain, zamarra beltzez jantzirik eta buruan altzifre eta adelfa mikatzaren girnaldez eginiko koroa zutela. Gorosti-makulu lodi bana zekarten eskuan. Haiekin batera, bazetozen zaldizko bi gizaseme ere, bidaiarako dotore jantzirik, oinezko beste hiru mutil lagun zituztela. Elkartu zirenean kortesia handiz agurtu zuen batak bestea, eta, nora zihoazen elkarri galdeturik, ohartu ziren denak ere hileta-lekura zihoazela, eta hala ekin zioten bideari denek batera.

Zaldizko batek, lagunarekin hitz eginik, esan zion:

—Irudipena daukat, Vivaldo jauna, ongi enplegatutzat eman beharko dugu hileta famatu hori ikusten ematen dugu denbora, ez baitio utziko famatua izateari, artzain hauek hildako artzainari buruz zen artzain-neska hiltzailearen gainean kontaturikoaren arabera.

—Neroni ere halaxe iruditzen zait —erantzun zuen Vivaldok—, ez dut esaten egun osoa eman behar dugunik horretan, baita lau ere igaroko nituzke pozik, ikustearren.

On Kixotek galdetu zien  ea zer zen entzun zuten Martzela eta Grisostomori buruz. Bidaiariak esan zuen goizalde hartan topo egin zutela artzainekin eta, traje triste haiekin ikusi zituztelako, galde egin zietela ea zein zen modu hartan janzteko motiboa; eta haietako batek jakinarazi ziela Martzela deituriko neska artzain izu bezain ederraren berri, eta hari segika ibili zirenen maiteminen berri, eta Grisosotomoren heriotzaren berri ere bai, zeinen hiletara zihoazen. Azkenik, kontatu zion Pedrok on Kixoteri kontatu zion guztia ere.

Solasaldi hori amaitu eta beste bat hasi zen, Vivaldo zeritzanak on Kixoteri galdeturik ea zein zen hain lurralde baketsuan modu hartan armaturik ibiltzera bultzatzen zuen motiboa. Honela erantzun zion on Kixotek:

—Nire jardunari dagokion lanbideak ez du onartzen ni beste era batean ibil nadin. Lasaitasuna, opariak eta atsedena, gortesau bigunentzat asmatu ziren; ordea lana, kezka eta armak asmatu eta egin ziren, soilik, munduak zaldun ibiltari esaten dien haientzat, eta haien artean ni, nahiz eta duintasun urrikoa, denetan apalena.

Kasik ez zioten entzun ere egin, eta zorotzat hartu zuten denek; eta gehiago jakitearren eta zein eratako zorotasuna zen ikustearren, Vivaldok berriro galde egin ea zer esan nahi zuen zaldun ibiltariak.

—Berorrek ez al du irakurri  —erantzun zuen on Kixotek— Ingalaterrako liburu eta historietan, non jorratzen diren errege Arturoren balentriak, gure gaztelania erromantzean beti erre Artus deitzen dioguna, Bretainia Handian denek dakiten antzinako tradizioa baita errege hura ez zela hil, baizik eta enkantamenduaren poderioz bele bihurtu zela, eta denboraren buruan itzuli egingo dela, berriro erreinatu eta zetroa berreskuratzera, eta, hori dela bide, ez dela frogatuko hura hil zenetik hona ingeles batek belerik akabatu duenik?

Errege zintzo honen garaietan, hain zuzen, sortu zen Mahai Borobileko zaldunen zaldun-ordena ospetsu hura, eta punturik ere baztertu gabe aipatu zituzten Lanzarote de Lagok Ginebra erreginarekin izan zituen amodioak; Quintañona andere zahar presta zen jakitun eta hark egin zuen bien arteko bitartekaritza. Eta handik dator harako erromantze ezagu eta Espainia hain goraipatua:

Inoiz ez da izan zaldunik
damez hain ongi zerbitzaturik,
Lanzarote heinean
Britainiatik etorri zenean;

haren amodio-gertaera bortitzen aurrerabide hain ezti eta hain bigunarekin. Harrez geroztik, zalduntza-elkargo hura hazten eta hedatzen joan zen munduko hainbat parte ugaritan barrena; eta elkargo horretan oso famatuak eta ezagunak izan ziren, beren egintzengatik, Amalis de Gauna adoretsua, bere seme-alaba eta biloba guztiekin, bosgarren belaunaldira arte, eta Hircanako Felixmarte ganoratsua, eta behar beste inoiz laudatu ez zen Tirante Blanco, eta kasik gure garaian ikusi eta tratatu genuen eta ikusi genuen Belianís de Grecia zaldun adoretsu eta garaiezina. Horixe da, bada, jaunak zaldun ibiltari izatea, eta esan dudana da bere zalduntza-elkargoa, non, lehen ere esan dudanez, nik, bekatari banaiz ere, profesa egin dut, eta aipatu ditudan zaldunek profesa egin zuten bezalaxe egiten dut nik ere; eta hemen nabil bakardade ez-populatu hauetan barrena abentura bila, gogo biziz, nire besoa eta neure burua, zoriak niretzat duen abenturarik arriskutsuenari eskaintzen, behartsu eta ahulei laguntzearren.

Eman zituen arrazoi horiengatik jakin zuten bidekoek On kixote burutik egina zela, eta zer zoro-mota zeukan oharturik, zeharo txunditu ziren, horren berri lehenengo aldiz jakiten zuten guztiak bezalaxe. Eta Vivaldok, pertsona diskretua eta alaia, disimuluan igarotzearren hileta-mendiraino iristeko, esan zutenez, geratzen zitzaien bide laburra, bere astakeriekin aurreragotik joateko aukera eman nahi izan zion, eta hala esan zion:

—Uste dut, jaun zaldun ibiltari hori, lur honetan den ogibiderik zaiela hartu duela bere gain, eta nago fraide kartusiarrena ere ez dela hain estua.

—Baliteke estua izatea, erantzun zuen gure On Kixotek; baina ez duk inolako zalantzarik munduan den premiazkoena dela. Eta egia garbi esateko, kapitainak agintzen diona martxan jartzen duen soldaduak ez du gutxiago egiten, ordena eman dion kapitainak berak baino. Esan nahi dut erlijiosoek sosegu osoz eskatzen dutela zerura lur honen ona; baina soldadu eta zaldunok martxan ipintzen dugu haiek eskatzen dutena, gure besoen adorez eta gure ezpaten aho zorrotzez defenditurik; ez babes-toki onean, kanpo librean baizik, udako eguzki-galda jasanezinak eta neguko izotz  gogortuak lagun ditugula. Beraz, Jainkoaren ministroak lurrean gara gu, eta hemen justizia egiten duenaren besoak. Eta gerra gauzak eta horiei dagozkienak eta horiekin uztarturikoak ez dago burutzerik, baizik eta izerdia gogotik aterata, saiaturik eta lan asko eginda; ohar gaitezen horretarako profesa egin dutenek askoz ere lan gehiago daukatela, bake sosegutsu eta atsedenean Jainkoari, gutxi dezaketenei lagun diezaiela, eske ari direnekin konparatuta. Nik ez dut esan nahi, ez zait bururik pasatu ere egiten, zaldun ibiltariaren bizimodua komentuan itxian bizi den erlijiosoarena bezain ona denik; bakar-bakarrik, nozitzen dudana kontuan harturik, ondorioztatzen dut nekoso eta pisuagoa dela, gose eta egarri gehiago pasatu beharrekoa, miserable, hebaindu eta zorritsuagoa, zeren ez dago zalantzarik aurreko zaldun ibiltariek zorigaitz asko eta handiak izan zituztela bizitzan zehar. Eta bakarren batzuk enperadore izatera iritsi baziren, bere besoaren adorea dela bide,  odol eta izerdi ugari botata iritsi ziren; eta horrela graduak irabazi zituztenek ez balute izan nork lagundurik jakintsu eta jende onaren aldetik, zeharo defraudaturik eta engainaturik geratuko ziren, ezeren  itxaropenik gabe, etsita.

—Iritzi berekoa naiz neu ere — erantzun zuen bidekoak—; baina gauza bat, beste askoren artean, iruditzen zait gaizki zaldun ibiltariena, eta hauxe da: abentura handi eta arriskutsu bati aurre egiteko garaian, bizia galtzeko arrisku garbian daudelarik ere, borrokari ekin beharreko momentu horretan inoiz ez dira oroitzen Jainkoarengana jotzea, kristau guztiak horrelako arriskuetan beharturik dauden eran; aitzitik beren damengana zuzentzen dira sekulako gogo eta debozioz, Jainkoa haiek balira bezala: pagano- edo jentil-usaina hartzen diot nik hori.

—Jauna —erantzun zion on Kixotek—, hori ez daiteke izan bestela, inolaz ere, eta oso toki txarrean geratuko litzateke besterik egiten duen zaldun ibiltaria; izan ere, ohitura eta usadio da zaldun-ibiltaritzan, zaldun ibiltariak arma-ekintzaren bat burutzerakoan, aurrean andere bat izatea, harengana begiak bigun eta maitekiro bihurtzea, eta trantze gogor horretan onik atera dadin laguntza eskatzea; eta inork entzuten ez badio ere, beharturik dago isilkako hitz batzuk esatera, bihotz osoz haren babesean jartzea; horrelako adibideak izugarri dira istorioetan. Horregatik ez da ulertu behar Jainkoaren babesik eskatu behar ez dutenik; badute astia eta lekua hori egiteko, ekintzetan barrena.

—Guztiarekin ere —erantzun zion bidekoak—, kezka bat dut, izan ere askotan irakurri dut bi zaldun ibiltariren arteko hitz-trukea izaten dela; eta hitz bat eta bestearen artean,  jenioa piztu eta berotu egiten direla, eta zaldiak itzularazi eta lur-eremu handi baten jabe egin, eta orduan arrapalan elkarrengana abiatzen dira, eta lasterketa horretan uzten dute beren burua damen babesean; eta topatze horretan gertatzen dena da bat zaldien hanka azpira erortzen dela, kontrarioak alderik alde lantzaz pasaturik, eta bestea ere, zaldi-zurdei eutsi ezinik, lurrera eroriko da; eta ez dakit nik hildakoak nola izan lezakeen denborarik Jainkoarengana zuzendu eta bere burua eskaintzeko, horrelako egintza bat burutzerakoan; hobe izango zatekeen bere damari laguntza eske hustu zituen hitzak beharrezko gauzetan erabiltzea, kristau moduan horretara behartua zegoenez; eta zenbat eta ziurrago nagoen zaldun ibiltari guztien ez dutela beren burua gomendatzeko damarik, zeren denak ez dira maiteminduak.

—Hori ezinezkoa da— erantzun zuen on Kixotek—: esaten dut ez dela posible zaldun ibiltariak damarik gabe egotea, zeren zeruan izarrak egotean bezain naturala eta berezkoa dute zaldun ibiltariek maiteminduak egotea, eta ziurra baino ziurragoa da ez dela entzun istoriorik zaldun ibiltaria amodiorik gabe azaltzen den, eta amodiorik gabekoa balitz, ez litzateke hartuko zaldun legitimotzat, sasikumetzat baizik, eta zalduntza-elkargoan sartu zela, ez atetik, baizik eta aurpegi gogorrari esker, bide-lapur eta ebasle moduan baizik.

—Horrekin guztiarekin —esan zuen bidekoak—, iruditzen zait, oso oker ez banago, nonbait irakurri dudala Galaor-ek, Amadís de Gaularen anaiak, inoiz ez zuela dama jakinik eduki, maitemindu ahal izateko, eta horretatik ez zen sekula gutxiagotzat hartu, eta zaldun adoretsu eta famatua izan zen.

Gure on Kixotek honela erantzun zion horri:

—Jauna, enara batek ez du uda egiten; nik badakit zaldun hori, bistan ez bada ere, ondo maitemindurik zegoela!; ongi iruditzen zitzaizkion guztiei ongi nahi izatea bere izate naturala zen, eta ez zeukan ezer egiterik horren kontra. Baina hitz batean, ongi aztertua dago bat bakarra zeukala bere gogotzat, zeini gomendatzen zitzaion sarritan, isilpean, zeren gauza handitzat zeukan, amodio kontuan, zaldun sekretua izatea.

—Hori ezinezkoa da— ——

—Beraz, erro-errotikoa da zaldun ibiltari oro maitemindua izatea —esan zuen bidekoak—, eta sinesten dugu berorri hala dela, ogibide hori baitu, eta on Galaor-ek bezain garrantziko jotzen ez badu sekretua gordetzea, arren eskatzen diot, konpainia oso honen izenean eta neure izenean ere bai, eman diezagula damaren izen, aberri, kategoria eta edertasunaren berri, hura zoriontsu izango baita berorri bezalako zaldun batek maite eta zerbitzatzen duela mundu osoak jakitean.

Hemen zizpuru izugarria egin zuen on Kixotek eta gero:

—Nik ez dezaket baiezta nire etsai ezti eta samurrak nahiko duen ala ez nik zerbitzatzen dudala mundu osoak jakitea; bakar-bakarrik esan dezaket, halako edukazioz eskatzen zaidanari erantzunez, bere izena Dultzinea dela; aberria, Toboso; Mantxako herri bat; bere kategoria, gutxienez, printzesa, bada nire andre eta erregina da; haren edertasuna, neurtezina; harengan ederki gauzatzen dira poetek damei atxiki ohi dizkioten atributu ezinezko eta kimeriko guztiak; haren ileak urrea dira; haren bekokia, paradisua; begiak, eguzki; haren betileak, ostadarra; haren masaila, arrosa; haren ezpainak, koralak; hortzak, harribitxi; lepoa, alabastro; bularra, marmola; eskuak, marfil; haren zuritasuna, elurra; eta halakoxeak dira giza bistari, onestasunaren izenean, ezkutatu zaizkion zatiak, nik pentsatu eta uste dut kontsiderazio diskretu batek bakarrik epai ditzakeela eta ez direla konparagarriak.

—Leinu, jatorri eta narea jakin nahi genituzke —galdetu zion Vivaldok.

Eta on Kixotek erantzun:

—Ez da antzinako Curcio, Gayo eta Cipion erromatarretakoa, ez da Colona eta Ursinotarra, ez da Kataluniako Moncada eta Resquesen-en askaziokoa ere; are gutxiago Valentziako Rebella eta Villanovatarren jatorrikoa; Aragoiko Palafox, Nuza, Rocaberti, Corella, Luna, Algodon, Urrea, Foz eta Gurreatarren familiakoa ere; ez da Gaztelako Cerda, Manrique, Mendoza eta Guzmantarrekoa; ezta ere Portugaleko Alencastro, Palla eta Menesestarra. Mantxako Tobosotarra da; leinu modernoa bada ere, hurrengo mendeetako familia ospetsuei hasiera oparoa emango diena izan daiteke. Eta horretan ez biezat inork kontra egin, Cervinok Orlandoren arma-trofeoaren oinetan esandako baldintzetan ez bada, zeinek honela zioen:

Inork ez bitza mugi
Roldanekin lehiatzea badin badu gehiegi.

—Nahiz eta nire jatorria Laredoko Cachopintarra den —erantzun zuen bidaideak—, ez dut alderatuko Mantxako Tobosoarekin, ez naiz ausartzen, zeren, egia esan behar badut, horrelako abizenik ez da nire belarritara iritsi.

—Ez, noski, horrelakorik ez zen iritsiko! —ihardetsi zion on Kixotek.

Beste guztiak arreta handiz ari ziren entzuten bion elkarrizketa; gainerakoek ez ezik, ahuntzain eta artzainek ere ezagutu zuten on Kixoteren juizio falta. Santxo Pantzak bakarrik uste zuen bere nagusiak zioena egia zela, bazekien-eta nork zen, jaiotza-egunetik bertatik ezagutzen zuelarik. Zalantzaren bat izatekotan, Tobosoko Dultzinea dotoreari buruz zen, zeren Santxo Pantzarengana ez zen sekula iritsi horrelako izenik eta izen horretako printzesarik, nahiz eta Tobosotik gertu bizi.

Horrela ari ziren hizketan, bi mendi altuk osatzen zuten sakonune batetik behera, gutxienez, hogei artzain zetozela, denak ile beltzezko zamarrak jantzita, girlandez hornituak, eta, gero ikusi zenez, batzuk haginezkoak ziren eta besteak zipresezkoak.

Seiren artean ohatila bat zekarten, era askotako lore eta sortaz estalia.

Hura ikustean, ahuntzain batek honela esan zuen:

—Harako hartan datozen haiek dakarte Grisostomoren gorpua, eta mendi hura da bere oinetan ehorzteko eskatu zuen lekua.

Horregatik zebiltzan azkar iritsi nahian eta ohatila lurrean uztearekin batera iritsi ziren, eta haietako lau, pikatxoi zorrotzez, zuloa egiten hasi ziren harkaitz gogor baten ondoan.

Kortesia handiz hartu zuten elkar, eta gero, on Kixote eta haren zetozenak, ohatilari begira jarri ziren, hildako gorputza ikusi zuten han, lorez estalia eta artzain moduan jantzia, hogeita hamar urte inguruko gizasemea; eta, nahiz eta hilik egon, nabaria zen bizi zela aurpegi ederrekoa zela, eta, bestetik, jarrera ausartekoa. Inguruan, ohatilan bertan, liburu batzuk eta paper asko zeuzkan, batzuk irekita eta besteak itxita;  eta horrela, bai liburu eta paperei begira zeudenak eta bai hilobia eraikitzen zihardutenak, eta han ziren guztiak, isiltasun ederrean zeuden, hildakoa ekarri zuenetako batek hau esan zuen arte:

—Begira ondo, Anbrosio, ea hau den Grisostomok esan zuen lekua, testamentuan agindutakoa zehatz-mehatz konplitzea nahi duzuenez.

—Hau da —erantzun zion Anbrosiok—; badakit, hemen kontatu baitzidan maiz asko nire lagun koitaduak bere zorigaitzaren historia, eta han ikusi zuela esan zidan, lehenengo aldiz, giza leinuko etsai hilgarri hura, eta hantxe azaldu zion, era berean, lehenengo aldiz bere pentsamendu onestu bezain maitemindua, eta hantxe Martzelak desengainatu eta zuen utzi zuen azkeneko aldiz; ondorioz, bere bizi miserablearen tragediari amaiera ematea deliberatu zuen, eta hemen, hainbeste zorigaitzen oroimenez, nahi izan zuen utz zezaten, betiko ahanzturaren erraietan.

—Begi errukitsuekin begiratzen diozuen gorpu hori, jaunak, zeruak ondasun amaiezinak ipini zituen arima baten gordailua izan zen. Grisostomoren gorpua da hori, bakarra zorrotzean, bakarra kortesian, parerik gabea gizalegean, goi mailakoa adiskidetasunean, handia benetan, buruzut ez harroputz, alaitasun sanokoa, eta azkenik, lehena ona de guztian, eta bigarrenik gabea zorigaitzean. Ongi deseatu eta arbuiatua izan zen;  gurtu egin zuen, eta mespretxatua izan zen; piztiari erregutu; marmola asaldatu; haizea harrapatu nahi; bakardadeari deiadarka; esker txarraren morroi eta horrela lortu zuen, biziaren erdi parean, heriotzaren hondakin izatea zeini amaiera eman zion andere artzain batek, Grisostomok jendearen memorian bizi zedin ahaleginak egin zizkion andere artzainak, eta hori ederki erakuts lezakete begira zaudeten paperek, agindu izan ez balit suaren besotan ipintzeko, bere gorpuk lurrarekin bat egin ostean.

—Zorroztasun eta krudeltasun handiago duzue zuek —esan zuen Vivaldok— nagusiak berak baino, ez baita zuzen eta egokia agindu zuenaren borondatea betetzea zeharo arrazoiz kanpo badago. Eta zukeen ona izango Zesar Augustok, Mantuano zerutarrak testamentuan eskatua betetzeko agindu izan balu. Beraz, Anbrosio jauna,  zuen lagunaren gorpua lurrarentzat uzten baduzue ere, ez itzazue utzi haren idazkiak ahanzturaren eskuetan; izan ere, hark, ofenditu moduan agindu bazuen ere, ez dago ondo hori betetzea, ez da zuhurra izatea; aitzitik, paper horiei bizia emanik, eman Martzelaren krudeltasunaren berri, etsenplutzat balio izan dezaten ondoren datozen garaietan, horrelako amildegietatik apartatu eta eror ez daitezen; nik bai baitakit, eta hona etorri garen guztiok ere bai, zuen lagun maitemindu eta desesperatuaren historia, badakigu zuen adiskidetasuna eta heriotzaren arrazoia, baita zer utzi zuen agindurik bizia amaitzen zitzaionerako, eta historia negargarri horretatik atera daiteke zenbatekoa izan den Martzelaren krudeltasuna eta Grisostomoren amodioa, zuen adiskidantzaren zinezkotasuna, eta zer etorkizun daukaten amodio zoroak begien aurrean ipintzen dieten bidean zehar, inolako loturarik gabe, arin baino arinago abiatzen direnek. Bart jakin genuen Grisostomoren heriotzaren berri,  eta leku honetan ehortzia izan behar zuela; harritu eta penaturik, utzi genuen gure zuzeneko bidaia eta hona etortzea erabaki genuen, entzuteak hainbeste minberatu dizkigun begiekin ikustera. Eta pena horren ordain moduan eta, gai izanez gero, gauzak konpontzeko guregan sortu den desioarengatik, erregutzen dizugu, o Anbrosio jauna!, behintzat nik nire partetik eskatzen dizut, zera, paper horiek kiskali ez, eta utz diezadazula bakar batzuk eramaten.

Eta artzainak erantzun zezan itxaron gabe, eskua luzatu eta gertuen zeuzkan batzuk hartu zituen; hori ikustean, Anbrosiok:

—Kortesiaren izenean onartuko dut, jauna, jada hartu dituzunekin gera zaitezten; gelditzen direnak ez ditudala erreko pentsatzea alferrikako pentsamendua.

Vivaldok, mundu guztitik paperak ikusi nahian, ireki zuen bat eta izenburua hau zeukala jabetu zuen: Desesperatuaren abestia. Anbrosio entzun zuen hori eta hau esan zuen:

ese es el último papel que escribió el desdichado y porque veáis, señor, en el término que le tenían sus desventuras, leedle de modo que seáis oído, ue bien os dará lugar a ello el que se tardare en abrir la sepultura.

—Hauxe da koitaduak eskribitu zuen azkeneko papera; eta zorigaitzak noraino zapaltzen ikus dezazuen, jauna, irakurri belarria arretaz jarrita, baduzue eta astia hilobia prestatu arte.

—Oso pozik egingo dut nik hori —esan zuen Vivaldok.

Eta han bildutako guztiek gogo bera zutenez, bere jiran jarri ziren, eta, ahots ozenez irakurtzean, ohartu zen honela zioela:

  1. kapitulua

Hildako artzainaren etsipenzko bertsoak, ustekabeko beste gertaera batzuekin batera.

Grisostomoren kantua

Publikatu nahi duzunez, anker horrek, kopla dena,
berbaz berba eramanik jendearengana pena,
zure zorroztasunaren laztasunik handiena,
infernuari eskatu, izango dut hoberena
ai, bihotz triste honentzat konpasik mingarriena,
nire betiko ahotsa aldaraziko duena.
Nire desioarekin bat eginik dagoena,
nire oinaze eta zure balentrien azalpena.

Ahots ikarati honek eman dezakeen kantua,
are eta handiagoa izan dadin tormentua
errai puska penagarriz egongo da osatua,
belarriak adi, horra iritsiko da kontua,
ez harmoniaren hotsik, baizik son zaratsua,
nire bihotz mingotsaren sakonenean sortua,
nahasmen izugarrian bildu eta kokatua,
nire gogoaren eta zure egintzen fruitua.

 

Lehoiaren orro bortitz, otsoaren beldur-ulu,
suge ezkatatsuaren txistu gaizto eta malgu,
munstroaren garrasiak hori oihartzuna jo du!,
belearen kantu beltzak nonbait ere hor  dihardu,
kontrako haize-eatea itsasotik datorkigu;
eta zezen bentzutuak ezin gogorrago marru,
alargun tortolatxoa ere ezin da isildu,
bere baitan dezake-eta hainbeste tristura bildu.

Inbidia sortzen duen hontzaren kantu tristea,
negar-kantu, negar-malko, orain bat gero bestea,
infernuko beltz-koadrila guztiaren lan betea
arima mingarriagaz kanporaino irtetea,
soinuaren konpasean komeni zaie sartzea,
eta zentzumen guztiak elkarrekin nahastea,
zeren nire baitan dudan min krudelaren  eskea
horri abesteko modu berri-berriak sortzea.

 

Nahaste-borraste ugari, aita Tajoko hondarrak
ez ditu entzungo nire oinazezko deiadarrak,
ezta ere oihartzunik Betiseko olibarrak;
hedatuko dira nire pena gogor, pena txarrak:
beterik goiko harkaitzak edo beheko zulo tzarrak,
entzungo dira hitz bizi erabiliz molde zaharrak,
edo hondartza nekoso, argi gabeko ibarrak,
non ageriko ez diren gizakiaren aztarnak.

Eguzkiak inoiz surik piztu ez duen lekuan
edo/eta benenozko jendailagandik gertuan,
lautada libiarreko pizti tzarren anparuan.
Zeren eta zoru idor edota basamortuan
nire gaitzaren oihartzun ilunak entzundakuan,
zorigaiztoaren beri jakingo dute munduan.

 

Destaina beti hiltzaile, hondatzaile susmo txarra:
gezurra izanagatik du egiaren indarra;
are hilgarriago da jokabide jeloskorra:
bizia nora ezean eta absentzia izarra,
ahaztua izatearen ikarak dakarren harra,
ez du uzten baliatzen esperantzaren txingarra,
urrutira eramanez suerte onaren marra…
Denean heriotzaren durunda eta adarra.

Miraririk sekula ez, absente eta jeloskor,
susmo txar askori diet lur jota egotea zor,
ahaztura lege dudanez nire sua pizten dut hor,
eta tormentuz tormentu, o!, ikusmenetik idor,
esperantzaren itzalik begietara ez dator,
eta neronek ere zer, ez bainaiz batere baikor?,
kereila horri lotuko natzaio indartsu, gogor;
zin dagit, ni hura gabe bizi izango betikoz.

 

Halabeharrez posible ote da itxarotea
ala beldur izan arren hobe zerbait egitea
ikararen motiboa nahiz den egia betea?
Baliteke zelo beltzak nik aurrean izatea,
orduan ondo al dago ene begiak ixtea
eta nire arimako zaurietatik ikustea?
Nork ez du, ba, irekiko alderik alde atea,
ez da hobe zeloari zor zaiona ematea?

Destaina eta susmoak baieztatzen direnean,
hori da mingostasuna daukaguna barrenean!,
batik bat gure egia gezur bihurtzen denean.
Oi, amodio-erresuman zelo maltzurrak sartzean!

Burdinak nahi nituzke nik gogor eskumuturrean,
destaina, eman soka oker bat Jainkoaren izenean,
baina ai nire egoera garaitzaren krudelean!,
zure oroimena egosten sufrimenduzko eltzean.

 

Hiltzera noa, nik ez dut gertatze onik espero:
ez bizi honetan eta ezta ere hil eta gero,
ditudan fantasietan segituko bero-bero.
Esango dut ona dela asko maitatu ezkero,
arima da libreago mendean jartzean edo
aurreko maitasunean tiraniaren bezero.
Esango dut etsai hori nirea zen egunero,
arima eder-ederra eta gorputza ederrago.

Eta nire erruetatik datorren haren ahaztura,
horretatik guregana hainbeste kalte heldu da,
maitasunak bere gain du bake-agintearen ardura.
Nire iritzi hau eta lazo gogor bat eskura,
epe errukarri hori aurreratzea dut gura,
hona ekarri nauena haren destainen mindura,
gorputz-arimak jaurtiko ditut haizeen zerura,
gogoan hartu gaberik etorkizuneko onura.

 

O!, zentzugabekeriaz zuk erakutsi duzuna,
ni egitera noana bultzatu duzu, laguna,
nire bizi nekatuak etengo duen jarduna,
ikusi nola dagoen ene bihotz zauriduna,
uste dut begi aurrean garbi azaltzen zaizula
alai beteko dudala zuk eskatzen didazuna;
merezi badut sekula begi ederren iluna,
aztoragarri  bazaizu nire herio-eguna…

… ez egin horrelakorik, eskatzen dizut nik arren!,
ez dut nahi ase zaitezen nik nire arima honen
hondakinak zuri eskaini edota ematearren;
ba al dakizu, aizu, zer egin behar zenukeen:
ikasi nire adur txarra zuretzat alai bihurtzen.
Hori esatea, halere, ahulkeria da dena den,
badakigu bozkarioz asebete nola zauden,
ikusiz nire bizia behera zein arin datorren.

 

Aurrera, bada, garai da amildegian galtzeko:
Tantaloren egarria zer izan zen ohartzeko,
Sisiforen kantuaren pisu-latza entzuteko,
Tizioren gibel ona putreari eskaintzeko,
Eta Egion-ek  bere gurpilpean jarraitzeko,
edo ahizpa Dainades-ek zuloa urez betetzeko,
denak dira kapaz nire bular gaina estutzeko,
ez daukat eragozpenik nahi dutena egiteko.

Hala egokia bada kantatu koitaduari
eliz abesti tristeak, hileta-kanta mingarri,
beztitzea ere uka dakiokeen gorpuari,
eta hiru buru dauzkan infernuko atezainari
eta beste hainbat kimera edota munstro sailari
eske nabil ekiteko bigarren ahots minari,
zeren eta ponpa hoberik dagoenik ez dirudi
eskaintzeko inolaz ere zendu den maitaleari.

 

Kantu etsitu horrek, arrangura gutxi
nahiz eta laster nire konpainia utzi;
gauza eta kausak ondo ditzagun ikusi:
nire zorigaiztoak haren poza hazi,
hilobian ere ez zu tristezian jausi.

 

Ondo iruditu zitzaien Grisostomoren abestia entzun zutenei, zeren irakurri zuenak esan zuen ez zetorrela bat Martzelaren begirune eta ontasunari buruz entzun zuenarekin; izan ere, kantu horretan, Grisostomo behin eta berriz kexu zen  zelo, susmo eta absentziez, eta hori dena Martzelaren izen on eta famaren kaltetan. Anbrosio berehala erantzun zion, lagunaren pentsamendu ezkutuenen berri ongi baleki bezala:

—Jauna, zalantza hori argitzeko, komeni da jakin dezazuen zoritxarreko gizaseme horrek abesti hori idatzi zuenean Martzelarengandik aparte bizi zela, zeinengandik bere borondatez apartatu zen, gauzak betiko bidetik, ohiko legez, eramaten ote zituen ikustearren, hau da, ahanzturaren bidetik; eta absente dagoen maiteminduarentzat ez dagoenez estutzen ez duen gauzarik eta harrapatzen ez duen beldurrik, horrela estutzen zuten zelo imajinatu eta susmo txarrek, egiazko balira bezainbateko beldurra eraginik. Horrenbestez, zuzen geratzen da famak Martzelaren ontasunari buruz dioena. Martzela aski krudela, harro samarra eta oso mespretxatzailea bazen ere, inbidiak ez dio erantsi behar inolako akats eta faltarik.

—Horrela da egia —ihardetsi zuen Vivaldok—

Eta suak erre ez zuen beste paper bat irakurri nahi izan zuelarik, bista liluragarri batek egin zion oztopo —haren antza zuela—, eta ustekabean begien aurrean jarri zitzaien; eta gertatu zen harkaitzaren gainaldean, hilobia prestatzen ari ziren tokian, Martzela artzaina azaldu zela, hain eder ezen haren edertasuna zeukan eder-fama baino ederragoa zen. Ordura arte ikusi ez zutenek miresmenez begiratzen zioten, isiltasunean, baina ikusten ohituak zeudenak ere, ikustean,  ziren inoiz ikusi ez zutenak baino gutxiago harritu. Baina Anbrosiok ikus zuenean ez zen giro, eta, haserre, honela mintzatu zitzaion:

—Ikustera al zatoz, akaso, mendiotako basilisko alaena!, zure presentzia dela bide, zure krudeltasunak bizia kendu zion koitadu honen zauriek odola isurtzen dute-eta? Ala, agian, zure izateaz buruturiko balentria krudelak gogoratzera etorri zara? Edo, goi horretatik, Nero bihozgabeak bezala, Erroma kiskali zuen sutea ikustera etorri zara? Ala harropuzkeriaz gorpu hau zapaltzera, Tarquinoren alaba lotsagalduak aitarenarekin egin zuen bezala? Esaguzu agudo zertara etorri zaren edo zer den gogokoen duzuna. Nik badakidanez Grisostomoren pentsamenduek,   bizi osoan, ez ziotela sekula utzi zuri obeditzeari, hura hilda badago ere saiatuko naiz haren lagunak izan ginen guztion pentsamenduek obedi diezazuten.

—Ez nator, ez, Anbrosio jauna, esan duzun ezertara —erantzun zuen Martzelak—, baizik eta ni neuregatik eta jakinaraztera zein urruti dabiltzan arrazoimenetik Grisostomoren heriotza eta sufrimenduen errudun ni naizela dioten guzti horiek.  Horrela, bada, hemen zaudeten guztioi erregutzen dizuet arreta jar diezadazuela. Ez dut denbora askoren premiarik izango, ezta hitz asko erabili beharrik ere zentzuzkoak egiaz ohartarazteko. Zeruak, zeuok esaten duzuenez, eder egin ninduen, eta beste gauza batzuetarako ahaltsuak ez bazarete ere, nire edertasunak ni maitatzera bultzatzen zaituztete, eta, erakusten didazuen maitasunagatik, nahi zenukete zuek maitatzera behartua egotea neu ere. Nik aitortzen dut, Jainkoak eman didan adimenaren izenean, edertasun oro maitagarria dela. Baina ez dut ulertzen, ederra delako maitatua izateagatik, gero, hura maitatzen duena maitatzera behartua zergatik dagoen. Are gehiago, gerta ederraren maitale itsusia izatea, eta, itsusia arbuiagarria izanik, oso gaizki geratzen da hau esatea: «Ederra zarelako maite zaitut, eta maitatu egin behar nauzu, itsusia banaiz ere». Baina edertasun asko ikusten bada ere, denak ez dira maitemintzekoak. Batzuek bista alaitzen dute, eta hor geratzen dira. Edertasun guztiek maiteminduko balute eta beren mendean ipini, norabiderik gabe, nahasturik, ibiltzea izango litzateke, norengan pasatu beharko luketen jakin gabe, zeren, subjektu ederrak infinitua izanik, desioak ere infinituak izan behar. Eta, nik entzun dudanez, benetako amodioa ez da zatitzen, eta borondatezkoa izan behar du, eta ez derrigorrezkoa. Hori horrela izanik, eta nik horrela dela uste, zergatik nahi duzue nire borondateak indarrez amore eman dezan, maite nauzuela esate hutsarengatik? Besteña. esadazue: zeruak, eder egin ninduen bezala itsusi egin izan banindu, zuzena irudituko al litzaizueke zuetaz kexu izate maite ez nauzuelako? Benetan ohartu behar duzue nik ez nuela hautatu daukadan edertasuna, eta zeruak bere aldetik, zergatik ez dakidala, eman zidala, nik neuk eskatu eta hautatu gabe. Eta sugeak erruduntzat jotzea merezi ez duen bezala daukan pozoiagatik, horrekin hil egiten badu ere,  naturak emana baita, nik ere ez du merezi horrela zigortzea ederra naizelako; izan ere, edertasuna emakume onestu batengan, su eta ezpata zaiduak bezalakoak dira: su horrek ez du erretzen eta ezpata horrek ez dio minik ematen  gehiegi inguratzen ez denari. Ohorea eta bertuteak arimaren apainduria dira; horiek gabe, gorputzak, ederra baldin bada ere, ez du hala denik emango. Bada, gorputza gehien apaintzen eta edertzen duen bertuteetako bat onestasuna da. Eta ederra delako maitatua denak zergatik galdu behar du, galarazi nadi dionaren gutiziari erantzutearren?, bere indar eta molde oroz galarazi nahi, hain zuzen. Ni libre jaio nintzen, eta libre bizitzearren hautatu nuen mendiko bakardadea: mendiotako arbolak dira nire konpainia; errekasto hauetako ur gardenak, nire ispiluak; arbola eta urekin komunikatzen ditut nire pentsamenduak eta nire edertasuna. Aparteko sua naiz eta urruneko ezpata. Bistaz maitemindu ditudanak hitzez desengainatu ditut; eta desioen euskarria esperantza bada, eta nik Grisostomori esperantzarik aurreratu ez nionez, ez Grisostomori eta ez beste inori, uste dut esan daitekeela nire krudelkeriak ez, baizik eta bere lehiak hik zuela. Eta bere pentsamenduak onestuak zirela eta hark eskaturiko moduan erantzutera behartua nengoela konbentzitu nahi banauzue, esango dizuet  orain hilobia eraikitzen diharduzuen leku horretan bertan aurkitu ninduela haren asmo onak, eta argi eta garbi esan nion nirea, berriz, nire asmoa, betikoz bakardadean bizitzea zela, eta lurrak baino ez zitzala gozatu nire bakar bizitza eta nire edertasunaren hondakinak; eta hark, desengainu horrekin, esperantzaren aurka lehiatu eta haizearen kontra nabigatu nahi izan bazuen, harritzekoa al da bere tenturik ezaren itsasoaren erdian urperatzea? Harekin jolasean ibili banintz, faltsua izango nintzatekeen; hura kontentatzen saiatu izan banintz, nire asmo eta gogoaren kontra egingo nukeen. Desengainuak eraman zuen joan zen tokira, inork mespretxurik egin gabe etsi zuen: begira orain haren penaren errua niri botatzeak arrazoirik baduenetz! Bidezkoa da engainatua kexatzea, logikoa da agindutako esperantzak ukatu zaizkiona desesperazioan erortzea; izan dezala konfiantza nik deitzen diodanak, harro bedi nik onartzen dudana; baina ez biezat dei krudel eta hiltzaile nik ezer agindu ez dion hark, engainatu ez dudanak edo ez deitu eta ez onetsi egin dudan hark. Zeruak oraindik ez du nahi izan nik inor maitatzerik, ez nau behar horretara, eta derrigortuta inor maitatzea ez da zuzena, barkakizun baizik. Desengainu orokor honek balio izan dezala bere probetxu partikularrerako dei egiten didaten guztiei; eta hemendik aurrera ondo uler bedi: niregatik inor hilko balitz, ez da hilko zeloengatik eta zorigaiztoko egin dudalako, zeren inor maite ez duenak ez dio inori zeloak sorrarazi behar, desengainatuen ez dituzte kontuan hartu behar arbuioak. Piztia eta basilisko deitzen didanak utz nazala bakean gauza kaltegarri eta txar moduan; esker gaiztoko iruditzeen natzaionak ez nazala zerbitza; ezagutzen ez nauenak ez nazala ezagutu; krudela banaiz, ez etorri niri segika; piztia hau, basilisko hau, esker gaiztoko hau eta ezezagun hau ez da inoren bila hasiko, ez du zerbitzatuko, ez du inor ezagutu nahiko eta ez da inoren atzetik joango. Grisostomo pazientziarik ezak eta gehiegizko desioak hil baldin bazuen, zergatik zigortu nahi da nire jokabide onestu eta zuzena? Nik nire garbitasuna arbolen konpainian gordetzen badut, zergatik nahi gizonekiko harremanetan gal dezadan?  Nik, dakizuen eran, aberastasun propioak ditut, eta ditut gutiziatzen besterenak; librea naiz, eta ez dut nahi inoren mende; ez dut maitatzen eta ez dut arbuiatzen inor; ez nabil hau engainatu eta hura eskatu; ez diot batari burla egiten, eta ez naiz bestearen besoetan, zabarkerian, erortzen. Auzo hauetako neska gazteekin ditudan hizketa onestuak eta ahuntzak zaintzeak entretenitzen nau. Nire desioak mendion barnean kabitzen dira, eta hemendik irteten badira, zeruaren ederra kontenplatzeko da, arimak bere lehen egoitza aldera ematen dituen urratsak.

Hori dena esan ondoren, erantzunaren zain egon gabe, buelta eman eta mendi-biderik itxienetik barrena ezkutatu zen, han zeuden guztiak txunditurik utzirik bai diskrezioagatik eta edertasunagatik. Batzuek (haren begi ederretako gezi ahaltsuen izpiek zaurituek) gogoa erakutsi zuten, desengainatzeko adina entzun zuten arren, hari jaramonik egin gabe. On Kixotek ikusi zuen hori, eta iruditu zitzaion ona zela han zalduntzako artea erabiltzea, dontzeila errukitsuak sokorritzeko, eta eskua ezpataren heldulekuan ipinirik, ahots ozen eta ulergaitzean hau bota zuen:

—Ez bedi inor ausartu, bere baldintzak eta egoera edozein direla ere, Martzela ederrari jarraitzera, nire haserrerik erasokorrena nozitu nahi ez badu. Martzelak ederki azaldu du ez duela inolako errurik Grisostomoren heriotzan, eta zein urrun dagoen bere maitaleen guztiak asetzetik; hori horrela dela, atzetik segika ibili eta pertsegitu barik, oso bidezkoa da munduko pertsona on guztiek ondratu eta estimatzea; garbi erakutsi bera bakarrik dela mundu honetan asmo eta oneski bizi dena.

Edo on Kixoteren mehatxuak zirelako, edo Anbrosiok esan zielako amaitzeko bere lagun onari egin beharrekoarekin, ez zen artzain bat bera ere mugitu eta aldendu handik, harik eta hilobia egin, Grisostomoren paperak kiskali, eta gorpua sartu arte; hori bai, inguruan zirenen negar-malko ugariren erdian. Harkaitz handi baten itxi zuten hilobia, harlauza egin arte; Anbrosiok esan zuen harlauza bat eginaraztea  pentsatzen zuela, epitafio honekin:

Hemen datza maitale baten
gorpu hutsal eta izoztua,
ganadu-zaina izana,
amodio faltaz galdua.
Esker gaiztoko dama eder baten
gogorkeriagatik hila,
zeinek gobernatzen duen
tiraniazko amodioaren inperioa.

Gero, hilobi gainean lore eta sorta ugari banatu zuten, eta lagun Anbrosiori doluminak emanik, hila agurtu. Gauza bera egin zuten Vivaldo eta bere lagunek, eta on Kixotek ere agurtu zituen bere lagun eta bidaideak, eta haiek eurekin Sevillara etor zedin erregutu zioten, abenturetarako leku aproposagorik ez baitzen inon, edozein kale-bazterretan topo egin badaiteke beste nonahi baino ugariago. On Kixotek eskertu zien oharra eta mesede egiteko zuten gogoa, baina esan zien, orduan behintzat, ez zuela nahi eta, gainera, ez zeukala Sevillara joaterik, mendizerra haietako lapur doilorrak aldenarazi arte, horrelakoez mukuru beterik zeuden fama baitzeukaten. Erabakia hartuta zeukala ikusirik, bidekoek ez zuten gehiago molestatu nahi izan, baizik eta, berriro agurturik, on Kixote bakean utzi eta beren bideari jarraitu zioten; bidean ez zuten zertaz hitz egin faltarik izan: Martzela eta Grisostomoren historiari buruz, edo on Kixoteren zorakerien gainean. On Kixotek, bien bitartean, Martzelaren bila joatea erabaki zuen, ahal zezakeen guztia eskaintzeko; baina ez ziren konpondu berak uste bezala, benetako historiaren honen diskurtsoan kontatzen denez, eta hemen ematen da amaitutzat bigarren partea.

Esta entrada fue publicada en 1 On Kixote y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s