Mantxako on Kixote (Hidalgo zorrotza, 3p, 15-)

  1. kapitulua

On Kixotek izan zuen desgraziazko abentura, Yanguasko bihozgabe batzuekin topo egitean

Cide Hamete Benengeli jakitunak dio on Kixoteren lagunak eta Grisostomo artzainaren hiletan aurkitzen ziren guztiak agurtu ondoren, bera eta bere ezkutaria, Martzela artzaina sartzen ikusi zuten baso berean sartu zirela, eta bi ordu baino gehiago ibili ondoren alde guztietan Martzelaren bila, baina aurkitu ez, eta belar hezez beteriko zelai batera iritsi ziren; ondotik errekasto bare eta freskoa igarotzen zen: siestako orduak han pasatzera gonbidatu eta bultzatzen zuen, ez zen gutxiagotarako, betiko legez beroa hasi baitzen ateak jotzen.On Kixote eta Santxo jaitsi ziren abereen gainetik, eta, astoa eta Rozinante gogoak emandako eran belar bikain hartan larrean egin zezaten utzirik, alforjak ireki zituzten, eta, inolako zeremonia handirik gabe, bake on eta adiskidetasunean, nagusi-morroiek gustura jan zuten aurkitu zutena.

Santxok ez zuen ikusi Rozinanteri aurreko besoak sokaz lotzeko premiarik, hain mantsotzat jotzen baitzuen, eta lizunkeria gabea, Kordoba aldeko eremu zabalean zebiltzan behor guztiek inongo bizio txarretan murgilarazi ez zutena. Halabeharrez egokiturik edota deabruak (ez baita beti lo egoten) ekarrita, ibar hartan zebilen larrean Yanguaseko ganaduzale batzuen jaka galiziar sail bat; haien betiko ohitura da beren ganadu-taldearekin abaro egitea, siestako orduetan, belar ona eta ura dagoen toki eta lekuetan, eta on Kixotek aurkitu zuena egoki-egokia zen yaguatarren xederako.

Gertatu zen, bada, Rozinanteri hango behor ihar haiekin jostatzeko gogoa etorri zitzaiola, eta han ateratzen zen haien usaina atzeman orduko, erarik naturalean, ohiko pausoan, nagusiari baimen eske ibili gabe, pikardiaz, bere premia komunikatzera. Baina behorrek, erakutsi zuten jarreragatik, premia handiagoa zuten larrean egiteko bestetarako baino, eta ferrak eta hortzak ondo zorroztuta errezibitu zuten, eta berehala apurtu zizkioten txintxa eta gainerakoak, eta zelarik gabe geratu zen, biluzik.  Baina Rozinantek gehien gehiena sentitu zuena hau da: behortzainak, ikusirik zaldia behorrei oldartzen, hesolak hartuta etorri ziren, eta halakoxe jipoia eman eta lurrera bota zuten zeharo hebainduta.

Eta on Kixote eta Santxo, Rozinanteri emandako jipoia ikusirik, zizpuruka ailegatu ziren, eta on Kixotek esan zion Santxori:

—Adiskidea, ikusten dudanez, hauek ez dira zaldunak, jendilaje satsu eta gaiztoa baizik. Hori esaten dut lagun diezadazun ezinbestekoa den mendekua hartzen, geure begien aurrean Rozinanteri egin zaion irain latza nik bezalaxe ikusi baituzu.

—Zer mendeku arraio hartu behar dugu —erantzun zion Santxok—, horiek hogei baino gehiago baldin badira, eta gu bi baizik ez, eta bat eta erdi ez bagara, gero!?

—Nik ehunek adina dezaket —erantzun zion on Kixotek.

Diskurtso luzatu gabe, ezpata hartu zuen yanguatarren kontra eraso zion, eta Santxo Pantzak ere gauza bera egin zuen, nagusiaren etsenpluak eragin eta mugiturik; eta berealdikorik azkarrena on Kixotek labankada eman zion bati, soinean zuen larruzko kapusaia apurtzerainokoa, sorbalda aldeko zati han bat kendurik.

Yanguetarrak, ikusirik bi gizon haiek bakarrik, beraiek hainbeste izanda, nola hebaindu zituzten, berriro ere hesolak eskuetan, eta biak erdian harturik, halakoxe indar eta amorruz hasi ziren gupidarik gabe jipoitzen. Kontua da bigarren ukituan Santxo lurrean zela, eta gauza bera gertatu zitzaion on Kixoteri; trebeziak eta gogoak ez zioten askorik balio izan, eta zoriak nahi izan Rozinateren hanketara erortzea, hura ere artean altxatzeko: garbi asko ikusten da hesolek zer egin dezaketen jende trauskil eta haserretuaren eskuetan.

Ikusirik, bada, yanguatarrek, arrasto txarrak utzi zituztela, ahal zuten azkarrena bildu zituzten ganaduak eta beren bideari ekin zioten, traza txarreko eta aldarte okerragoko bi abenturazaleak bertan utzita.

Santxo Pantza errekuperatu zen aurrera; eta bere nagusiaren ondoan jarririk, ahots gaixo eta errukarriz esan zuen:

—On Kixote jauna?  A, on Kixote jauna!

—Zer duzu nahi, Santxo anaia? —erantzun zion on Kixotek, Santxoren antzeko ahots ahul eta mintsuaz.

—Nahi nuke, ahal balitz behintzat —erantzun zion Santxo Pantzak—, berorrek ea eman diezadakeen Blas itsusiaren edari hartatik trago pare bat, baldin eta berorrek hor eskueran badu: agian, izan liteke ona hezur hebainduentzat, zaurientzat den bezalaxe.

—Hemen baneuka, zorigaiztoko honek, zer besterik faltako litzaiguke?  —erantzun zion on Kixotek—. Baina zin egiten dizut, Santxo Pantza, zaldun ibiltari naizen aldetik, bi egun igaro baino lehen, zoriak besterik agintzen ez badu, neurekin izango dut, bestela ez zaizkit gauzak oso ondo atera behar.

—Zenbat denboran, iruditzen zaio berorri, mugitu ahal izango ditugula hankak? —galdetu zion Santxo Pantzak.

—Esan dezakedan guztia da —esan zuen on  Kixote zaldun hebainduak— ez nukeela jakingo egun horiei muga ipintzen. Baina neuk dut guzti-guztiaren errua, bada ez neukan ezpata zertan eskuan harturik nire moduan zaldun armatuak ez diren gizonen aurka; eta uste dut zalduntzaren legeak gainetik pasatu ditudalako permititu duela batailen jainkoak niri zigor  hau ematea. Horregatik, beraz, Santxo Pantza, komeni da jakinaren gainean egon zaitezen orain esan behar dizudan honetaz, garrantzi itzela baitu bion osasunarentzat; bada, ikusten duzunean horrelako doilor batek laido eta irain egiten dizkigula, ez egon nik haien kontra ezpata eskuan hartzeko zain: baizik hartu zeuk zerorrena eta zigortu gustura gelditu arte; hura laguntzera eta defenditzera zaldunik agertuko balitz, hemen nago ni zu defenditzeko, eta nire ahal osoz haiei erasotzeko; ikusiko zenuen mila seinale eta esperientziaren bidez noraino iristen den nire beso indartsu honen kemena.

Hain harro geratu zen jaun koitadua bizkaitar [euskaldun] adoretsua bentzutzean! Baina ez zitzaion hain ongi iruditu Santxo Pantzari nagusiaren oharra, eta ezer gorde gabe, hau esanez erantzun zion:

—Jauna, ni gizon baketsua naiz, otzana eta lasaia, eta badakit edozein irain disimulatzen, zeren emaztea eta seme-alabak ditut mantendu eta hazteko. Beraz, berorri ere izan bekio ohar, ez daiteke-eta, inolaz ere, agindua izan, nik baitiot eskurik erantsiko ezpatari, ez bilauen aurka eta zaldunen kontra, eta hemendik aurrera Jainkoaren izenean barkatzen ditut egin dizkidaten irain guztiak eta egin behar dizkidatenak; berdin dio goikoak ala behekoak, aberatsak ala pobreak, hidalgo edo xumeak eginak diren, egiten didaten edo egingo didaten, inoren kategoria eta baldintzak kontuan hartu gabe.

Nagusiak, hori entzutean, erantzun:

—Arnasa apur bat nahi nuke, lasaiago hitz egiteko, eta saihetsean dudan oinaze hau arindu dadila pixka bat, zer-nolako errorean jausia zauden jakinarazi diezazudan, Pantza. Atoz hona, bekatari: zorte onaren haizea, orain arte guztiz etsai izan duguna, gure alde bihurtzen bada, desioaren belak zuzen eramanik, prometaturik daukadan irlaren bateko kaira okerrik gabe irits gaitzen; zer egingo zenuke orduan, nik irla irabazirik, bertako jaun egingo bazintut? Ezinezko bihurtuko zenuke, zaldun ez izatearren, eta zaldun izan gabe nahiko ez zenukeelako, eta irainak mendekatzeko eta zure jaurerria defenditzeko ez adorerik eta ez intentziorik daukazulako. Zeren jakin behar duzu erreinu eta probintzia birkonkistatuetan inoiz ez daudela geldi bertako jendearen animoak, ezta jaun berriaren alde ere, eta hau edo hura egiteko prest egongo, berriro gauzak lehenera daitezen,  eta, ondorioz, esaten duten eran, abentura berriei ekiteko ere prest; eta, hori horrela izanik, nahitaezkoa da nagusi berriak entendimendua izatea, gobernatzen jakiteko, eta adore handia, edozein gertaeratan erasotzeko eta defenditzeko.

—Orain gertatu zaigun horretan —erantzun zion Santxok— nahiko nukeen nik entendimendu hori, eta berorrek dioen adorea; benetan diotsut, gizakume ahul bat naizen aldetik, hobea nagoela ukendutarako sermoietarako baino. Begira beza berorrek altxatu ahal den, eta Rozinonteri lagunduko diogu, nahiz eta ez duen merezi, bera izan baita hebaindura guzti honen kausa printzipala. Inoiz ez nuen espero horrelakorik Rozinanterengandik, neu bezain pertsona otzan eta kastutzat baineukan. Nolanahi ere, sarri entzuna da denbora asko behar dela pertsonak ezagutzeko eta bizi honetan ez dagoela gauza ziurrik. Nork esango luke berorrek jo zaldun ibiltari gizagaixoari eman zizkion moduko labankada handien ondoren, hain azkar etorri behar zuenik eta, segidan, halako makilada-erauntsia deskargatu behar zuenik gure bizkarretan.

—Zurea, hala ere, Santxo —ihardetsi zion on Kixotek—, ohitua egongo da horrelako erauntsietara; baina nireak, kotoi artean hazirik, garbi dago gehiago nozituko duela ezbehar honen oinazea. Eta irudituko ez balitzait… zer diot iruditu?, ziur ez banengo atsekabe horiek guztiak armen jardunarekin uztartuak daudela, hementxe bertan, haserrearen haserrez, neure burua hiltzen utziko nuke

Honela erantzun zion ezkutariak:

—Jauna,  ezbehar hauek zalduntzako uzta direnez, esan biezak berorrek sarritan gertatzen diren ala epe jakinak dituzten batetik bestera. .; zeren nik uste uzta-bilketan parte hartzen badugu, hirugarrengoan ezingo dugula, baldin eta Jainkoak, bere miserikordia tarteko, sokorritzen ez bagaitu; zeren, nik uste, bi uzta-bilketan parte hartzen badugu, hirugarrengoan ezingo dugula, baldin eta Jainkoak, bere miserikordia tarteko, sokorritzen ez bagaitu.

—Jakin ezazu, Santxo adiskidea— erantzun zion on Kixotek—, zaldun ibiltarien bizia mila arrisku eta zorigaitzen mende dagoela, baina potentzialki zaldun ibiltariak berdin izan litezke errege eta enperadore, esperientziak hainbat zaldunengan erakutsi duenez, eta historia horien gainean nahi adina testigantza dut nik. Eta oraintxe bertan kontatu ahalko nizuke, baldin eta oinaze madarikatuak amore emango balu, bere besoaren indarrez, goiko gailurrera, aipatu dizudan goi gradu horretara zenbat iritsi diren; eta horiek, duda barik, aurretik eta ondoren, kalamitate eta miseria handitan sartuta ibili ziren. Zeren Amadís de Gaula adoretsuari, bere etsai Arcalaús mortalaren mende egon zenean, ongi frogaturiko datuen arabera, preso zeukalarik, berrehun azotetik gora eman zion zaldiak lotzeko uhalez, ageri batean, zutabe bati loturik. Eta badago beste autore bat ere, isilpean, baina ospe handikoa, hau dioena: Feboko Zalduna, tranpa baten bidez harrapatu zutelarik, zuloan behera hondoratu zela gaztelu batean, eta erortzean sima sakon baten hondoan aurkitu zela, lur azpian, eskuak eta hankak loturik, eta han “malezina” deitzen zioten horietako bat eman ziotela, elur-ur eta hondarrez hornitua, eta larri-larri zela, eta baldin eta egoera negargarri hartan bere lagun jakintsu handi batek sokorritu izan ez balu, ez zuen gauza onik zaldun gizgaixoak. Beraz, ni lasai ibil ninteke horrenbeste jende onen tartean; egoera latzagoak dira haiek pasatu zituztenak gurearekin konparatuta. Zeren, jakinarazi nahi dizut, Santxo, ez dutela ofenditzen eskuetan ditugun instrumentuez egindako zauriek, eta dolu-legean dago, hitz zehatzez eskribitua; zapatariak beste bat eskuan daukan hormaz jotzen badu, egurrezkoa izanik ere, horregatik ez da esango jo zuena egurtu zuenik. Hori diot zeren ez pentsatu, nahiz eta atarramendu honetan hebainduak izan, laidotuak irten ginenik, zeren gizon haiek zekartzaten armak, zeinez txikitu gintuzten, ez ziren hesola batzuk baizik, eta haietako inork ez zeukan, oso oker ez banago, estoke, ezpata eta sastakairik.

—Nik ez nuen betarik izan horrenbeste begiratzeko —erantzun zion Santxok—; zeren tizoia eskuan hartu orduko, bizkarra jipoitu zidaten beren pinuez, begietako bista eta hanketako indarrak kendrurik, orain etzanda nagoen eran eta tokian utzirik, eta ez dit inolako kezkarik sortzen makiladena iraina zen ala ez pentsatzeak; kolpeen oinazea dut gogoan, eta bizkarrean bezain sartuak geratuko zaizkit memorian.

Honekin guztiarekin jakinarazten dizut, Pantza anaia —ihardetsi zion on Kixotek—, ez dagoela denborarekin amaitzen ez den memoriarik, eta ez heriotzak desegiten ez duen oinazerik ere.

—Bada, non da zorigaitz handiagorik —erantzun zion Pantzak— kontsumi dadin denborari txaron behar bazaio edo heriotzak amaitzen duena baino? Gure ezbeharra izango balitz ukenduarekin sendatzen den horietakoa, ez litzateke hain txarra; baina ikusten ari naiz ez direla nahikoa izango ospitale bateko enplasto  guztiak, zerbait egiteko.

—Utzi horri eta ahuldadetik atera indarra, Santxo —erantzun zion on Kixotek—, nik hori egingo dut, eta ikus dezagun nola dagoen Rozinante, koitaduak ez du jasan-eta ezbehar honen parterik txikiena.

—Ez dago horretaz zertan harro egonik —Santxoren erantzuna—, bera hain zaldun ibiltari ona izanik; ni harritzen eta pozten nauena da nire astoa libre geratu izana, zorrik kikatu beharrik gabe, eta guk, berriz, saihetsik gabe irten behar.

—Abenturak beti uzten du ate bat irekia ezbeharretan erremedioa aplikatzeko —esan zuen on Kixotek—. Hori diot zeren piztia koxkor horrek bete dezake Rozinanteren hutsunea, ni hemendik gazteluren batera eramateko, zaurik senda diezazkidaten. Ez dut gutxiagotzat  joko zamari hori, gogoan dut behin irakurri nuela Seleno on eta zaharra, irriaren jainko alaiaren zaintzaile eta pedagogo, ehun ateko hirian sartu zenean oso gustura zihoan, zaldun moduan, txit asto bikainaren gainean.

—Egia izango da hark zaldun moduan joan beharko zuela, berorrek dioen moduan —erantzun zion Santxok—, baina alde handia dago zaldun moduan joatetik, zeharka jarrita, zabor-poltsaren moduan joatea.

Horri honela erantzun zion on Kixotek:

Batailetan hartzen diren zauriek ondra eman gehiago egiten dute kendu baino; hortaz, adiskide Pantza, ez gehiago kontra egin, baizik eta, lehen ez dizudan eran altxa zaitez ahal duzun ongien eta ipin nazazu iruditzen zaizun modurik egokienean zure astoaren gainean, eta goazen hemendik, gaua iritzi soilune honetan harrapatu baino lehen.

—Bada, nik entzun diot berorri esaten —esan zuen Pantzak— oso zaldun ibiltariena dela eremu zabal eta basamortuetan lo egitea, urterik gehienean, zorte onekotzat jotzen dutela.

—Hori da —esan zuen on Kixotek— gehiago ezin dutenean edo maitemindurik daudenean; eta hain egia da hori, izan dira zaldunak harkaitz baten gainean, eguzkitan eta ilunpean, eguraldi  txarrarekin, bi urtez egon direnak, bere andereak jakin gabe. Horietako bat Amdís izan zen. Beltenegros deituratzat hartrik, Harkaitz Pobrean kokatu zen, ez dakit ziur zortzi urte edo zortzi hilabete, ez nabil oso seguru kontuak eramaten: aski da jakitea han egon zela penitentzia egiten, ez dakit Orianak anderean egin zion zein bihozgabekeriagatik.Baina orain utz dezagun hori, Santxo, eta amaitu Rozinateri edo astoari beste ezbeharren bat gertatu baino lehen.

—Hori oraindik deabrukeria handiagoa izango litzateke —esan zuen Santxok.

Eta hogeita hamar ai! eta hirurogei zizpuru eginik eta ehun eta hogei maldizio eta birao bota ondoren hara ekarri zuenaren kontra, jaiki eta okerturik geratu zen bidearen erdian, arku turkeskoaren moduan, erabat tente jarri ezinik; eta modu errukarri horretantxe txalmatu zuen astoa: nahiko distritua ibili zen egun hartako askatasun handiagatik. Rozinante altxatu zuen gero, eta zaldiak kexatzeko mingainik izan balu, zalantzarik gabe, ez zen Santxo edo bere ugazabaren atzean geratuko.

Azkenik, Santxok on Kixote astoaren gainean ipini zuen, eta Rozinante astoren isatsari lotu zion, eta astoa gidari harturik, eta bide printzipala [errege-bidea, gutxi gorabehera, egon zitekeen aldera abiatu zen. Eta zorteak, gauzak ondo baino hobeto jartzen ari zelarik, legoa bat igaro baino lehen bidea azaldu zitzaion aurrean, non benta bat aurkitu zuen; Santxoren disgusturako eta on Kixoteren atseginerako, gaztelua izan behar zuen. Santxok benta bat zela, eta on Kixotek ezetz, gaztelua baizik; eta izan zuten eztabaidak hainbeste iraun zuen, amaitu baino lehen iritsi ziren dena delakora, eta Santxo barrura sartu zen, ikerketarik gabe, bere ganaduekin.

Esta entrada fue publicada en 1 On Kixote y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s