Aukeratu, onartu

Aukeratu ahal ez izatea, batzuetan, abantaila izugarria da

Kasik ez daukagu ezer aukeratzerik eta, aukeratzerik ez denean, eman zaiguna onartzea da jokabide burutsua. Inork ez ditu gurasoak aukeratzen; eta, hain zuzen, guraso horiexek zirela behar genituenak konprenitzea da jakintsua izatea, argi baitago bestela ez ginela izango. Seme-alabak ere ez dago aukeratzerik (oraingoz). Eta hobe aukeratzerik ez dagoen; zeren, aukeratu ahal izango bagenitu, zenbat zalantza, antsietate eta buruhauste ez genuke izango, aukera ongi egin ote dugun? Baina, zorionez, seme-alabak ez ditugu maite onenak edo perfektuak direlako, gureak direlako baizik, eta eskerrak! Hori da naturak edo kulturak egiten digun ekarpenik handienetako bat.

Bizilagunak ere ez daukazu aukeratzerik, nahiz eta mugitu behar duena zeu zarenean, salbuespenen bat egon daitekeen. Nik, halabeharrez, ermitañoa dut bizilagun bat, baita, inguruan, ideologia aldetik (erlijioa, filosofia, politika…), nire antipodetan dagoenik ere. Hori toki batean; eta bestean ere bada, berriz, guztiz mugida diferentean dabilen jenderik. Denekin daukagu bizi beharra, denak dauzkagu onartu beharra, diren bezala. Jakina, molestiak eta endredoak neurriz goikoak direnean, hitz egin beharko da konponbiderik onenera iristeko. Osterantzean, aukera bakarra hori zela onartzea da onena, bai guretzat eta bai bizilagunentzat.

Edozein harreman-klasetan, tolerantzia funtsezkoa da, baina gaizki ulertu gabe. Tolerantzia ez da inorekin ez sartzea: “Kaixo eta gero arte!”. Askoz ere exijenteagoa da. Kortesiaz gain, besteari aditzea eta ulertzen saiatzea eskatzen du, eta, batez ere, diferentziak elkarbizitzaren aurkako murru ez bihurtzea.

Aukeratu ahal ez izatea, batzuetan, abantaila izugarria da, Buridan-go astoarena gerta ez dakigun: ez zekien azpil batetik ala bestetik jan, eta azkenean goseak akabatu zuen. Enarak habia lohi gogorragoaz egiten du lehor denean; hala ere, ez da kexatzen, eta ez du bertan behera uzten bere egitekoa.

Baina badira aukera daitezkeen gauzak ere. Adibidez, Kataluniak aukera lezake bere estatus politikoa. Hor ezinak ez dira naturak ezarriak, ikusmolde politikoak baizik. Era horretako ezinak denborak konpontzen ditu. Beraz, ez dago esaterik Kataluniaren estatus berria noizbait posible izango ez denik. “Legea!, legea! eta legea!”, aldarrikatzen dute orain askok. Baina noizbait denak oroitzen dira gizakia ez dela zapatuarentzat, baizik eta zapatua gizakiarentzat. Aukera bakean egitea da jakituria.

Bai Horixe, DV: 150730

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s