Ekaitz Goikoetxeak Irabazi du Basarri Saria

Bigarren saria ere beasaindarrarentzat izan da, sehaska-kanta bati esker

Beasaingo Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena bertsolariak irabazi du aurtengo Basarri Saria, XXXI. edizioa, “Harriak ez du begirik” izeneko bertso-sortarekin. Zazpi puntuko zortzi bertso dira, Silveiraren “ETAren su-etenetik” doinuan paratuak. Krisia, langabezia eta desahuzioen inguruan borobilduriko “historia pertsonal” moduan kontatzen du. Bertso sakonak, ondo eginak, zorrotzak, gaurkotasun handikoak eta, ondorioz, sinesgarritasun betekoak dira. Horrez gain, beste zerbait azpimarratu beharko balitz, esan-moduen egokitasuna (hizkeraren egokitasuna, azken finean) eta indar espresiboa azpimarratuko genituzke. Hona adibide batzuk:

Aritzen nintzen garaian administrari lanetan / txin-txin hotsa zen nagusi nire galtza barrenetan / Orain denbora orrazten tematzen naiz gehienetan. / Erreka erreka al da urik ez dakarrenetan / (…) / Denok ez dugu koadratzen mundu borobil honetan.
Hilabete bukaerei luzexko diet irizten / otsailean ere ez da nahi orduko iristen.
Negua udazkenetik ezin dugunez aldendu / askoren egutegiak ditu hamabi abendu.
Stop desahucios-ekoak izan ditugu ondoan, / hilabeteko arnasa lortu dugu oraingoan / baina ez dakit hurrengorik izango den hurrengoan.
Urtetan pilatutako mina gorpuzten ari da, / harriak ez du begirik, begiak harritzen dira.
Hegoak iparrik gabe, hegorik gabe iparra / (…) / Loa da ameslarion euskarri sendo bakarra / dena argi ikusteko begiak itxi beharra.

Bigarren saria ere Ekaitz Goikoetxeak irabazi du

Esan bezala, bigarren saria ere beasaindarrak irabazi du. Eta  “Ardiak zenbatzen” izeneko sehaska kantarekin eskuratu du bigarren sari hori. “Urzo zuri polit bat” doinuan jarritako zortzi bertso dira, estribillo (bi bertsotik behin) eta guzti. Bertsoak beti dira entzuteko, baina hauek partikularki: kantatutakoan hartzen dute benetako izatea, orduan bihurtzen dira, bereziki, emozio-eragile. Sehaska-kanta izateak originaltasun handia ematen dio sortari. Lehenengo unitatea gogoratuko dugu adibide gisa:

Hamarrak hamar gutxi,                                 Katuak baserriko                                          
hamarrak inguru,                                              eremutik kanpo
ilargiak logela                                                      zazpi bizitza hartu
erdia hartu du;                                                   ditu beretzako;
gaur panpinak albora                                       teilatu gainetatik
utziko ditugu                                                        egiten du salto
ta animaliekin                                                      berriz jaioko dela
lo egingo dugu.                                                     badakielako.
                               Urruma. txorrotxio,
                               orro, ulu, zaunka…
                               gure seme txikiak
                               beldurrik ez dauka.

Ez dakigu inoiz gertatu den lehenengo bi sariak (kasu honetan ematen diren biak) bertsolari berak irabaztea; ez dugu ezagutzen aurrekaririk, Basarri Sarian ez, behintzat. Gainera, Ekaitzek oso estilo diferenteko sortarekin lortu ditu sariak. Dena den, gure datuen arabera, 1977an, Xalbador Saria egin zen Urepelen, eta lehenengoa eta hirugarren saria bertsolari berak irabazi zituen, baina, tartean, bigarrena beste batek jaso zuen.

Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Rufino Iraolak osatu dute epaimahaia. Esan behar da, nola lehen saria hala bigarrena, ahoz batez erabaki dutela. Batez ere lehenengo saria epaitzerakoan oso zalantza gutxi izan du epaimahaiak. Bigarren sariari dagokionez, eztabaida gehiago izan da, baina, esan bezala, guztiz bat etorri dira saria ematerakoan.

Hamabi bertso-sorta aurkeztu dira aurten lehiaketara. Epaimahaiaren esanean, kalitateari dagokionez alde dezentekoak. Gutxi  iritsi dira azken fasera. Izan da aurretik entzundako eta ezagutzen diren bertsoen ukitu eta usainekoren bat ere. Noski, horrelakoak nabarmen geratzen dira; gainera, guztiz originala ez denak nekez eragin dezake emozio eta zirrararik.

Datorren ostiralean, Modelo aretoan, banatuko dira sariak, egun horretan jokatuko den ‘Bertsolari Gazteen XXXIX. Lizardi Saria’ amaitu ostean.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s