Mondejurik onenak, Urkolarenak

Lehiaketako txapelduna ateratzeko, desenpatea egin behar izan zuten hiru onen artean

 Aralarko gaztarekin, berriz, Isidro Sukia ataundarra izan zen irabazle.

Ardiki Kutur Elkarteak antolaturik, atzo egin zen, Zaldibian, XXI. Ardiki Eguna. Jende ugari bildu zen, nahiz eta eguzkia ezkutu antzean ibili, Nañarri atzean gorderik-edo. Baina giro ederrean bete zen programan iragarririk zegoena: azoka, lehiaketa, erakusketa, musika, dantza, eta abar. Ikusgaien artean, bi azpimarratuko ditugu: “Inustiko Austarria” (1772), Zaldibia, Lazkao eta Ataunek osatzen zuten “Unioko” lurrak bereizten zituena, eta asta-zerra, gure adineko eta gazteagoentzat nahiko ez ezaguna. Hala kantatu zuen Egaña bertsolariak: «Baina gaur arte ez nuen entzun nik asta-zerra izena». Laster ikasi zuen, ordea: «Ni zerran oso baldarra naiz ta Lizsok ere ez daki / egin behar da bi aldiz neurtu ta behin bakarrik ebaki».

Programaz kanpo ere izan zen mugimendurik: batetik euskal artisau asko etortzen beren lan finak azaldu eta saltzera. Bestelako saltzaile ibiltariak ere ez dira gutxi izaten.

Zaldibiako Illati tabernako Mari Isabel  Urkola Beloki izan zen txapeldun. Ez da Zuloeta baserriko urkolatarrek txapela eskuratzen duten lehen aldia. Urrutira joan gabe, iaz bigarren postua lortu zuen Amaia Urkolak, Mari Isabelen ahizpak, eta 2013an, berriz, irabazi. Beasainen bizi den Mikel Iratorzak lortu zuen bigarren postua; eta “Senos”ek (Gantzarain anaiak, Oto anaiak, Pungi Aranguren, Peizio eta Asier Muruak osatzen duten taldeak) eskuratu zuen hirugarren postua. Iaz bezalaxe, aurten ere, hogeita bat kazuela aurkeztu dira guztira. Hain zuzen, txapelduna ateratzeko, desenpatea egin behar izan zuten hiru onenen artean.

Aralarko Gazta Lehiaketari dagokionez, Ataungo Isidro Sukia  irten zen txapeldun. Isidrok Doniturrieta Azpikoan gobernatzen du artalde ugari bezain ona. Errezilgo Juan Mari Zinkunegi buru den Aitzarte elkartea, iazko bigarrena, atera da aurten ere bigarren. Doniturrieta Garakoan larreratzen ditu ardiak. Lizasok esana: «Aitzartek iaz ere izan zun partea / pozgarria da berriz berri ematea» Hirugarren saria, aldiz, Ataungo Troskaeta elkarteak (Josu Aldasork) lortu zuen. Honek ere  Doniturrieta Azpikoan gobernatzen du artaldea. Hamasei gazta aurkeztu ziren lehiaketara; hemen ere iaz adina.

Antzina izan zen ohiturari jarraituz, Egañak eta Lizasok, urtero egiten duten eran, bertsotan aurkeztu zuten epaimahaiak emandako erabakia. Oso une berezia izaten da sari banaketakoa; batez ere, bertsoaren erritmoan etortzen delako irabazlearen izena. Hiruna bertso izaten dira, batak mondeju-lehiaketako hiru lehenengoei, eta besteak, gazta-txapelketako irabazleei.

Herritar adituez gain, hauek aritu ziren epaimahaiko-lanetan, mondejuari dagokionez: Iban Mate, Beasaingo Dolare jatetxeko sukaldaria, Jose Manuel Olano, Beasaingo harakina, eta Tolosako “Julian” jatetxeko Matias Gorrotxategi. Gazta lehiaketan, berriz, herritarrez aparte, hauek jardun zuten epaile: Ttale Ouret, Iparraldekoa eta Iratiko artzaina, eta Zaldibiako Lazkaoetxe jaetxeko Eneko Azurmendi.

Mari Isabel Urkolak: «Ohoreaz gain, taberna edukita, lagungarria da irabaztea».

—Berriz ere txapeldun; itxaropentsu etorri al zara?

—Ez eta bai. Ez da erraza asmatzea. Gehiagotan ere irabazi dugu, baina iazko bigarren postua eta 2013ko lehenengoa ahizpari esker lortu genituen.

—Zein da mondeju onak egiteko metodo edo sekretua?

 —Sekreturik ez dago. Zerbait izatekotan, guk etxeko jeneroa erabiltzen dugula: etxeko ardiak, etxeko arrautzak. Eta, gero, behar den denbora hartu; eta dedikazioa eta pazientzia.

—Mondejua puntuatzeko garaian, gauza asko hartzen dituzte kontuan. Hori buruan duzula jarduten al duzu mondejuak egiten?

—Ezta pentsatu ere. Ez dago hori dena buruan sartzerik; egiten duguna da saiatu eta ikasi duguna ondo aplikatu, asmorik onenarekin. Gu, gainera, kantitate handiak egiten ohituak gaude, tabernarako egiten baitugu.

Pozik izango zara?

—Oso pozik. Jendea ere oso gustura dago ematen dugun mondejuarekin eta hor baneukan erreferentzia bat. Bere zopa eta guzti ateratzen dugu, eta horrek ematen dio halako estetika bat.

—Osagien proportzioa nola neurtzen duzu?

—Alde-aldera. Esperientziak laguntzen du horretan. Noski, egiten hasi aurretik probatu ere egin behar dira.

Txapelak beti ematen du aukera norbaiti eskaintzeko

—Lehenengo eta behin amari, berak irakatsi zidalako mondejuak egiten; gero ahizpari, asko laguntzen baitik, eta anaiari ere bai, hain osagai onak nire eskura ipintzen dituelako. Eta… izebari,  eta umeei, eta…

—Zerbait gehiago?

—Ardiki Eguna oso festa polita dela, eta antolatzeari ez uzteko, eta jendeak segi dezala etortzen.

Mondeju ederra zen
usain ta zapore,
baita aurkeztu ere,
Isabel, dotore;
ondorioz zuretzat
horrenbeste lore;
Zaldibia osoari
eginik fabore,
zure txapela baina
guztion ohore.

Esta entrada fue publicada en Ardiki Eguna y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s