LAUDATO SI’

ENTZIKLIKA GUTUNA LAUDATO SI’ [GORETSIA ZU]

 Entziklikaren laburpena

1 «Laudato si’, mi’ Signore» – «Laudatua Zu, ene Jauna», kantatzen zuen Asisko Frantziskok. Kantika eder horretan, hauxe gogorarazten zigun: guztiona den etxe hau arreba baten antzekoa da, zeinekin konpartitzen dugun gure existentzia; bestetik, bere besoetan hartzen gaituen ama apain baten antzekoa: «Laudatua Zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurrarengatik, horrek sostengatzen baikaitu, gobernatzen, eta lore koloretsudun hainbat fruitu eta belar ematen» [1].

2 Arreba horrek garrasi egiten du eragiten diogun kaltearengatik: Jainkoak eskaini dizkigun ondasunen erabilpen ez-arduratsua eta abusuak direla bide sortzen diren kalteak. Bere jabe eta nagusi bakarrak bagina bezala hazi gara, eta uste genuen bagenuela eskubidea ama-lurrarekin nahi genuen guztia egiteko. Gizakiaren bihotzean, bekatuak zauriturik, dagoen biolentzia nabarmen ageri da lur-zoru, ur, aire eta izaki bizidunengan nabari diren gaixotasun-sintometan ere. Horregatik, pobrerik abandonatu eta gaizki tratatuenen artean aurkitzen da gure lur zanpatua eta hondatua, eta ezin isildurik dihardu «negar-zotinka, erditze-minetan» (Erm 8,22). Ahaztu egiten zaigu geu ere lurra garela (cf. Gn 2,7). Gure gorputza bera planeta honetako elementuez osatua dago: horko airea da hats ematen diguna eta horko urak biziarazi eta indarberritzen gaitu.

Mundu honetako guztia zaigu axola 

3 Duela berrogeita hamar urte baino gehiago, mundua gerra nuklearraren haritik zintzilika zegoela, Joan XXIII.a Aita Santu deunak entziklika bat eskribitu zuen, eta, han zioenaren arabera, ez zen konforme gerra gaitzeste hutsarekin, bake-proposamen bat aurreratu zuen baizik. Bere Pacem in terris mezua “mundu katoliko” osoari zuzendu zion, baina ondotik hau erantsita: “eta borondate oneko gizon eta emakume guztiei”. Orain, ingurumenaren hondamendi global hau ikusirik, planeta honetan bizi den pertsona ororengana iritsi nahi dut. Evangelii gaudium aholku-gutunean, Elizako kideei eskribitu nien, oraindik burutzeke dagoen misio-erreformaren prozesua bultza dezaten. Entziklika horretan, nire helburua da guztion etxeari buruzko elkarrizketan denekin hastea.

4 Pacem in terris baino zortzi urte geroago, 1971ean, Paulo VI.a Aita Santu dohatsuak ekologiaren problematikari buruz hitz egin zuen; krisi moduan aurkeztu zuen, eta zioen gizakiaren jarduera kontrol gabearen “ondorio dramatikoa” zela: “Inolako begirunerik gabe natura esplotatzen ari garelako; natura suntsitzeko zorian dabil gizakia eta, aldi berean, degradazio horren biktima izango da gizakia bera” [2]. FAOri ere mintzatu zitzaion, eta ohartarazi ere bai “zibilizazio industrialaren leherketaren ondoriozko hondamendi ekologikoaz”,  eta “gizadiaren portaera-aldaketa erradikalaren premia eta urgentzia” azpimarratu zituen. Zeren “aurrerapen zientifiko handienak, balentria tekniko harrigarrienak, hazkunde ekonomiko miragarrienak, baldin eta ez badoaz parean benetako aurrerabide sozial eta moralarekin, gizakiaren kontrako bihurtzen dira” [3].

5 San Joan Paulo II.a gero eta interes handiagoz arduratu zen gai horretaz. Bere lehen entziklikan, esan zuen badirudiela “gizakiak ez diola aurkitzen bere inguru naturalari beste esanahirik, segituan erabiltzeko edo kontsumorako balio izatea baizik” [4]. Behin eta berriz egin zuen dei konbertsio ekologiko globalerako [5]. Baina, aldi berean, adierazi zuen ahalegin gutxi egiten dela “benetako giza ekologiarako baldintza moralak zaintzen” [6]. Oso larritzat jo zuen gizatasun-giroa desegitea, zeren Jainkoak ez zuen soilik ipini mundua gizakiaren eskuetan; gizakiaren bizia bera ere dohain handia da, hainbat degradazio-formatatik babestu beharrekoa. Mundua zaindu eta hobetzeko pretentsio orok aldaketa sakonak eskatzen ditu “bizi-estiloan, produkzio- eta kontsumo-ereduan, eta gizarteak gidatzeko indarrean dauden botere-egituretan” [7]. Benetako giza garapenak izaera morala du, eta pertsonaganako errespetu osoa eskatzen du; baina, era berean, arduratu beharra dago mundu naturalaz ere eta “kontuan izan izaki bakoitzaren ezaugarriak, eta sistema ordenatu batean nahitaezkoa den elkarrekiko konexioa” [8]. Hortaz, errealitatea transformatzeko gizakiak daukan gaitasuna garatu behar da, ezbairik gabe, Jainkoaren aldetik gauzek daukaten dohaintza-jatorria aintzat harturik [9].

6 Nire aurreko Aita Santuak, Benedikto XVI.ak, gonbita hau berritu zuen: “munduko ekonomiaren disfuntzio estrukturalen kausak deuseztatu eta hazkunde-ereduak zuzendu, bai baitirudi ingumenarekiko errespetua bermatzeko ez direla gai” [10]. Bestalde, gogorarazi zuen mundua ez dagoela analizatzerik aspektu bakar bat isolatu eta aparte harturik, zeren “naturaren liburua bakarra eta zatiezina da”, eta dena sartzen da: ingurumena, bizia, sexualitatea, familia, erlazio sozialak, eta abar. Ondorioz, “gizon-emakumeen elkarbizitza modelatzen duen kulturarekin hertsiki lotua dago natuaren degradazioa” [11]. Benedikto XVI.a Aita Santuak proposatu zigun aitor genezala inguru naturala zauriz betea dagoela, eta gure portaera arduragabeak eragindako zauriak direla. Giro sozialak ere baditu bere zauriak. Den-denak, azken finean, gaitz bera dute oinarri, hots, ez dagoela gure bizia gidatuko duen zinezko egiarik uste izatea; ondorioz, giza askatasunak ez du mugarik. Ahaztu egiten zaigu “gizakia ez dela berak bakarrik beretzat sortu duen askatasuna soilik. Gizakiak ez du sortu bere burua. Espiritua eta borondatea da, baina baita natura ere” [12]. Aita baten kezkaz gonbidatu gintuen honen kontzientzia hartzera: kreazioa kalteturik suertatzen da, “geu baldin bagara azkeneko edo goi instantziak, beste guztia gure propietatea baino ez bada, eta kontsumoa geuretzat bakarrik baldin bada. Geure gainetik beste instantziarik aitortzen ez badugu, dena geu garela ikusten badugu, orduan hasten da kreazioaren hondamen eta xahutzea”. [13].

Kezka beragatik elkartuta

7 Aita Santuen ekarpen horiek, noski, arazo hauetan Elizaren pentsamendua aberastu duten zientzialari, filosofo, teologo eta erakunde askoren ekarpenak jasotzen dituzte. Baina ez dugu ahaztu behar Eliza Katolikotik kanpora ere, beste Eliza eta Kristau Komunitate batzuek —beste erlijio batzuek bezalaxe— kezka handia erakutsi eta gogoeta baliosak egin dituztela, guztiok arduratzen gaituen gai horiei buruz. Adibide nabarmen bakar bat aipatzearren, Bartolome Patriarka Ekumeniko adiskidearen ekarpena aipatu nahi dut, labur-labur bederen, zeinekin konpartitzen dugun eliz batasun osoaren esperantza. Bartolome Patriarkak, bereziki, planeta honi bakoitzak egin dizkion kalteez  damutzeko premia aipatu du, zeren “kalte ekologiko txikiak bederen guztiok eragiten ditugunez”, behartuak gaude, kreazioaren desitxuratze eta suntsitzeari dagokionez,  “gure eragina —txikia ala handia— aitortzera” [14]. Puntu horren gainean, beti modu sendo eta estimulagarrian espresatu da, eta kreazioaren kontrako bekatuez damutzera gonbidatu izan gaitu: “gizakiak Jainkoaren kreazioko dibertsitate biologikoa suntsitzea; gizakiak lurraren integritatea degradatzea eta klima-aldaketa areagotzea, lur honetako baso naturalak soildurik eta zona urtsuak deseginik; gizakiak ura, lur-zorua eta airea kutsatzea. Horiek denak bekatuak dira” [15]. Izan ere, “naturaren kontrako krimena geure buruaren kontrako krimena da, eta Jainkoaren aurkako bekatua” [16].

8 Bartolome Patriarkak, bereziki, planeta honi bakoitzak egin dizkion kalteez  damutzeko premia aipatu du, zeren “kalte ekologiko txikiak bederen guztiok eragiten ditugunez”, behartuak gaude, kreazioaren desitxuratze eta suntsitzeari dagokionez,  “gure eragina —txikia ala handia— aitortzera” [14]. Puntu horren gainean, beti modu sendo eta estimulagarrian espresatu da, eta kreazioaren kontrako bekatuez damutzera gonbidatu izan gaitu: “gizakiak Jainkoaren kreazioko dibertsitate biologikoa suntsitzea; gizakiak lurraren integritatea degradatzea eta klima-aldaketa areagotzea, lur honetako baso naturalak soildurik eta zona urtsuak deseginik; gizakiak ura, lur-zorua eta airea kutsatzea. Horiek denak bekatuak dira” [15]. Zeren “naturaren kontrako krimena geure buruaren kontrako krimena da, eta Jainkoaren aurkako bekatua” [16].

9 Bartolomek, aldi berean, ingurunearen gaineko problemen sustrai espiritual eta etikoei buruz ohartarazi nahi izan gintuen; problema horiek ez digute eskatzen konponbide teknikoak aurkitzeko soilik, gizakiaren aldaketa ere bai; zeren, bestela, sintomei aurre egiten baino ez gara ari. Kontsumotik sakrifiziora pasatzeko proposatu zigun, dena irentsi beharretik eskuzabaltasunera, alferrik galtzetik konpartitzera, “ematen ikastea, eta ez bakarrik uko egitea, esan nahi duen aszesian oinarriturik. Maite izateko modu bat da, pixkana-pixkana nik nahi dudanetik Jainkoaren munduak behar duenera igarotzea. Beldurretik, dena irensteko irrikatik,  dependentziatik liberatzea da” [17]. Kristauok, gainera, behartuak gaude mundua komunio-sakramentu moduan, Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin, eskala globalean, konpartitzeko forma gisa onartzera. Gure konbikzio apal hauxe da oinarria: jainkotiarra eta gizatiarra, detailerik xeheenean ere, Jainkoaren kreazioko josturarik gabeko jantzietan baturik daudela, gure planetako azken hauts ale txikieneraino” [18].

Asisko San Frantzisko

10 Ez dut garatu nahi entziklika hau asko motiba gaitzakeen eredu bikain batera jo gabe. Haren izena hartu nuen gidatzat eta inspirazio moduan, Erromako Gotzain hautatzeko momentuan. Uste dut Frantzisko dela eredurik onena, besteen gainetik, ahul dagoena eta ekologia integrala zaintzeari dagokionez; alaitasun eta zinezkotasunez bizi izan zuen hori. Ekologiaren inguruan lan egin eta ekologia ikertzen duten guztien zaindari santua da, kristau ez diren askoren artean ere oso maitatua. Arreta berezia erakutsi zuen Jainkoaren kreazioari buruz eta pobre eta abandonatuekiko. Alaitasunaren bidez, bere burua eskuzabaltasunez eskainirik eta bihotz unibertsalez maitatzen zuen, eta bera ere horrela zen maitatua. Mistikoa zen, erromesa zen, xalotasunean bizi izan zen, eta paregabeko harmonia liluragarrian Jainkorekin, besteekin, naturarekin eta bere buruarekin. Harengan garbi ikusten da noraino diren banaezinak naturarekiko ardura, pobreenganako justizia, gizartearekiko konpromisoa eta barneko bakea.

11 Haren testigantzak besterik ere erakusten digu: ekologia integralarentzat nahitaezkoa den matematika- edo biologia-hizkera gainditu eta giza esentziarekin konektatuko gaituzten kategoriatara irekitzea. Pertsona batekin maitemintzen garenean gertatzen den eran, eguzkiari, ilargiari edo animaliarik txikienari begiratzen zion bakoitzean, kantatzea zen haren erreakzioa, laudorio horretan gainerako izaki guztiak sarturik. Kreatu ororekin jartzen zen komunikazioan, eta loreei ere predikatu egiten zien, “jauna gorestera gonbidatzen zituen, arrazoimenaren jabe balira bezala” [19]. Haren erreakzioa, balorazio intelektuala baino askoz ere gehiago zen, edo kalkulu ekonomiko bat baino gehiago; zeren, harentzat, kariñoz uztarturiko arreba zen edozein kreatura. Horregatik, behartua sentitzen zen existitzen zen guztia zaintzera. Frantziskoren dizipulu San Buenabenturak esaten zuen, “samurtasun handienaz beterik eta gauza guztien jatorri komuna kontuan hartuta, kreatura guztiak, mespretxagarrienak baziruditen ere, arreba izen eztiaz izendatzen zituela” [20]. Konbikzio hori ez daiteke mespretxa erromantizismo irrazionala balitz bezala, baditu-eta ondorioak gure portaera determinatzen duten aukerabideetan. Natura eta inguruneari hurbiltzen bagatzaizkio txundidura eta miragarritasunera ireki gabe, anaitasun- eta edertasun-hizkera ez badarabilgu munduarekiko erlazioan, gure jokabideak ez dira zuzenak izango, baizik eta menderatzaile, kontsumitzaile edo baliabideen esplotatzaile soilarenak, segituko interesei mugak ipintzeko ezgaitasun erabatekoa erakutsiko dugularik. Aldiz, existitzen den guztiarekin hertsiki lotuak sentitzen bagara, modu espontaneoan jalgiko dira sobrietatea eta ardura. San Frantziskoren pobrezia eta austeritatea ez ziren kanpoko aszetismo hutsa, zerbait erradikalagoa baizik: errealitatea mendeko zerbait eta erabilpen-objektu soil bihurtzeari uko egitea.

12 Bestalde, san Frantziskok, Liburu Santuekiko fideltasun osoan, hau proposatzen digu: natura ikus dezagun liburu bikain baten modura, non Jainkoa mintzatzen zaigun eta bere edertasun eta onberatasuna islatzen digun: “Kreaturen handitasun eta edertasunaren bidez, analogiaz, ezagutzen da haien egilea” (Jkd 13,5), eta “kreazioaren hasieratik, haren ahal eternoa eta jainkotasuna ikuskor bilakatzen dira adimenarentzat, bere egintzei esker”. (Erm 1,20). Horregatik, eskatzen zuen komentuan egon zedila, beti, ortu-zati bat landatu gabe, basa-belarrak haz zitezen, ikusi eta miresten zituztenek pentsamendua Jainkoagana, hainbeste edertasunen egileagana, jaso ahal izan zezaten [21]. Konpondu beharreko problema bat baino zerbait gehiago da mundua, misterio atsegin bat da, alaitasun-laudorioz kontenplatzen duguna.

Nire deia 

13 Guztion etxea babesteko erronka urgenteak bere baitan darama giza familia osoa batzeko kezka, garapen jasangarri eta integralaren bila, elkartzeko ardura, bai baitakigu gauzak alda daitezkeena. Kreatzaileak ez gaitu abandonatzen, bere maitasun-proiektuan inoiz ez du atzera jo, ez da damutzen gu egin izanaz. Gizadiak oraindik badu ahala guztion etxea eraikitzen kolaboratzeko. Nahi nituzke: errekonozitu, animatu eta eskertu, giza jardueraren sektorerik bariatuenetan, konpartitzen dugun etxea babesteko, lanean diharduten guztiak. Esker-on berezia merezi dute, munduko pobreenen bizian ingurunearen degradazioak dituen ondorio dramatikoei irtenbidea emateko borrokan gogor ari direnek.

Aldaketa eskatzen ari zaizkigu gazteak. Arrazoiz galdetzen dute nola demontre ote den posible etorkizun hobea eraikitzea, ingurumenaren krisian eta baztertuen edo abandonatuen sufrimenduan pentsatu gabe.

14 Elkarrizketa berri baterako gonbita urgentea luzatzen dut, planetaren etorkizuna nola eraikitzen ari garen azter dezagun. Denok batuko gaituen elkarrizketa behar dugu, zeren ingurunearen mehatxua, eta giza erroak, denoi interesatzen zaizkigu eta denoi erasaten digute. Munduko mugimendu ekologikoak egina du aski bide luzea eta aberatsa, eta giza elkarte hiritar ugari sortu du, kontzientziazio-lanean erruz lagundu dutenak. Tamalez,  ingurugiroaren krisiari irtenbide konkretuak aurkitzeko ahalegin asko, sarritan, frustratu egiten dira, ez bakarrik boteretsuek errefusatzen dituztelako, baita beste guztien interes faltagatik ere. Konponbideak oztopatzen dituzten jarrerak, fededunen artean ere, problemaren ukaziotik hasi eta indiferentziaraino iristen dira, edo, bestela, etsipen erosoan edo konponbide teknikoen konfiantza itsuan murgildu. Solidaritate unibertsal berria behar dugu. Hego Afrikako gotzainek esan zuten eran, “talentudunak eta guztien inplikazioa behar dira, Jainkoaren kreazioari gizakiaren abusuak egindako kalteak konpondu edo gainditzeko” [22]. Denok kolabora dezakegu, Jainkoaren instrumentuak garen aldetik, kreazioaren zainketan, bakoitzak bere kulturatik, bere esperientziatik, bere ekimenen bidez eta bere gaitasunen arabera.

15 dut Gutun entziklika honek, zein Elizaren Magisterio sozialari atxikirik jartzen dugun, lagun diezagun aurrean dugun desafioaren handia, urgentzia eta edertasuna ikusten. Lehenik eta behin, ibilaldi labur bat egingo dut egungo krisi ekologikoaren aspektu batzuetan barrena, gaur egun eskuartean ditugun ikerketa zientifikoen fruiturik onenak neure egiteko; ikerketa zientifikoari utzi, beldurrik gabe, gugandik zer nahi duen galdetzen eta oinarri konkretua ipini ibilbide etiko eta espiritualari, segidan adierazten den eran. Begirada horretatik ekinik, tradizio judu-kristautik datozen arrazoi batzuk berrartuko ditut, ingurumenarekiko gure konpromisoari koherentzia handiagoa ematearren. Gero saiatuko naiz egungo egoeraren sustraietara iristen, ez sintomak bakarrik behatzeko, baizik eta baita kausa sakonak ere. Horrela proposatu ahal izango dugu ekologia bat, bere hainbat dimentsioren artean, gizakiak mundu honetan daukan toki berezia eta inguratzen duen errealitatearekin dauzkan erlazioak aintzat hartuko dituena. Gogoeta horren argitan egin nahi nuke aurrera, gu geu eta politika internazionala partaide izango diren zenbait elkarrizketa eta ekintza zabalen harian. Azkenik, konbentziturik nagoenez aldaketa orok behar dituela bere motibazioak eta heziketa-bide bat, gizakiaren heldutasun-lerro batzuk, kristau esperientzia espiritualaren altxorrean inspiratuak, proposatuko ditut.

16 Nahiz eta kapitulu bakoitzak bere gaia eta metodologia espezifikoa izan, aldi berean, beste ikuspegi batetik, berriro jorratzen ditu aurreko kapituluetan trataturiko arazo txit garrantzitsuak. Hori, bereziki, entziklika osoa zeharkatzen duten ardatz batzuekin gertatzen da. Adibidez: pobreen eta planetaren hauskortasunean dagoen erlazio hertsia, munduan dena konektaturik dagoen konbikzioa, paradigma berriari kritika eta teknologiatik datozen botere-forma berriak, ekonomia eta aurrerapena ulertzeko beste modu batzuen bila saiatzea, kreatura bakoitzaren balio propioa, ekologiaren zentzu gizatiarra, debate egiati eta onestuen premia, nazioarteko eta tokian tokiko politikaren ardura larria, deskartearen kultura eta bizi-estilo berriaren proposamena. Gai horiek ez dira ixten eta abandonatzen, baizik eta etengabe birplanteatu eta aberasten.

LEHEN KAPITULUA

GURE ETXEARI GERTATZEN ARI ZAIONA

17 Gizadiaren eta munduaren egoerari buruzko gogoeta teologikoak edo filosofikoak irudi dakizkiguke mezu errepikatu eta abstraktuak, baldin eta ez badira berriro aurkezten egungo testuinguruaren harira, testuinguru horrek gizadiaren historiarentzat errealitate ezezaguna gordetzen duen neurrian. Horregatik, fedeak, bizi garen munduaren aurrean, motibazio eta exijentzia berriak dituela aitortu aurretik, proposatzen dut geldialdi labur bat egitea, guztion etxeari zer gertatzen ari zaion begiratzeko.

18 Gizadiaren eta planetaren etengabeko aldaketa bizkorrei, gaur, hau erantsi behar zaie: bizi- eta lan-erritmoen intentsifikazioa, gazteleraz batzuek “rapidación”  (arrapalada) deitzen diotena. Nahiz eta sistema konplexuen dinamikaren parte den aldaketa, gaur giza ekintzek ezartzen duten abiadurak erruz kontrastatzen du berez hain lasaia den eboluzio biologikoarekin. Horri problema hau erantsi behar zaio: aldaketa bizkor eta konstante horren xedea ez dago orientatua, nahitaez, guztien onerako eta giza garapen jasangarri eta integralari begira. Aldaketa desiragarria da, baina kezkagarri bilakatzen da munduaren eta gizadi-zatirik handienaren bizi-kalitatearen hondamen bihurtzen denean.

19 Aurrerapenean eta gizakiaren gaitasunean, denboraldi batean, aski konfiantza irrazionalean bizi izan ondoren, gizartearen zati bat ari da sartzen kontzientzia handiagoko beste etapa batean. Beste sentikortasun bat nabari da ingurumenari eta naturaren zainketari dagokionez, eta egiazko kezka eta, aldi berean, kezka mingarria gero eta handiagoa da gure planetarekin gertatzen ari denari buruz. Eman diezaiegun begiratu bat (dena begiratzea, noski, zaila izango da) kezkarik larriena sortzen diguten arazoei, jada alfonbraren azpian gordetzerik ez dagoen arazoei. Helburua ez da informazioa jasotzea edo gure jakin-mina asetzea, baizik eta benetako kontzientzia, mingarri bazaigu ere, hartzea; ausart gaitezen munduari gertatzen zaiona sufrimendu pertsonal bihurtzen, eta horrela garbi ikusi zein den bakoitzak egin dezakeen ekarpena.

I  Kutsadura eta klimaren aldaketa

Kutsadura, zaborrak eta ‘deskartearen’ kultura

20 Badira kutsadura moduak pertsonei egunero erasaten dienak. Kutsagarri atmosferikoen eraginpean egoteak ondorio asko eta handiak ditu osasunarentzat, bereziki pobreengan: behar baino lehenagoko milioika heriotza probokatzen ditu.  Gaixotzen dira, adibidez, ke ikaragarri arnasten dutelako: sukaldaritzan eta berotzeko erabiltzen diren erregaiek sortzen dute. Horri erants diezaiogun denoi erasaten digun kutsadura: garraioak sortzen duena, industriako kea, lur-zorua eta ura garrazten [azidifikatzen] dituzten substantzien deposituak, ferlitilizanteak, intsektizidak, fungizidak, belar txarrak kontrolatzekoak eta, oro har, agrotoxikoak.   Teknologia, finantzekin loturik, hartu nahi izaten da problemen soluzio bakartzat; baina, nabarmen ageri denez, ezgai izan ohi da gauzen artean existitzen diren mila erlazioren misterioa ikusteko; horregatik, maiz asko, problema bat konpontzeko, beste batzuk sortzen ditu.

21 Aintzat hartu behar da hondakinek sorturiko kutsadura ere, zaborra arriskutsuak barne, beti presente hainbat ingurutan. Milaka milioi tona hondakin izaten dira urtero, eta horietatik asko ez dira biodegradagarriak: etxeko eta hondakin komertzialak, eraikinak botatzean sortzen direnak, kliniketako hondakinak, hondakin elektronikoak eta industrialak, hondakin zeharo toxikoak eta erradiaktiboak. Lurra, gure etxea, badirudi gero eta zikinkeria-depositu handiago bihurtzen ari dela. Planetako toki askotan, agure eta andre helduak beste garai batzuetako paisaien tirrian bizi dira, orain zaborraz inguraturik bizi baitira. Hondakin industrialek nahiz hirietan eta soro-belardietan erabiltzen diren produktu kimikoek proboka dezakete bio-metaketa efektua, inguruko zonetan bizi diren organismoengan; eta halaxe gertatu ohi da, nahiz eta elementu toxikoen presentzia-maila baxua izan. Askotan, neurriak hartzen dira, tamalez, ondorioek, pertsonen osasunarentzat, itzulbiderik ez dutenean.

22 Problema horiek hertsiki lotuak daude deskartearen kulturarekin; berdin erasaten die gizaki baztertuei eta berehala zaborra bihurtzen diren gauzei. Adibidez, kontaturik gaude produzitzen den paperaren parterik handiena alferrik galtzen dela, ez dela birziklatzen. Kostatu egin zaigu ekosistema naturalen funtzionamendua eredugarria dela aitortzea: belar-jaleak elikatzen dituzten mantenugaiak sintetizatzen dituzte landareek; belar-jaleek, aldi berean, izaki haragi-jaleak elikatzen dituzte; hauek, noski, hondakin organiko asko sortzen dute, eta hortik, berriro, landare-belaunaldi berria jaioko da. Sistema industrialek ez dute garatu, ordea, produkzio- eta kontsumo-zikloaren amaieran hondakinak eta sastarrak xurgatu eta berrerabiltzeko gaitasunik. Oraindik ez da lortu, bistan denez, guztientzat eta ondorengo belaunaldientzat beharrezko baliabideak ziurtatuko dituen produkzio-eredu zirkularra; horrek eskatzen du baliabide ez-berriztagarrien erabilpena ahalik eta gehien murriztea, kontsumoa moteltzea, aprobetxamendua optimizatzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Arazo horri heltzea izango litzateke modu bikaina deskartearen kulturari aurre egiteko; bestela, planeta osoari erasaten baitio. Baina, ikusten ari garenez, horretan egin den aurrerabidea oraindik aski eskasa da.

Klima: guztion on moduan 

23 Guztion ona [ongia] da klima; guztiona eta guztiontzat. Globalean harturik, sistema konplexua da, gizakiaren biziarentzat esentzialak diren baldintza askorekin erlazionatua. Oso kontsensu zientifiko sendoa dago, eta, horren arabera, sistema klimatikoaren berotze-prozesu txit kezkagarriaren aurrean gaude. Azken hamarkadetan, berotze horri lotua egon da itsasoaren nibelaren gorakada etengabea. Gainera, zaila da ez erlazionatzea muturreko gertaera meteorologikoen gehitzearekin, nahiz eta ezin zaion egotzi kausa jakin bat, zientifikoki determinagarria, fenomeno partikular bakoitzari. Gizadia behartua dago bere bizi-estiloan, produkzioan eta kontsumoan aldaketak egiteko premiaren kontzientzia hartzera, berotze-prozesuari aurre egiteko, edo, gutxienez, sortu edo areagotzen duten kausak eragozteko. Egia da badirela beste faktore batzuk ere (sumendien erasoak, Lurraren ardatzaren mugimenduak edo eguzki-zikloa), baina, ikerketa zientifiko ugarik erakusten dutenez, azkeneko hamarkadetako berotze globalean gehien eragin duena, ezbairik gabe, negutegi efektudun gasen kontzentrazioa da (anhidrido karbonikoa, metanoa, nitrogeno-oxidoak eta beste batzuk), batez ere gizakiaren jarduna dela bide isuriak. Atmosferan kontzentratzean, Lurrak islatzen dituen eguzki-izpien beroa espazioan hedatzea oztopatzen dute. Hori indartzen duena da, nagusiki, erregai fosilen erabilpen intentsiboan oinarrituriko garaparen patroiari jarraitzea, hori da-eta munduko sistema energetikoaren bihotza. Lur-zorua beste gauza batzuetarako erabiltzeak ere ekarri du okerra, batez ere nekazaritzaren izenean basoak desegiteak.

24 Aldi berean, berotzeak bere ondorioak ditu karbonoaren zikloan. Zirkulu biziosoa [gurpil zoroa] sortzen du, eta egoera gero eta okerragoa bilakatzen da, eta behar-beharreko baliabideen erabilgarritasunari erasaten dio, ura, energia eta nekazaritza-produkzioko zona beroenei, eta planetako biodibertsitatearen zati bat iraungi egingo du. Poloetako eta goi lautadetako izotza urtzea mehatxua da: arrisku handia dago gas metanoa liberatzeko, eta materia organiko izoztuaren deskonposizioak areago lezake anhidrido karbonikoaren isurketa. Aldi berean, oihan tropikalen galderak okertu egiten ditu gauzak, oihan horiek lagundu egiten baitute aldaketa klimatikoa moteltzen. Anhidrido karbonikoak sortzen duen kutsadurak gehitu egiten du ozeanoen azidotasuna eta arriskuan ipintzen du itsasoko elikagai-katea. Gaur egungo joerak jarraitzen badu, mende hau izan liteke sekula ez bezalako aldaketa klimatikoen eta ekosistemetan aurrez inoiz izan gabeko triskantzen testigu, horrek guretzat izan litzakeen ondorioekin! Itsasoko uren nibela igotzeak, adibidez, sor ditzake guztiz egoera larriak, kontuan hartzen badugu munduko populazioaren laurdena itsasoaren ondoan edo handik gertu bizi dela, eta megahiririk gehienak kostaldean daudela.

25 Aldaketa klimatikoa problema globala da, dimentsio larriekin: ingurunean, arlo sozialean, ekonomikoan, banaketari dagokionez, eta esparru politikoan, eta gaur egun gizadiak daukan desafio nagusienetakoa planteatzen du. Inpakturik txarrenak, segur aski, hurrengo hamarkadetan, garapenean dauden herrialdeek nozituko dituzte. Pobre asko berotze-prozesuarekin erlazionaturiko fenomenoek bereziki erasotako lekuetan bizi dira, eta horien bizimodua [bizitzeko bermea] erreserba naturalen baitan eta zerbitzu ekosistemikoen esku dago, erabat; dela laborantza, arrantza edo basotik ateratzen duten etekina. Ez daukate beste jarduera finantzariorik [diru-sarrerarik] eta bestelako baliabiderik, inpaktu klimatikora molda daitezen edo hondamen-egoerei aurre egiteko, eta nekez irits daitezke zerbitzu sozialetara edo babes-tokietara. Esate baterako, klimaren aldaketek animalia eta landareen migrazioak eragiten dituzte, beti ez dira moldatzen leku berrira, eta horrek, bistakoa denez, pobreenen baliabide produktiboei erasaten die; jakina, ondorioz, pertsona horiek ere migratu beharrean aurkitzen dira, inolako helduleku eta ziurtasunik gabe beren eta seme-alaben bizimoduaren etorkizunari dagokionez. Tragikoa da ingurunearen degradazioak okerrera eginarazitako miseriatik ihesi dabiltzan migratzaileen gorakada; ez daude aitortuak errefuxiatutzat nazioarteko konbentzioetan, eta hor doaz beren bizi abandonatuaz bizkarra zamaturik, arau aldetik inolako babesik gabe. Tamalez, axolagabekeria orokorra da tragedia horien aurrean dagoena: oraintxe bertan ari dira gertatzen mundu zabaleko hainbat lekutan. Gure anai-arrebek nozitzen diharduten drama latz horien aurrean ez dago erreakziorik, eta hori seinale garbia da galdua dugula erantzukizun-zentzu hura, munduko senideen alde zerbait egiteko; gainera, erantzukizun horretan ez al du oinarritu behar gizarte zibil orok?

26 Baliabiderik gehiena eta aginte ekonomiko eta politikorik handiena daukaten horietako askok eta askok badirudi problemak maskaratzeko eta sintomak estaltzeko batzen dituztela indarrak, aldaketa klimatikoaren inpaktu negatibo batzuk baino murrizten saiatu gabe. Baina sintoma askok adierazten dute efektu horiek izan litezkeela gero eta okerragoak, egungo produkzio- eta kontsumo-ereduarekin jarraitzen badugu. Horregatik, urgente eta behar-beharrezko ikusten da politika egokien garapena, hurrengo urteetan anhidrido karbonikoaren eta guztiz kutsagarriak diren beste gas batzuen isurketa drastikoki murriztua izan dadin; esate baterako, erregai fosilak ordezkatu eta energia berriztagarrien iturriak garatu. Munduan oso eskasa da energia berriztagarri eta garbien eskuragarritasun maila. Oraindik jarraitu beharra dago akumulazio-teknologia egokiak garatzen. Hala eta guztiz, herrialde batzuetan izan dira aurrerakada esanguratsuak, nahiz eta oraindik urrun dauden maila garrantzitsua lortzetik. Era berean, izan dira inbertsio batzuk, energia gutxiago behar duten eta lehen gai gutxiago erabiltzen duten produkzio- eta garraio-formak sustatzeko; baita etxe-eraiketa eta saneamenduan ere efizientzia energetikoa hobetzeko saiakerak. Baina praktika on horiek oraindik urrun daude erabat orokorrak izatetik.

II  Uraren arazoa

27 Egungo beste adierazle batzuek baliabide naturalen agortzearekin dute zerikusia. Ondo asko dakigu ez dagoela eusterik herrialde garatuenen eta gizarteko sektore aberatsenen gaurko kontsumo-mailari, non gastatu eta botatzeko ohiturak sekula ez bezalako neurriak hartu dituen. Gainditu dira planetaren esplotazio-maila handienaren zenbait muga, eta hori pobreziaren problemari inolako konponbiderik eman gabe!

28 Edateko uraren eta ur garbiaren arazoa lehen-lehen mailakoa da garrantziari dagokionez, ezinbestekoa baita gizakiaren biziarentzat, eta lehor eta uretako ekosistemak sostengatzeko. Osasun-sektorea, abeltzaintzakoa eta industriala hornitzen dituzte ur gezaren iturriek. Uraren horniketak ia-ia bere horretan iraun du denbora luzean, baina orain, toki askotan, eskeak gainditu egiten du eskaintza jasangarria; horrek ondorio larriak ditu epe motzerako zein luzerako. Ur-metatze garrantzitsuen mende bizi diren hiri handiek, askotan, murrizketa-aldiak nozitu ohi dituzte, eta, momentu kritikoetan, ez da beti zabaltzen kanila gobernamendu egokian oinarriturik eta inpartzialtasunez. Uraren pobrezia soziala, nagusiki, Afrikan nabaritzen da; jendetza handia da edateko ur segurua eskuratu ezin duena, edo lehorte handiak pairatzen dituzte, elikagaien produkzioa zailtzen dutelarik. Herrialde batzuetan badira eremuak ur asko dutenak eta, aldi berean, beste eremu batzuetan sekulako eskasia jasaten dute.

29 Pobreentzako uraren kalitatea da, bereziki, problema larria, heriotza asko eragiten baitu egunero. Pobreen artean oso ohikoak dira urarekin [ur osasuntsurik ezarekin] erlazionaturiko gaixotasunak, mikroorganismoek eta substantzia kimikoek kausaturikoak barne. Beherakoa eta kolera, zerbitzu higieniko eta ur horniketa desegokiekin erlazionatuak biak, faktore esanguratsuak dira haurren sufrimendu eta heriotza-tasari dagokienez. Lurpeko urak, leku askotan, erauzketa-jarduerek, nekazaritzakoek eta industrialek sorturiko kutsadurak mehatxatuak daude, batez ere arautegirik eta behar besteko kontrolik ez dagoen herrialdeetan. Ez dezagula pentsatu bakarrik fabriketako isurkinez. Munduko leku askotan jendeak erabiltzen dituen detergenteak eta produktu kimikoak ibai, lakua eta itsasoetan isurtzen dira.

30 Daukagun uraren kalitatea etengabe txartzen ari den bitartean, leku batzuetan, baliabide urri hori pribatizatzeko joerak aurrera egiten dihardu, merkantzia bihurturik eta merkatu-legeek erregulaturik. Garbi esanda, edateko ur segurua izatea oinarrizko giza eskubidea da, funtsezkoa eta unibertsala, pertsonaren biziraupena berak determinatzen baitu, eta, ondorioz, gainerako giza eskubideak praktikan izateko nahitaezko baldintza da. Munduak zor sozial ikaragarria dauka edateko ura eskuratu ezin duten pobreekin, zeren duintasun alienaezinean erroturiko bizi-eskubidea ukatzea da hori. Zor hori kitatzeko modua, neurri batean, laguntza ekonomiko gehiago ematea da, herririk pobreenak ur garbiaz eta saneamenduez horni daitezen. Baina ikusten ari gara ur asko alferrik galtzen dela, eta ez bakarrik herrialde garatuetan, baita garapen txikiagoa baina ur erreserba handiak dituzten haietan ere. Horrek esan nahi du uraren arazoa, neurri batean, kultur eta heziketa-arazoa dela, ez baitako portaera horien larritasunaren kontzientziarik, izugarrizko zuzentasunik ezak [ekitate faltak] markaturiko testuinguru honetan.

31 Ur-eskasia areagoak elikagaien eta uraren baitan dauden beste zenbait produkturen kostua igotzea ekarriko du. Zenbait ikerketaren arabera, hamarkada gutxi batzuk barru, litekeena da ur-eskasia gogorra izatea, azkar eta urgentziaz jokatzen ez bada. Ingurumen-inpaktuek erasan liezaiokete milaka milioi pertsonari, eta ez litzateke harritzekoa izango munduko enpresa handiek uraren inguruan ezarriko duten kontrola bilakatzea mende honetako gatazka iturririk handienetako bat [23].

III  Biodibertsitatearen galdera

32 Lurreko baliabideekin ere harrapazka dabiltza, berehalako etekinak lortzea delako ekonomia eta jarduera komertzial eta produktiboa ulertzeko modua. Oihan eta basoen galerak esan nahi, aldi berean, gerorako guztiz baliabide garrantzitsuak izan litezkeen espezieen galera, ez bakarrik elikadurarako, baita gaixotasunak sendatzeko eta hainbat zerbitzutarako ere. Espezie diferente horiek badituzte geneak baliabide klabeak izan litezkeenak, etorkizunean [bihar edo etzi] gizakiaren premiaren bat asetzeko edo ingurumen-problemaren bat erregulatzeko.

33 Baina ez da aski hainbat espezie ezberdinengan balizko “baliabide” esplotagarri balira bezala pentsatzea, beren baitan duten balioa ahazturik. Urterik urte, milaka landare- eta animalia-espezie desagertzen dira; ez dugu horiek ezagutzerik izango, eta gure seme-alabek ez dituzte ikusi ahal izango; betirako galduak! Gehien-gehienak gizakiaren ekintzekin zerikusia duten arrazoiengatik iraungitzen dira. Gu garela bide, milaka espeziek ez diote Jainkoari loria emango beren existentziarekin eta ez digute komunikatu ahal izango beren mezu propioa. Ez daukagu horretarako eskubiderik.

34 Seguruenik, ugaztun edo hegazti bat iraungi dela jakiteak erruz aztoratzen gaitu, errazago ikusten direlako. Baina ekosistemek ondo funtzionatuko badute, beharrezkoak dira onddoak, algak, harrak, intsektuak, narrastiak eta milaka mikroorganismo-mota ere. Espezie batzuk ez dira hain ugariak eta oharkabean igaro ohi zaizkigu, baina rol kritikoa eta funtsezkoa daukate toki bateko oreka egonkortzeko. Egia da gizakiak parte hartu behar duela ekosistema egoera kritikora iristen denean, gaur egun, ordea, gizakiaren interbentzio-maila, natura bezalako errealitate konplexu batean, hainbestekoa da, ezen gizakiak eragiten dituen etengabeko hondamenek bere beste interbentzio bat probokatzen dute, eta horrela gizakiaren jarduera beti hor dago [omnipresente], eta horrek berak du arriskurik aski! Zirkulu biziosoa edo gurpil zoroa sortu ohi da, eta gizakiaren interbentzioak, zailtasun bat gainditzeko, sarri askotan, okertu egiten du egoera. Esate baterako,  teknologiak sorturiko agrotoxikoen erruz desagertzen diren txori eta intsektu asko oso baliagarriak dira laborantzarako, eta horiek ordezkatu egin beharko dira beste interbentzio teknologiko baten bidez, eta, segur aski, ondorio kaltegarri berriak ekarriko ditu. Goresgarriak dira eta, batzuetan, miresgarriak ere bai, gizakiak sorturiko problemak konpontzeko, zientifiko eta teknikoek egiten diharduten ahalegina. Baina munduari begiratu eta ikusten ari gara gizakiaren interbentzio-maila horrek, gehienetan finantzen eta kontsumismoaren zerbitzuan, bizi garen mundua, zinez, pobretu eta itsustu egiten duela, gero eta murritz eta grisago; bien bitartean, teknologiaren garapena eta kontsumo-eskaintzak goraka doaz inongo mugarik gabe. Badirudi, horrela, ordezkatu eta errekuperatu ezin den edertasuna geuk sortutakoarengatik trukatu nahi dugula.

35 Ekimenen baten ingurunearekiko inpaktua ikertzen denean, lur-zoruko efektuei, urarenei eta airearenei begiratzen zaie, baina beti ez da sartzen biodibertsitateari buruzko ikerketa zorrotzik, espezie batzuen edo animalia- eta landare-sail baten galera munta gutxiko kontua balitz bezala! Errepideak, kultibo berriak, alanbrezko itxiturak, urtegiak eta beste eraikuntza batzuk ari dira habitat-ez jabetzen; batzuetan, gainera, zatitu egiten dituzte, eta animaliak, orduan, ez daukate migratzerik eta ezin dira ibili libreki batetik bestera; ondorioz, zenbait espezie iraungitze-arriskuan jartzen da.  Badira alternatibak obra horien inpaktua arintzeko: korridore biologikoak eta abar. Baina herrialde gutxitan hartzen dira kontuan arreta eta aurreikuspen horiek. Espezie batzuk komertzialki esplotatzen direnean, beti ez da ikertzen beren hazkunde-modua, gehiegizko murriztea saihesteko, horrek desoreka sortzen baitu ekosisteman.

36 Ekosistemekiko arretak, zalantzarik gabe, segitukora baino harago begiratuko duen jarrera eskatzen du, zeren etekin ekonomiko azkar eta erraza baizik kontuan hartzen ez denean, inori ez zaio interesatzen benetan zaindu eta babestea. Baina handia da arreta falta egoista horrengatik eragiten dituzten kalteen kostua, lor daitekeen onura ekonomikoa baino askoz ere handiagoa. Espezie batzuen galera edo egiten zaien kaltearen kasuan, kalkulatu ere ezin diren baloreen gainean ari gara hizketan. Horregatik, izan gaitezke testigu mutuak desberdintasun larriegien aurrean; esate baterako, batzuek etekin handiak atera nahi dituztenean, ingurumenaren degradazioaren ezin esan ahalako kostua ordainarazten zaio gainerako gizadiari, oraingoari eta gerokoari.

37 Herrialde batzuetan asko aurreratu dute leku eta zona batzuen —lehorrean eta ozeanoetan— babes eta zainketan, non debekaturik dagoen gizakiaren edozein interbentzio, baldin eta horrek bere fisonomia eta jatorrizko osaera alda baditzake. Biodibertsitatearen zainketari dagokionez, espezialistek behin eta berriz aipatzen dute zona horietan arreta berezia ipintzeko premia: espezie aldetik ugaritasun aberatsa dagoen tokietan, espezie endemikoen kasuan, gutxi ikusten direnak edo babes urriagoa daukatenak. Badira lekuak arreta berezia eskatzen dutenak, munduko ekosistemarentzat daukaten garrantzi izugarriagatik, edo ur-erreserba inportanteak dauzkatelako eta, horrela, beste bizi-forma batzuk ziurtatzen dituztelako.

38 Aipa ditzagun, adibidez, planetaren birikak, biodibertsitatez josiak: Amazonia, Kongoren ibai-arroa, edo akuifero handiak eta glaziarrak. Ez dago ahanzterik leku horiek planeta osoarentzat eta gizadiaren etorkizunerako duten garrantziaz. Oihan tropikaletako ekosistemek sekulako konplexutasuna duen biodibertsitatea daukate, osorik ezagutzea kasik ezinezkoa, baina oihan horiek erre eta txikitzen direnean kultiboak garatzeko, urte gutxiren buruan izugarriko espezie mordoa galtzen da; gaitz erdi, basamortu idor bihurtzen ez badira. Alabaina, toki horiei buruz mintzatzeko garaian, oreka delikatu batetik egin behar, zeren, era berean, ez dago ahanzterik nazioartetik datozen egunduko interes ekonomikoak ezen, zaintzeko aitzakiarekin, atenta dezaketen subiranotasun nazionalen aurka. Hain zuzen, badira “Amazonia nazioarteko bihurtzeko proposamenak; horiek ez dituzte gogoan nazioen gaindiko korporazioen interes ekonomikoak baizik” [24]. Goresgarria da nazioarteko organismo eta gizarte zibileko erakunde batzuen lana: jendea sentsibilizatzen eta kritikoki kooperatzen dihardute, baita guztiz zilegi diren presio-mekanismoak erabiliz ere, gobernu bakoitzak konpli dezan bere herrialdeko baliabide naturalak eta ingurumena zaindu eta babesteko daukan eta berea duen obligazioa, bertakoen eta nazioartekoen interes lotsagarriei beren burua saldu gabe.

39 Basa-flora kendu eta bestelako arbolak sartzea ere —normalean monokultiboak izan ohi dira— ez da egoki ikertzen. Zeren larriki erasan diezaioke biodibertsitateari, landatzen diren espezie berriek babesten ez dutenez. Bustiguneek ere, kultibo-lur bihurturik, zeukaten biodibertsitate ugaria galdu egiten dute. Kostaldeko zona batzuetan, kezkagarria da mangladiez osaturiko ekosistemen desagerpena.

40 Ozeanoetan ez dago bakarrik planetako uraren parterik handiena, baita izaki bizidunen barietaterik ikusgarriena ere; asko eta asko oraindik ezezagunak guretzat eta, hainbat kausa direla bide, mehatxatuak. Bestalde, ibai, lakua, itsaso eta ozeanoetako bizia —hain zuzen, munduko populazioaren parte handi bat elikatzen duena—, zeharo erasana dago, arrantza-baliabideak lortzeko orduan sekulako kontrol falta dagoelako: espezie batzuen gutxitze drastikoa dator hortik. Oraindik arrantza-forma selektiboarekin jarraitzen dute, eta alferrik galtzen da harrapaturiko parte handi bat. Kontuan hartzen ez ditugun itsas organismo batzuk daude bereziki mehatxatuak: itsas elikaduraren katean osagai inportanteak diren planton-forma batzuk; espezie asko planton horiei esker bizi da, eta, azken finean, geu elikatzeko erabiltzen ditugun espezieak.

41 Itsaso tropikaletan eta subtropikaletan sartzen bagara, koralaren barrera aurkituko dugu; lehorreko oihan handiekin konpara daiteke: gutxi gorabehera,  milioi bat espezieren bizitokia da: arrainak, karramarroak, moluskuak, esponjak, algak, eta abar. Munduko koral-barrera asko antzuak dira gaur egun, edo etengabe gainbehera datoz: “Zeinek bihurtu du itsas mundu liluragarri hori urpean hilobi, bizia eta kolore denak erauzirik?” [25].  Honako jokaera hauen bidez itsasora iristen den kutsadurak dauka fenomeno galgarri horren errua: basoak botatzea, nekazaritzako monokultiboa, isurkin industrialak eta arrantzako metodo kaltegileak, bereziki zianuroa eta dinamita erabiltzen dituztenak. Eta hori guztia areagotu egiten da ozeanoen tenperatura igotzean. Horrek guztiak honetan laguntzen digu: ohartarazten gaitu naturan buruturiko edozein ekintzak izan ditzakeela begiratu hutsez konturatzen ez garen ondorioak, eta baliabideen esplotazio-forma batzuk degradazio izugarria dutela ordain, azkenik ozeanoen hondoraino iristen dena.

42 Behar-beharrekoa da ikerketan askoz gehiago inbertitzea, ekosistemen portaera hobetzeko eta ingurumenean izandako aldaketa garrantzitsuaren hainbat inpaktu-aldaki ezberdin egoki aztertzeko. Zeren kreatura guztiak konektaturik daude; afektuz eta miresmenez baloratu behar da bakoitza, eta izaki guztiok elkarren premia dugu. Lurralde bakoitzak bere erantzukizuna du familia horren zainketan; beraz, toki bakoitzean bizi diren espezieen inbentario zehatza beharko genuke, horien babeserako programa eta estrategiak garatzeko, galtzeko zorian dauden espezieen zainketan arreta berezia ipinirik.

IV Gizakiaren bizi-kalitateren hondamena eta degrazio soziala

43 Kontuan hartzen badugu gizakia ere mundu honetako kreatura dela, bizitzeko eta zoriontsu izateko eskubidea duela, eta, gainera, duintasun txit berezia duela, ezin ditzakegu aintzat hartu gabe utzi: ingurumenaren degradazioaren ondorioak, egungo garapen-eredua eta deskarte-kultura pertsonen bizian.

44 Gaur egun, oharturik gaude, esaterako, hiri askoren hazkunde neurrigabe eta desordenatuaz; osasungaitz bihurtu dira, guztia beharrekoak bizitzeko, ez bakarrik isurkin toxikoen eragindako kutsaduragatik, baita kaos urbanoa, garraio-problemak eta kutsadura bisuala eta akustikoa direla medio ere. Hiri asko efikaziarik gabeko estruktura handiak dira: ur eta energia gehiegi xahutzen dute. Badira auzoak, nahiz eta berriki eraikiak izan, pilaturik eta desordenatuta daudenak, espazio berde nahikorik gabe. Ez da normala eta ohikoa planeta honetako biztanleak porlanez, asfaltoz, beiraz eta metalez gero eta josiago bizitzea, naturarekiko kontaktu fisikorik gabe.

45 Leku batzuetan, landa-eremuan zein zona urbanoan, espazioen pribatizazioak zaildu egin du [erabat oztopatu ez badu ere] hiritarrak zinez eta bereziki eder eta dotoreak diren zonetara iristea. Beste batzuetan, urbanizazio “ekologikoak” egin ohi dira, jende gutxi baten zerbitzuan, non saiatzen diren beste batzuk sar ez daitezen, lasaitasun artifizial hori oztopatzera. Hiri ederra, espazio berdez betea, aurkituko dugu, eremu “seguru” batzuetan oso ondo zainduriko espazio berdez betea, baina ez hain zainduak ezkutagoan dauden beste toki batuzk, non bizi den gizarteko jende “baztergarria”.

46 Hauek sartzen dira aldaketa globalaren osagai sozialen artean: berrikuntza teknologiko batzuen ondorio laboralak, esklusio soziala, berdintasunik eza energiaren kontsumoan eta beste zerbitzu batzuetan, haustura soziala, biolentziaren gorakada, agresibitate sozialean forma berriak, narkotrafikoa eta drogen kontsumoaren gorakada gazteenen artean, identitatea galtzea… Seinale horiek, besteak beste, erakusten digute azkeneko bi mendeetako hazkundea ez dela izan, aspektu guztietan, benetako aurrerabide integrala eta bizi-kalitatearen egiazko hobekuntza. Aitzitik, seinale horietako batzuk, dudarik gabe, dira benetako degradazio sozialaren sintoma, eta integrazio-loturen eta batasun sozialaren haustura isila.

47 Horri gehi diezazkiogun mundu digitaleko medioen dinamikak, zeinek, alde guztietan presentzia demasa dutenean, ez duten laguntzen burutsu bizitzeko, sakon pentsatzeko eta eskuzabaltasunez maitatzeko gaitasuna garatzen. Antzinako jakintsu handiak, testuinguru honetan, arrisku bizian egongo lirateke beren jakinduria, informazioaren zarata dispertsiboaren erdian, itzaltzeko. Horrek esfortzua eskatzen du, medio horiek gizadiaren kultur garapen berri bilaka daitezen, eta ez bere aberastasun sakonenaren hondamendi. Pertsonen arteko egiazko elkarrizketaren eta hartu-eman eskuzabalaren benetako jakinduria, gogoetaren ondorio, ez da lortzen datu metaketa soilarekin, zeinek okitu eta itsutu gaitzakeen, kutsadura mentalaren antzeko zerbaiten erdian. Aldi berean, besteekiko erlazio errealek aldaketa handiak nozituko dituzte, internet bidezko komunikazioa dela medio, horrek dituen arriskuekin! Erlazioak selekzionatzea eta eliminatzea permititzen du horrek, gure gogoaren eta animoaren arabera, eta hortik emozio artifizial sail bat sortzen da, pertsonekin eta naturarekin baino zerikusi handiagoa dutenak dispositibo eta pantailekin. Gaur egungo medioek hau ere permititzen dute: gure ezaupideak eta afektuak komunikatu eta konpartitzea. Alabaina, batzuetan oztopo dira bestearen angustiarekin, hotzikararekin, alaitasunarekin eta bere esperientzia pertsonalaren esperientziarekin kontaktu zuzenean jartzeko. Horregatik, atentzioa eman behar liguke, produktu horien eskaintza itsugarriarekin batera, pertsona arteko erlazioetan hau ikusteak: inolako satisfaziorik eza, hau da, satisfazio falta malenkoniatsu sakona, edo isolamendu galgarria.

V Desberdintasun planetarioa

48 Giza ingurunea eta ingurune naturala batera degradatzen dira, eta inoiz ere ez diogu behar bezala aurre egingo ingurunearen degradazioari, ez badugu arretarik ipintzen giza degradazio eta degradazio sozialarekin zerikusia duten kausetan. Hain zuzen, ingurunearen hondamenak eta gizartearenak guztiz modu krudelean erasaten diete planetako txiroenei: “Nola bizitzako ohiko esperientziak hala ikerketa zientifikoak demostratzen dute ingurunearekiko eraso guztien ondoriorik larrienak jende pobreak pairatzen dituela” [26]. Konparaziorako, erreserba iktikolen (arrainen) agortzeak, bereziki, artisau-arrantzatik bizi direnei eta nola ordezkaturik ez daukatenei egiten die kalte; uraren kutsadurak, nagusiki, pobreenei erasaten die, hau da, botilako ura erosterik ez daukatenei; eta itsasoren nibela igotzeak, batik bat, kostaldeko populazio pobretuari erasaten dio, zeinek ez daukan nora joanik. Gaurko desajusteen inpaktua honetan ere nabarmentzen da: pobre asko gazterik hiltzen da, baliabiderik eza dela medio sorturiko gatazken ondorioz eta munduaren agendan nahiko espaziorik ez duten beste hainbat problemaren erruz.

49 Ohartarazi nahi nuke ez dagoela kontzientzia garbirik baztertuei gogorren erasaten dien problemei buruz. Eta eurak dira planetako gehiengoa: milaka milioi pertsona! Gaur, eguneroko ogia dira nazioarteko debate politiko eta ekonomikoak, baina badirudi, behin baino gehiagotan, pobreen problemak eranskin moduan planteatzen direla; obligazioz gehitzen den arazo moduan edo ingurumarian dabilen erabat baztertu ezineko arazo soil bezala, eta gaitz erdi albo-kalte  hustzat jotzen ez bada. Hain zuzen, ekintza konkretuen garaia iristen denean, sarri askotan, azken putz izaten dira. Zergatik hori? Hein batean profesional asko, iritzi sortzaileak, komunikabideak eta aginte-zentroak urrun daudelako pobreengandik, eremu urbano isolatuetan, haien problemekin kontaktu zuzenik gabe. Bizi eta gogoeta egiten dute garapen handiaren erosotasunetik eta munduko populazioaren gehiengoaren esku ez dagoen bizi-kalitatetik. Kontaktu fisikorik ezak eta elkarrrekin topatu ezinak, batzuetan gure hirien desintegrazioak lagunduta, kontzientzia kauterizatzera bultzatzen du, eta errealitatearen parte bat ahanztera ere bai, aldarodun [alde batera kargadun] analisiak eginik. Hori eta diskurtso “berdea”, batzuetan, elkarrekin bizi dira. Baina gaur derrigorrez aitortu beharra daukagu benetako planteamendu ekologikoa, beti ere, planteamendu sozial bihurtzen dela, eta justizia sartu behar du inguruneari buruzko eztabaidetan, nola lurraren burrunba entzuteko hala pobreen garrasia aditzeko.

 50 Pobreen problemak konpondu eta mundu diferente batean pentsatu ordez, batzuek ez dute proposatzen jaiotza-tasak jaistea besterik. Presio handiak egiten zaizkie, horretan, garapen-prozesuan dauden herrialdeei, laguntza ekonomikoak “ugalketa-osasunaren” politikarekin uztarturik. Baina, “nahiz eta egia den populazioaren eta dauzkagun baliabideen banaketa ez-igualak oztopo direla garapenarentzat eta ingurumenaren erabilpen jasangarriarentzat, onartu beharra dago hazkunde demografikoa guztiz bateragarria [konpatiblea] dela garapen integral eta solidarioarekin” [28]. Populazioaren gehitzeari errua botatzea, eta batzuen gehiegizko kontsumismo selektiboarengatik deus ez esatea, problemei behar bezala aurre ez egitea da. Egungo banaketa-eredua legitimatu nahi da horrela, non gutxiengo batek uste duen eskubide osoz kontsumitzen duela kontsumitzen duena, baina argi eta garbi dago denek ez dezaketela hori egin, zeren planetan ez lirateke kabituko ezta neurri horretako kontsumoak sorturiko hondakinak berak ere. Gainera, badakigu produzitzen diren janarien herena galtzen dela alferrik, gutxi gorabehera, eta “pobrearen mahaitik lapurtzea bezala da janaria alferrik galtzea” [29]. Dena dela, egia da atentzioa ipini beharra dagoela populazioaren banaketan, lurraldeka, dagoen desorekari, nola maila nazionalean hala globalean, zeren kontsumoaren gehitzeak egoera erregional konplexuetara eramango gintuzke: ingurumenaren kutsadurari, garraioari, hondakinen trataerari, baliabideak galdetzeari eta bizi-kalitateari loturiko problemen konbinazioa dela bide.

51 Berdintasunik ezak ez die erasaten norbanakoei bakarrik, herrialde osoei baizik, eta nazioarteko erlazioen etikan pentsaraztera behartzen gaitu. Zeren izugarrizko “zor ekologikoa” dago, bereziki Iparra eta Hegoaren artean, eremu ekologikoan ondorioak dituen desoreka komertzialekin erlazionatua; baita herrialde batzuek historikoki baliabide naturalak, inolako neurri eta proportzio egokirik  gabe, beren alde erabili dituztelako.  Lehen gai batzuen esportazioek, Iparralde industrializatuan merkatuak asetzeko, han bertan kalte handiak eragin dituzte; adibidez, urre-meategietan merkurioarekin, edo kobrearenean sufrearen dioxidoarekin. Bereziki konputatu beharrekoa da planeta osoko ingurumen-espazioaren erabilera, bi menderen buruan metatu diren hondakin gaseosoak jaurtikitzeko, eta orain gertatzen dena da munduko herrialde guztiei eragiten diela. Herrialde aberats batzuetako neurriz kanpoko kontsumoak eragin duen berotzeak lurreko tokirik pobreenetan ondorio latzak ditu, nagusiki Afrikan, non tenperatura igotzeak, lehortearekin elkarturik, berealdiko hondamenak eragiten dituen, kultiboen etekinari dagokionez. Horri erantsi behar zaio hondakin solido eta likido toxikoen esportazioa garapen-prozesuan dauden herrialdeetara; baita enpresa batzuek, gutxi garaturiko herrialdeetan, daukaten aktibitate kutsagarria ere; hain zuzen, kapitala jartzen duten herrialdeetan egin ezin dutena: “Ikusten dugu horrela jokatzen duten enpresak, askotan, multinazionalak direla, eta herrialde garatuetan edo lehen mundua deiturikoan onartzen ez zaiena egiten dutela hemen. Normalean, aktibitatea bertan behera laga eta erretiratzen direnean, ingurumen- eta giza pasibo handiak uzten dituzte: lanik eza, herriak bizirik gabe, zerbait erreserba natural agortuta, basoak botata, bertako abeltzaintza eta laborantza pobreturik, kraterrak, mendi-gain apurtuak, ibai kutsatuak, eta obra sozial txiki batzuk, baina inolaz ere sostengatzerik ez dagoenak” [30].

52 Herri pobreen kanpo-zorra kontrol-tresna bilakatu da, baina ez da gauza bera gertatzen zor ekologikoarekin. Modu askotara, garapen-bidean dauden herriek, non aurkitzen diren biosferako erreserbarik garrantzitsuenak, herri aberatsen garapena elikatzen jarraitzen dute, beraien oraina eta geroa hipotekaturik. Hegoaldeko pobreen lurraldea aberatsa da, eta gutxi kutsatua dago, baina ezin dituzte jabetzan eskuratu beren premiak asetzeko ondasun eta baliabideak; ukatua daukate, erlazio komertzial- eta jabetza-sistema estrukturalki perbertso baten erruz.  Ezinbestekoa da herrialde garatuek zor hori kitatu eta egoera konpontzen lagun dezaten, energia ez-berriztagarriaren kontsumoa neurri garrantzitsuan mugaturik eta herrialde behartsuenentzat baliabideak eskainirik, garapen jasangarrirako politika eta programak bultzatzeko. Lurralde eta herrialde pobreenek ahalmen gutxiago daukate ingurumen-inpaktua murrizteko eredu berriak bultzatzeko, ez baitaude trebatuak beharrezko prozesuak garatzeko eta ez ditzakete, bestetik, gastuak ordain. Horregatik, garbi eutsi kontzientzia honi: aldaketa klimatikoan erantzukizun dibertsifikatuak daude, eta, Estatu Batuetako gotzainek esan zuten moduan, “bereziki pobre, ahul eta kalteberanen premien alde egin behar da, maizenik boteretsuenen interesek gidatzen duten debate horretan” [31]. Behar-beharrezkoa da familia bakarra garela sinestea eta kontzientzia hori indartzea. Ez dago muga eta frontera politiko eta sozialik isolatzea onartzen duenik, eta era berean, horrexegatik, ez dago axolagabekeriaren globalizaziorako espaziorik.

VI Erreakzioen ahulezia

53 Egoera horiek zizpuru eginarazten diote arreba lurrari, eta munduko abandonatuen zizpuruarekin bat egiten du, beste norabide bat eskatzen ari zaigun deiadarra da. Inoiz ez dugu azkeneko bi mendeotan bezain gaizki tratatu eta hainbeste zauritu denon etxea. Aita Jainkoaren tresna izatera deituak gaude, gure planeta, kreatu zuenean, amestu zuena izan dadin, eta pentsatu zuen bake- eta edertasun-proiektuari erantzun diezaion. Problema da oraindik ez dugula kultura nahikorik krisi honi aurre egiteko, eta bideak markatuko duten lidergoak sortu behar dira, egungo belaunaldien beharrei erantzuteko, denak barruan direla, bihar edo etziko belaunaldiak kaltetu gabe. Ezinbestekoa da muga gaindiezinak izango dituen eta ekosistemen babesa ziurtatuko duen arau-sistema bat sortzea, paradigma tekno-ekonomikotik datozen botere-forma berriek dena, ez bakarrik politika baita askatasuna eta justizia ere, suntsitu aurretik.

54 Atentzioa ematen du nazioarteko erreakzio politikoaren ahultasunak. Ingurumenaren gainean egindako Gailur Mundialen porrotak ederki erakusten du teknologiaren eta finantzen mende dagoela politika. Interes partikular gehiegi dago, eta oso erraza da interes ekonomikoa guztion onaren gainetik jartzea eta informazioa manipulatzea, beren proiektuak kaltetuak suerta ez daitezen. Alde horretatik, Aparezidako Dokumentuak zera erreklamatzen du: “baliabide naturalei buruzko interbentzioetan ez daitezela besteen aurretik jar talde ekonomikoen interesak, zeinek suntsitzen dituzten irrazionalki bizi-iturriak” [32]. Ekonomia eta teknologiaren arteko aliantzak kanpoan lagatzen ditu euren segituko interesekin ongi uztartzen ez dena. Horrela, ez dago espero izaterik gauza handirik, agian: gainazaleko erreklamazio arin, ekintza filantropiko isolatu eta ingurumenarekiko sentiberatasuna badutela erakutsi nahian egindako esfortzu txikiren bat. Baina, gauzak benetan aldatzeko, erakunde sozialen ahalegina, noski, erromantiko ameslari batzuek probokaturiko molestiatzat joko dute edo saihestu beharreko oztopotzat.

55 Apurka-apurka, inoiz, herrialde batzuek egiten dituzte aurrerabide garrantzitsuak: kontrolen garapen efizienteagoa eta ustelkeriaren aurkako borroka sinesgarriagoa. Sentikortasun ekologiko handiagoa dago herrietan, nahiz eta ez den aski, oraindik, kontsumo-ohitura kaltegarriak aldatzeko; ohitura horiek, gainera, ez dute behera egiten, alderantziz baizik: hedatzen eta zabaltzen dihardute. Horixe da, adibide txiki bat ipintzearren, aire-egokigailuen etengabeko gorakada eta intentsitatearekin gertatzen dena. Merkatuek, segituko etekina nahi eta, are gehiago bultzatzen dute eskea. Norbaitek behatuko balu kanpotik gizarte planetarioa, zeharo txundituko litzateke gisa horretako portaeraren aurrean, batzuetan portaera suizida ematen du.

56 Bien bitartean, botere ekonomikoek egungo sistema mundiala justifikatzen jarraitzen dute, non espekulazioa eta etekin finantzarioa diren aurrena, giza duintasunak eta ingurumenak nozitzen dituzten ondorioak ahazturik. Garbi ikusten da, horrela, ingurumenaren degradazioa eta giza degradazioa eta etika hertsiki lotuak daudela. Askok esango dute ez daukatela ekintza ez-moralak egiten diharduten kontzientziarik, zeren etengabeko distrakzioak kendu egiten ditu mundu mugatu eta duen neurria duenaren errealitateaz ohartzeko adorea. Horregatik, “edozein gauza hauskor, ingurumena horietako bat da,  defentsarik gabe geratzen da merkatu jainkotuaren interesen aurrean, arau absolutu bihurturik” [33].

57 Nahiko argi dago, baliabide batzuk agorturik, gerra berrientzat eszenatoki egokiak sor litezkeela; hori bai, errebindikazio zilegi eta noble moduan mozorroturik. Gerrak beti kalte larriak eragiten dizkie ingurumenari eta herrien kultur aberastasunari; eta arriskuak biderkatu egiten dira, arma nuklearretan eta arma biologikoetan pentsatzen denean. Zeren, “nahiz eta nazioarteko zenbait hitzarmenek debekatu egiten dituen gerra kimikoa, bakteriologikoa eta biologikoa, praktikan, laborategietan ikertzen jarraitzen da, erasorako arma berriak garatzeko; esan gabe dona, arma horiek kapazak direla oreka naturala erabat aldatzeko” [34]. Politikak arreta handiagoa ipini beharko luke, gatazka berriek sor litzaketen kausak prebenitu eta konpontzeko. Baina finantzekin uztarturiko boterea da esfortzu horren aurka erresistentziarik gehien ipintzen duena, eta diseinu politikoek, bestalde, ez dute izaten ikuspegi-zabaltasunik. Zertarako eduki nahi da, gaur, botere bat, beharrezkoa eta urgentea zenean zuzen jokatzeko izan ez zuen gaitasunagatik oroituko dena?

58 Herrialde batzuetan badira adibide positiboak, ingurumenaren hobekuntzari dagokionez: hamarkada askotan kutsaturik egon diren ibai batzuen garbiketa, baso autoktonoen errekuperazioa, paisaiak apaintzea ingurumen-saneamendurako obrak eginda, edo balio estetiko handiko udal proiektuak, aurrerapen handiak energiaren ez-kutsagarriaren produkzioan, garraio publikoaren hobekuntzan. Ekintza horiek ez dituzte konpontzen problema globalak, baina baieztatzen dute gizakia oraindik kapaza dela positiboki interbenitzeko. Maitatzeko sortua izan denez, bere muga guztien erdian, baditu eskuzabaltasun-, solidaritate- eta zaintza-joerak.

59 Aldi berean, gainazaleko ekologia arin eta itxurakeriazko bat ari da hazten; jendea lokartu eta arduragabetasun alaian murgilarazten duena. Krisi sakonen garaian gertatu ohi den eran, zeinek erabaki adoretsuak eskatzen dituzten, badugu halako tentazio bat gertatzen ari dena ez dela egia pentsatzeko. Gainazalera begiratzen badugu, kutsadura- eta degradazio-zantzu batzuk ikusi bai, baina hortik aurrera ez du ematen gauzak hain larriak direnik eta pentsatzen dugu planetak luzaro iraun lezakeela egungo baldintzetan. Portaera iheskor hori baliatzen dugu geure bizi-estiloarekin, eta produkzio- eta kontsumo-ereduarekin jarraitzeko. Honela moldatzen da gizakia bere joera auto-desegile guztiak elikatzeko: ez ikusten saiatuz,  ez onartzeko borrokatuz, erabaki garrantzitsuak atzeratuz, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatuz.

VII Iritzi ezberdinak

60 Azkenik, onar dezagun ikuspegi eta pentsamendu-ildo diferenteak daudela egoeraren eta izan litezkeen irtenbideen gainean. Mutur batekoek, arren eta arren, aurrerabidearen mitoari eusten diote, eta esaten ari dira problema ekologikoak, besterik gabe, aplikazio teknikoei esker konponduko direla, kontsiderazio etiko eta aldaketa sakonik gabe. Beste muturrekoek pentsatzen dute, berriz, gizakia, bere edozein interbentzioren bidez, ez daitekeela izan mehatxua baizik, munduko ekosistema kaltetzen duela; ondorioz, komenigarria da planetan daukan presentzia murriztu eta interbentzio oro eragoztea. Bi muturretako jarrera horien artean, geroko eszenatoki posibleak identifikatu beharko lituzke gogoetak, ez baitago bide bat bakarrik konponketarako. Horrek hainbat ekarpeni egin beharko lieke tokia, eta bata bestearen arteko elkarrizketa bultzatu, erantzun integralaren bila.

61 Arazo konkretu askori buruz, Elizak ez dauka zertan proposaturik azken hitza; uste du entzun eta debate onestu bat bultzatu behar duela zientifikoen artean, iritzi ezberdinak errespetaturik. Baina aski da errealitatea egiazaletasunetik begiratzea, gztion etxearen hondamen latza ikusteko. Irtenbidea beti dagoela onartzera bultzatzen gaitu esperantzak, inoiz ez dagoela garai galdurik norabide berria hartzeko, beti egin ahal dugula zerbait problemak konpontzeko. Alabaina, ematen du garbi nabari direla haustura-sintomak, aldaketen eta degradazioaren abiadura handia dela medio, hainbeste katastrofe naturaletan azaltzen den eran eta krisi sozial finantzarioak ikusten den bezala, munduko problemak ez baitago aztertu eta esplikatzerik modu isolatuan. Badira munduan lurraldeak jada egundoko arriskuan daudenak eta, edozein aurreikuspen katastrofiko aparte utzirik, begi-bistakoa da egungo munduko sistema, ezbairik gabe, jasangaitza dela ikuspuntu askotatik begiratuta, zeren giza ekintzaren helburuetan pentsatzeari utzi diogu: “Planetako lurraldeei ondo begiratzen badiegu, berehala ohartuko gara gizadiak defraudatu egin dituela Jainkoren espektatibak[35].

BIGARREN KAPITULUA

KREAZIOAREN EBANJELIOA

62 Zergatik sartu behar dugu, borondate oneko pertsona guztiei zuzenduriko dokumentu honetan, sinestunen konbikzioei buruzko kapitulu bat? Badakit, politikaren eta pentsamenduaren esparruan, batzuek gogor baztertzen dutela Kreatzaile baten ideia, edo garrantzi gutxi ematen diotela, ekologia integralerako eta gizadiaren garapen beterako erlijioek eskain dezaketen aberastasuna irrazionaltzat jotzeraino. Beste batzuetan, justu-justu onartzen da subkultura bat osatzen dutela, toleratu baino egin behar ez den subkultura bat. Alabaina, zientzia eta erlijioa, errealitateari hainbat ekarpen diferente egiten dizkiotelarik, sar daitezke elkarrizketa intentsu eta produktibo batean, bientzat

I Fedeak ematen duen argia

63 Kontuan hartzen baditugu krisi ekologikoaren konplexutasuna eta horren kausa mordoa, onartu beharko genuke konponbideak ez direla etorriko, noski, errealitatea interpretatzeko eta transformatzeko modu bakarretik. Beharrezkoa da: herrien kultur aberastasun ugarietara, arte eta poesiara, barne bizitza eta espiritualitatera jotzea. Benetan eta zinez nahi badugu desegindako guztiaren zauriak sendatuko dituen ekologia eraikitzea, ez dago kanpoan uzterik, inondik ere, zientziaren alorrik eta inolako jakituria-formarik, ezta jakituria erlijiosoa ere, bere hizkera propioarekin. Gainera, Eliza Katolikoa irekirik dago pentsamendu filosofikoarekiko elkarrizketara, eta horrek permititzen diona da fedea eta arrazoimenaren arteko hainbat sintesi produzitzea. Arazo sozialei dagokionez —hori ikus daiteke Elizaren doktrina sozialaren garapenean—, gero eta aberatsago izan behar du, erronka berrien eraginez

64 Bestetik, entziklika hau irekia badago ere guztiekin hitz egitera, elkarrekin liberazio-bideak aurkitzeko, hasieratik erakutsi nahi dut fede-konbikzioek kristauei eta, bide batez, beste sinestun batzuei, motibazio handiak eskaintzen dizkietela natura eta anai-arreba ahulenak zaintzeko. Gizakia izate hutsak pertsonei bultza egiten badie ingurumena —horren parte izanik— ongi zaintzera, “kristauek, bereziki, deskubritzen dute beren egitekoa, Kreazioaren barnean, eta, era berean, natura eta Kreatzailearekiko betebeharrak, beren fedearen parte direla” [36]. Horregatik, ondasun handia da gizadiarentzat eta munduarentzat sinestunek, logikoa denez, gure konbikzioetatik jalgitzen diren konpromiso ekologikoak hobeto ezagutzea.

II Kontakizun biblikoen jakituria

65 Kreazioaren teologia osorik errepikatu beharrik gabe, galdetzen duguna da ea zer esaten diguten Bibliako kontakizun handiek gizakiaren eta munduaren arteko erlazioaz. Obra kreatzailearen lehen narrazioan, Genesi liburuan, Jainkoaren planean sartua dago gizadiaren kreazioa. Gizakia kreatu ondoren, esaten da “Jainkoak ikusi zuen egin zuen guztia  eta ona zen” (Gn 1,31). Bibliak erakusten du gizaki bakoitza maitasunez egina dela, Jainkoaren beraren antz eta irudira egina (cf. Gn 1,26). Pertsona bakoitzaren duintasun handia erakusten digu baieztapen horrek: ez da bakarrik ‘zerbait’, ‘norbait’ baizik. Gai da bere burua ezagutzeko, bere buruaz jabetzeko, bere burua libreki entregatzeko eta beste pertsona batzuekin elkartasunean [hartu-emanean] uztartzeko” [37]. San Juan Paulo II.ak gogoratu zigun Kreatzaileak pertsona bakoitzarenganako duen maitasun handi eta sakonak duintasun infinitua ematen diola pertsonari [38]. Pertsonen duintasun defenditzen saiatzen direnek aurki ditzakete kristau-fedean argudiorik sakonenak konpromiso horretarako. Bai ziurtasun liluragarria, alajaina, pertsona bakoitzaren bizia ez dela galtzen kaos desesperagarrian jakitea, halabehar hutsak edo zentzurik gabe errepikatzen diren zikloek gidaturiko munduan! Kreatzaileak esan diezaioke gutako bakoitzari: “Amaren sabelean osatu aurretik ezagutzen zintudan” (Jr 1,5). Jainkoaren bihotzean sortuak izan ginen, eta horregatik “gutako bakoitza Jainkoaren pentsamendu baten fruitua da. Gutako bakoitzari nahi dio, gutako bakoitza maitatua da, gutako bakoitza beharrezkoa da” [39].

66 Genesi liburuko kreazioaren kontakizunek, beren hizkera sinboliko eta narratiboan, irakaspen sakonak gordetzen dituzte gizakiaren existentziari eta bere errealitate historikoari buruz. Kontakizun horiek iradokitzen dute giza existentzia funtsezko hiru erlazio hertsiki konektatuetan ardaztua dagoela: Jainkoarekiko erlazioa, lagun hurkoarekiko erlazioa eta lurrarekiko erlazioa. Bibliaren arabera, hiru erlazio esentzial horiek eten egin dira, eta ez bakarrik kanpotik, baita gure barruan ere. Haustura hori da bekatua. Kreatzailea, gizadia eta kreaturiko guztiaren arteko harmonia, honengatik apurtu zen: Jainkoaren tokia hartu nahi izan dugulako, kreatura mugatuak garela onartu gabe. Gertaera horrek desnaturaldu egin zuen: lurra “menderatu” (cf. Gn 1,28) eta “landu eta zaintzeko” agindua (cf Gn 2,15).  Ondorioz, erlazioa, hasieran harmoniatsua gizakiaren eta naturaren artean, gatazka bilakatu zen (cf. Gn 3,17-19). Horregatik da esanguratsua San Frantziskok kreatura guztiekin bizi zuen harmonia interpretatu izana haustura haren sendatze eta konponketa moduan. San Buenabenturak baziotsan, kreatura guztien adiskidetze unibertsalari esker, San Frantzisko inozentzia-egoera primitibora  itzuli zela [40]. Eredu horretatik urrun, gaur egun bekatua, bere indar suntsitzaile bortitza atzetik duela, honetan manifestatzen da: gerretan, hainbat biolentzia-mota eta tratu txarretan, ahulenen abandonuan eta naturari egiten zaizkion erasoetan.

67 Ez gara Jainko. Lurra gure aurretikoa da, eta eman egin zaigu. Pentsamendu judu-kristauaren kontra jaurtikitako akusazio bati erantzutea permititzen du horrek: esan izan da, Genesiko kontakizunak lurra menderatzera gonbidatzen gaituenez, (cf. Gn 1,28) horrek onartu egingo lukeela lurraren esplotazio basatia, gizakiaren irudi menderatzaile eta suntsitzailea aurkezturik. Ez da Bibliaren interpretazio zuzena, Elizak ulertzen duenaren arabera. Egia baldin bada kristauok, batzuetan, oker interpretatu ditugula Eskriturak, gaur egun indarrez baztertu behar dugu, Jainkoaren irudira sortuak izan arren eta lurra menderatzeko agindu zigulako, horretatik beste kreatura guztien gaineko aginpide absolutua ondorioztatzen denik. Oso garrantzitsua da testu biblikoak bere testuinguruan irakurtzea, hermeneutika egokiaren bidez eta munduko lorategia “lantzera” eta “zaintzera” gonbidatuak gaudela gogoratzea (cf. Gn 2,15). “Lantzeak” esan nahi du kultibatzea, goldatzea edo lurra gorritzea; “Zaintzeak”, berriz, babestea, eustea, jagotea, gordetzea eta begiratzea. Horrek eskatzen du elkarrekikotasun-erlazio arduratsua gizakiaren eta naturaren artean. Komunitate bakoitzak har dezake lurraren ontasunetik biziraupenerako behar duena, baina, aldi berean, babesteko obligazioa dauka, eta, biharko belaunaldientzat, emankortasuna bermatzekoa ere bai. Zeren, azken finean, “lurra Jaunarena da” (Sal 24,1), haren jabegoa dira “lurra eta lurrean dagoen guztia” (Dt 10,14). Horregatik, Jainkoak ukatu egiten digu jabego absolutuaren asmo eta nahia: “Lurra ez dago betiko saltzerik, lurra nirea da-eta, eta zuek kanpotarrak zarete, apopiloak nire lurrean” (Lb 25,23).

68 Jainkoaren lurraren aurrean daukagun erantzukizun horrek inplikatzen du gizakiak, adimenez hornitua den aldetik, naturako legeak eta mundu honetako izakien arteko oreka delikatuak errespetatzea, zeren “hark agindu zuen, eta kreatuak izan ziren, hark finkatu zituen betiko, gizaldi eta gizaldietan, eta inoiz zahartuko ez den legea eman zien” (Sal 148, 5b-6). Hori horrela, Bibliako legedia bizkor saiatu da gizakiari arau batzuk proposatzen, ez bakarrik beste gizakiekiko hartu-emanerako, baita beste izaki bizidun guztiekiko hartu-emanerako ere: “Bidean zure anaiaren astoa edo idia erorita ikusten badituzu, ez dituzu utzi behar kontu egin gabe (…) Bidean zoazela hegazti baten habia aurkitzen baduzu, arbolan nahiz lurrean, txorikumeekin edo arrautzekin, ama gainean dela, ez harrapatu: ez ama eta ez umerik (Dt 22,4-6). Alde horretatik, zazpigarren eguneko atsedena ez da proposatzen gizakiarentzat bakarrik, baita “zure idiak eta zure astoak atseden har dezaten ere” (Ex 23,12). Horrela ohartzen gara Bibliak ez duela biderik ematen gainerako kreaturaz arduratuko ez den antropozentrismo despotikorako.

69 Gauzak araduraz erabili ahal izateaz batera, eskatzen zaigu aitor dezagula gainerako izaki bizidunek beren balio propioa dutela Jainkoaren aurrean eta “existitze hutsagatik bedeinkatu eta loria ematen diotela” [41], zeren Jaunak bozkarioz beterik hartzen ditu bere egintzak (cf Sal 104,31). Bada, bere duintasungatik bakarrik eta adimenez hornitua dagoenez, gizakia behartua dago bere barne legeekin sorturikoa errespetatzera, zeren eta “Jaunaren jakinduriak finkatu zuen lurra” (Es 3,19). Gaur egun, Elizak ez du, soil-soilik, esaten gainerako kreaturak erabat gizakiaren ongiaren mendean daudenik, beren baitan inolako baliorik ez balute bezala, eta guk horiekin nahi duguna egin ahal izango bagenu bezala. Horregatik, Alemaniako gotzainek irakatsi zuten hitz egin zitekeela gainerako kreaturengan baliagarri izatearen gainetik izateak zuen lehentasunaz. [42]. Doktrinak zuzen-zuzenean kuestionatzen du, eta behin eta berriz aipatzen zer izango litzatekeen antropozentrismo desbideratua: “Kreatura oro bere ontasun eta perfekzio propioen jabe da (…). Kreatura batzuek eta besteek islatzen dutena da, bakoitzak bere erara, Jainkoaren jakinduria eta ontasun infinitua. Horregatik, gizakiak errespetatu dauka egin beharra kreatura bakoitzaren ondasuna, gauzen erabilpen desordenatu saihesteko” [43].

70 Kain eta Abeli buruzko narrazioan, ikusten dugu zeloek anaiarekin egundoko injustizia egitera eraman zutela Kain. Horrek, aldi berean, Kain eta Jainkoa eta lurraren arteko erlazioaren haustura ekarri zuen, zeinetatik [lurretik] Kain erbesteratua izan zen. Jainkoak Kainekin izandako elkarrizketa dramatikoarekin laburbiltzen da pasarte hau. Jainkoak galdetu: Non da Abel zure anaia?”. Ez dakiela erantzuten dio Kainen eta Jainkoak berriro: “Zer egin zenuen? Zure anaiaren odolaren ahotsa niri deiadarka ari da lurretik! Orain madarikatua izango zara eta lur hau utzi egin beharko duzu” (Gn 4,9-11). Lurra lantzeko ahaleginean eta auzo-lagunarekiko erlazioan —hura zaintzeko eta babesteko obligazio izanik— huts egiteak neure barne erlazioa, besteekikoa, Jainkorekikoa eta lurrarekikoa apurtzen ditu. Erlazio horietan guztietan axolagabe jokatzen dugunean, justizia jada lurretik aldendu denean, Bibliak esaten digu bizi osoa dagoela arriskuan. Horixe da Noeren narrazioak erakusten diguna, Jainkoak gizadia esterminatzearekin mehatxatzen duenean, justizia eta bakearen exijentzien mailan bizitzeko duen etengabeko ezgaitasun itzela dela medio: “Munduko izaki guztiak suntsitzea erabaki dut, zeren lurra, eurak direla bide, biolentziaz josia dago” (Gn 6,13). Sinbolismo sakonez josiriko antzinako kontakizun horietan, sartua zegoen egungo konbikzioa bat: dena erlazionatua dago, eta gure bizi propioa eta naturarekiko gure erlazioak banandu ezinak dira anaitasunetik, justiziatik eta besteenganako leialtasunetik.

71 Nahiz eta “gaiztakeria lur gainean hedatu” (Gn 6,5) eta Jainkoa “damutu lurrean gizakia sortu izanaz” (Gn 6,6), Noeri esker, ordea, oraindik zuzen eta hitzeko kontserbatzen zelarik, salbamenerako bidea irekitzea erabaki zuen. Horrela eman zion gizadiari berriro ekiteko aukera.  Aski da gizaki on bat, itxaropena pizteko! Tradizio biblikoak agintzen du, garbi eta argi, aukera berri horrek [berrabilitatzeak] Kreatzailearen eskuak naturan ezarritako erritmoen errespetua berraurkitzea. Hori, adibidez, ondo adierazia dago Shabbath-aren legean. Zazpigarren egunean, Jainkoak atseden hartu zuen, bere obra guztiak bere horretan utzita. Jainkoak agindu zion Israeli zazpigarren egun bakoitza atsedentzat hartu behar zuela, Shabbath bat (cf. Gn 2,2-3; Ex 16-23; 20,10).  Bestalde, urte sabatikoa ezarri zen Israel eta bere lurraldearentzat, zazpi urtetik behin (cf. Lb 25,1-4), eta tarte horretan lurrari atseden osoa eman behar zitzaion, ez zen ereiten eta bakar-bakarrik biltzen zen bizitzeko eta ostalariei emateko behar-beharrezkoa zena besterik (cf. Lb 25,10). Azkenik, berrogeita bederatzi urte igaro ondoren, Jubileua, barkamen unibertsalaren urtea, ospatzen zen, eta “liberazio-urtea bizilagun guztientzat” (Lb 25,10). Legedi horren garapenak nahi izan zuen oreka eta berdintasuna ziurtatzea gizakiak besteekin zeuzkan hartu-emanetan eta bizi eta lan egiten zuen lurrarekiko erlazioetan. Baina, aldi berean, lurrak oparitzen zituen fruituak herri osoarenak zirela onartzea zen. Lurra landu eta lurraldea zaintzen zuten haiek bere fruituak konpartitu egin behar zituzten, nagusiki pobreekin, alargunekin, umezurtzekin eta atzerritarrekin: “Uzta biltzean ez moztu soroa ertzeraino, eta ez ibili uzta-hondarrak aprobetxatu nahian. Ez ibili mahastian etengabeko miaketan eta ez bildu ortuan eroritako fruituak. Utzi pobrearentzat eta kanpotarrarentzat” (Lb 19,9-10).

72 Salmoek, sarritan, gizakia Jainko kreatzailea laudatzera gonbidatzen dute: “Uren gainean lurra finkatu zuena, haren maitasuna eternoa baita” (Sal 136,6). Baina gainerako izakiak ere berdin gonbidatzen ditu Hura gorestera: “Laudatu, eguzki-ilargiok, laudatu izar argitsuok, laudatu zeru zabalok, zeruetako urok! Gorets dezatela Jaunaren izena, zeren hark aginduta sortu baitziren” (Sal 148,3-5). Ez gara existitzen soilik Jainkoaren ahalari esker, baita haren aurrean eta haren ondoan ere. Horregatik gurtzen dugu.

73  Profeten idazkiek, momentu zailetan, Unibertsoa sortu zuen Jainko ahaltsua kontenplatuz, indarberritzera gonbidatzen dute. Jainkoaren ahal infinituak ez digu ihesarazten bere samurtasun paternaletik, zeren harengan ongi uztartuak daude kariñoa eta kemena. Hain zuzen, espiritualitate sanoak inplikatzen du, aldi berean, Jainkoaren maitasunean babestea eta Jauna konfiantzaz gurtzea bere ahal infinituagatik. Biblian, liberatu eta salbatzen duen Jainkoa, unibertsoa kreatu zuena bera da, eta jarduteko bi modu jainkotiar horiek hertsiki eta era separatu ezinean konektatuak daude: “Ene Jauna! Zuk egin dituzu zeru-lurrak  ahal handiaz eta beso indartsuaz. Zuretzat ez dago ezer ezinezkorik […] Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera zenuen Israel zeure herria Egiptotik” (Jr 32,17,21). Jauna betiereko Jainkoa da, lurbira osoa egin duena: ez da nekatzen ez da akitzen. Ulermenaz gaindikoa haren adimena. Nekatuari kemena ematen dio, eta indarrik ez duenari energia gehitzen dio” (Is 40,28b-29).

74 Gatibualdiaren esperientziak, Babilonian, krisi espirituala eragin eta Jainkoaganako fedean sakontzea ekarri zuen, bere ahalguztiduntasun kreatzailea esplizitaturik, herriari bultza egiteko, esperantza berreskura zezan, bere egoera zorigaiztokoaren erdian. Mende batzuk geroago, proba eta pertsekuzioko beste momentu batean, Erromako Inperioa aginte absolutua ezarri nahian zebilela, eliztarrek Jainko ahalguztiaganako konfiantza haziz aurkitu zuten, berriro, kontsolamendua eta itxaropena, eta honela kantatzen zuten: “Bai handi eta harrigarriak zure egintzak, oi Jauna, Jainko ahalguztiduna, zuzen eta egiazkoak zure bideak” (Ap 15,3). Unibertsoa ezerezetik sortu ahal izan bazuen, parte har dezake mundu honetan ere eta gaizkiaren edozein forma garaitu. Beraz, injustizia ez da garaiezina.

75 Ez dago eusterik Jainko ahalguztiduna eta kreatzailea ahanzten duen espiritualitateari. Modu horretan, munduko beste botere batzuk gurtzen hasiko ginateke, edo Jaunaren tokian ipiniko genuke geure burua, hark kreaturiko errealitatea lurperatu nahi izateraino. Gizakia bere tokian ipintzeko eta lurraren mendratzaile absolutua izateko pretentsioa amaitzeko, modurik onena da Aita kreatzaile baten eta munduaren jabe bakar baten figura proposatzea; zeren, bestela, gizakiak beti izango du joera errealitateari bere lege eta interes propioak ezarri nahi izateko.

III Unibertsoaren misterioa

76 Tradizio judu-kristauarentzat, ‘kreazioa’ esatea ‘natura’ esatea baino gehiago da, zeren Jainkoaren maitasunezko proiektuarekin dauka zerikusia ezen izaki bakoitzak bere balioa eta esanahia duen. Honela ulertzen da natura: analizatu, ulertu eta gestionatzen den sistema bat, baina kreazioa bakar-bakarrik uler daiteke guztion Aitaren esku irekirik ateratzen den dohain moduan, elkartasun unibertsalera deitzen gaituen maitasunak iluminaturiko errealitate bezala.

 77 “Jaunak bere hitzez egin du ortzia” (Sal 33, 6). Horrela adierazten zaigu erabaki batetik datorrela mundua, ez kaos edo kasualitatetik; horrek are gehiago goratzen du. Aukera librea hitz kreatzailean espresaturik. Unibertsoa ez zen sortu halako ahalguztiduntasun arbitrario baten emaitza moduan, indar-erakustaldi batetik edo auto-berrespenerako desiratik. Kreazioa maitasunarekin uztartua dago. Jainkoaren maitasuna kreaturiko guztiaren funtsezko zioa: “Izaki guztiak maite dituzu, eta ez duzu zapuzten egindako ezer, zeren zerbaiti gorroto izan bazenio, ez zenuen sortuko” (Jkd 11, 24). Beraz, kreatura bakoitza Aitaren samurtasunaren hartzaile da, eta toki bat eman dio munduan. Izakirik txikienaren bizi iraungikorrenak ere haren maitasuna jasotzen du, eta existitzen den segundo gutxi horietan, hark bere kariñoz inguratzen du. San Basilio Magnok zioen Kreatzaile badela hau ere: “onberatasuna inbidiarik gabe” [44], eta “eguzkia eta izarrak mugitzen dituen maitasunaz” hitz egiten zuen Dante Algihieri-k. [45]. Horregatik, obra kreatuen bidez “miserikordia amultsuraino iristen da” [46].

78 Pentsamendu judu-kristauak, aldi berean desmitifikatu egin zuen natura. Bere joritasun eta oparotasuna eta handitasuna miresteari utzi gabe, jada ez zaio egozten izaera jainkotiarra. Are gehiago azpimarratzen da, horrela, naturaren aurrean geuk daukagun konpromisoa. Naturarako itzulera, noski, ezinezkoa da gizakiaren erantzukizun eta askatasunaren bizkarretik; pertsona munduaren parte da; bere gaitasunak landu behar ditu, mundua babestu eta bere pontentzialtasunak garatzeko. Naturaren balio eta ahultasuna onartzen baldin baditugu, eta, aldi berean, Kreatzaileak eman zizkigun gaitasunak ere bai, horrek permitituko digu  mugarik gabeko aurrerabide materialaren mito modernoa amaitzea. Mundu hauskorra, zaintzeko Jainkoak konfiantza bere eskuetan ipini duen gizakiarekin,  gure adimenari laguntza eske ari da, behingoz zentzuz erabaki dezagun gure ahala nola orientatu, nola landu eta nola mugatu.

79 Elkarrekin komunikatzen diren sistema irekiez osaturiko unibertso honetan, milaka parte-hartze modu eta milaka erlazio-forma aurki ditzakegu. Horrek pentsarazten du multzo osoa ere Jainkoaren transzendentziara irekia dagoela, transzendentzia horren barruan garatzen delarik. Gertatzen denaren zentzu eta edertasun misteriotsua interpretatzea permititzen digu fedeak. Gizakiaren askatasunak egin dezake zentzuzko ekarpenik eboluzio positiborantz, baina kalte edo hondamen berriak ere proboka litzake, sufrimendu-kausa berriak, benetako atzerakadak. Horrela da gizadiaren historia txundigarri eta dramatikoa: liberazio, hazte, salbamen eta maitasun bihurtzeko gai, baina baita gainbehera eta elkarrentzat txikizio izateko ere kapaza. Horregatik, Elizaren ekintza ez dabil natura zaintzeko betebeharra gogoratu nahian bakarrik, baizik eta, aldi berean, “gizaki oro babestu behar du bere buruaren suntsipenetik” [47].

80 Dena dela, Jainkoa, ezen gurekin batera jardun nahi duen eta gure kooperazioa espero, gai da probetxuren bat ateratzeko guk egiten dugun gaizkitik, zeren “Espiritu Santuaren asmamena infinitua da, jainkozko buruari dagokion eran, eta askatu ohi ditu giza gertaeraren korapiloak, baita konplexu eta ezkutukoenak badira ere” [48]. Jainkoak, nolabait esateko, bere buruari mugak ipini zizkion mundua, garatzeko premiarekin, kreatzerakoan, non, ondo begiratuz gero, guk txartzat, arriskutsutzat edo sufrimendu-iturritzat jotzen ditugun gauza asko ez diren erditze-minak baino, eta Kreatzailearekin kolaboratzera bultzatzen gaituzte [49]. Jainkoa beti presente dago gauza bakoitzaren intimoenean; noski, bere kreaturaren autonomia baldintzatu gabe, eta horren ondorioa da lurreko errealitateen autonomia legitimoa [50]. Pertsona bakoitzaren iraupen eta garapena ziurtatzen dituen Jainkoaren presentzia hori, “ekintza kreatzailearen jarraipena da” [51]. Jainkoaren Espirituak birtualitate askorekin bete zuen unibertsoa, eta horiei esker gauzen barren sakonetik beti ari da zerbait berria sortzen: “Natura ez da jainkozko artea baino, gauza guztien baitan dagoen artea, eta horrexegatik mugitzen dira gauzak helburu jakin baterantz; maisu ontzigileak zurari eman ahal izango balio bezala halako kemen bat bere burua mugitzeko, ontzi-forma har dezan”.

81 Giza izakia, nahiz eta eboluzio-prozesuei lotua egon, beste zerbait ere bada, nobedade bat, beste sistema ireki batzuen eboluzioaren bidez, erabat behintzat, esplikatu ezin dena. Gutako bakoitzak identitate pertsonala du bere baitan, besteekin eta Jainkoarekin berarekin elkarrizketan ekiteko gai dena. Gogoeta-gaitasuna, argudiatzekoa, sormena, interpretatzeko kapazitatea, elaborazio- artistikorako dohaina, eta beste gaitasun ezezagun batzuek eremu fisikoa gainditzen duen (gizakiaren) berezitasuna erakusten dute. Unibertso materialaren barruan izaki pertsonalaren sorrera eragiten duen nobedade kualitatiboak adierazten du, zuzen-zuzenik, Jainkoaren ekintza, Zu baten eta beste zu baten arteko bizitzarako eta erlaziorako dei berezia. Bibliako kontakizunetatik abiaturik, subjektutzat jotzen dugu giza izakia, eta inoiz ere ez daiteke murriztu objektu kategoriara.

82 Baina oker egongo ginateke, baldin eta pentsatuko bagenu gainerako izakiak objektu hustzat hartu behar direla eta gizakiaren mendean bizi behar dutela. Jesusek proposatzen duen harmonia-, justizia-, anaitasun- eta bake-ideala, horrelako eredu baten antipodetan dago, eta hala adierazi zuen garaiko boterearen aurrean. Naturari probetxu- eta interes-objektu moduan bakarrik begiratzea proposatzen denean, horrek ondorio latzak dauzka gizartean. Gogorrenaren arbitrariotasuna finkatzen duen ikuspegiak sekulako desberdintasunak, injustiziak eta biolentzia ekarri ditu gizadiaren gehiengoarentzat, zeren lehenik iristen denarentzat edo indar gehien duenarentzat hasten dira izaten baliabideak: irabazleak eramaten du dena. “Nazioetako boteretsuek jaun absolutu gisan jokatzen dute eta  goikoek zapaldu egiten dituzte behekoak beren boterearekin. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Handiena izan nahi duena izan bedi zerbitzari” (Mt 20, 25-26).

83 Jainkoaren asebetetasunean dago unibertsoaren martxaren xedea; Jesus berpiztuak, heldutasun unibertsalaren ardatzak, lortu du hori [53]. Hortik beste argudio bat gehiago aterako dugu, gizakiak beste izakien gainean izan lezakeen aginte despotiko eta ez-arduratsua baztertzeko. Beste izakien azken xedea ez gara gu. Baina denek gurekin batera eta gure bidez egiten dute aurrera, guztion eremura; Jainkoa da eremu komun hori, asebetetasun transzendentea non Kristo berpiztuak dena besarkatu eta iluminatzen duen. Zeren giza izakia, adimen eta maitasunez hornitua, eta Kristoren asebetetasunak erakarria, ohartarazia dago Kreatzaileagana  birgidatu behar dituela kreatura guztiak.

84 Gizakia Jainkoaren irudia dela esaten dugunean, horrek ez liguke ahantzarazi behar kreatura orok bere funtzioa duela, eta bat bera ere ez garrantzirik gabea. Unibertso osoa da Jainkoaren maitasunaren mintzaira, guganako neurririk gabeko kariñoaren mintzaira. Lur-zorua, ura, mendiak, dena Jainkoaren laztana da. Jainkoarekiko adiskidetasunaren historia bera espazio geografiko jakin batean gertatzen da, eta seinale txit pertsonal bihurtzen da, eta gutako bakoitzak leku batzuk memorian jasoak dauka; oroitzeak mesede handia egiten dio. Mendi artean hazi denak, edo txikitan errakasto bate ondoan eseri eta ura edaten zuenak, eta herriko plazan jolas egiten zuenak, toki horietara itzultzen denean, bere identitatea berreskuratzen duela sentitzen du.

85 Jainkoak liburu bikaina idatzi du, “unibertsoan bizi diren milioika izaki dira letrak” [54]. Ederki adierazi zuten Kanadako Gotzainek: ez da kreatura bat bakarrik ere geratzen Jainkoaren manifestazio honetatik at: “Panoramarik zabalenetatik bizi-forma txikieneraino, edertasun handien eta beldurraren iturri da natura. Natura, gainera, jainkozkoaren errebelazio etengabea da” [55]. Japoniako gotzainek, beren aldetik, zerbait oso sugestiboa esan zuten: “Kreatura bakoitza bere existentziaren himnoa kantatzen hautematea, Jainkoaren maitasunean eta esperantzan bozkario betean bizitzea da” [56]. Kreaturikoaren kontenplazio horrek ahalbidetzen digu, gauza bakoitzaren bidez, Jainkoak transmititu nahi digun irakaspena deskubritzea, zeren, “fededunarentzat, kreaturikoa kontenplatzea bada mezu bat aditzea ere, ahots paradoxiko eta isila entzutea” [57]. Esan dezakegu, Liburu Santuetako Errebelazioaz gain, Jainkoaren manifestazioa dela eguzkia argitan ikustea eta iluntzen ikustea ete bai [58]. Manifestazio horri arreta jartzean, gizakiak ikasten du bere burua izakiekiko erlazioan errekonozitzen: “Neu autoespresatzen naiz mundua espresatzean; nire sakralitate propioa esploratzen dut mundua deszifratzen saiatzen naizenean” [59].

86 Unibertso osoak,  hain erlazio ugariren bidez, hobeto erakusten du Jainkoaren aberastasun amaiezina. Akinoko Santo Tomasek jakinduriaz zioenez, ugaritasuna eta barietatea “lehen agentearen intentziotik” jalgiak dira; “nahi izan zuen, Jainkoaren borondatea erakuts dezaten, gauza bakoitzari falta zitzaiona besteek osatzea” [60]. Zeren Jainkoaren onberatasuna “ezin du behar bezala azaldu izaki bakar batek. Horregatik, behar duguna da gauzen barietatea, beren erlazio ugarietan atzematea [62]. Orduan, hobeto ulertzen da edozein kreaturaren garrantzia eta zentzua, Jainkoaren proiektu osoaren barruan kontenplatzen bada. Horrela erakusten du: “Izakien interdependentzia nahi du Jainkoak. Eguzkia, ilargia, zedroa eta loretxoak, arranoa eta txolarrea, hainba dibertsitatek eta desberdintasunek esan nahi dute izaki bat bakarrik ez dela aski beretzat ere, ezin direla existitu elkarrekiko dependentzian baino, batak bestea osatzeko eta elkar zerbitzatzeko” [63].

87 Existitzen den guztian Jainkoaren isla dagoen kontzientzia hartzen dugunean, Jauna adoratzeko desioa esperimentatzen du bihotzak, izaki guztiengatik eta haien ondoan, Asisko san Frantziskoren himno ederrean espresatzen den moduan:

 “Goretsia Zu, ene Jauna,
zure izaki guztiekin batera,
bereziki anaia eguzkiarekin,
zeinen bidez eskaintzen diguzun eguna eta argi egiten.
Eta ederra argitsua, distira handiarekin,
zure, Goi-goiko horren, zantzua darama.
Goretsi zaitzatela, ene Jauna,
arreba ilargiak eta izarrek,
zeruak zeuk eginak: argiak eta ederrak eta likuragarriak, eta dotoreak.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, anaia haizeak
eta aireak, eta lainoek eta zeru bareak,
eta denbora guziz,
horien guztien bidez zure kreaturei sostengua ematen diezu.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, arreba urak,
txit apala baita, ederra eta garbia.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, anaia suak,
zeinen bidez gaua argitzen duzun,
eta ederra da, eta alai eta indartsua, eta fuertea» [64].

88 Brasilgo Gotzainek azpimarratu dute natura osoa, Jainkoa manifestatzeaz gain, bere presentziaren lekua dela. Kreatura bakoitzarengan dago han Espiritu bizi-emailea, eta berarekiko erlaziora deituak gaude [65]. Presentzia horrek deskubrimenduak “bertute ekologikoak” estimulatzen ditu gure baitan [66]. Baina hori diogunean, ez du ahanzten distantzia infinitua dagoela, mundu honetako gauzek ez dutela Jainkoren asebetetasunik. Bestela, ez genieke onik egingo kreaturei ere, ez genieke-eta aitortuko beren toki propioa eta egiazkoa, zuzenez beste eskatuko genieke beren txikitasunagatik eman ezin dutena.

V Batasun unibertsala

89 Mundu honetako izakiak ez dago kontsideratzerik jaberik gabeko ondasun: “Zureak dira, Jauna, bizia maite duzun horrenak (Jkd 11,26). Horrek konbikzio bat eragiten digu. Aitak berak sortuak garelarik, munduko izaki guztiak baturik gaude lotura ikusezinen bidez eta familia unibertsal moduko bat osatzen dugu, “komunio sublimea”, errespetu sakratu, amultsu eta umil batera bultzatzen gaituena. Gogorarazi nahi dut Jainkoak hain hertsiki uztartu gaituela inguratzen gaituen munduarekin, lur-zorua basamortu bihurtzea gaixotasun bat bezala da bakoitzarentzako, eta deitora dezakegu espezie baten desagertzea geure “hanka-moztea” balitz bezala [67].

90 Horrek ez du esan nahi izaki bizidun guztiak berdinean uztea eta gizakiari balio berezi hori kentzea; hain zuzen, aldi berean, egundoko erantzukizuna inplikatzen duena. Ez du esan nahi lurra jainkotzea ere; orduan ez genuke lurrarekin kolaboratzeko deiari erantzuterik izango, ez genuke bere ahultasuna babesterik izango. Kontzepzio horiek desoreka berriak sortuko lituzkete, aurrean dugun errealitatetik ihes egitearren [68]. Batzuetan, gizakiaren lehentasuna ukatzeko obsesioa nabari dugu, beste espezie batzuen aldeko borrokan hasten gara; hain zuzen, giza izakien arteko duintasun berdina defenditzeko erabiltzen ez dugun borroka. Egia da saiatu beharra daukagula beste izaki bizidunak arduragabeki tratatuak izan ez daitezen. Baina benetan honek akitu behar gaitu: gure artean existitzen diren desberdintasun ikaragarriak, zeren toleratzen jarraitzen dugu batzuk besteak baino duinagotzat har daitezen. Ahaztu egiten zaigu batzuk arrastaka dabiltzala miseria gorriak erasanik, burua altxatzeko inolako posibilitate errealik gabe, eta, bien bitartean, beste batzuek ez dakite zer egin daukatenarekin, harrokeriaz beterik erakusten dute beren handikeria ekonomikoa eta alferrik galdetzen dutena hainbeste da, hori ez dago jeneralizatzerik planeta zeharo birrindu gabe. Batzuk besteak baino giza maiala handiagokosk direla onartzen ari gara, praktikan, eskubide gehiago eta handiagoekin jaio izan balira bezala.

91 Ez daiteke erreala izan gainerako izakiekin batasun intimoan lotzen gaituelako sentimendua, baldin eta, aldi berean, bihotzean ez badago  samurtasun, erruki eta kezkarik gizakiaganako. Begi-bistakoa da koherentziarik ez dagoela, desagertzeko zorian dauden animalien trafikoaren kontra borroka egin eta pertsonen salerosketaren  aurrean zeharo axolagabe jarraitzen badu, eta pobreekin ezer jakin nahi ez badu edo atsegin ez zaion pertsona bat paretik kentzeko prest badago. Horrek arriskuan ipintzen du ingurumenaren aldeko borroka. Ez da kasuala, san Frantziskok bere kreaturengatik Jainkoa goresten duen himnoan, hau eranstea: “Goretsi zaitzatela, ene Jauna, zure maitasunagatik barkatzen dutenek”. Dena konektaturik dago. Horregatik da beharrezkoa ingurumenarekiko ardura, gizakiaganako maitasun egiazkoari loturik eta etengabeko konpromisoa gizarteko problemen aurrean.

92 Bestalde, bihotza zinez irekia dagoenean, komunio unibertsalerako prest, ez inor eta ezer dago eskluditua anaitasun horretatik. Ondorioz, egia da, era berean, mundu honetako gainerako izakienganako axolagabekeria edo krudelkeria, onartzen bada, azkenean, gizaki batzuei ere antzeko tratua ematen hasiko gara. Bihotza bakarra da, eta animalia bati tratu txarrak ematera bultzatzen gaituen miseriak ez du askorik irauten pertsonei eraso egin gabe. Izaki bati egiten zaion edozein basakeria “giza duintasunaren kontrakoa da” [69]. Ez gintezke maitale handiak kontsideratu, gure interesetatik errealitatearen parte bat eskluditzen baldin badugu: “Bakea,  justizia eta kreazioaren kontserbazioa, noski, hiru gai bata besteari oso lotuak, bakarka tratatzeko bereiz ez daitezkeenak, erredukzionismoan erori nahi ez badugu, behintzat [70]. Dena erlazionaturik dago, eta gizaki guztiok elkarrekin gaude anai-arreba moduan, erromesaldi liluragarri batean, Jainkoak izaki bakoitzari dion maitasunean uztarturik; eta horrek, era berean, eguzki, ilargi eta ibaia anai-arrebekin eta ama lurrarekin uztartzen gaitu, samurtasun handi eta kariñoz.

VI Ondasunak guztien onerako

93 Gaur, sinestunak bezala fede gabeak, ados gaude lurra, funtsean, herentzia komuna dela, eta ematen duenak denon mesedetan izan behar duela. Sinestunentzat, Kreatzailearenganako leialtasuna esan nahi du horrek, Jainkoak guztiontzat sortu baitzuen mundua. Ondorioz, planteamendu ekologiko orok ikuspegi sozialetik egina izan behar du: izan ditzala kontuan baxuenen oinarrizko eskubideak. Jabetza pribatuak ere ondasunen norako unibertsalaren mende egon behar du, eta, beraz, erabiltzeko eskubide unibertsala da portaera sozialaren “urrezko araua” eta “ordenamendu etiko-sozialaren lehen printzipioa “[71]. Kristau-tradizioak inoiz ez zuen onartu absolutu eta ukiezintzat jabetza pribatuaren eskubidea eta zorrotz azpimarratu zuen edozein jabetza-formaren funtzio soziala. San Juan Paulo II.ak enfasi handiarekin gogoratu zigun doktrina hori, hau esanez: “Jainkoak gizadi osoari eman dio lurra, hark bere biztanle guztiak mantendu ditzan, inor  baztertu gabe eta inor pribilegiatu gabe” [72]. Hitz sakon eta indartsuak dira. Eta gero hau azpimarratu zuen: “ez litzateke benetan duina izango, gizakiarentzat, garapen mota bat non ez liratekeen errespetatu eta sustatuko giza eskubideak, pertsonalak eta sozialak, ekonomikoak eta politikoak, nazioen eta herrien eskubideak barne” [73]. Argi eta garbi azaldu zuen: “Elizak defenditzen du, bai, jabetza pribatuaren eskubide legitimoa, baina gardentasun berarekin esan zuen jabetza pribatuaren gainean beti hipoteka [eske] sozial bat dagoela, ondasunak, Jainkoak zertarako destinatu zituen, hartarako izan daitezen”. [74]. Eta, ondorioz, honela jarraitu zuen: “ez datorrela bat Jainkoren nahiarekin ondasunak gutxi batzuen onurarako bakarrik erabiltzea” [75]. Horrek gogor kuestionatzen ditu gizadiaren parte baten ohitura [jardun-modu] injustuak [76].

94 Duintasun bera daukate aberatsak eta pobreak, “Jaunak egin zituen biak” (Es 22,2); berak egin zituen txikiak zein handiak” (Jkd 6,7) eta “har zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen du eguzkia” (Mt 5,45). Horrek, noski, ondorio praktikoak dauzka, Paraguay-ko gotzainek esan zuten eran: “Nekazari orok eskubide naturala du arrazoizko lur-sail bat izateko, etxea eraiki dezan, familia mantentzeko lan egin dezan, eta segurtasun existentziala izan dezan. Guztiz bermatu beharreko eskubidea da, praktikan ilusiozkoa ez baizik erreala izan dadin. Horrek esan nahi, jabetza tituluaz gain, nekazariak heziketa teknikoa, diru-maileguak, seguruak eta komertzializazioa bermaturik izan behar dituela [77].

95 Ingurumena ondasun kolektiboa da, gizadiaren ondarea eta guztion erantzukizuna. Eskuetara iristen zaiguna, administratzeko bakarrik da, beste guztien onerako administratu ere. Horrela jokatzen ez badugu, kontzientzia zamatzen ari gara besteen existentzia ukatzearen pisuarekin. Horregatik, Zelanda Berriko Gotzainek galdera hau egin zuten, ea zer esan nahi ote duen “inor ez hiltzea” aginduak, “munduko populazioaren ehuneko hogeik hain neurri handian kontsumitzen baditu baliabideak ezen esan daitekeen nazio pobreei eta biharko belaunaldiei ebasten diharduela bizirauteko behar dutena” [78].

VII Jesusen begirada

96 Jesusek asumitu egiten du Jainkoaganako Bibliako fedea eta funtsezko datu bat nabarmentzen du: Jainkoa Aita da (cf. Mt 11,25). Dizipuluekiko elkarrizketetan, Jainkoak kreatura guztiekin daukan aitazko erlazioa aitortzera gonbidatzen zituen, eta samurtasun hunkigarriarekin gogorarazten zien izaki bakoitza zeinen garrantzitsua den Jainkoaren begietan: “Ez ote dira bost txoritxo bi sosetan saltzen? Alabaina haietako bat bakarra ere ez dauka ahazturik Jainkoak” (Ik 12,6). “Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, eta ez ganbaran pilatzen; zeruko Aitak, ordea, janaritzen ditu” (Mt 6,26).

9 Jesusek gonbida zitzakeen besteak mundu edertasunari arreta izatera, bera etengabeko kontaktuan baitzegoen naturarekin, eta kariñoz eta harriduraz beteriko arreta ipintzen zion. Bere lurraldeko bazter bakoitzean zebilelarik, Aitak ereindako edertasunak kontenplatzen geratzen zen, eta mundu gauzetan jainkozko mezua ikustera gonbidatzen dituen ikasleak: “Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, ebakitzeko prest” (Jn 4,35). “Jainkoaren erreinua gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten” (Mt 13,31-32).

98 Jesus harmonia osoan bizi zen kreazioarekin, eta gainerakoak harritu egiten ziren: “Nor ote dugu  haizeak eta itsasoak ere esana aditzen dioten gizon hau?”. Ez zen azaltzen mundutik aldenduriko aszeta baten moduan eta bizitzako gauza atseginen arerio bezala. Honela espresatu zen bere buruan: “Etorri zen gizonaren semea, jan eta edan egiten du, noski, eta ‘a ze tripazain eta mozkorra’ esaten dute” (Mt 11, 19). Jesus urrun zegoen gorputza, materia eta munduko gauzak mespretxatzen dituen filosofietatik. Alabaina, dualismo maltzur horiek iritsi ziren kristau pentsalari batzuengan, historian zehar, eragin dezentea izatera eta Ebanjelioa asko desitxuratzera. Jesusek eskuekin lan egiten zuen, Jainkoak sorturiko materiarekin egunero kontaktuan jarriz, bere artisau-trebeziaz forma emateko. Atentzio handia ematen du bere bizitzaren parterik handiena eginkizun horretara dedikatu izanak, izate-modu txit sinplean, inolako miresmenik iratzartzen ez zuen ofizioan: “Hau ez al da bada, arotza, Mariaren semea?” (Mk 6,3). Horrela santutu zuen lana eta garrantzi berezia eman zion gizaki bezala hazi eta heltzeko. San Juan Paulo II.ak zera erakusten zuen: “lanaren nekea jasanez gugatik gurutziltzaturiko Kristoren batasunean, gizakia, aldez edo moldez, Jainkoaren Semearekin kolaboratzen ari da gizadiaren erredentzioan” [79].

99 Errealitatea kristau ikuspegitik ulertzeko, kreazioaren destino osoa Kristoren misteriotik pasatzen da, zein presente dagoen gauza guztien hasieratik: “Harengatik eta harentzat sortu zen dena” (Kol 1,16). Joanen Ebanjelioaren hitzaurrearen arabera (1,1-18), jainkozko Hitza (Logos) da Kristoren aktibitate kreatzailea. Baina hitzaurre horrek erruz harritzen du baieztapen honengatik: Hitz hori “gizon egin zen” (Jn 1,14). Trinitateko Pertsona bat kosmos kreatuan sartu zen, eta han bizi izan zen gurutzera joan arte. Munduaren hasieratik, baina oso modu berezian enkarnaziotik aurrera, Kristoren misterioak modu ezkutuan dihardu naturako errealitate osoaren barnean; noski, naturaren autonomiari erasan gabe.

100 Testamentu Berriak ez digu bakarrik hitz egiten Jesus historikoari buruz eta mundu osoarekin izan zuen erlazio txit konkretu eta amultsuaren gainean. Erakusten digu Jesus berpiztu eta loriatsua ere, presente kreazio osoan bere aginpide unibertsalarekin: “Jainkoak nahi izan zuen harengan egotea Ase-betetasun osoa. Haren bitartez nahi izan zuen gauza guztiak berekin adiskidetzea, nola zerukoak hala lurrekoak, gurutzean isuritako odolaren bidez bakea berrezarririk” (Kola 1,19-20). Horrek denboren bukaerara garamatza: Semeak Aitari entregatuko dizkio gauza guztiak eta “Jainkoa denetan dena izango da” (1 Ko 15,28). Horrela, mundu honetako kreaturak ez ditugu errealitate natural huts bezala ikusiko. Berpiztuak estaltzen ditu misteriotsuki eta asebeterantz orientatu. Bere giza begiez kontenplatu zituen zelaiko lore haiek berak eta hegaztiak, orain bere presentzia argitsuaz beterik daude.

KRISI  EKOLOGIKOAREN GIZA ERROA 

101 Sintomak deskribatzeak ez digu balioko, krisi ekologikoaren giza erroa ikusten ez badugu. Desbideratu egin da bizia eta giza ekintzak ulertzeko modua, eta kontraesanean dago errealitatearekin, kalte handia egiteraino. Zergatik ez gara gelditzen eta pentsatzen hasi? Gogoeta honetan proposatzen dut kontzentra gaitezela paradigma teknokratiko nagusian, eta azter dezagula gizakiak eta bere ekintzek munduan duten tokia.

I Teknologia: sormena eta boterea

102 Ahalmen teknologikoak kinka larrian ipini gaituen aro berri batean sartu da gizadia. Bi menderen buruan izan diren sekulako aldaketa-olatuen oinordekoak gara: baporezko motorra, trenbidea, telegrafoa, elektrizitatea, automobila, hegazkina, industria kimikoa, medikuntza modernoa, informatika eta, oraindik orain, iraultza digitala, errobotika, bioteknologiak eta nanoteknologiak. Zuzen eta bidezkoa da horrelako aurrerapenekin alaitzea eta etengabeko nobedade horiek eskaintzen dizkiguten posibilitate ugariren aurrean poztea, zeren “zientzia eta teknologia produktu txundigarriak dira, Jainkoak emandako giza sormenaren emaitza harrigarriak” [81]. Natura aldatzea, helburuak baliagarriak direnean, gizadiaren ezaugarrietako bat da, hasiera-hasieratik, eta horrela teknikak “ espresatzen du giza animoaren tentsioa, baldintza material batzuk apurka-apurka gainditzen joateko” [82]. Teknologiak gaitz asko erremediatu ditu, gizakiari kalte egin eta mugak ipintzen zizkioten gaitzak. Ez dezakegu baloratu eta eskertu gabe utzi aurrerabide teknikoa, bereziki medikuntzan, injinerutzan eta komunikazioetan. Eta nola ez aitortu zientifiko eta tekniko askoren esfortzu guztiak, ekarpen handiak egin baitizkiote, alternatibak mahai gainean ipinirik, garapen jasangarriari?

103 Teknozientzia ongi orientatuak ez bakarrik ekoiz ditzake benetan gauza baliosak, gizakiaren bizi-kalitatea hobetzeko: etxeko tresnak, garraiorako lanabesak, zubiak, eraikinak, toki publikoak. Kapaz da, era berean, ‘ederra’ produzitzeko eta gizakia mundu materialetik edertasunaren eremura “katapultatzeko”. Uka ote daiteke hegazkin baten ederra, edo etxe orratz [grattacieli, rascacielos] luzearen edertasuna? Badira obra piktoriko eta musikal eder askoak, instrumentu tekniko berriak erabilita sortuak. Horrela, ekoizle teknikoaren edertasun-asmoan eta edertasun horren behariarengan, asebeterako jauzia gertatzen da (gizakiarena den asebetea).

104 Baina ez dezakegu ahaztu energia nuklearrak, bioteknologiak, informatikak,  geure ADN propioaren ezagutzak eta lortu ditugun beste gaitasun batzuek egundoko ahala ematen digutela. Hobeto esan, ematen diote ikaragarrizko nagusitasuna, gizadi eta mundu osoaren gainean, ezaupide hori daukanari eta, batez ere, erabiltzeko ahal ekonomikoa duenari. Gizadiak inoiz ez du izan horrenbeste ahalmen eskura eta ezerk ez du bermatzen ondo erabiliko duenik, batik bat orain arte nola darabilen ikusita. Aski da XX. mendean jaurtikitako bonba atomikoak gogoratzea, nazismoak arranditsu egindako despliege teknologikoa, edo komunismoak eta beste erregimen totalitario batzuek egindakoa; zertarako eta milaka milioi pertsona hiltzeko; ez dezagun ahaztu, bestalde, gaur egun gerrak [gerrazaleek] gero eta tresneria letalagoa daukala. Noren eskuetan dago eta noren eskuetan egotera irits daiteke horrenbesteko boterea? Guztiz arriskutsua da gizadiaren parte txiki baten eskuetan bakarrik egotea.

105 Uste izaten dugu “boterearen gorakada oro, besterik gabe, aurrerapena dela, segurtasuna gehitzea dela, baliagarritasuna sustatzea, ongizatea, bizi-indarra dela, baloreen gailurra” [83], errealitatea, ongia eta egia espontaneoki jalgiko balira bezala botere teknologiko eta ekonomikotik. Baina zinezko egia da “gizaki modernoa ez dagoela prestaturik boterea tentuz erabiltzeko [84], zeren hainbesteko hazkunde teknologikoari ez dio lagundu erantzukizunean, baloreetan eta kontzientzian hezitako gizakiaren garapenak. Aro bakoitzak bere muga propioen gainean oso auto-kontzientzia eskasa garatzeko joera du. Horregatik, litekeena da, gaur, gizadia ez ohartzea aurrean dauzkagun desafio handiez, eta “gizakiak boterea gaizki erabiltzeko posibilitatea gero eta handiagoa da, etengabe hazten ari da”, ez dago-eta inolako arau erregulatzaileren azpian askatasunari dagokionez, baizik eta, soil-soilik, erabilgarritasunari eta segurtasunari egiten dio jaramon” [85]. Gizakia ez da zeharo autonomoa. Bere askatasuna gaixotu egiten da inkontzientearen indar itsuen mende jartzen denean, segituko premien baitan jokatzen duenean, eta egoismoaren eta biolentziaren eskuetan erortzen denean. Alde horretatik,  biluzik dago eta bere botere propioarekin aurrez aurre, zein hazten doan, kontrolatzeko modurik gabe. Izan ditzake gainazaleko mekanismoak, baina ozen eta garbi esan dezakegu etika sendo bat falta zaiola, ez duela mugatuko duten kultura eta espiritualitaterik, eta bere lekuan eutsiko dioten eroapen burutsurik.

II Paradigma teknokratikoaren globalizazioa

106 Funtsezko problema beste bat da, are sakonagoa, hau da, gizadiak teknologia eta bere garapena asumitzeko modua, paradigma homogeneo eta dimentsio bakarrekoarekin batera. Paradigma horretan, subjektuaren kontzeptua azpimarratzen da zeinek [subjektuak], prozesu logiko eta arrazionalean, progresiboki hartu eta kanpoko objektua bereganatzen duen. Subjektua bere esperimentazioarekin dator metodo zientifikoa ezartzera: bereganatze-, menderatze- eta transformazio-teknika. Subjektua formagabeko ente baten aurrean balego bezala da, formagabea eta manipulatzeko zeharo prest dagoena. Gizakiak beti hartu du parte naturan, baina denbora luzean naturari laguntzea zen xedea, gauzek berez eskaintzen duten posibilitateetara mugatzea. Kontua zen errealitate naturalak eman zezakeena hartzea. Aldiz, orain interesatzen dena da gauzei ahal den guztia ateratzea; badirudi horretarako bakarrik ezartzen duela gizakiak eskua, eta ahaztu egiten zaio zein baldintzatako errealitatea daukan aurrean. Horregatik gizakiak eta gauzek utzi diote adiskidetasunez elkarri esku emateari; haserre eta elkarren aurka daude. Hortik erraz igarotzen da hazkunde infinitu edo mugarik gabekoaren ideiara; eta, sarritan, erruz liluratu ditu ekonomistak, finantza-gizonak eta teknologoak. Gezurra begi-bistakoa da: planetako ondasunak infinituak balira bezala jokatu, eta ahal den zuku guztia atera, mugarik ez balego bezala. Gezurrak ez du akaberarik, hauek denak esaten dira: “badagoela nahiko energia, baliabide erabilgarririk aski, birziklapena posible dela, natuaren manipulazioaren ondorio negatiboak azkar batean absorbitu daitezkeela” [86].

107 Esan dezakegu, beraz, gaurko munduko zailtasun askoren oinarrian, batez ere joera bat dagoela, ez beti kontzientea, eta, joera horren arabera, metodologia eta teknozientziaren objektuek pertsonen bizia eta gizartearen funtzionamendua baldintzatzen duen konprentsio-paradigma bat osatzen dute. Molde hori errealitate osoari, giza errealitateari eta sozialari, aplikatzearen efektuak, ingurumenaren degradazioan ikusten dira; baina hori da gizakiaren biziari eta gizarteari bere dimentsio guztietan erasaten dion erredukzionismoaren seinale bat soilik. Aitor dezagun teknikaren produktu diren objektuak ez direla neutroak, zeren halakoxe sare bat sortzen dute, eta bizi-estiloak baldintzatu egiten dituzte, eta posibilitate sozialak, berriz, botere-talde jakin batzuei interesatzen zaien ildotik bideratzen dituzte. Hautu batzuk, nahiz eta guztiz instrumentalak ematen duten, ondo begiratuta, ez dira garatu nahi den bizi soziala aukerako modua baino.

108 Ez dirudi posible denik beste kultur paradigma bati heldu eta teknikaz, instrumentu soil bat balitz bezala, baliatzea, zeren paradigma teknokratikoa hainbestexe gailendu da, oso zaila da bere baliabideak baztertzea, eta are zailagoa, oraindik, bere logikak menderatu gabe erabiltzea. Kontrakultura bihurtu da teknikaren, bere kostuen eta ahalmen masifikatzailearen baitan eta mende, neurri batean bederen, ez dauden objektibodun bizi-estiloa hautatzea. Hain zuzen, teknikak sekulako joera dauka bere burdinazko logikatik kanpo ezer gera ez dadin saiatzeko, eta “bere eskuetan teknika daukan gizakiak badaki, azken finean, horren helburua ez dela probetxua eta ongizatea, nagusitasuna baizik; nagusitasuna, hitzaren adierarik gogorrenean” [87]. Horregatik “ahalegintzen da bai naturako elementuak eta bai giza existentzia kontrolatzen” [88]. Pertsonen erabaki-gaitasuna, askatasunik egiazkoena eta sormen alternatiborako espazioak oso murriztuak aurkitzen dira.

109 Paradigma teknokratikoaren joera bada hau ere: bere nagusitasuna ezarri nahi izaten du ekonomian nahiz politikan. Ekonomiak, beti, etekinaren baitan onartzen du garapen teknologiko oro, gizakiarentzat izan ditzakeen ondorio negatiboetan arretarik ipini gabe. Finantzek itotzen dute ekonomia erreala. Ez zuten ikasi munduko krisi finantzarioen lezioa eta oso noizbait eta motel ikasten dira ingurumenaren hondamenari buruzko lezioak. Zirkulu batzuetan esaten da gaurko ekonomiak eta teknologiak konponduko dituztela ingurumen-problema guztiak; era berean, hau ere esaten da: gizakiaren problemak eta munduko miseria, besterik gabe, merkatuaren hazkundearekin konponduko dira. Ez da teoria ekonomikoen arazoa —seguruenik gaur ez da inor ausartuko hori defenditzera —, baizik eta ekonomiaren garapen faktikoan sartzea. Hitzez esaten ez dutenek  ekintzaz sostengatzen dute, ez baita ikusten produkzioaren dimentsio justuak, aberastasunaren banaketa hobeak, ingurumena arduratsu zaintzeak edo biharko belaunaldien eskubideek kezkatzen dituztenik. Portaera horrek garbi adierazten du ahalik eta etekin handiena ateratzea dela helburua. Baina merkatuak, berak bakarrik, ez du bermatzen giza garapen integrala eta inklusio soziala [89]. Bien bitartean zer daukagu? “super-garapen xahutzaile eta kontsumista; eta nola onartu hori, munduko egoera larriak eta deshumanizatzaileak ikusita?” [90], eta ez dira lantzen behar bezain bizkor instituzio ekonomikoak eta bide sozialak, pobreenengana, erregularki, oinarrizko baliabideak irits daitezen. Ez dute ohartu nahi zein diren gaurko des-ajusteen erro sakonak; hauekin dute zerikusia:  orientazio, helburu eta hazkunde teknologiko eta ekonomikoaren testuinguru sozialarekin.

110 Espezializazioa da teknologiaren ezaugarria. Baina zailtasun handia suposatzen du osotasunari begiratzeko. Jakintzen banaketak badu bere funtzioa, aplikazio konkretuak lortzerakoan, baina osotasunaren zentzua galarazten du, baita gauzen artean existitzen diren erlazioen zentzua ere eta, berdin, ikuspegi zabalago baten zentzua ere. Horrexek berak galarazten du gaurko munduko problema konplexuak konpontzeko bide egokiak aurkitzea, batez ere ingurumenarekin eta pobreekin erlazionaturikoak, ez baitago aurre egiterik ikusmolde jakin batetik bakarrik edo interes tipo jakin batetik soilik. Arazo handiak konpondu nahi dituen zientziak, nahitaez, bereganatu beharko luke gainerako jakintza-eremuetako ezagutzaren emaria ere, filosofia eta etika soziala barne. Baina jokabide zaila gaur-gaurkoz. Horregatik, ezin dira ezagutu erreferentzia izango liratekeen benetako horizonte etikoak. Bizia teknikak ezarritako zirkunstantzien mende jartzea dakar horrek, existentzia interpretatzeko baliabide nagusitzat harturik. Aurrean dugun errealitate konkretuan, ordea, erroreaz ohartarazten gaituzten hainbat sintoma ageri dira: ingurumenaren degradazioa, angustia, biziaren eta elkarbizitzaren zentzua galtzea. Ikusten ari gara, beste behin gehiago, “errealitatea ideiaren gainetik dagoela” [91].

111 Kultura ekologikoa ez dago murrizterik ingurumenaren degradazioaren, erreserba naturalak agortzearen eta kutsaduraren inguruan agertzen diharduten problemen erantzun urgente eta partzialetara.  Besterik nahi litzateke: begirada diferentea, pentsamendu, politika, heziketa-programa, bizi-estilo eta espiritualitate zuzen eta indartsuak, paradigma teknokratikoaren abiadari erresistentzia jarri eta aurre egiteko. Bestela, ekimen ekologistarik onenek ere logika globalizatu berean itxirik amaituko dute. Sortzen den ingurumen-problema bakoitzarentzat erremedio tekniko bakar bat aurkitzea, ezbairik gabe, elkarrekin uztartuak dauden gauzak isolatzea da, munduko sistemaren zinezko problemarik sakonenak ezkutatzea.

112 Alabaina, posible da begirada berriro zabaltzea, eta giza askatasuna gai da teknika mugatzeko, orientatzeko eta beste aurrerapen-mota  sano, gizatiar, sozial eta integralago baten zerbitzuan ipintzeko. Agintzen duen paradigma teknokratikoaren liberazioa, hain zuzen, gertatzen da batzuetan. Adibidez, ekoizle txikien komunitateek gutxiago kutsatzen duten produkzio-sistemen alde egiten dutenean, beste bizi-estilo bat hautarik: bozkario eta elkarbizitza ez-kontsumistan oinarritua. Edo teknika, lehenik, besteen problema konkretuak konpontzera orientatzen denean, haiei duintasun handiagorekin eta sufrimendu gutxiagorekin bizitzen laguntzeko grinaz. Baita ederraren asmo kreatzaileak eta horren kontenplazioak botere objektibatzailea gainditzea lortzen dutenean, halako salbamen-prozesu batean, ederrarengan eta kontenplatzen duen pertsonarengan gertatzen dena. Benetako gizabidea, sintesi berri batera gonbidatzen gaituelarik, badirudi zibilizazio teknikoaren erdian bizi dela, kasik oharkabean, ate itxiaren azpitik lainoa sartzen den eran. Promesa iraunkorra ote, oztopo guztien gainetik, egunero jalgitzen den benetakotasunaren erresistentzia bortitz modura?

113 Bestetik, badirudi jendeak ez duela sinesten etorkizun zoriontsuan, ez du bihar hobeko izateko konfiantza itsurik, gaurko munduak eskaintzen dituen baldintzak eta gaitasun tekokikoak ikusita. Hartua du kontzientzia zientziaren eta teknikaren aurrerapenak ez doazela parean gizakiaren aurrerapenekin eta historiarekin, eta ikusten du beste batzuk direla funtsezko bideak, etorkizun zoriontsua lora dadin. Hala eta guztiz, ez du pentsatzen teknologiak eskaintzen dituen posibilitateei uko egiterik. Gizadia zeharo aldatu da, eta etengabeko nobedadeekin batera gauzen iheskortasuna ikusi behar da; horrek gainazaletik garamatza aurrean, norabide bakarrean. Zail egiten zaigu geratu eta biziaren sakontasuna errekuperatzea. Arkitekturak garai jakin bateko espiritua islatzen badu, megaestrukturek eta serieko etxeek teknika globalizatuaren espiritua adierazten dute, non produktuen etengabeko nobedadea asperdura pisu bihurtzen den. Ez dezagun etsi eta ez diezaiogun uko egin helburuen gainean eta ororen zentzuari buruz galdetzeari. Bestela, indarrean dagoen egoera legitimatzea besterik ez dugu egingo, eta suzedaneo gehiago beharko ditugu hustasuna jasateko.

114 Gertatzen ari dena ikusirik, urgentea izango da kultur iraultza ausart batera jotzea. Zientzia eta teknologia ez dira neutralak, baizik eta inplikaditzakete, prozesu baten hasieratik azkenera arte, hainbat intentzio eta posibilitate, eta osa daitezke forma diferentetan. Inor ez dabil koba-zuloko garaietara itzuli nahian, baina ezinbestekoa da martxa moteltzea, errealitatea beste modu batean ikusteko, aurrerabide positiboa eta jasangarriak hartu, eta, aldi berean,  gehiegikeria megalomano batek suntsituriko balore eta helburu handiak errekuperatzea.

II Krisia eta antropozentrismo modernoaren ondorioak

115 Antropozentrismo modernoak, paradoxikoki, errealitatearen gainean arrazoi teknikoa kokatu du, zeren gizaki honek “ez du sentitetzen natura baleko norma moduan, are gutxiaho aterpe bizi moduan. Ikusten du, hipotesirik egin gabe, praktikoki, lan bat aurrera eramateko toki edo objektu moduan, non sartzen den dena, eta berdin dio horrekin zer gertatzen den [92]. Horrela, munduak bere baitan duen balioa ahuldu egiten da. Baina gizakiak ez badu berraurkitzen bere benetako tokia, gaizki ulertzen du bere burua eta kontraesanean dago bere errealitate propioarekin: “Ez bakarrik lurra eman dio Jainkoak gizakiari, eta erabili behar duen jatorrizko intentzioa, hau da, ondasun bat dela aintzat harturik; are gehiago, gizakia bere buruarentzat Jainkoaren dohaina da eta, ondorioz, errespetatu beharra dauzka eman zaizkion egitura naturala eta morala” [93].

116 Modernitatean, neurri gabeko antropozentrismo batean bizi izan ginen; eta, beste arropa batzuek jantzita bada ere, erreferentzia komun oro eta lotura sozialak indartzeko ahalegin denak kaltetzen dihardu. Horregatik iritsi da garaia berak ezartzen dituen mugekin errealitateari berriro arreta jartzekoa; aldi berean, horiek baitira gizabidezko garapen sozialik sano eta emankorrena ahalbidetuko dutenak. Kristau antropologiaren aurkezpen txar baten erruz, gizakiaren eta munduaren arteko erlazioari buruz kontzepzio okerra babestu zen. Amets prometeiko bat transmititu zen munduaren gaineko aginteari buruz, eta horrek probokatu zuen natura zaintzea ahulen kontua zelako inpresioa. Aldiz, gizakiaren kontzeptua, unibertsoko “jaun” moduan, interpretatzeko forma zuzena hau da: administratzaile arduratsu moduan ulertu [94].

117 Naturari egindako kaltea neurtzeko ardurarik eza eta erabakien ingurumen-inpaktua ez dira besterik, naturak bere egituretan inskribaturik daraman mezua errekonozitzeko interes faltaren isla garbia baizik. Errealitatean bertan errekonozitzen ez denean pobre baten balioa, giza enbrioi batena, pertsona elbarriarena —adibide batzuk baino ez jartzearren—, nekez adituko dira naturaren beraren garrasiak. Dena konektaturik dago. Gizakia autonomo deklaratzen bada errealitatearekiko eta menderatzaile absolutu bilakatzen bada, existentziaren oinarria bera jartzen da hankaz gora, zeren “kreazioaren obran Jainkoaren kolaboratzaile-papera bete ordez, gizakia Jainkoaren lekuan jartzen da, eta horrekin naturaren errebelioa probokazen du” [95].

118 Etengabeko eskizofreniara garamatza egoera horrek: gorespen teknokratikotik —zeinek aitortzen ez dien gainerako izakiei beren balio propioa—, gizakiaren balio berezi oro ukatzeraino. Baina ez dago gizabidea baztertzerik. Ez da izango erlazio berririk naturarekin gizaki berririk gabe. Ez dago ekologiarik antropologia egokirik gabe. Pertsona, beste guztien artean, izaki bat gehiago baizik kontsideratzen ez denean, azareko jokotik edo determinismo fisikotik sortua balitz bezala, “arrisku handia dago gizakiarengan erantzukizun-kontzientzia gutxitzeko” [96]. Antropozentrismo desbideratuak ez garamatza, nahitaez, “biozentrismora”, zeren horrek esan nahiko luke beste des-ajuste bat sartzea, ez bakarrik problemak konponduko ez dituen des-ajuste berri bat, baizik eta beste batzuk eragingo dituena. Gizakiari ez dago exijitzerik munduarekiko konpromisorik, baldin eta, aldi berean, bere gaitasunak aitortzen eta baloratzen ez badira: ezagumena, borondatea, askatasuna eta erantzukizuna.   

119 Antropozentrismo desbideratuari egindako kritikak ez luke ipini beharko, noski, pertsonen arteko erlazioen balioa bigarren planoan. Krisi ekologikoa baldin bada aro modernoko krisi etiko, kultural eta espiritualitatearen eklosioa edo kanpoko manifestazioa, ez dago osatzerik natura eta ingurumenarekiko gure erlazioa, gizakiaren oinarrizko erlazioak osatu gabe. Pentsamendu kristauak gizakiaren balio berezia aipatzen duenean, beste izakien gainetik, pertsona bakoitza baloratzea esan nahi du, eta horrela bestea errekonozitzea ahalbidetzen da. Ezagutzeko, maitatzeko eta elkarrizketatzeko gai den “zu” batera irekitzeak pertsonaren prestutasun handia espresatzen du. Horregatik, mundu kreatuarekin erlazio egokia izateko, ez dago zertan ahuldurik gizakiaren dimentsio soziala eta bere dimentsio transzendentea ere ez, jainkozko “Zu”ra irekia. Zeren ez dago proposatzerik ingurumenarekiko erlaziorik gainerako pertsonen eta Jainkoagandiko erlaziotik isolaturik. Indibidualismo erromantiko bat izango litzateke, edertasun ekologikoaz mozorrotua eta entzierro itogarria immanentzian.

120 Dena erlazionaturik dagoenez, ez da bateragarria naturaren defentsa abortuaren justifikazioarekin. Egon ote daiteke heziketa-biderik, ondoan ditugun izaki debilak —batzuetan nekagarri eta gogaikarriak— hartzeko, giza enbrioia babesten ez bada, nahiz eta haren etorrera neke- eta zailtasun-kausa izan? “Sentikortasun pertsonala eta soziala galtzen badira, bizi berri bat onartzeko, beste harrera-forma batzuk ere zimeldu egingo dira, bizi sozialerako onuragarriak izan arren” [97].

121 Pendiente dago sintesi berri baten garapena, zeinek gainditu behako lituzkeen azken mendeetako dialektika faltsuak. Kristautasuna bera, leial jarraitu arren bere identitatearekiko eta Jesukristogandik jasotako egia-altxorrarekiko, beti birpentsatzen eta berrespresatzen ari da egoera historiko berriekiko elkarrizketan, bere nobedade eternoa jalgi dadin [98].

Erlatibismo praktikoa

122 Antropozentrismo desbideratuak biziera desbideratua ekarri ohi du. Evangelii gaudium Aholku-gutun apostolikoan, gure garaia markatzen duen erlatibismo praktikoaz mintzatu nintzen; “oraindik arriskutsuagoa doktrinala baino” [99]. Gizakiak zentroan bere burua kokatzen duenean, lehentasun absolutua ematen die bere komenentzia zirkunstantzialei, eta gainerako guztia erlatibo bihurtzen da. Horregatik ez liguke atentziorik eman beharko, paradigma teknokratikoaren nonahikotasun [omnipresentzia] eta mugarik gabeko giza boterearen gurtzarekin batera, pertsonengan erlatibismoa indartzea non dena hutsal bilakatzen den baldin eta segituko norbere interesentzat balio ez badu. Hor badago logika bat gauzak konprenitzen laguntzen diguna: hainbat jokabidek elkar elikatzen dute, eta, aldi berean, ingurumenaren degradazioa eta degradazio soziala probokatzen dituzte.

123 Patologia bera dira erlatibismoaren kultura eta pertsona bat beste batez aprobetxatu eta objektu soil moduan tratatzera bultzatzen duena, lan gogor eta derrigortuetara beharturik, edo esklabo bihurturik zorrak direla kausa. Haurren esplotazio sexualera eramaten duen, edo norbere intereserako balio ez duten zaharrak abandonatzen dituen logika bera da. Bada hau dioenaren barne logika ere: “Utz dezagun merkatuaren indar ezkutuek erregula dezaten ekonomia, zeren bere inpaktuak, gizartean eta naturan, kalte saihestezinak dira”.  Egia objektiborik eta printzipio sendorik ez baldin badago, norbere proiektuak bete eta berehalako premiak asetzeaz gain, zein muga izan litzake gizakien salerosketak, kriminalitate antolatuak, narkotrafikoak, diamante odolduen eta galzorian dauden animalien larruen komertzioak? Ez al da logika erlatibista bera pobreei organoak erostea, gero saldu edo esperimentazioan erabiltzeko, edo gurasoen gustuko ez diren haurren deskartea? “Erabili eta bota”. Hori da gaurko logika, eta egundoko hondakin mordoa sortzen du behar dena baino gehiago kontsumitzeko desira desordenatua dela bide. Beraz, ez dezakegu pentsa proiektu politikoak edo legearen indarra nahikoa izango direnik ingurumenari erasaten dioten portaerak saihesteko, zeren, usteltzen dena kultura denean eta egia objektiboren bat edo baleko printzipio unibertsalik onartzen ez bada, legeak ulertuko dira, soilik, inposizio arbitrario moduan eta saihestu beharreko oztopo gisa.

Lana zaintzeko premia

124 Ekologia integralari buruzko edozein planteamendutan, gizakia baztertzen ez duena izan dadila, ezinbestekoa da lanaren balioa sartzea; san Joan Paulo II.ak ederki asko garatu zuen hori Laborem exercens entziklikan. Gogora dezagun, kreazioari buruzko kontakizun biblikoaren arabera, lorategi kreatu berrian ipini zuen Jainkoak gizakia (cf Gn 2,15), ez bakarrik jadanik existitzen zena zaindu eta gordetzeko, baizik eta haren gainean lan egiteko, fruitua eman zezan. Horrela, langileak eta artisauak “kreazio eternoa ziurtatzen dute”  (Si 38,34). Bene-benetan, kreaturikoaren garapen egokia bultzatzen duen giza interbentzioa ona da, zaintzeko formarik egokiena, zeren Jainkoaren instrumentu bezala kokatzea inplikatzen du, gauzetan berak ipinitako potentzialtasunak jalgi daitezen laguntzeko: “Jainkoak sendagaiak ipini zituen lurrean eta gizaki zuhurrak ez ditu mespretxatzen” (Si 38,4). 125. Saiatzen bagara pentsatzen zein diren gizakiaren eta inguratzen duen munduaren arteko erlaziorik onenak, lanari buruzko kontzepzio zuzenaren premia azaltzen da, zeren, gizakiaren gauzekiko erlazioaz hitz egiten badugu, errealitatearen gaineko giza ekintzaren zentzu eta helburuari buruzko galdera azaltzen da. Ez dugu hitz egiten esku-lanaz edo lur-lanaz bakarrik, baizik eta existitzen denaren transformazioren bat inplikatzen duen edozein aktibitateri buruz, hasi informe sozial bat elaboratzetik eta garapen teknologikoaren diseinuraino. Edozein lan-formak badu atzean ideia bat gizakiak bestearekin ezarri behar duen erlazioari buruz. Kristau espiritualitateak, San Frantziskorengan aurkitzen ditugun kreaturen kontenplazio-miresmenarekin batera, lanari buruzko konprentsio aberats eta sanoa garatu du; adibidez, Karlos Foucaul eta bere dizipuluen bizian aurkitzen dugun moduan.

125 Pentsatzen jartzen bagara zein diren gizakiaren erlazio egokiak inguratzen duen munduarekiko, lanaren kontzepzio zuzenaren premia agertzen da. Zeren, gizakiak gauzekin duen erlazioaz mintzatzen bagara, berehala agertzen da errealitatearen gaineko  gizakiaren ekintzaren zentzu eta helburuari buruzko galdera. Ez gara ari, soilik, eskulanaz eta lur-lantzeaz mintzatzen, baizik eta existitzen denaren edozein transformazio inplikatzen duen jardueraz, informe soziala lantzetik eta garapen teknologikoaren diseinuraino. Edozein lan-formak dauka atzean ideia bat gizakiak besteekin ezarri behar duen erlazioari buruz. Kristau espiritualitateak, Asisko San Frantziskorengan aurkitzen ditugun izakien miresmen konteplatiboarekin batera, konprentsio aberats eta sanoa garatu du lanari buruz, adibidez Charles Foucauld dohatsuaren eta bere dizipuluen bizian aurki dezakegun moduan.

126 Har dezagun zerbait monasterioetako tradizio luzetik ere. Hasieran, mundutik ihes egitea faboratzen zuen, bizi urbanoak eskaintzen zuenetik alde egin nahian. Horregatik, monjeek basamortua nahi izaten zuten, Jainkoaren presentzia atzemateko tokirik egokiena zela konbentziturik. Geroago, Nursiako san Benitok bere monjeak komunitatean bizitzea proposatu zuen, otoitza eta irakurketa esku-lanarekin tartekatuz (ora et labora). Esku-lana komentuan sartzea, zentzu espiritualez jantzirik, egundoko iraultza izan zen. Erretiro-bizia eta lana konbinatuz, heldutasun eta santutasunean hazi nahi zuten, horren bila zebiltzan. Lana horrela bizitzeak arretatsu eta errespetutsuago egiten gaitu ingurumenarekiko; munduarekiko gure erlazioa moderazio [sobrietate] sanoz kutsatzen du.

127 Esaten dugu, “gizakia dela bizi ekonomiko eta sozial osoaren autorea, zentroa eta helburua” [100]. Alabaina, gizakiarengan kontenplatu eta errespetatzeko gaitasuna hondatzen denean, berehala sortzen dira baldintzak lanaren zentzua desitxuratzeko [101]. Beti komeni da gogoratzea gizakia “gai dela, berez, bere hobekuntza materialaren, aurrerabide moralaren eta garapen espiritualaren agente arduradun izateko” [102]. Lanak izan beharko luke garapen pertsonal zabal horren eremua, non jokoan diren biziaren hainbat dimentsio: Sormena, geroko proiekzioa, gaitasunen garapena, baloreak lantzea, gainerakoekin komunikatzea, adorazio-jarrera. Horregatik, munduko egungo errealitate sozialean, enpresen interes mugatuen eta arrazionaltasun ekonomiko kuestionagarriaren gainetik, premiazkoa da denak “ahalegin daitezen lana lortzeko moduak egiten eta horri lehentasuna ematen” [103].

128 Lana da gure destinoa sortu ginenetik. Ez da saiatu behar aurrerapen teknologikoak —gero eta gehiago— ordezka dezan gizakiaren lana; horrela gizakiak bere buruari egingo lioke kalte. Lana premia bat da, lur honetako biziaren zentzuaren parte bat, heldutasunerako bidea, giza garapenerako eta errealizazio pertsonalerako bidea. Alde horretatik, pobreei diruz laguntzeak irtenbide probisionala izen behar du, beti, urgentziei aurre egiteko baino ez. Egiazko helburua, zalantzarik gabe, lanaren bidez bizi duina lortzea izan beharko luke. Ekonomiaren norabideak, ordea,  aurrerapen teknologiko jakin bat sustatu du, produkzio-kostuak murrizteko, baina, aldi berean, lan-postuak kendu eta makinaz ordezkaturik. Beste modu bat gehiago, gizakiaren jarduna bere buruaren kontra bihurtzeko. Lanpostuen murrizketak “inpaktu negatiboa dauka plano ekonomikoan ere, ‘kapital sozialaren’ galeragatik, hau da, konfiantzazko erlazioen, fidagarritasunaren eta arauekiko errespetuaren desgasteagatik, beti ere beharrezkoak elkarbizitza zibilerako” [104]. Esanak esan, azken finean, “giza kostuak ekonomiarentzat ere kostuak dira beti, eta, era berean, disfuntzio ekonomikoek giza kostuak dituzte ondorio” [105]. Pertsonetan inbertitzeari uztea, segituko etekin hobeagatik, negozio txarra gizartearentzat.

129 Lana ematea posible izan dadin, behar-beharrezkoa da dibertsitate produktiboa eta enpresa-sormena sustatuko dituen ekonomia bultzatzea. Adibidez nekazaritzan, eskala txikian, elikagai-sistema asko dago, munduko populazioaren parte handi bat elikatzen jarraitzen dutenak, lur eta ur gutxi erabili eta hondakin gutxiago sortzen dute. Nola moldatzen diren? Lur-sail txikiak edo baratzak landuz, ehizan eginez eta basa-fruituak bilduz edo artisau-arrantza eginez. Eskala-ekonomiek, bereziki, laborantza-sektorean, beren lurrak saltzera edo kultibo tradizionalak  bertan behera uztera  behartzen dituzte nekazari  txikiak. Batzuk saiatzen dira beste produkzio-forma dibertsifikatuago batzuk bultzatzen, baina beren ahaleginak hutsean geratzen dira, mota bateko zein besteko merkatuekin konektatzeko zailtasunak direla medio edo salmenta eta garraiorako azpiegitura enpresa handien eskuetan dagoelako. Agintariek daukate eskubidea eta erantzukizuna ekoizle txikien eta produkzio-barietatearen aldeko neurri garbiak eta sendoak hartzeko. Praktikan denei mesede egingo dien  askatasun ekonomikoa benetakoa izan dadin, batzuetan izan daiteke beharrezkoa baliabiderik handienak dituztenei eta botere finantzarioei mugak ipintzea. Hitzez bakarrik defenditzen den askatasun ekonomikoa, baina baldintza errealek denak hor kokatzea oztopatzen duena, eta lana lortzea gero eta zailagoa bada, kontraesanezko diskurtso bilakatzen eta politika desondratu besterik ez du egiten. Enpresa-jarduna, aberastasuna produzitzera eta mundua guztientzat hobetzera orientaturik,  bokazio noblea da, eta izan daiteke modu bikaina lurralde bati bultza egiteko, bere ekimenak lurralde horretan kokatzen direnean, batez ere ulertzen baldin bada lanpostuak sortzea, ezbairik gabe, guztien onaren [ongi komunaren] zerbitzuko zati bazterrezina dela.

Berrikuntza biologikoa ikerketatik abiatuta

130 Proposatzen saiatu naizen kreazioaren ikusmolde filosofiko eta teologikoan, garbi dago gizakia, bere arrazoimen eta zientziaren berezitasunarekin, ez dela guztiz baztertu beharreko kanpo-faktore bat. Nolanahi ere, nahiz eta gizakiak parte har dezakeen animalia eta begetaletan eta bizitzeko beharrezkoak dituen neurrian erabili, Doktrinak dio animaliekin egiten diren esperimentazioak zilegi direla “baldin eta arrazoizko mugetan errendituz gero eta giza biziak zaintzeko edo salbatzeko balio badute” [106]. Gogorarazten du, bestalde, zorrotz gogorarazi ere, gizakiaren botereak badituela bere mugak, eta “giza duintasunaren kontrakoa dela animaliei alferrik sufriaraztea eta beharrik gabe bizia kentzea” [107]. Erabilpen eta esperimentazio orok “kreazioaren osotasunaren errespetu erlijiosoa exijitzen du” [108]

131 San Joan Paulo II.aren jarrera orekatua aipatu nahi dut hemen; aurrerapen zientifiko eta teknologikoen onurak azpimarratzen zituen, ezen “erakusten diguten zeinen prestua den gizakiaren bokazioa Jainkoaren ekintza kreatzailean arduratsu parte hartzeko”, baina, aldi berean, hau ere oroitarazten zuen: “ekosistemaren eremuko interbentzio orok kontsideratu beharra dauzka beste esparru batzuetan eragin ditzakeen ondorioak” [109]. Esaten zuen Elizak baloratzen duela “biologia molekularraren ikerketa eta aplikazioen ekarpena, beste gai batzuekin hornitua: adibidez, genetika eta horren aplikazio teknologikoa laborantzan eta industrian” [110], nahiz eta, era berean, esaten zuen horrek ez diola bidea ireki behar “genetikaren manipulazio ez-diskriminatuari” [111], interbentzio horien efektu negatiboak ahazturik. Ez da posible gizakiaren sormena geldiaraztea. Artista bati ez badago debekatzerik bere gaitasun sortzailea zabal dezan, ez dago zirkulaziotik kentzerik garapen zientifiko eta teknologikorako dohain bereziak dituztenak ere, gaitasun horiek, besteen zerbitzurako, Jainkoak emanak direla jakinik. Aldi berean, behin eta berriz dago planteatu beharra giza jarduera horren helburuak, efektuak, testuingurua eta muga etikoak, arrisku handiko botere-forma baita.

132 Marko horretan kokatu beharko litzateke edozein gogoeta, animalien eta begetalen gaineko giza interbentzioari buruz; hor dira bioteknologiak eragindako mutazio genetikoak, errealitate materialean oraingo posibilitateak baliatze aldera eginak. Fedeak arrazoimenari errespetua izateak esan nahi du arreta jartzea zientzia biologikoak egitura biologikoei, horien posibilitateei eta mutazioei buruz irakats diezagukeenaren aurrean; hori, noski, ekonomia-interesekiko mendekotasunik gabe garaturik. Nolanahi ere, interbentzio legitimoa da, naturan, ezarritako bidetik garatzen “laguntzeko parte hartzen duena, hots, kreazioaren bidetik, Jainkoak nahi duen ildotik” [112].

133 Zaila da genetikoki aldaturiko organismoen (GAOen) garapenari buruzko iritzi orokorra ematea; begetalak, animaliak, gai medikoak, eta laborantza eta abeltzaintza hartzen ditu bere baitan; oso ezberdinak elkarren artean, eta desberdin tratatu beharrekoak. Bestetik, arriskua ez dago beti egozterik teknikari berari, aplikazio desegoki edo gehiegizkoari baizik. Egia esan, mutazio genetikoak, sarritan, naturak berak eragiten ditu. Bestalde, gizakiak probokaturikoak ere ez dira fenomeno berriak. Animaliak heztea [domestikatzea], espezieak gurutzatzea eta antzinako beste praktika batzuk, unibertsalki onartuak, sar daitezke kontsiderazio horietan. Oroi gaitezen zekale transgenikoen garapen zientifikoen hasiera bakterio baten behaketa izan zela: natural eta espontaneoki begetal baten genomaren aldaketa eragiten zuen. Baina naturan, prozesu horiek oso erritmo motela dute; ez dago alderatzerik gaurko aurrerapen teknologikoek ezartzen duten abiadurarekin, nahiz eta aurrerapen horiek zenbait mendetako garapen zientifikoa duten.

134 Froga sendo eta zorrotzik ez dagoen arren zekale transgenikoek gizakiei kausa diezazkieketen kalteen gainean eta, gainera, lurralde batzuetan transgenikoen erabilpenak bultzatu egin du hazkunde ekonomikoa, ondorioz problema konpontzen lagundurik, zailtasun handiak daude, inolaz ere erlatibizatu behar ez direnak. Toki askotan, kultibo horiek sartu ostean, produkzio-lurren kontzentrazioa ikusten da gutxi batzuen eskuetan, ekoizle txikiak, apurka-apurka, desagertu egin direlako, beren esplotazioko lurrak galdu izanaren ondorioz, produkzio zuzenetik erretiratu beharrean gertatu baitira” [113]. Txiroenak noraezeko langile bihurtzen dira, eta laborantzako enplegatu asko hirietako asentamendu miserableetan azaltzen zaizkigu. Kultibo horien hedapenak birrindu egiten du ekosistemen egitura konplexua, gutxitu egiten du produkzio-dibertsitatea eta ekonomia erregionalen oraina eta geroari erasaten die. Zenbait lurraldetan, oligopolioen garapena izugarria da bihiaren produkzioan eta ereiteko beharrezkoak dituzten beste zenbait produktutan, eta dependentzia areagotu egiten da ale esterilen produkzioaren kasuan, eta nekazariak behartuak daude enpresa ekoizleei erostera.

135 Zalantzarik gabe, etengabeko atentzioa behar da alderdi etiko inplikatu guztiak aintzat hartzeko. Horretarako, eztabaida zientifikoa eta soziala ziurtatu behar dira, zabala eta arduratsua izan dadila, eskuartean daukagun informazio osoa aintzat hartuko duena, eta gauzei dagokien moduan deituko diena. Batzuetan, ez da jartzen mahai gainean informazio osoa, interesen arabera selekzionatzen da: interes politiko, ekonomiko edo ideologikoen arabera. Horrek zaildu egiten du, hainbat arazori buruz —dagozkion aldagai guztiak aintzat harturik—, iritzi orekatu eta zuhurra garatzea. Nahitaezkoa da eztabaida-espazioak izatea non, zuzenean edo zeharka, afektaturik dauden guztiek (nekazari, kontsumitzaile, autoritate, zientzialari, hazi-enpresak, fumigaturiko inguruetatik gertu bizi direnak eta beste batzuk) beren problematikak azal ditzaten edo informazio zabala eta egiazkoa eskuratu ahal izan dezaten, egungo eta biharko guztien onaren [ongi komunaren] aldeko erabakiak hartzeko.  Izaera konplexuko ingurumen-arazoa da, horregatik trataerak begirada integrala, aspektu guztiak hartuko dituena, exijitzen du, eta horrek, gutxienez, esfortzu handiagoa eskatzen du, argi apur ekar dezaketen zenbait ikerketa-ildo libre eta gaikako finantzatzeko.

136 Arrazoizkoa da mugimendu ekologista batzuek ingurumenaren osotasuna defenditu eta ikerketa zientifikoari muga batzuk erreklamatzea. Baina kezkagarria da, aldi berean, printzipio horiek berak ez aplikatzea giza biziari. Justifikatu egiten da, nahiz eta, giza enbrioi biziekin egiten diren esperimentuetan, muga guztiak gainditu. Ahaztu egiten da gizakiaren balio ez-alienagarria bere garapen-graduaren gainetik dagoela. Horrela, teknikak printzipio etiko handiak ahazten dituenean, zilegitzat jotzen du edozein praktika. Kapitulu honetan ikusi dugun eran, teknika, etikatik berezirik, nekez izango da gai bere ahala auto-mugatzeko.

LAUGARREN KAPITULUA

EKOLOGIA INTEGRALA

137 Dena hertsiki erlazionaturik dagoenez, eta gaurko problemek, ezbairik gabe, mundu-krisiaren faktore guztiak kontuan hartuko dituen begirada behar duelako, proposatzen dut jar gaitezela ekologia integralaren hainbat aspektutan pentsatzen; eta sar ditzagun hor giza dimentsioak eta sozialak ere.

Ingurune-ekologia, ekonomikoa eta soziala

138 Organismo bizien arteko erlazioak  eta mugitzen diren ingurunea estudiatzen ditu ekologiak. Badu beste eskakizunik ere: eseri eta pentsatzen eta eztabaidatzen hasi bizi-baldintza eta gizartearen biziraupenaren gainean, onestasuna buru dela, garapen-, produkzio- eta kontsumo-ereduak zalantzan ipintzeko. Ez bedi gehiegitzat har, inolaz ere, dena konektaturik dagoela esatea. Denbora eta espazioa, elkarren artean, ez dira independienteak , eta: ez atomoak eta ez partikula subatomikoak kontsidera daitezke berezirik. Planetako hainbat osagai ezberdin —fisikoak, kimikoak eta biologikoak— elkarren artean erlazionaturik dauden bezalaxe, espezie biziek sare bat osatzen dute, inoiz ere erabat ikusi eta konprenitu ezin dugun sarea. Gure informazio genetikoaren parte handi bat izaki bizidun askorekin konpartitua dago. Horregatik, zatikako ezagutza isolatuak izan daitezke ezjakintasun-forma bat, erresistentzia ipintzen badute errealitatearen ikuspegi zabalean integratzeko.

139 Ingurumenaz mintzatzen garenean, nagusiki erlazio hau izendatu nahi dugu: natura eta biztanleen arteko erlazioa. Horregatik, natura ez dago ulertzerik gugandik aparte dagoen zerbatik bezala edo bizitzako marko huts moduan. Naturan sartuak gaude, naturaren parte gara, eta elkarrekin uztarturik gabiltza. Toki jakin bat kutsaturik egotearen arrazoiek analisi bat eskatzen dute: gizartearen funtzionamendua, bere ekonomia, portaera eta errealitatea ulertzeko moduak analizatu beharko dira. Aldaketak hain handiak direnez, ez da posible problemaren parte bakoitzarentzat erantzun espezifiko eta independientea aurkitzea. Funtsezkoa da soluzio integralak aurkitzea, sistema naturalen arteko interakzioak eta sistema sozialarekikoak. Ez dira bi krisi separatu, bata ingurumenarena eta bestea soziala, baizik eta krisi bakar oso konplexua: ingurumen eta gizartearena, biak batera. Soluziora iristeko bideek, jakina, hurbilketa integrala eskatzen dute, pobrezia konbatitzeko, marjinatuei duintasuna itzultzeko eta, aldi berean, natura zaintzeko.

140 Kontuan hartu beharreko elementu-sail ugaria eta bariatua dela eta, ekimen jakin baten inpaktua ingurumenean erabakitzeko garaian, ezinbestekoa da ikertzaileei lehentasuna ematea eta euren interakzioa erraztea, askatasun akademiko zabalarekin. Ikerketa etengabe horrek erakutsi beharko liguke izakiak nola erlazionatzen diren elkarrekin, “ekosistemak” deituriko unitatea handiagoak osaturik. Ez ditugu kontuan hartu behar, soilik, beren erabilpen arrazionala zein den determinatzeko, baizik eta badutelako beren baitan berezko balioa edo intrintsekoa, erabilpenetik  aparte dagoena. Organismo bakoitza bere baitan ona eta miresgarria den eran, Jainkoak egina delako, gauza bera gertatzen da organismo-multzoa harmoniatsu batekin, espazio jakin batean, sistema moduan funtzionatzen dutelarik.  Horren kontzientziarik ez dugun arren, gure existentzia multzo horren baitan dago. Esan behar da ekosistemek parte hartzen dutela karbono-dioxidoaren ‘bahiketan’, uraren purifikazioan, gaixotasun eta plagen kontrolean, lurraren osaeran, hondakinen deskonposizioan eta ahaztu edo ez dakizkigun beste hainbat zerbitzutan. Horretaz ohartzen direnean, pertsona askok berriro hartzen dute kontzientzia: bizi eta jarduten dugu aldez aurretik oparitu zaigun errealitatetik abiatuta, zein gure gaitasunak eta gure existentzia baino lehenagokoa den. Horregatik, “erabilpen jasangarria” esaten denean, beti kontsiderazioan hartu behar da ekosistemaren berriro bere onera etortzea edo errekuperazioa, bere hainbat eremu eta aspektutan.

141 Bestalde, hazkunde ekonomikoak automatismoak sortu eta homogeneizatzeko joera du, prozedurak sinplifikatu eta gastuak murrizteko. Horregatik da premiazkoa ekologia ekonomikoa, errealitatea modu zabalagoan hartzera behartuko duena. Zeren “ingurumena babesteak garapen-prozesuaren barneko parte osagarria izan beharko luke, eta ez isolatuki kontsideratua” [114]. Baina, aldi berean, zer aktualagorik humanismoaren premia baino? Jakintza-molde orok kontuan hartu beharrekoa da humanismoa, baita ekonomikoak ere, modu integral eta integratzaileagoari begira. Gaur egun, ingurumenaren jirako problemen analisia ez dago bereizterik giza testuinguru, familiar, laboral eta urbanotik; ezta pertsona bakoitzaren bere buruarekiko erlaziotik ere, erlazionatzeko modu jakin bat eragiten baitu bai besteekiko eta bai inguruneari dagokionez. Interakzio handia dago ekosistemak eta erreferentzia sozialeko hainbat munduren artean, eta horrela demostratzen da, beste behin gehiago, “guztia gehiago dela partea baino” [115].

142 Dena erlazionaturik baldin badago, gizarteko instituzioen osasunak ere ondorioak ditu ingurumenean eta giza biziaren kalitatean: “solidaritatean eta zibismoan behera egiteak kalteak eragiten ditu ingurumenean” [116]. Alde horretatik, ekologia soziala, logikoki, instituzionala da, eta progresiboki hainbat dimentsio hartzen ditu, lehen talde sozialetik hasi, familiarekin jarraitu, komunitate lokaletik igaro, handik naziora, nazioartera iritsi arte. Maila sozial bakoitzaren barruan, eta maila sozialen artean, garatzen dira giza erlazioak erregulatzen dituzten instituzioak. Kalte egiten dien guztiak ondorio txarrak ditu: askatasuna galtzea, injustizia eta biolentzia. Herrialde batzuetan maila instituzionala aski prekarioan dago, herriak asko sufritzen duelarik eta egoera modu horrekin batzuek poltsikoak ederki berotzen dituztelarik. Bai estatuaren administrazioan eta bai gizarte zibilaren hainbat ordezkaritzatan, edo biztanleen arteko erlazioetan, gehiegitan ikusten dira legez kanpoko jokabideak. Legeak izan daitezke zuzenak, baina letra hila dira kasu askotan. Espero ote daiteke, beraz, ingurumenarekin erlazionaturiko legedia eta arauak benetan efikazak izan daitezen? Badakigu, adibidez, basoak babesteko legedi aski argia duten lurraldeek testigu isil eta mutu izaten jarraitzen dutela, lege horiek sarri askotan apurtzen ikusi arren. Gainera, eskualde batean gertatzen denak, zuzenean edo zeharka, ondorioak dauzka gainerako erregioetan ere. Horrela, adibidez, gizarte aberatsetako narkotikoen kontsumoak igo egiten du lurralde pobretuetan lantzen diren produktu horien eskea, non portaera ustelak ohikoak diren, biziak desegiten diren eta ingurunea zeharo degradatzen den.

II Kultur Ekologia

143 Ondare naturalarekin batera, hor dira ondare historikoa, artistikoa eta kulturala ere, eta horiek ere mehatxaturik. Toki bateko identitate komunaren partea dira, eta hiri bizigarri bat eraikitzeko oinarria. Kontua ez da desegin eta hiri berriak, ustez ekologikoak, sortzea, zeintzuk beti ez diren gustukoak gertatzen. Toki bati toki horretako historia erantsi behar zaio, bertako kultura eskaini eta arkitektura ere bai, jatorrizko identitateari eusteko. Horregatik, ekologia bada gizadiaren kultur aberastasunak zaintzea ere. Modu zuzenean eskatzen duena da tokian tokiko kulturen arreta izatea, ingurumenarekin erlazionaturiko arazoak aztertzerakoan, hizkuntza zientifikoa hizkera herrikoiarekin hartu-emanean jarririk. Ez da iraganeko monumentuekin loturiko kultura bakarrik, baita egunero bizi dinamiko eta parte-hartzailearekin lotua ere, eta hau ez dago baztertzerik gizakiaren eta ingurumenaren arteko erlazioa birpentsatzeko garaian.

144 Gizakiaren ikuspegi kontsumistak, gaurko ekonomia globalizatuaren engranajeak bultzaturik, kulturak homogeneizatu eta kultur aniztasun ugaria, gizakiaren altxorra, ahultzeko joera du. Horregatik, zailtasun guztiak arau uniformeen bidez eta interbentzio teknikoek bitartez konpondu nahi izateak esan nahi tokian tokiko problematika konplexuei jaramonik ez egitea; problematika horiek ezinbestekoa dute bizilagunen parte-hartze aktiboa. Eratzen diharduten prozesu berriak beti ez dago txertatzerik kanpotik ezarritako eskemetan, baizik eta tokian tokiko kulturatik hasi behar da. Bizia eta mundua dinamikoak diren bezalaxe, munduaren zaintzak malgua eta dinamikoa izan behar du. Irtenbide tekniko hutsek arrisku handia daukate problematika sakonenei erantzuten ez dien sintomei arreta eskaintzeko. Behar dena da herrien eskubideak eta kulturak txertatzea, eta, horrela, zuzen ulertu talde sozial baten garapena prozesu historiko bat dela testuinguru baten barruan eta, tokian tokiko aktore sozialen etengabeko protagonismoa eskatzen duela, beren kulturatik abiatuta. Bizi-kalitatearen beraren nozioa ere ez dago inposatzerik, baizik eta giza talde bakoitzaren sinbolo-munduaren eta ohitura propioen barruan ulertu behar da.

145 Ingurumenaren erabat kontzentraturiko esplotazio- eta degradazio-forma askok, bizitzeko bertakoek behar dituzten baliabideak bukarazteaz gain, desagerraraz ditzakete gaitasun sozial batzuk luzaroan balio izan dizkietenak bizitzeko modu jakin bat moldatzeko, eta existentzia eta elkarbizitzari identitate kulturala eta zentzua emateko. Kultura jakin bat galtzea izan daiteke animalia-espezie bat edo espezie-begetal bat bera galtzea bezain larria ego larriagoa. Bizi-estilo hegemoniko bat inposatzea, produkzio-molde jakin batekin uztarturik, izan daiteke ekosistemak alteratzea bezain kaltegarria.

146 Alde horretatik, ezinbestekoa da komunitate aborigenei, beren kultur tradizioekin, arreta berezia eskaintzea. Ez dira gehiengo txiki bat beste guztien artean, baizik eta hizketakide nagusi bilakatu behar dute, batez ere beren espazioei erasaten dieten proiektu handiak aztertzeko garaian. Haientzat, lurra ez da bakarrik ondasun ekonomikoa, baizik eta Jainkoaren eta lur horretan atseden hartzen duten arbasoen dohaina, espazio sakratua, eta lur horrekin elkar eraginean bizi nahi dute, identitateari eta baloreei eusteko. Beren lurraldeetan jarraitzen dutenean, eurak dira, hain zuzen, ongien zaintzen dituztenak. Alabaina, munduko hainbat tokitan, presio handiak egiten zaizkie, lur horiek abandona ditzaten, erauzte-proiektuei eta laborantza eta abeltzaintzako proiektuei bidea libre uzteko. Gero, ordea, tamalez, proiektu horiek ez dute aintzat hartzen naturaren eta kulturaren degradazioa.

III Eguneroko bizitzaren ekologia

147 Benetako eta zinezko garapenaz mintzatu ahal izateko, ziurtatu beharko da hobekuntza integrala giza biziaren kalitatean, eta horrek esan nahi du pertsonak bizi diren espazioa aztertzea. Inguratzen gaituzten eszenatokiek erruz eragiten dute bizia ikusteko eran, sentitzeko moduan eta jokabidean. Aldi berean, gure bizitokian, etxean, lantokian eta auzoan, identitatea espresatzeko erabiltzen dugu ingurunea. Asko saiatu ohi gara mediora moldatzen eta, ingurune bat desordenatua eta kaotikoa denean edo ikuspen-kutsadura eta akustikoaz josia dagoenean, gehiegizko estimuluak erronka handia dira identitate integratu eta zoriontsua osatzen saiatzeko.

148 Miresgarria da zenbait pertsona eta hainbat talderen sormena eta eskuzabaltasuna: kapaz dira ingurunearen mugak iraultzeko, baldintzapenen efektu gaiztoak aldatu eta, desordena eta prekarietateren erdian, bizia bideratzen ikasirik. Esate baterako, eraikinen fatxadak zeharo hondaturik dauden leku batzuetan, badira pertsonak etxebizitzen barrualdeak duintasun handiaz zaintzen dituztenak, edo oso eroso sentitzen direnak jendearen amultsutasun edo adiskidetasunarekin. Biztanleen bizi positibo eta onak argi egiten du begiratu batera oso gustagarria ez dirudien ingurunean. Batzuetan, goresgarria da pobreek, hainbeste ezin eta muga izanik, gara dezaketen giza ekologia. Populazio-dentsitate handiko bizileku eta espazioetan, pilaketaren ondorioz, sortzen den asfixia-sentsazioari aurre egin dakioke, giza erlazio hurbilak eta beroak sortzen badira, komunitateak eraturik, ingurunearen mugak pertsona bakoitzaren barnean konpentsatu eta pertsonari hori besteekin elkartasunean eta talde bateko partaide sentitzen denean. Modu horretan, inon ez dago infernurik eta bizi duin baten testuinguru bilakatzen da.

149 Nolanahi ere, egia da harmonia, zabaltasun eta integratzeko posibilitaterik ez duten ingurune askotan dagoen gabezia totalak portaera ez-humanoak azaleratzen dituela, eta pertsonen manipulazioa handia dago organizazio kriminalen aldetik. Oso auzo prekarioetako bizilagunentzat, pilaketatik hiri handietako anonimatu sozialera egunero jauzi egiteak proboka dezake deserrotze-sentsazioa, eta hortik etorri ohi dira portaera antisozialak eta biolentzia. Hala eta guztiz ere, ez naiz isilduko, esan eta esan, maitasunak gehiago dezakeela. Baldintza horietan bizi diren pertsona asko gai dira talde-kidetasun eta elkarbizitzarako lokarriak harilkatzeko; pilaketa, horrela, komunitate-esperientzia bihurtzen da, non apurtzen diren egoaren hormak eta gainditzen egoismoaren hesiak. Salbazio komunitario horren esperientziak erreakzio kreatzaileak eragiten ditu, eraikinak edo auzoak hobetzeko [117].

150 Espazioaren eta gizakiaren jokabidearen arteko erlazioa ikusirik, etxeak, auzoak, espazio publikoak eta hiriak diseinatzen dituztenek esparru askotako ekarpenak behar dituzte, prozesuak, sinbolismoak eta pertsonen portaerak ulertzen laguntzeko. Ez da nahikoa diseinuaren edertasuna; askoz ere baliosagoa da beste edertasun bati egiten zaion zerbitzua: pertsonen bizi-kalitatea, ingurunera moldatzea, eta elkarrekin bildu eta elkarri laguntzea. Horregatik, bada, da hain garrantzitsua bizilagunen perspektibek osatzea, beti, planteamendu urbanoaren analisia.

151 Ondo zaindu behar dira taldetasun-zentzua, errotze-sentsazioa, eta hartu eta batzen gaituen hirian “etxean gaudelako” sentimendua indartzen duten leku komunak, ikus-eremuak eta zedarri urbanoak. Inportantea da hiriaren parte guztiak ondo integraturik egotea eta biztanleek multzo-ikuspegia izatea, hiri osoan bizitzeari uko eginik, espazio propio bezala hartu eta besteekin konpartitu gabe, auzo batean itxita bizi ez daitezen. Hiriko edo laborantza-eremuko paisaian egiten den interbentzio orok garbi ikusi beharko luke hainbat elementuk, batak bestearekin, toki bati nolako osotasuna ematen dioten, eta biztanleek esanahi aberatseko koadro koherente baten moduan atzematen dute. Horrela, inor ez da arrotz, eta senti ditzake besteak elkarrekin zerbait eraikitzen diharduten ‘gu’ baten zati gisa. Arrazoi horrengatik, ingurune urbanoan nahi laborantzakoan, komeni da leku batzuk zaintzea, eta erabat alda dezaketen giza interbentzioak saihestea.

152 Etxebizitzen eskasia larria da munduko alde askotan, bai laborantza-eremuan eta bai hiri handietan; aurrekontu estatalek ez dute asetzen eskearen zati txiki bat baino. Ez bakarrik pobreek, gizartearen zati handi batek zailtasun handiak izaten ditu etxebizitza eskuratzeko. Etxebizitzaren jabe izateak zerikusi handia dauka pertsonen duintasunarekin eta familien garapenarekin. Giza ekologiaren arazo zentrala da hori. Leku batean etxe prekarioen pilaketa kaotikoak sortu badira, egin behar dena da auzo horiek urbanizatu, eta ez errotik gauzak moztu eta kanpora bota. Pobreak auzo txiro eta kutsatuetan edo arriskutsu pilaturik bizi direnean, “beste leku batera aldatu behar badira, nozitzen dutena baino sufrimendu gehiago ez eransteko, behar-beharrezkoa da aldez aurretik informazio egokia eman, bizitoki duinak eskaini eta zuzenean interesatuak inplikatzea” [118]. Aldi berean, sormenak egin beharko lukeena da auzo prekarioak hiri eroso eta abegitsuan integratu: “Zein ederrak diren deskonfiantza patologikoa gainditu eta ezberdinak integratzen dakiten hiriak, eta integrazio hori garapen-faktore bihurtzen dutenean! Eder eta polit, hiriak, diseinu arkitektonikoak ere, elkarrekin konektatu, erlazionatu eta bestea onartzea errazten duten espazioz beterik daudenean” [119].

153 Hirietako bizi-kalitateak zerikusi handia dauka garraioarekin; sufrimendu-bide handia izan ohi da biztanleentzat. Hirietan, automobil asko ibili ohi da pertsona bakarrarekin edo pare batekin; horrela, mugitzea konplikatu egiten da, kutsadura-maila altua da, energia ez-berriztagarri mordoa kontsumitzen da, eta nahitaezko bihurtzen da autopista eta geltoki gehiago egitea; horrek, noski, kalte egiten dio hiri-bilbeari. Espezialistak bat datoz: garraio publikoari eman behar zaio lehentasuna. Baina beharrezko neurri batzuk gizarteak nekez onartuko ditu bakean, garraioa asko hobetzen ez bada; izan ere, zenbait hiritan pertsonei ematen zaien tratua, bistan denez, burla bat da, pilaketa dela medio, erosotasunik eza dela bide edo zerbitzu batetik bestera tarte handia dagoelako, edo segurtasuna eskasa delako.

154 Gizakiaren duintasun bereziaren onarpena, askotan, kontraesan handian dago pertsonek gure hirietan daukaten bizi kaotikoarekin. Baina horrek ez liguke ahantzarazi behar nekazaritza-eremuan bizilagun asko zenbateraino abandonaturik eta ahazturik bizi den, oinarrizko zerbitzuak iristen ez diren tokietan, eta badira langileak esklabo moduan ari direnak, eskubiderik gabe eta bizi duinagoa izateko esperantza barik.

155 Giza ekologiak beste zerbait sakonagoa ere inplikatzen du: gizakiaren ezinbesteko erlazioa bere izate propioan idatzia dagoen lege moralarekin, nahitaezkoa ingurune duinagoa sortu ahal izateko. Benedikto XVI.ak zioen badela “giza ekologia”  bat, zeren “gizakiak badu izate bat berak ere errespetatu behar duena eta nahi eran manipula ez dezakeena” [120]. Ildo horretatik jarraituz, aitortu beharko dugu gure gorputzak berak erlazio zuzenean jartzen gaituela ingurunearekin eta gainerako izaki bizidunekin. Gorputza Jainkoaren dohain moduan onartzea nahitaezkoa da mundu osoa besarkatu eta Aitaren opari moduan eta etxe komun gisa onartzeko; baina gorputzaren jabe izan nahiaren logika, inoiz, kreazioaren gainean agindu nahiaren logika bihurtzen da. Norbere gorputza nola hartu jakitea, zaintzen eta bere esanahiak errespetatzen ikastea esentziala da benetako giza ekologiarako. Gorputzaren balorazioa ere oso beharrezkoa da —emakumezkoa bada, emakumezko moduan, eta gizonezkoa bada, gizonezko bezala— diferentearekiko erlazioan nor den garbi izan dezan. Horrela, posible da poz-atseginez onartzea bestearen dohain espezifikoa, Jainko kreatzailearen obra, eta elkar aberastea. Hortaz, ez da sanoa “ diferentzia sexuala desegin nahi duen jarrera, zeren jada ez daki diferentzia horrekin alderatzen” [121].

IV Guztion onaren printzipioa

156 Giza ekologia  banaezina da guztion onaren noziotik, etika sozialean rol garrantzitsua eta bateratzailea betetzen duen printzipioa. “Elkarteei eta elkarteko kide bakoitzari, beren perfekziorako, lorpenik oso eta errazena ahalbidetzen dien bizi sozialeko baldintza multzoa”  [122].

157 Guztion onak eskatzen du pertsonaganako errespetua; pertsona, bere garapen integralera bideraturik dauden oinarrizko eskubide alienaezinekin. Guztion onak, aldi berean, eskatzen du ongizate soziala eta tarteko hainbat talderen garapena, subsidiariotasun-printzipioa aplikaturik. Familia da denetan lehenengoa, gizartearen oinarrizko zelula den aldetik. Azkenik, guztion onak exijitzen du bake soziala, hau da, maila bateko egonkortasuna eta seguritatea; hori ez dago lortzerik banaketa-justiziari arreta zorrotza ipini gabe, eta hori hausteak biolentzia dakar beti. Gizarte osoak —eta bereziki Estatuak— betebehar bazterrezina dauka guztion ona defenditu eta bultzatzeko.

158 Munduko gizartearen gaurko baldintzetan hainbat desberdintasun dago, eta gero eta gehiago dira pertsona baztergarriak [baztertuak], oinarrizko giza eskubiderik gabe, guztion onaren printzipioa da logikoa eta derrigorrezko ondorioak izan behar dituen ardatza solidaritateari begira eta pobreen alde, lehentasunez, jokatzeko. Hautabide horren izenean, atera ditzagun ondorioak munduko ondasunen destino komunari buruz, baina, Evangelii gaudium Aholku Gutunean azaltzen saiatu naizen eran [123], horrek exijitzen du, batez ere, pobrearen duintasun handia sinestunaren konbikzio sakonen argitan begiratzea. Aski da errealitatea behatzea, ohar gaitezen hautabide hori dela, gaur, funtsezko exijentzia etikoa, guztion ona zinez gauza dadin.

V Justizia belaunaldien artean

159 Guztion onaren nozioak bere baitan hartzen ditu geroko belaunaldiak ere. Nazioarteko krisi ekonomikoek erakutsi dute, gogor erakutsi ere!, zein ondorio latzak ekarri ohi dituen destino komuna ez ezagutzeak; ez dago uzterik destino horretatik at gure ondoren datozenak. Jada ez dago hitz egiterik garapen jasangarriari buruz belaunaldien arteko solidaritaterik gabe. Ondorengo belaunaldiei planeta nola uzten diegun pentsatzen dugunean, beste logika batean sartzen gara, debalde hartu eta komunikatzen dugun dohainaren logikan. Lurra eman baldin bazaigu [emana izan bada], ez daukagu pentsatzerik onura indibidualerako produktibitatean ardazturiko irizpide utilitaristan; ez gara ari hitz egiten aukeran dugun jarrerari buruz, baizik eta oinarrizko justizia-arazoa da, zeren hartu dugun lurra bada ondoren etorriko direnena ere. Portugalgo Gotzainek aholkatu digute justiziazko betebehar hori asumitzeko: “Ingurunea hartzekoaren logikan kokatu dago. Belaunaldi bakoitzak jasotzen duen mailegua da, eta hurrengo belaunaldiari transmititu beharrekoa” [124]. Ekologiaren begirada zabala baino ez da.

160 Nolako mundua utzi nahi diegu gure atzetik datozenei, orain hazten diharduten umeei? Galdera horrek ez dio begiratzen inguruneari modu isolatuan, zeren zatika planteatu ezin den arazoaren aurrean gaude. Zer-nolako mundua nahi dugun galdetzen diogunean geure buruari, ulertzen duguna da, batik bat, orientazio orokorra, zentzua, baloreak. Galdera hori ez bazaigu barrenean taupaka ari, ez dut uste gure kezka ekologikoek ezer askorik lortuko dutenik. Baina galdera hori adorez planteatzen badugu, beste kuestionamendu batzuetara garamatza zuzen-zuzenean: Zer egiten dugu mundu honetan?, zertarako bizi gara?, zertarako lan eta borrokatzen gara?, zertarako behar gaitu lurrak?  Horregatik ez da nahikoa esatea datozen belaunaldiez arduratu behar dugula. Jakin behar dena da geure duintasuna dagoela jokoan. Geu gara ordezkatuko gaituen gizadiarentzat planeta txukun eta bizigarria uzteko lehen interesatuak. Drama handi baten aurrean gaude, krisian ipintzen baitu lur honetatik igarotzearen zentzua bera.

161 Aurreikuspen katastrofikoak ez dago begiratzerik jada mespretxuz edo ironiaz. Ondorengo belaunaldiei utz geniezaieke zaborra, basamortu eta zikinkeria gehiegi. Kontsumo-erritmoak, hondakin eta ingurumenaren aldaketak gainditu dituzte planetaren posibilitateak; horrela, bada, egungo bizi-estiloak, jasangaitza delako, ez garamatza katastrofera baino, dagoeneko noizbehinka toki askotan gertatzen ari den moduan. Gaurko desorekaren efektuak arintzea gure esku dago, baina orain bertan egiten dugunaren baitan dago; pentsa dezagun, batez ere, ondoriorik txarrenak pairatu beharko dituztenek leporatuko diguten erantzukizunean.

162 Erronka hori serio hartzeko zailtasunak ardura etiko eta kulturalaren gainbeherarekin dauka zerikusia; hortik dator hondamen ekologikoa. Mundu postmoderno honetako gizon-emakumeek arrisku handia daukate zeharo indibidualista bihurtzeko, eta problema sozial asko egungo berehalakotasun egoistarekin daude erlazionatuak, baita lotura familiar eta sozialekin ere edo besteari aitormen egiteko zailtasunekin.  Batzuetan, gurasoek segituko kontsumo handiegia darabilte eta horrek erasan egiten die seme-alabei, zeinek gero eta zailtasun handiagoak dituzten etxebizitza propioa eskuratu eta familia osatzeko. Gainera, biharko belaunaldietan serio pentsatzeko gure ez-gaitasuna honetan datza: kapazitaterik eza egungo interesak zabaldu eta garapenetik kanpora geratzen ari direnekin solidarizatzeko. Ez ditzagun imajina biharko pobreak bakarrik, gogora ditzagun egungoak ere, oso urte gutxi geratzen zaizkie bizitzeko eta ez dezakete jarrai itxaroten. Horregatik, “belaunaldien arteko solidaritatearekin batera, aipatu beharra dago belaunaldi beraren barneko solidaritatearen premia moral urgentea ere” [125].

BOSGARREN KAPITULUA

ORIENTAZIO ETA EKINTZA ILDO BATZUK

163 Ahalegindu naiz gizadiaren egungo egoera aztertzen, bai bizi garen planetan ageri diren zirrikituak behatzen eta bai ingurumenaren degradazioaren giza kausarik sakonenak azaltzen. Nahiz eta errealitatearen behaketa horrek berak, bere baitan, norabidearen aldaketa-premia seinalatu eta ekintza batzuk izendatu, orain saia gaitezen elkarrizketarako bide handiak delineatzen, murgildurik gauden auto-suntsiketaren espiraletik ateratzen lagun diezaguten.

  1. Elkarrizketa: inugurumena nazioarteko politikan

164 Aurreko mendearen erdi aldetik hasita, eta zailtasun handiak gainditurik, bada joera bat planeta hau aberri moduan eta gizadia denon etxean bizi herri gisa hartzeko. Interdependentzian dagoen munduak ez du esan nahi, soilik, bizi-estilo, produkzio eta kontsumoaren ondorio kaltegarriek denei erasaten diela, baita ere konponbideak perspektiba globaletik proposatu behar direla, eta ez bakarrik herrialde jakin batzuen interesen arabera. Mundu bakarrean, proiektu komunean pentsaraztera behartzen gaitu interdependentziak. Baina ikaragarrizko garapen teknologikorako erabili zen adimen bera ez da gauza, ingurumenaren eta problema sozial larriei irtenbidea eman diezaiegun, gestio internazional egokia topatzeko. Sakon-sakoneko problemei aurre egitea, herrialde isolatuen ekintzen bitartez ezinezkoa denez, ezinbestekoa da kontsensu mundiala; adibidez, nekazaritza jasangarria eta dibertsifikatua antola dadin, energia-forma berriztagarriak eta gutxi kutsatzen dutenak gara daitezen, energia-efizientzia handiagoa sustatzeko, itsas eta baso-baliabideen gestio egokiagoa bultzatzeko eta edateko ura guztiengana irits dadin lortzeko.

165 Badakigu erregai fosil txit kutsagarrietan oinarrituriko teknologia —batez ere ikatzean, baita ere petrolioan eta, neurri txikiagoan, gasean— beharrezkoa da progresiboki eta denborarik galdu gabe ordezkatzen joatea. Energia berriztagarrien garapen zabalik ez dagoen bitartean —honezkero martxan beharko luke—, zilegi da, onik ezean, txarrenak ez direnak hautatzea eta tarteko konponbideetara jotzea. Alabaina komunitate internazionalean ez da lortzen behar besteko akordiorik trantsizio energetikoaren kostuak jasateko erantzukizunaren gainean. Azken hamarkadetan, ingurunearekiko arazoek debate garrantzitsua eragin dute; horrek, gizarte zibilean, konpromiso handiko espazioak irekiarazi ditu; ahalbidetu du askok eta askok eskuzabaltasunez jardutea ere. Aldiz, politika eta enpresa motel mugitu dira, urrun erronka mundialek exijitzen duten neurritik. Alde horretatik, esan daiteke industria osteko gizadia, agian, historiako axolagabeenentzat joko dela, eta, aldrantziz, espero izatekoa da XXI. mendearen hasierako gizadia bere erantzukizun larriak eskuzabaltasunez asumitu dituelako gogoratzea.

166 Munduko mugimendu ekologikoak bide luzea du egina jadanik, gizarte zibileko erakunde askoren esfortzuaren bitartez aberastu delarik. Ez litzateke posible hemen denak aipatzea eta egindako ekarpenen historia osoa azaltzea. Baina, horrenbesteko entregari esker, ingurune-arazoak gero eta presenteago egon dira agenda publikoan eta epe luzera pentsatzeko etengabeko gonbita bihurtu dira. Guztiarekin ere, inguruneari buruzko azken urteetako munduko Bilkura Gailurrek ez diete erantzun espektatibei zeren, erabaki politikorik ez eta, ez dute lortu ingurumenari buruzko benetako akordio global esanguratsu eta efikazik.

167 Azpimarra dezagun Lurraren Bilkura Gailurra, 1992an Río de Janeiron egina. Han aldarrikatu zen “gizakia da garapen jasangarriarekin erlazionaturiko kezken zentroa” [126]. Estokolmoko Deklarazioaren edukiak berrarturik (1972), lur osoko ekosistema zaintzeko kooperazio internazionala berretsi zuen, kutsatzen duenak egin behar du kargu ekonomikoki, obra edo proiektu guztiek eragiten duten ingurumen-inpaktua ebaluatzeko obligazioa. Helburu hau proposatu zuen: negutegi-efektua sortzen zuten gas-kontzentrazioak gelditzea, berotze globalari buelta emateko. Era berean, elaboratu zuen agenda bat ere, ekintza-programa eta dibertsitate biologikoari buruzko hitzarmenarekin, eta printzipio batzuk deklaratu ere bai basogintzari buruz. Nahiz eta, egiaz, bilkura gailur hura handia eta profetikoa izan bere garairako, harturiko akordioek inplementazio-neurri baxua izan dute, ez baitziren ezarri kontrol-mekanismo egokiak, aldian-aldian begiratu eta arau-hausteak zigortzeko. Enuntziaturiko printzipioek, exekuzioa praktikoa izan dadin, bide efikaz eta bizkorrak eskatzen jarraitzen dute.

168 Esperientzia positiboen aldetik aipa daitezke, esate baterako, Basileako Hitzarmena, hondakin arriskutsuei buruz, notifikazio- estandar- eta kontrol-sistemarekin. Baita mehatxaturik dauden basoko fauna eta floraren komertzio internazionala erregulatzen duen Konbentzio loteslea ere; konplimendua efektiboa ote den egiaztatzea du eginkizun. Ozono-geruza babesteko egin zen Vienako Konbentzioa eta horren inplementazioari esker, Montrealgo Protokoloaren eta bere emendakinen bitartez, badirudi geruza horren mehetze-problema sartua dela konponbide-fasean.

169 Dibertsitate biologikoaren zainketan eta desertizazioarekin erlazionaturiko gaietan, aurrerapausoak askoz ere eskasagoak izan dira. Aldaketa klimatikoari dagokionez, tamalez, aurrerapausoak oso eskasak dira. Negutegi-efektudun gasen murrizketak prestutasuna, adorea eta erantzukizuna eskatzen ditu, batez ere herrialde boteretsu eta kutsagarrienen aldetik. Garapen jasangarriaren gaineko Nazio Batuen Konferentziak, Rio+20 deiturikoa (Río de Janerio 2012), azken Deklarazio luze eta zabal bezain inefikaza egin zuen. Nazioarteko negoziazioek ez dezakete askorik aurrera egin, nazio pribilegiatuek beren interesak ipintzen dituztelako guztien on globalaren gainetik. Gu disimulatzen saiatzen garen ondorioan jasango dituztenek arrazoiz gogoratu dute gure kontzientzia falta eta ardurarik eza. Entziklika hau lantzen ari ginen bitartean, debateak sekulako intentsitatea hartu du. Sinestunok beharturik gaude Jainkoari eskatzera egungo eztabaiden aurrerabide positiboaren alde, geroko belaunaldiek paira ez ditzaten axolagabekeriak eragindako ondorio atzeratuak.

170 Gas kutsagarrien jaurtiketa baxurako estrategia batzuek nahi dute ingurumen-kostuak internazionaltzea, eta baliabide gutxien dauzkaten herrialdeei emisioen murrizketan konpromiso larriak ipini; adibidez, industrializaturik dauden herrialdeen parekoak. Neurri horiek inposatzeak, argi eta garbi, garapen-premian dauden herrialdeei egiten die kalte. Horrela, beste injustizia bat gehiago, ingurunearen zainketa-mozorroz jantzia. Beti bezala, gunerik ahulenean mozten da haria. Aldaketa klimatikoaren ondorioak luzaro sentituko direnez, nahiz eta orain neurri zehatzak hartu, baliabide gutxiko herriek laguntza beharko dute, jadanik gertatzen ari diren efektuetara moldatzeko; eta, bistan denez, beren ekonomiak jadanik nozitzen ari da. Egia da badirela erantzukizun komunak, baina diferentziatuak; adidez, Boliviako Gotzainek esan duten eran, “beren industrializatze-maila altuagatik onura handiak izan dituztenek, negutegi efektuko gas-jaurtiketa izugarrien kontura, erantzukizun handiagoa daukate kausatu dituzten problemen konponbiderako ekarpenak egiteko” [127].

171 Karbono-bonoen salerosketaren estrategiak eragin lezake espekulazio-forma berri bat, eta gerta daiteke balio ez izatea gas kutsagarrien emisio globala murrizteko. Sistema horrek soluzio azkarra eta erraza ematen du, eta badu ingurumenarekiko konpromisoa hartzen duen itxura bat, baina inolaz ere ez du esan nahi zirkunstantziek eskatzen duten neurriko aldaketa erradikala denik. Aitzitik, izan daiteke dibertsio-baliabide bat, zenbait herrialde eta sektoreren kontsumo handia permititzen duena.

172 Herrialde pobreek duten lehentasuna da miseria errotik erauzi eta biztanleen garapen soziala lortzea. Baina beste hau ere gogoan izan beharrekoa: beren herrialdeko sektore pribilegiatu batzuen kontsumo eskandalagarria eta ustelkeria kontrolatzea. Egia da, era berean, energia produzitzeko, gutxiago kutsatzen  duten formak garatu behar dituztela, baina, horretarako, planetaren gaurko kutsaduraren kontura hazi diren herrialdeen laguntza behar dute.  Eguzki-energia ugariaren aprobetxamenduak eskatzen du mekanismo eta subsidioak ezartzea, garapenean dauden herriak teknologien transferentzia, asistentzia teknikoa eta baliabide finantzarioak irits ditzaten; baina, beti ere, baldintza konkretuei arreta ipinirik, zeren “beti ez da ondo ebaluatzen ea testuinguru konkretu baterako diseinatu diren sistemak txertagarriak ote diren testuinguru horretan” [128]. Kostuak txikiak izango lirateke aldaketa klimatikoaren arriskuekin konparatuz gero. Edozelan ere, denen gainetik, guztien solidaritatean oinarrituriko erabaki etikoa da.

173 Urgenteak beteko diren nazioarteko akordioak, ikusirik, efikaziaz jokatzeko, tokiak tokiko instantziek dute ahulezia. Estatuen arteko erlazioek errespetatu egin behar dute bakoitzaren subiranotasuna, baina baita guztiei erasango lieken katastrofeak saihesteko kontsensuzko bideak ipini ere. Erregulazio-marko globalak behar dira, obligazioak ezarri eta ekintza jasanezinak galaraziko dituztenak; adibidez, herrialde ahaltsuek pobreetara hondakin eta industria txit kutsagarriak bidaltzea.

174 Aipa dezagun ozeanoen gobernamendu-sistema ere. Elkarrizketa internazionalak eta erregionalak izan baziren ere, zatiketa eta arautegiak betearazteko, kontrol eta zigortzeko mekanismo zorrotzik ezak hutsean utzi ditu esfortzu guztiak. Itsas hondakinen gorakadak eta itsas eremuak frontera nazionalen gainetik babesteko premiak erronka gogorra planteatzen jarraitzen du. Azken finean, gobernamendu-erregimenari buruzko akordioa behar dugu, “guztion on globalak” deituriko gama osoarentzat.

175 Berotze globalaren joerari buelta emanarazteko erabaki drastikoak hartzea zailtzen duen logika bera da pobrezia erradikatzea oztopatzen duena. Erreakzio global arduratsuagoa behar dugu, aldi berean bi gauzei aurre egingo diena: kutsaduraren murrizketari eta herrialde eta eskualde pobreen garapenari. XXI. mendeak iraganeko gobernamendu-sistemei eusten jarraitzen du, eta ezinbestekoa da Estatu nazionalen ahultzea, batez ere nazioen gaindiko izaera duten dimentsio ekonomiko eta finantzarioa politikaren gainetik jarri delako. Testuinguru horretan, behar-beharrezkoa da instituzio internazional indartsuago eta efikaziaz antolatuak izatea, berdintasunaren ikuspegitik, gobernu nazionalen akordio bidez,  izendaturiko agintariekin, eta santzionatzeko ahalmena izango dutenak. Benedikto XVI.ak, lehendik Elizak garaturiko doktrina soziala oinarritzat harturik, esaten zuen eran, “munduko ekonomia gobernatzeko, krisiak erasandako ekonomiak saneatzeko, okerragora joan ez zedin eta, ondorioz, sor zitezkeen desorekak saihesteko, zinezko desarme integrala, janaritze-segurtasuna eta bakea lortzeko, ingurumenaren babesa bermatu eta migrazio-isuriak erregulatzeko, urgentea da benetako Autoritate politiko mundialaren presentzia, gure aurreko Aita Santu [san] Joan XXIII.ak aipatu zuen moduan.»[129]. Perspektiba horretan, sekula izan duen garrantzirik handiena dauka diplomaziak, guztiei erasaten dieten problema larriei aurreratuko zaizkien estrategia internazionalak bultzatzeko.

II Elkarrizketa, politika nazionalei eta tokian tokikoei begira

176 Galtzaileak eta irabazleak herrialdeen artean ez ezik, badira herrialde pobreen barnean bertan ere, non identifikatu behar diren hainbat erantzukizun. Horregatik, ingurune eta garapen ekonomikoarekin erlazionaturiko arazoak, jadanik, ez dago planteatzerik, soilik, herrialdeen arteko diferentzien baitan, baizik eta nahitaezkoa da arreta ipintzea politika nazionalei eta tokian tokikoei.

177 Giza gaitasunak arduragabeki erabiltzeko posibilitatearen aurrean, Estatu bakoitzaren baztertu ezineko funtzioak dira planifikatu, koordinatu, begiratu eta santzionatzea, bere lurralde propioaren barruan. Gizarteak nola ordenatu eta zaintzen du bere etorkizuna etengabeko berrikuntza teknologikoen testuinguruan? Zuzenbidea da moderatzaile moduan jokatzen duen faktoreetako bat, zeinek ezartzen dituen guztion onaren argitan onartuak diren portaerarako arauak. Gizarte sano, heldu eta burujabeak ezarri behar dituen mugak: aurreikuspena, ardura, erregulazio egokia, arauen aplikazioa zaintzea, ustelkeriaren kontrola, prozesu produktiboan sortzen diren efektu ez-deseatuen gaineko kontrol operatiboa, eta esku-hartze egokia balizko arrisku edo potentzialen aurrean. Badago jurisprudentzia, eta gero eta gehiago, enpresa-ekimenen efektu kutsagarriak jaistera bideratua. Baina marko politiko eta instituzionala ez da existitzen praktika txarrak saihesteko bakarrik, baita praktika onenei hats emateko ere, bide berrien bila dabilen sormena estimulatzeko ere, eta berdin ekimen pertsonal eta kolektiboak errazteko.

178 Berehalakotasun politikoaren dramak, komunistek ere defenditzen dutena, epe motzeko hazkundearen premia probokatzen dute. Hauteskunde-interesak tarteko, gobernuak ez dira erraz ausartzen, kontsumoari erasan diezaioketen neurriekin, herria  haserraraztera edo kanpoko inbertsioak arriskuan ipintzera. Boterea eraiki eta eskuratu nahiaren miopiak geldiarazi egiten du gobernuen agendan, begirada zabalarekin, ingurune-agenda integratzea. Horrela, ahaztu egiten da “denbora espazioaren gainetik dagoela” [130], beti ere emankorragoak baikara botere-espazioak menderatzeaz baino prozesuak sortzeaz gehiago arduratzen garenean. Handitasun politikoa erakusten da, momentu zailetan, printzipio handien arabera jokatu eta, epe luzerako, guztion onean pentsatzen dugunean. Botere politikoari asko kostatzen zaio betebehar hori nazio-proiektuan asumitzea.

179 Toki batzuetan, kooperatibak sortzen ari dira, energia berriztagarriak esplotatzeko: bertako auto-horniketa ahal izango litzateke eta, gero, soberakinen salmenta. Adibide sinple horrek adierazten du, munduko gaurko antolamendua (ordena) ardurak hartzeko ez-gai izan arren, tokian tokiko erakundeak egin dezake besterik. Han sor daiteke ardura handiagoa, eta zentzu komunitario indartsua, zainketa-gaitasun berezia eta sormen eskuzabalagoa, maitasun amultsua lurrarekiko, eta seme-alabei eta bilobei uzten zaienari buruz pentsatu ere bai. Balore horiek errotze-maila sakona daukate populazio aborigenengan. Batzuetan, zuzenbidea ez-nahiko suertatzen denez ustelkeria dela medio, behar dena da erabaki politikoa, herriak presionaturik. Gizarteak, gobernuz kanpoko erakunde eta tarteko elkarteen bitartez, gobernuak behartu behar ditu arau, prozedura eta kontrol zorrotzagoak garatzera. Hiritarrek ez badute kontrolatzen botere politikoa —nazionala, erregionala eta munizipala—, ezinezkoa da inguruneko kalteen kontrola ere. Bestetik, udaletako legediak izan daitezke efikazagoak auzo herrien artean akordiorik baldi badago, ingurune-politika egokiak sustatzeko.

180 Ez dago pentsatzerik errezeta uniformetan, herrialde eta eskualde bakoitzean problema eta muga espezifikoak baitaude. Egia da, baita ere, errealismo politikoak exiji ditzakeela trantsizioko neurri eta teknologiak, beti ere diseinuaz eta konpromiso gradual lotesleez lagunduta bada. Baina eremu nazionaletan nahiz lokaletan beti dago zeregin asko; adibidez, energia aurrezteko forma bultzatu. Horrek esan nahi du efizientzia energetiko handiagoko eta lehengai gutxiago behar duten produkzio-forma industrialak indartzea, ikuspegi energetikotik hain produktu efikazak ez direnak edo kutsagarriagoak merkatutik kenduta. Era berean, aipa ditzakegu garraioaren gestio ona edo energiaren kontsumoa eta kutsadura-maila murrizten duten etxeak eraikitzeko eta saneatzeko formak. Bestetik, politikaren tokian tokiko eragina bidera daiteke kontsumoaren aldaketara, hondakin-ekonomiaren garapen eta birziklapenera, espeziek babestera eta laborantza dibertsifikatuaren programaziora, behin kultibo bat eta bestean beste bat erabiliz. Posible da lurralde pobreetako laborantza hobetzea, nekazaritzako azpiegituretan, tokian tokiko merkatuen edo nazionalen antolaketan, ureztatze-sistemetan eta nekazaritza-teknika jasangarrietan inbertsioak eginik. Erraz [sor] daitezke kooperazio-formak edo ekoizle txikien interesak defenditzen dituzten erakunde komunitarioak zeinek tokian tokiko ekosistemak babestu beharko dituzten harraparitzatik [depredaziotik]. Hainbeste da egin daitekeena!

181 Ezinbestekoa da jarraipena, zeren klima-alaketa eta ingurunearen babesarekin erlazionaturiko politikak ez dago mudatzerik gobernua kanbiatzen den bakoitzean. Emaitzek denbora asko eskatzen dute; gastuak, berriz, berehala dago egin beharra, eta gobernatze-aldi baten barnean azaldu ezin diren efektuak dituzte.  Horregatik, herriaren eta instituzioen presiorik gabe beti egongo da erresistentzia interbenitzeko, are gehiago irtenbidea eman beharreko urgentziak daudenean. Politiko batek erantzukizun horiek asumitzeak, horrek dituen kostuekin, ez dio erantzuten gaurko ekonomia eta politikaren logika efizientista eta inmediatistari, baina hori egitera ausartzen bada, ezagutuko du Jainkoak, gizakia den aldetik, eman dion duintasuna, eta erantzukizun eskuzabalaren testigantza utzita igaroko da historian. Toki nagusi bat gorde behar da politika sanoarentzat, instituzioak erreformatzeko, koordinatzeko eta praktika hobeak bultzatzeko gai izango den politikarentzat, ezen presioak eta inertzia biziosoak gainditzen lagunduko duten. Hala eta guztiz, esan beharra dago mekanismo onenek ere huts egiten dutela helburu handiak, baloreak, eta gizarte bakoitzari orientazio noble eta eskuzabala ematen dioten zentzuzko konprentsio humanista eta aberatsa falta direnean.

III Elkarrizketa eta gardentasuna erabaki-prozesuetan

182 Ekimen eta proiektuen ingurune-inpaktuen aurreikuspenak, noski, prozesu politiko gardenak eta elkarrizketari atxikiak eskatzen ditu; ustelkeria, aldiz, proiektu baten benetako ingurune-inpaktua fabore-truke ezkutaturik, gezurrezko akordioetara  iristen da, zabaltasunez informatu eta eztabaidatzea saihestuta.

183 Ingurune-inpaktuaren estudioak ez du etorri behar produkzio-proiektuaren edo garatu behar den edozein politika, plan edo programaren atzetik; hasiera-hasieratik egon behar du txertatua eta elkarren artean, gaikako espezialisten artean, landu, modu gardenean, presio ekonomiko eta politikotik libre. Lan-baldintza eta pertsonen osasun fisikoan eta mentalean, tokian tokiko ekonomian eta segurtasunean izan ditzakeen efektu posibleen analisiarekin konektatu behar du. Horrela, emaitza ekonomikoak modu errealistagoan ikusi ahal izango dira, eszenatoki posible guztiak kontuan harturik eta, behar izanez gero, zuzen daitezkeen ondorio txarrak bideratzeko, inbertsio handiagoaren premia azterturik. Beti da beharrezkoa agente sozialen artean kontsensura iristea, eskaini baititzakete ikusmolde, irtenbide eta alternatiba ezberdinak. Baina eztabaida-mahaian, paper pribilegiatua bete behar dute tokian tokiko bizilagunek, eurentzat eta euren seme-alabentzat nahi dutenaren bila baitabiltza, eta egon daitezke segituko interes ekonomikoaren gainetik beren helburuak. Utz diezaiogun ingurumenari buruzko “interbentzioetan” pentsatzeari, eta hitz egin dezagun alderdi interesatu guztiek pentsatu eta eztabaidaturiko politikaz. Parte-hartzeak eskatzen du egoki eta zuzen informaturik egotea hainbat aspekturi buruz eta hainbat arrisku eta posibilitateren gainean, eta hori ez da hasierako proiektuaren erabakira murrizten, segimendu-ekintzak sartzen dira hor, baita monitorizazio iraunkorra ere. Egia eta egiaren aldeko apustua behar dira eztabaida zientifiko eta politikoetan, eta ez begiratu, bakarrik, legeak zer onartzen duen eta zer ez.

184 Guztion onaren presenteari eta etorkizunari erasan diezaioketen arriskuak azaltzen direnenean ingurumenarentzat, egoera horrek exijitzen duena da “erabakiak oinarritu daitezela erabaki alternatibo bakoitzak dituen arrisku eta onura hipotetikoen konparazioan” [131]. Horrek balio du, batez ere, baldin eta proiektu batek baliabide natural gehiago erabili behar badu, emisio eta isuriak gehitu, hondakin gehiago sortzen badu, edo aldaketa handiak eragiten baditu paisaian, espezie babestuen habitatean edo espazio publiko jakin batean. Proiektu batzuek, behar bezala analizatuak ez daudelako, gogor erasan diezaiokete toki bateko bizi-kalitateari, mila motibo diferenterengatik: aurreikusi ez den kutsadura akustikoa, ikusmen-eremua murriztu, balore kulturalak galdu, energia nuklearra erabiltzearen ondorioak. Kultura kontsumistak, zeinek begiratzen dion epe motzari eta interes pribatuari, onar ditzake tramite azkarregiak eta informazio ezkutatzea kontsentitu.

185 Ekimen bati buruzko edozein eztabaidatan, honako galdera hauek planteatu beharko lirateke, benetako garapena ekarriko duen jakiteko: Zertarako? Non? Noiz? Nola? Norentzat? Arriskuak? Kostuak? Nork ordainduko du eta nola? Azterketa horretan badira lehentasuna duten arazoak. Adibidez, badakigu hura baliabide urria eta behar-beharrezkoa dela, eta beste giza eskubide batzuk praktikan jartzea baldintzatzen duen oinarrizko eskubidea. Ukaezina da hori, eta lurralde bateko ingurumen-inpaktuaren edozein analisi gainditzen du.

186 Ríoko Deklarazioan (1992) esaten da, “erremediorik gabeko kalte larriak sortzeko arriskua dagoenean, ziurtasun zientifiko absoluturik eza ez litzatekeela erabili beharko, ingurumenaren degradazioa saihets dezaten neurri efikazak [132]atzeratzeko arrazoi moduan”. ‘Badaezpada ere’ printzipioak ahulenen babesa ahalbidetzen du, zeinen medio gutxi duten defenditzeko eta froga ukaezinak mahai gainean ipintzeko. Informazio objektiboak ikusarazten baldin baditu kalte larri eta atzera bueltarik gabeak, nahiz eta froga erabatekorik egon ez, proiektua gelditu edo aldatu egin beharko litzateke. Horrela, inbertitu egiten da frogaren pisua, zeren kasu horietan demostrazio objektibo eta zorrotzak behar dira, hau da, proposatzen den aktibitateak ez diela eragingo kalte larririk ingurumenari eta hor bizi direnei.

187 Horrek ez du esan nahi herri baten bizi-kalitatea hobetu dezakeen edozein berrikuntza teknologikoren kontra egotea. Baina, nolanahi ere, garbi gera bedi errentagarritasuna ez daitekeela izan aintzat hartzen den irizpide bakarra eta, informazioaren eboluzioaren harira, epai-elementu berriak azaltzen diren momentuan, ebaluazio berria egin behar da interesatu guztien partaidetzarekin. Eztabaidaren emaitza izan liteke proiektuarekin ez jarraitzeko erabakia, baina izan liteke, baita ere, aldatzea edo proposamen alternatiboak garatzea.

188 Badira ingurumenarekin erlazionaturiko arazoei buruzko eztabaidak non oso zaila den kontsensua lortzea. Beste behin gehiago adierazi beharra daukat Elizaren asmoa ez dela arazo zientifikoak definitzea, ezta politika ordezkatzea ere, baina debate onestu eta garden baterako gonbita luzatzen dut, premia partikularrek edo ideologiek guztien onari erasan ez diezaioten.

IV Politika eta ekonomia elkarrizketan, gizakiaren asebeterako

189 Politikak ez du egon behar ekonomiaren mende eta ekonomiak, era berean, ez du egon behar teknokraziaren irizpen eta paradigma efizientisten mende. Gaur, guztion onean pentsaturik, premia larria dugu politika eta ekonomia, elkarrekin hartu-emanean, behingoz biziaren zerbitzuan jar daitezen, batez ere giza biziaren zerbitzuan. Bakuen salbazioa, kosta ahala kosta, herriari ordainaraziz, sistema osoa errebisatu eta erreformatzeko erabaki sendorik gabe, finantzen aginpide absolutua berresten du; horrek ez du etorkizunik eta krisi berriak eragin litzake, nahiz eta sendatu-itxura hartu aldi luze eta neketsuaren ondoren. 2007-2008ko krisi finantzarioa ez zen parada txarra, printzipio etikoekiko arretatsuagoa izango zen ekonomia-molde berria garatzeko, eta jarduera finantzario espekulatiboa eta aberastasun fiktizioa erregulatzeko. Baina ez zen izan erreakziorik mundua gidatzen jarraitzen duten irizpide zaharkituak birpentsatzeko. Produkzioa ez da beti arrazionala, eta produktuei balio errealarekin bat ez datorren balioa ematen dieten aldaki ekonomikoei loturik egoten da. Horrek, maiz asko, merkantzia batzuen gehiegizko produkzioa dakar, berez beharrezkoa ez den ingurune-inpaktuarekin, eta, aldi berean, ekonomia erregional askori egiten die kalte [133]. Burbuila finantzarioa izan ohi da burbuila produktiboa ere. Esanak esan, hemen gogor aurre egiten ez zaiona da ekonomia errealaren problema, eta hori da, hain zuzen, produkzioa dibertsifikatu eta hobetzen laguntzen duena, enpresek egoki funtziona dezaten ahalbidetzen duena, enpresa txikiak eta ertainak, garatu eta enplegua sor dezaten, bultzatzen dituena.

190 Testuinguru horretan, beti gogoratu beharrekoa “ingurunearen babesa ez dagoela ziurtatzerik, soilik, kostu eta etekinen kalkulu finantzarioan oinarrituta. Ingurunea da merkatuko mekanismoek defenditu edo behar bezala sutatu ezin duten horietako bat” [134].  Beste behin gehiago, komenigarria da burutik kentzea merkatuaren kontzepzio magikoa, zeinek pentsatzen duen problemak bakarrik erresolbitzen direla enpresen eta norbanakoen benefizioak igota. Errealista al da espero izatea ahalik eta etekin handienarekin obsesionaturik dagoena hurrengo belaunaldiei utziko dizkien ingurune-efektuei buruz pentsatzen hasiko dela? Etekinen eskema barruan ez da posible naturaren erritmoetan, degradazio-denboretan eta errekuperazioetan, eta ekosistemen konplexutasunean pentsatzea, gizakiaren esku-sartzeak larriki aldatu baditzake ere. Gainera, biodibertsitateaz mintzatzen garenean, gehienez ere, baliabide ekonomikoak gordetzen dituen eta esplota litekeen depositu baten antzera ikusten da biodibertsitatea, baina ez dira kontsideratzen serio gauzen balio erreala, pertsonentzat eta kulturentzat daukan esanahia, eta pobreen interes eta premiak.

191 Arazo horiek planteatzen direnean, batzuek gaizki erreakzionatzen dute,  gizakiaren aurrerabidea eta garapena irrazionalki geldiarazten ari direla leporatzen diete. Baina konbentzitu beharrean gaude produkzio- eta kontsumo-erritmo bat moteltzeak ekar lezakeela beste aurrerabide- eta garapen-mota bat. Baliabide naturalen erabilpen jasangarrirako esfortzua ez da zentzu gabeko gastua, baizik eta epe ertainera beste benefizio ekonomiko batzuk eman ditzakeen inbertsioa. Estuegiak ez bagara, erraz ikus dezakegu berriztatzaileagoa den eta ingurune-inpaktu txikiagokoa duen produkzioaren dibertsifikazioa izan daitekeela oso errentagarria. Beste aukera batzuei bideak irekitzea da kontua, eta ez dute giza sormena geldiarazten eta aurrerabidearen ametsa zapuzten, baizik eta energia hori ildo berrietatik barrena orientatu.

192 Adibidez, produkzio-garapenerako bide sormentsuago eta hobeto orientatuak zuzen litzake kontsumoarekin loturiko gehiegizko inbertsio teknologikoa eta gizadiak dauzkan problemak erresolbitzeko dagoen inbertsio txikiaren ondorioak; sor litzake forma inteligente eta errentagarriak: berrerabilpena, berriro funtzionaraztea, birziklapena: hobetu lezake hiroetako efizientzia energetikoa. Produkzio-dibertsifikazioak posibilitate zabalak eskaintzen dizkio adimenari kreatu eta berritzeko, ingurunea babesteaz batera, eta lan-iturri berriak sortzen ditu. Horra gizakiaren duintasuna berriro lorarazteko kapaz den sormen-indarra, zeren duinagoa da adimena erabiltzea, ausardiaz eta arduratsu, garapen-forma jasangarriak eta bidezkoagoak aurkitzeko, bizi-kalitatea nozioaren marko zabalagoaren barruan. Aldiz, ez-duinagoa, gainazalekoa, sormen-indar gutxiagokoa da naturaren espoliazio-formak sortu nahi izatea, bakar-bakarrik kontsumitzeko posibilitate berriak eta segituko etekina eskaintzearren.

193 Dena dela, kasu batzuetan, garapen jasangarriak esan nahiko du hazteko forma berria; beste batzuetan, aldiz, aurreko hamarkadetan izan zen hazkunde suntsigarri eta ez-arduratsuaren aurrean, pentsatu beharko, noski, martxa apur bat moteltzea era, muga arrazional batzuk ipintzea eta atzera jotzea ere bai, beranduegi izan dadin baino lehen. Badakigu jasangaitza dela kontsumitu eta kontsumitu geratzen ez diren haien portaera, beste batzuk oraindik bizi ezin direnean beren giza duintasunak eskatzen duen neurrian. Horregatik heldu da garaia hazkundearen halako jaitsiera bat onartzeko munduko alderdi batzuetan, eta baliabideak ipini beste alderdi batzuetako hazkunde sanoaren zerbitzuan. Benedikto XVI.ak esaten zuen “beharrezkoa zela teknologikoki aurreratuta zeuden gizarteak prest egotea, sobrietatea ezaugarri duten konpartimenduak bultzatzeko, norbere energia-kontsumoa gutxitu eta erabilpen-baldintzak hobeturik” [135].

194 Aurrerabide-eredu berriak sor daitezen, behar duguna da “garapen-eredu globala aldatu” [136], baina horrek inplikatzen du gogoeta arduratsura “ekonomia eta bere xedeari buruz, dituen disfuntzioak eta distortsioak zuzentzeko” [137]. Ez da nahikoa, batekoz besteko, naturaren zaintza etekin finantzarioarekin kontziliatzea, edo ingurunearen babesa aurrerabidearekin. Gai horretan, batekoz bestekoak ez dira gainbeheraren atzeratzen txiki bat baino. Egin behar dena da prozesua birdefinitu. Mundu hobea eta bizi-kalitate goi mailagokoa uzten ez duen garapen teknologiko eta ekonomikoa ez dago hartzerik aurrerabidetzat. Bestetik, askotan, pertsona bizi-kalitate erreala jaitsi egiten da ingurunearen hondamena dela medio, elikagai-produktuen kalitate baxuagatik, edo baliabide batzuk ahitu direlako, ekonomiaren hazkundearen testuinguruan. Marko horretan, hazkunde jasangarriaren diskurtsoa jolas eta aitzakia bihurtzen da, finantzen eta teknokraziaren logikatik bereganatzen ditu diskurtso ekologistaren baloreak, eta enpresen erantzukizun soziala eta ingurunearekikoa, jakina, marketin-ekintza eta irudia zaintzera murrizten dira.

195 Irabaziak maximizatzearen printzipioa, beste kontsiderazio orotarik urrundurik,  ekonomiaren distortsio kontzeptuala da:  produkzioa gehitzen bada, ez dio axolarik geroko baliabideen kontura produzitzen den edo ingurunearen osasunaren kontura egiten den; produkzioa igotzeko, basoa bota behar bada, inork ez du kalkulatzen lurralde bat desertu bihurtzeak inplikatzen duen galera, edo biodibertsitatea hondatu eta kutsadura gehitzeak dakartzan ondorioak. Hau da, enpresek benefizioak lortzen dituzte kostuen parte oso txikiak kalkulatu eta  ordainduta. Portaera bat etikotzat jo daiteke, bakar-bakarrik, “baldin eta kostu ekonomiko eta sozialak onartzen badira modu gardenean eta gastu guzti-guztiak benefizioa izan dutenek asumitzen badituzte, eta ez beste batzuek edo biharko belaunaldiek” [138]. Arrazionaltasun instrumentala, zeinek aportatzen duen errealitatearen analisi estatikoa bat egungo premien arabera, presente dago beti bai baliabideak merkatuak asignatzen dituenean eta bai Estatu planifikatzaile batek egiten duenean.

196 Zer gertatzen da politikarekin? Gogora dezagun subsidiaritate-printzipioa: libertatea ematen du maila guztietan gaitasun guztiak garatzeko, baina, aldi berean, erantzukizun handiagoa exijitzen dio ahal gehien daukanari, guztion onagatik. Egia da gaur egin sektore ekonomiko batzuek botere gehiago daukaetela estatuek berek baino. Baina ez dago justifikatzen politikarik gabeko ekonomia, ez litzateke-eta gai izango gaurko krisiaren hainbat aspektu bideratzeko beste logika bat sor dezan. Inguruneari buruzko zinezko kezkarik aurreikustea permititzen ez duen logika, txiro edo ahulenak integratzeko ardurarik edo aurreikuspenik ez duen logika bera da, zeren “indarrean dagoen eredua ‘arrakasta-zale’ eta ‘pribatistan’, motelanak, ahulenak edo trebetasun gutxien dutenek bizitzan bidea ireki dezaten, inbertitzeak ez dirudi zentzurik duenik” [139].

197 Ikuspegi zabalarekin pentsatuko duen politika behar dugu, eta birplanteamendu integrala aurrera eramango duena, krisiaren hainbat aspektu jakikate ezberdinen arteko elkarrizketan txertaturik. Batzuetan, politika bera da bere ospe txarraren erantzule, ustelkeria dela medio eta politika publiko onik planteatzen ez duelako.  Estatuak bere rola betetzen badu eskualde batean, talde ekonomiko batzuk azal daitezke ongile moduan eta botere erreala eskuratu, eta arau batzuk ez betetzeko autoritatearekin sentitu, baita kriminaltasun antolatuaren hainbat forma sortu ere, eta pertsonen salerosketa, narkotrafikoa eta biolentzia; denak ere zailak erradikatzen. Politika gai ez bada logika perbertsoa apurtzeko, eta diskurtso pobretuetan murgildurik geratzen bada, gizakiaren problema handiei aurre egin gabe jarraituko dugu. Aldaketa errealerako estrategiak exijitzen du, noski, prozesu guztiak birpentsatzea, ez baita aski gainazaleko kontsiderazio ekologikoak sartzea, baldin eta ez bada kuestionatzen azpian dagoen egungo kultura. Politika sano batek kapaz izan beharko luke erronka hori asumitzeko.

198 Politikak eta ekonomiak elkarri botatzen diote errua pobrezia eta ingurunearen degradazioagatik. Baina behar dena da, alegia, espero dena nork bere erroreak aitortzea eta saia daitezela guztion onera orientaturiko interakzio-formak aurkitzen. Batzuk diru gehiago nola irabazi eta besteak botere gehiago nola lortu dabiltzan bitartean, hemen daukaguna da gerrak edo akordio espurioak , non bai bai batari eta bai besteari gutxien interesatzen zaiena den ingurunea babestu eta debilenak zaintzea. Hemen ere balio du honek “batasuna gatazka baino handiagoa da” [140].

V  Erlijioak zientziekin elkarrizketan

199 Ez dago defenditzerik zientzia enpirikoek erabat esplikatzen dutela bizia, izaki guztien sare konplexua eta errealitate osoa. Hori izango litzateke, zuzenez beste, eremu metodologiko mugatuak guztiz gainditzea. Marko itxi horri atxikirik egiten bada gogoeta, desagertu egiten da sentiberatasun estetikoa, poesia, baita gauzen xedea eta zentzua atzemateko arrazoimenaren gaitasuna ere [141]. Gogoratu nahi dut “testu erlijioso klasikoek eskain dezakete esanahia aro guztietarako, halakoxe indar motibatzailea baitaukate, beti horizonte berriak irekitzen dituzte […] Arrazoizkoa eta kultua al da iluntasunera kondenatzera, sinesmen erlijiosoaren testuinguruan sortu direlako bakarrik?” [142]. Garbi esanda, inuzentekeria da printzipio etikoak zeharo modu abstraktuan aurkez daitezkeela pentsatzea, testuingurutik zeharo erauzirik; eta hizkera erlijiosoan bildurik datozelako, horrek ez die kentzen inolako baliorik debate publikoan. Arrazoimenak hauteman ditzakeen printzipio etikoak berrager daitezke hainbat jantzi diferenteren azpian eta hainbat hizkera ezberdinetan espresatuak, baita hizkera erlijiosoan ere.

200 Bestalde, zientziek aportatu nahi duten edozein irtenbide tekniko ez-gai izango da munduko problema larriak erresolbitzeko, gizadiak norabidea galtzen badu, elkarbizitza ahalbidetzen duten motibazio handiak, sakrifizioa, onberatasuna… ahazten badira. Nolanahi ere, sinestunei eskatu beharko zaie koherenteak izateko beren fedearekiko eta ez daitezela kontraesanean jauzi, ekintzak direla medio; eskatu beharko zaie ireki daitezela Jainkoaren graziara eta beren konbikzioen sakonenean edan dezatela, maitasuna, justizia eta bakeari dagokionez. Gure printzipioen konprentsio okerrak eraman baldin bagaitu, inoiz, naturari emandako tratu txarra justifikatzera edo kreatuari buruzko gizakiaren nagusitza despotikoak gerrara, injustiziara eta biolentziara, sinestunok aitortu beharko dugu modu horretan ez-fidelak izan garela zaindu behar genuen altxorrarekiko. Askotan, hainbat aro ezberdinetako kultur mugek erruz baldintzatu dute ondare etiko eta espirituala, baina iturburura itzultzea da, hain zuzen, erlijioei laguntzen diena gaurko premiei hobeto erantzuten.

201 Planetako biztanlerik gehienak sinestuntzat dute beren burua, eta horrek kitzikatu beharko lituzke erlijioak beraien artean elkarrizketan hastera, naturaren zainketa, pobreen defentsa, eta errespetu- eta anaitasun-sareen eraikuntzari buruz hitz egin dezaten. Premia larria da, era berean, zientzien arteko elkarrizketa ere, zeren bakoitza bere hizkeraren mugetan ixten baita, eta espezializazioak isolamendu bihurtzeko joera du, eta bakoitza bere jakintzaren absolutizazio bilakatzen da. Horrek oztopatu egiten dugu ingumenarekin erlazionaturiko gaiak egoki tratatzea. Era berean, nahitaezkoa da elkarrizketa ireki eta amultsua hainbat mugimendu ekologista diferenteren artean, hor ere ez baita falta borroka ideologikorik. Krisi ekologikoaren larritasunak guztion onean pentsatzea exijitzen digu, eta elkarrizketa-bidean aurrera egitea; horrek, jakina, pazientzia, aszesia eta eskuzabaltasuna eskatzen ditu, eta beti gogoan izatea “errealitatea ideiaren gainetik dagoela” [143].

 SEIGARREN KAPITLUA

HEZIKETA ETA ESPIRITUALITATE EKOLOGIKOA

202 Gauza askok berrorientatu daukate egin beharra norabidea, baina batik bat gizakiak du aldatu beharra. Jatorri komunaren kontzientzia da behar duguna, elkarrentzat garela jakitea, eta etorkizun konpartituaren kontzientzia. Kontzientzia oinarrizko horrek ahalbidetuko du gure konbikzio, jarrera eta bizi-formen garapena. Erronka kultural, espiritual eta heziketa-erronka handi bat azpimarratzen ari gara, bere onera etortzeko prozesu luzea beharko duena.

I  Beste bizi-estilo baten alde egin

203 Merkatuak mekanismo kontsumista konpultsiboa sortzeko joera duenez, bere produktuak ongi kokatzeko, pertsonak hor amaitzen dute alferrikako erosketa eta gastuen erauntsian murgildurik. Paradigma teknoekonomikoaren isla subjektiboa da kontsumismo obsesiboa. Romano Gaurdinik esaten zuena gertatzen da: “planifikazioak eta seriean fabrikaturiko produktuek ezarrita bezala onartzen ditu gizakiak objektuak eta bizitzeko formak eta, nolanahi ere, jokatzen du horrela uste duelako hori dela arrazionala eta zuzena” [144].  Paradigma horrek sinestarazten duena da denak libreak direla, kontsumitzeko halako askatasun bat duten bitartean, baina benetan askatasuna daukana da botere ekonomikoa eta finantzarioa bere eskuetan dituen gutxiengo pribilegiatu hori. Nahasmen horretan, gizadi postmodernoak ez zuen aurkitu bere buruaren konprentsio berririk, norabait orienta zezan, eta identitate falta hori angustiaz bizi du. Medio gehiegi daukagu hain helburu urri eta mengel batzuetarako.

204 Gaurko munduak “egonkortasun faltaren eta segurtasunik ezaren sentsazioa probokatzen du; horrek, berriz, aldi berean, egoismo kolektiboa bultzatzen ” [145]. Pertsonak autorreferentzial bihurtu eta beren kontzientzia propiotik isolatzen direnean, irentsi nahi eta grina hazi egiten dira. Zenbat eta hutsago egon pertsonaren bihotza, orduan eta objektu gehiago behar ditu erosteko, edukitzeko eta kontsumitzeko. Testuinguru horretan, ez dirudi posible denik inork onar dezan errealitateak mugak markatzea. Horizonte horretan ez dago benetako guztion onik ere. Horrelako subjektu-tipoak agindu behar badu gizartean, arauak bakar-bakarrik errespetatuko dira bere beharren kontra ez doazen neurrian. Horregatik, ez dezagun pentsa, soilik, fenomeno klimatiko beldurgarrietan eta hondamendi natural handietan, pentsa dezagun krisi sozialak eragiten dituen hondamendietan ere, zeren bizi-estilo kontsumista baten aldeko obsesioak, batik bat gutxi batzuen ahalmena baino ez denean, elkarren kontrako biolentzia eta suntsiketa baino ez du probokatuko.

205 Hala eta guztiz ere, ez dago galdua, zeren giza izakiek, azken muturreraino degradatzeko gai izanik ere, gaindi dezakete egoera, berriro bide zuzenean jarri eta biziberritu, ezartzen zaizkien baldintzapen mental eta sozial guztien gainetik. Gai dira beren buruari zintzotasunez begiratzeko, barrengo gogaitasun iluna argitara ateratzeko eta benetako askatasunerako bide berriei ekiteko. Ez dago ongirako, egiarako eta edertasunerako atea erabat ixten duen sistemarik, ezta Jainkoa gizakiaren bihotzaren sakonetik bultzaka ari denean, pertsonaren erreakzionatzeko gaitasuna itzal dezakeenik ere. Munduko pertsona bakoitzari eskatzen diot ez dezala sekula ahantz hain berea duen eta kentzeko eskubiderik inork ez duen duintasun hori.

206 Bizi-estiloaren aldaketa irits liteke presio sano bat eragitera aginte politikoa, ekonomikoa eta soziala beren eskuetan daukatenengan. Hori gertatzen da kontsumitzaile-mugimenduek zenbait produktu ez kontsumitzea lortzen dutenean, horrela efektibo bihurtzen dira enpresa batzuek beren portaera alda dezaten, ingurunearen inpaktua eta produkzio-ereduak kontsideratzera bultzaturik. Frogatua dago gizartearen ohiturek enpresen etekinari erasaten diotenean, hauek behartuak sentitzen direla beste era batean produzitzera. Horrek bistan ipintzen du kontsumitzaileen erantzukizun soziala. “Erostea beti ekintza morala da, eta ez bakarrik ekonomikoa” [146]. Horregatik, gaur “ingurumenaren txarrerako joera gutako bakoitzaren portaera kuestionatzen ari da” [147].

  1. Lurraren Kartak, autosuntsiketa-etapa atzean utzi eta berriro hastera gonbidatzen gaitu guztiok, baina oraindik ez dugu garatu hori posible egingo duen kontzientzia unibertsala. Horregatik, berriro erronka bikain hura proposatzera ausartzen naiz: “Historian zehar lehen inoiz ez bezala, destino komunak hasiera berriaren bila hasteko deia egiten digu […] Gure denbora izan dadila gogoratua biziaren aurrean beste erreberentzia bat esnatu zuelako; jasangarritasuna lortzeko erabakiagatik; justizia eta bakearen aldeko borrokagatik eta biziaren ospakizun alaiagatik [148].

208 Beti da posible norberagandik irten eta besteengana irekitzeko gaitasuna berriro garatzea. Gaitasun hori gabe, gainerako izakiei ez zaie aitortzen beren balio propioa, ez da interesatzen zerbait beste inorentzat zaintzea; ez dago gaitasunik mugak ipintzeko, inguratzen gaituenaren sufrimendua edo hondamena saihets dezagun. Autotranszenditzeko oinarrizko jarrera da, kontzientzia isolatua eta autoerreferentzialitatea apurturik, besteak eta ingurumena zaintzea ahalbidetzen duen erroa, eta horrek jalgiarazten du erreakzio morala ekintza bakoitzak eta erabaki pertsonal bakoitzak norberagandik kanpo probokatzen duen inpaktua kontsideratzeko. Indibidualismoa gaintzeko gai garenean, orduan gara daiteke zinez bizi-estilo alternatiboa eta orduan da posible aldaketa garrantzitsua gizartean.

II Gizadiaren eta ingurunearen aliantzarako heziketa

209 Krisi kultural eta ekologikoaren larritasunaren kontzientziak behar duena da ohitura berrietan murgiltzea. Askok dakite gaurko aurrerapenak eta objektuen eta plazeren pilaketa soila ez dela aski gizakiaren bihotzari zentzua eta atsegina emateko, baina ez dira sentitzen gai merkatuak eskaintzen dienari uko egiteko. Kontsumo-ohituren aldaketa handienak sortu beharko liratekeen herrialdeetan, gazteek sentiberatasun ekologiko berria daukate, eta espiritu eskuzabala ere bai, eta horietako asko eredugarri dira ingurunearen defentsarako borrokan, baina kontsumo eta ongizatea ikaragarriak diren testuinguruan hazi dira, eta horrek zaildu egiten du beste ohitura batzuen garapena. Horregatik gaude heziketa-erronka handiaren aurrean.

210 Ingurumen-heziketa helburuak zabaltzen joan da. Hasieran, informazio zientifikoan, kontzientziazioan eta ingurune-arriskuen prebentzioan oso zentraturik zegoen; orain badu modernitatearen arrazoi instrumentalean (indibidualismoa, mugarik gabeko aurrerapena, lehiakortasuna, kontsumismoa, araurik gabeko merkatua) oinarrituriko “mitoen” kritika sartzeko joera; baita oreka ekologikoaren hainbat maila ezberdin errekuperatzekoa ere: barnekoa norberarekin, solidarioa gainerakoekin, naturala izaki bizidun guztiekin, espirituala Jainkoarekin. Ingurumen-heziketak Misteriorantz urrats hori eman dezagun prestatu beharko gintuzke, nondik hartzen duen etika ekologikoak bere zentzurik sakonena. Bestalde, badago etika ekologikoaren ibilbidea birplanteatzeko gai den hezitzailerik, solidaritatean, erantzukizunean eta errukian oinarrituriko zainketan hazten benetan laguntzeko.

211 Hala eta guztiz, heziketa hori, “hiritar ekologikoak” sortzeko pentsatua, batzuetan informatzera mugatzen da, ez du lortzen ohiturak garatzea. Lege eta arauen existentzia ez da aski epe luzera, portaera txarrak mugatzeko, nahiz eta kontrol efektiboa egon. Arau juridikoak efektu garrantzitsuak eta iraunkorrak izan ditzan, ezinbestekoa da gizarteko kiderik gehienek onartzea, motibazio egokietatik abiaturik, eta transformazio pertsonaletik erreakzionatu behar da. Bertute sendoak lantzetik hasi behar da; horrela bakarrik da posible bakoitzak bere burua konpromiso ekologikoari eskaintzea. Pertsona batek, nahiz eta bere ekonomiak permititu gehiago kontsumitu eta gastatzea, normalean arropa gehixeago janzten badu berogailua piztu ordez, horrek esan nahi du iritsi dela ingurumena zaintzearen aldeko konbikzio eta sentimenduetara. Oso noblea da eguneroko ekintza txikien bitartez kreazioa zaintzeko betebeharra asumitzea, eta miresgarria da heziketa gai izatea, bizi-estilo berria onartzeraino, motibatzeko. Ingurumenarekiko erantzukizunean hezteak bultza ditzake ingurunearen zainketarekin eragin zuzena eta garrantzitsua duten hainbat portaera; adibidez: plastikoaren eta paperaren erabilpen materiala saihestea, uraren kontsumoa murriztea, hondakinak separatzea, jango dena bakarrik kuzinatzea, gainerako izaki bizidunak kontuz tratatzea, garraio publikoa erabiltzea edo ibilgailu bera konpartitzea pertsona batzuen artean, arbolak landatzea, alferrik piztuta dauden argiak itzaltzea. Sormen eskuzabal eta duinaren zatia da hori guztia: gizakiaren alderik onena erakusten du. Zerbait berrerabiltzea segituan baztertu ordez, motibazio sakonean ardazturik, izan liteke gure duintasun propioa adierazten duen maitasun-ekintza bat.

212 Ez da pentsatu behar ahalegin horiek mundua aldatuko ez dutenik. Ekintza horiek on egiten dute gizartean: konstata daiteken baino fruitu gehiago ematen dute beti, zeren zabaltzeko joera on handia, batzuetan ikusezina, eragiten dute lur honen muinean. Gainera, portaera horien garapenak geure duintasunaren sentimendua itzultzen digu, bizi-sakontasun handiagora eramaten gaitu, mundu honetatik igaro izanak merezi zuela esperimentatzea permititzen digu.

213 Heziketa-eremuak asko dira: eskola, familia, komunikabideak, katekesia, eta abar. Hazi ona da umetako eskola-heziketa, eta bizi osoan zehar eragin ditzake efektu positiboak. Baina familiaren hil ala biziko garrantzia azpimarratu nahi dut, zeren “eremu horretan izan daiteke bizia, Jainkoaren dohaina, onetsia eta babestua modu egokian, aurrean dituen milaka erasoren aurka, eta gara daiteke benetako giza hazkuntzaren exijentzien arabera. Heriotzaren kultura deiturikoaren kontra, familia da biziaren kulturaren egoitza” [149]. Familian lantzen dira maitasun eta biziaren zaintzarako lehen ohiturak, adibidez gauzen erabilpen zuzena, ordena eta garbitasuna, ekosistema lokalarekiko errespetua eta izaki kreatuen babesa. Formazio integralaren tokia da familia, non gorpuzten diren heldutasun pertsonaleko hainbat alderdi, elkarrekin hertsiki uztarturik daudenak. Familian ikasten da, inor zanpatu gabe, baimena eskatzen, “eskerrik asko” esaten, hartzen ditugu gauzen balioaren espresio sentitu gisa, agresibitatea edo dena irentsi nahiaren grina menderatzen, eta barkamena eskatzen kalteren bat egiten dugunean. Egiazko kortesia-keinu txiki horiek asko laguntzen dute biziaren kultura konpartitua eta inguratzen gaituenarekiko errespetua eraikitzen.

214 Politikari eta hainbat elkarteri dagokie herria kontzientziatzeko esfortzua. Baita Elizari ere. Komunitate kristau guztiek daukate rol garrantzitsua heziketan. Espero dut, era berean, gure seminarioetan eta formazio-etxe erlijiosoetan austeritate arduratsu baterako heztea, munduaren kontenplazio eskertsurako trebatzea, pobreen eta ingurumenaren hauskortasuna zaintzeko prestatzea. Apustu handia baita daukaguna; beharrezkoak dira boterez hornituriko instituzioak, ingurumenari egiten zaizkion erasoak santzionatzeko; ezinbestekoa da, aldi berean, elkar kontrolatzea eta heztea.

215 Testuinguru horretan “ez da ahaztu behar heziketa estetika egokiaren eta ingurumenari sano eustearen arten dagoen erlazioa” [150]. Edertasunari atentzioa eskaini eta maitatzeak pragmatismo utilitaristatik irteten laguntzen digu. Norbaitek gelditzen ikasten ez badu, ederra hauteman eta baloratzeko, ez da harritzekoa harentzat dena erabilgarri bihurtzea edo eskrupulurik gabe abusatzea. Aldi berean, aldaketa sakonak lortu nahi badira, oso kontuan izan behar da pentsamendu paradigmek erruz eragiten dutela portaeretan. Heziketa inefikaza eta esfortzua alferrikakoa izango dira baldin eta gizakia, bizia, gizartea eta naturarekiko erlazioari buruzko paradigma berria hedatzen ez bada. Bestela, paradigma kontsumistak egingo du aurrera, komunikabide eta merkatuaren engranaje efikazen bitartez transmititurik.

III. Konbertsio ekologikoa

216 Espiritualitate kristauaren aberastasun handiak, hogei mendetako esperientzia pertsonal eta komunitarioak sortuak, ekarpen ederra eskaintzen dio gizadia berritzeko intentuari. Gure fedearen konbikziotik jaiotako espiritualitate ekologikoaren lerro batzuk proposatu nahi dizkiet kristauei, zeren Ebanjelioak irakasten digunak baditu ondorioak pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko eran. Kontua ez da ideiez asko hitz egitea, baizik eta, batik bat, espiritualitatetik sortzen diren mundua zaintzeko grinaren motibazioei buruz mintzatzea. Zeren ez da posible izango gauza handietan konpromisoa hartzea doktrinekin soilik, animatuko gaituen mistikarik gabe, “bultza egin, motibatu, eta ekintza pertsonal eta komunitarioari hats eta zentzua emango dizkieten barne ziorik gabe” [151]. Aitortu beharra daukagu kristauok beti ez ditugula jaso eta garatu Jainkoak Elizari eman dizkion aberastasunak, non espiritualitatea ez dagoen deskonektaturik gorputzetik, naturatik edo mundu honetako errealitatetik, baizik eta beraiekin eta beraiengan bizi da, inguratzen gaituen guztiarekin komunioan.

217 “Kanpoko basamortuak ugaltzen ari badira munduan, barruko basamortuak asko hedatu direlako” [152], barne konbertsio sakonerako deia da krisi ekologikoa. Baina, era berean, aitortu beharra daukagu kristau konprometitu eta otoitz-egile batzuek, errealismo eta pragmatismoaren izenean, barre egiten dietela ingurumenarekiko kezkei. Beste batzuk pasiboak dira, ez dira ausartzen ohiturak aldatzera eta ez-koherente bihurtzen dira. Konbertsio ekologikoa behar dute orduan; horrek esan nahi du, inguratzen duten munduarekiko erlazioan, Jesukristorekin izandako topaketaren ondorio guztiei jalgitzen uztea. Existentzia bertutetsuaren partea da Jainkoaren obraren babesleak izateko bokazioa, ez da hautazkoa eta ez da bigarren mailako aspektu bat kristau-esperientzian.

218 Gogora dezagun Asisko san Frantziskoren eredua, kreaturikoarekin erlazio sanoa ezartzeko, pertsonaren konbertsio osoaren dimentsio moduan. Horrek inplikatzen du norbere erroreak, bekatuak, bizioak edo utzikeriak aitortzea eta bihotzez damutzea, barrendik aldatzea. Australiako gotzainek ederki jakin zuten kreazioarekiko adiskidetze-terminoetan espresatzen konbertsioa: “Adiskidetasun horretara iristeko, gure bizitzak aztertu behar ditugu eta garbi aitortu nola ofenditzen dugun Jainkoaren kreazioa ekintzen bitartez eta esku-hartzeko ez-gaitasunagatik. Konbertsioaren esperientzia egin behar du, bihotzaren aldaketarena” [153].

219 Baina ez da nahikoa bakoitza hobea izatea, gaurko munduak aurre egin beharra daukan bezain egoera konplexua erresolbitzeko. Norbanako isolatuek gal dezakete gaitasuna eta libertatea, arrazoi instrumentalaren logika gainditzeko eta ez etikarik, ez zentzu sozialik eta ingurumen-zentzurik gabeko kontsumismoaren atzaparretan amaitu. Problema sozialei sare komunitarioen bitartez erantzuten zaie, eta ez ondasun indibidualen batuketa hutsarekin: “Eginkizun horren exijentziak hain handiak izango dira, ez dago modurik ekimen indibidualaren posibilitateekin asetzeko edo indibidualismoan hezitako partikularren batasunaren bitartez hori egiteko. Bi gauza beharko dira: indarren batuketa eta errealizazio-unitatea” [154]. Aldaketa iraunkorrerako dinamismoa sortzeko eskatzen den konbertsio ekologikoa da, ezbairik gabe, konbertsio komunitarioa.

220 Konbertsio horrek esan nahi du elkarrekin uztartzen diren zenbait jarrera, zainketa zintzo eta samurtasunez betea mobilizatzeko; lehenik, esker-ona eta dohaintasuna inplikatzen ditu, hau da, mundua ikustea Aitaren maitasunagandik jasotako dohain moduan; eta horrek, ondorioz, dohaintasunezko ukazio-jokaerak eta jarrera prestuak probokatzen ditu, nahiz eta inork ikusi ez edo antzeman ez:  “Zure esku ezkerrak ez dezala jakin eskuinak zer egiten duen […] eta dena sekretupean ikusten duen zure Aitak sarituko zaitu” (Mt 6,3-4). Hau ere inplikatzen du: ginerako izakiengandik deskonektaturik ez egotearen kontzientzia amultsua, eta unibertsoko gainerako izakiekin komunio unibertsal ezin ederragoa osatzen dugulako ustea. Sinestunarentzat, mundua ez da kontenplatzen kanpotik, barrendik baizik, Aitak izaki guztiak batzeko erabili dituen lokarriak aitorturik. Gainera, Jainkoak eman dizkion gaitasun bereziak hazarazita, konbertsio ekologikoak sormena eta entusiasmoa garatzera darama sinestuna, munduko dramak erresolbitzeko, bere burua Jainkoari eskainirik “sakrifizio bizi, santu eta atsegin moduan” (Rm 12,1). Gehiago izatea ez du ulertzen loria pertsonal moduan edo nagusitasun ez-arduratsu gisa, gaitasun ezberdin gisa baizik, eta, aldi berean, bere fedean oinarritzen den erantzukizun larria inposatzen dio.

221 Gure fedearen hainbat konbikziok, Entziklika honen hasieran garatuak, konbertsio horren zentzua aberasten laguntzen dute; esate baterako, kreatura bakoitzarengan Jainkoaren zerbait islatzen delako kontzientzia eta badu guri azaltzeko mezua, edo Kristok  mundu material hau bere baitan asumitu duelako segurtasuna eta orain, berpizturik, izaki bakoitzaren hondorik sakonenean bizi dela, kariñoz inguraturik eta bere argiaz zeharkatuta. Baita hau ere: Jainkoak, sortu duen munduari, ordena eta dinamismo bat ezarri dio, eta gizakiak ez dauka hori ahanzteko eskubiderik. Ebanjelioan irakurtzen dugunean Jesus txoriei buruz mintzatzen dela, eta esaten duenean “bakar bat ere ez dagoela ahaztua Jainkoaren aurrean” (Lk 12,6), kapaz izango ote da tratu txarra eman eta kalte egiteko? Kristau guztiak gonbidatzen ditut beren konbertsioaren dimentsio hori esplizitatzera, jaso dituzten indarra eta argiaren grazia heda daitezen gainerako kreatura eta ingururatzen dituen munduarekiko erlazioan, eta eragin dezala anaitasun gorena sorturiko guztiarekin, Asisko San Frantziskok hain argitsu bizi izan zuena bezalakoa.

IV  Bozkarioa eta bakea

222 Espiritualitate kristauak proposatzen du mundu alternatibo bat, bizi-kalitatea ulertzeko, eta nahi duena da bizi-estilo profetikoa eta kontenplaziozkoa, sakonki gozatzeko modukoa, kontsumoarekin obsesionatu gabe. Garrantzitsua da irakaspen zahar bat gogoan hartzea, tradizio erlijioso askotan presente dagoena, eta Biblian ere bai. Hauxe da: “gutxiago gehiago delako konbikzioa”. Kontsumitzeko etengabeko posibilitateak pilatzeak bihotza distraitu egiten du, eta gauza bakoitza eta momentu bakoitza baloratzea oztopatzen. Aldiz, errealitate bakoitzaren aurrean, den txikiena dela ere, soseguz presente egiteak konprentsiorako eta errealizazio pertsonalerako askoz ere posibilitate gehiago irekitzen dizkigu. Espiritualitate kristauak sobrietatea praktikatuz haztea eta gutxirekin gozatzeko gaitasuna proposatzen ditu. Sinpletasunerako itzulera da; gauza txikiak baloratzen irakasten digu; biziak eskaintzen dituen posibilitatek eskertzen ere bai, daukagunari erabat atxiki beharrik gabe eta ez daukagunagatik tristatu gabe. Horrek esan nahi du nagusitasunaren dinamika eta plazeren pilaketa hutsa saihestea.

223 Sobrietatea askatasunez bizi behar da, eta kontzientzia askatzailea da. Ez da bizi eskasagoa; ez da intentsitate baxukoa, guztiz kontrakoa baizik. Garbi esateko, gehien disfrutatzen dutenak eta momentu bakoitza hobekien bizi dutenak dira han eta hemen mokoka ez dabiltzanak, ez daukatenaren bila beti, eta pertsona bakoitza eta gauza bakoitza baloratzea zer den esperimentatzen dute, badakite hartu-emanean nola jokatu eta badakite gauzarik sinpleenaz gozatzen.  Horrela badakite ase gabeko beharrak gutxitzen eta nekea eta obsesioa erruz murrizten dituzte. Posible da gutxi behar izatea eta asko bizitzea, batez ere gai baldin bagara beste plazer batzuk garatzeko eta satisfazioa lagunartean, zerbitzuan, karismen hedapenean, musikan, artean, naturarekiko kontaktuan eta otoitzean aurkitzen bada. Tontotzen gaituzten premia batzuk mugatzen jakitera behartzen gaitu zorionak, eta horrela prest egongo gara biziak eskaintzen dizkigun mila posibilitatetarako.

224 Sobrietateak eta apaltasunak ez dute izan balorazio positiboa azken mendean. Baina, bizi pertsonal eta sozialean, bertuteren baten praktika modu orokorrean ahultzen denean, horrek desoreka ugari eragiten du, baitan ingurumenean ere. Horregatik, jada ez da aski ekosistemen integritateaz mintzatzea. Giza biziaren integritateaz eta balore handi guztiak bultzatzeko eta uztartzeko premiaz hitz egitera ausartu behar dugu. Inolako mugarik gabe dena menderatzeko posibilitatea dela eta, neurrigabeko zoramenean bizi den gizakiarengandik apaltasuna desagertzeak esan nahi du gizarteari eta ingurumenari kalte handiak eragitea.  Ez da erraza apaltasun sanoa eta sobrietate zoriontsua garatzea, autonomo bihurtzen bagara, gure bizitzatik Jainkoa baztertzen badugu eta gure egoak hartzen badu haren lekua, edo pentsatzen badugu gure subjektibitatea dela ondo ala gaizki zer dagoen determinatzen duena.

225 Bestetik, ez dago pertsonarik sobrietate zoriontsuan helduko denik, bere buruarekin bakean ez badago. Espiritualitatearen konprentsio egokiaren parte bat , hain zuzen, bakeaz zer ulertzen dugun zabalago ikustean datza; izan ere, gerrarik eza baino askoz ere gehiago baita. Pertsonen barneko bakeak zerikusi handia dauka ingurumenaren zaintzarekin eta guztion onarekin, zeren, benetan biziz gero, bizi-estilo orekatu moduan islatzen da, miresmen-gaitasunarekin bat eginik, eta horrek biziaren barne sakonera eramaten gaitu. Amdoio-hitzez betea dago natura, baina nola entzungo ditugu etengabeko zarataren erdian, antsietatez beteriko distrakzio etengabean egonda, edo itxurakeriaren kultuarekin distraituta? Pertsona askok sekulako desoreka esperimentatzen dute eta abiada batean dabiltza bata egin eta beste utzi, okupatuta sentitzearren, entegabeko presa zoroan murgildurik, inguruan daukatea guztia harrpatu nahian. Horrek zerikusi handia dauka ingurumena tratatzeko moduarekin. Ekologia integralak inplikatzen du kreazioarekiko harmonia sosegatua errekuperatzeko denbora hartzea; berdn, gure bizi-estiloaz eta gure idealez gogoeta egiteko, Kreatzailea kontenplatzeko, gure artean eta inguratzen gaituen eremuan bizi da-eta; Jainkoaren presentzia ez da fabrikatu behar, baizik eta deskubritu, argitu egin behar da” [155].

226 Bihotzaren jarreraz ari gara mintzatzen, zeinek dena bizi duen arreta sosegatuaz, badaki guztiz presente egoten gero zer datorren pentsatzen ari denaren aurrean, eta uneoro jainkozko dohain moduan eskaintzen da, oso-osorik bizia izan dadin. Jesusek jokaera hori bera erakusten zigun baratzeko lirioak eta zeruko hegaztiak behatzera gonbidatzen gintuenean, edo gizon aztoratu baten aurrean, “begirada gelditu, eta maitatu zuenean” (Mk 10,21). Hura bai zegoela guztiz presente gizaki bakoitzaren eta kreatura bakoitzaren aurrean, eta horrela erakutsi zigun bidea, arin, erasokor eta neurrigabeko kontsumista bihurtzen gaituen antsietate gaixobera gainditzeko.

227 Jokaera horren espresio bat da Jainkoari eskerrak ematen gelditzea otordu aurretik eta ondoren. Proposatzen dut sinestunek berrar dezatela usadio balios hori eta bizi dezatela sakontasunean. Bedeinkazio momentu horrek, nahiz eta laburra izan, bizi honetan dugun Jainkoarekiko dependentzia gogoratzen digu, kreazioaren dohaintzengatiko gure esker-onaren zentzua indartzen du, aitormen egiten die bere lanaren bitartez ondasunak sortzen dituztenei eta behartsuenekiko solidaritatea indarberritzen du.

V Maitasun zibila eta politikoa

228 Naturaren zaintza bizi-estiloaren parte da: elkarbizitza- eta komunio-gaitasuna inplikatzen ditu. Jesusek gogoratu zigun Jainkoa genuela guztion aita moduan eta horrek anai-arreba egiten gintuela. Anai-arreben arteko maitasuna dohainekoa bakarrik izan daiteke, sekula ez daiteke izan besteak egin duenaren ordain edo egitea espero dugunaren ordain. Horregatik posible da arerioak maitatzea. Dohaintasun horrek berak garamatza haizea, eguzkia eta lainoak onartu eta maitatzera, nahiz eta gure kontrolpean egon ez. Horregatik hitz egin dezakegu anaitasun unibertsalari buruz.

229 Ezinbestekoa da elkarren premia dugula berriro sentitzea, erantzukizun handia dugula besteekiko eta munduarekiko, merezi duela onak eta prestuak izatea. Denbora gehiegi eman diogu degradazio moralari, etikari burla eginik, eta berdin onberatasunari, fedeari eta zintzotasunari, baina iritsi da ordua ikus dezagun arinkeria alai eta merke horrek ezer gutxitarako balio izan digula. Bizi sozialaren funts ororen suntsiketa horrek elkarren kontra ipini gaitu, nork bere interesak defenditzearren; biolentzia-forma eta krudelkeria berriak probokatzen ditu, eta ingurumena zaintzeko benetako kulturaren garapena oztopatzen du.

230 Lisieux-eko santa Teresaren etsenpluak maitasunaren bide txikiaren praktikara gonbidatzen gaitu, hitz amultsu baten egokiera ez galtzera, irribarre baten aukera ez galtzera, bakea eta adiskidetasuna ereiten dituen edozein keinu kontsideratzera. Ekologia integrala eguneroko gestu sinplez osatua dago, non apurtzen dugun biolentziaren, aprobetxatzearen eta egoismoaren logika. Bien bitartean, neurrigabeko kontsumoaren mundua, aldi berean, bizia, alde guztietatik,  gaizki erabiltzean duen munduaren adibidea da.

231 Maitasuna, elkarren zaintzarekin erlazionaturiko gestu txikiez betea, bada, era berean, zibila eta politikoa ere, eta mundu hobea eraikitzeko asmatzen diren  ekintza guztietan ageri da. Gizartearekiko maitasuna eta guztion onarekiko konpromisoa, ezbairik gabe, modu bikaina dira karitatea erakusteko; ez dio erasaten norbanakoen arteko erlazioari bakarrik, baita “erlazio sozial, ekonomiko eta politikoak bezalako makro-erlazioei ere” [156]. Horregatik, “maitasunaren zibilizazioaren” ideala proposatu zion Elizak munduari [157]. Maitasun soziala da benetako garapenaren klabea: “Gizarte humanoagoa, pertsonarentzat duintasun handiagokoa, plasmatzeko, ezinbestekoa da maitasuna birbaloratzea bizi sozialean —maila politikoan, ekonomikoan eta kulturalean—, ekintzaren arau goren eta betiereko bihurturik” [158]. Marko horretan, eguneroko gestu txikiekin batera, maitasun sozialak estrategia handietan pentsatzera bultzatzen gaitu, ingurumenaren degradazioa efikaziaz geldiarazteko eta gizarte osoa kutsatuko duen zaintza-kulturaz janzteko. Norbaitek atzematen duenean Jainkoaren deia, besteekin batera, dinamika sozial horietan esku hartzeko, gogoratu behar du hori bere espiritualitatearen parte dela, karitate-jokaera dela, eta bide horretatik doala heldutasunerantz eta horrela santifikatzen dela.

232 Denak ez daude deituak zuzenean politikan lan egitera, baina gizartean guztion onaren aldeko elkarte mordoa ernetzen da, ingurumen naturala eta urbanoa babesteko. Adibidez, leku komun batez (eraikuntza bat, iturria, monumentu abandonatua, paisaia, plaza bat) arduratzen dira, guztiona den zerbait babestu, saneatu, hobetu eta apaintzeko. Bere inguruan loturak garatu edo errekuperatzen dira eta ehun sozial berria sortzen da. Indiferentzia kontsumistatik liberatzen da horrela komunitatea. Horrek esan nahi identitate komuna kultibatzea, eta gorde eta transmititzen den historia lantzea.

Modu horretan, mundua eta pobreenen bizi-kalitatea zaintzen dira, zentzu solidario batekin; hori, aldi berean, Jainkoak emandako etxe komunean bizi garelako kontzientzia da. Ekintza komunitario horiek, entregatzen den maitasuna espresatzen dutenean, bihur daitezke esperientzia espiritual sakon.

VI  Zeinu sakramentalak eta ospakizunezko atsedena

233 Unibertsoa Jainkoagan garatu zen; eta Jainkoak dena hartzen du. Beraz, mistika dago orri batean, bide batean, ihintzean, pobrearen aurpegian [159]. Ideala ez da bakarrik kanpotik barrura igarotzea, Jainkoaren ekintza ariman deskubritzeko, baita gauza guztietan aurkitzea ere, Buenabenturak esaten zuen eran: “Kontenplazioa are goi-mailagokoa da zenbat eta gehiago sentitu gizakiak bere baitan jainkozko graziaren efektua edo baita kanpoko kreaturengan Jainkoa hobeto aurkitzen dakienean ere” [160].

234 Gurutzeko San Joanek erakusten zuen, gauzetan eta munduko esperientzian dagoen on guztia “modu infinituan dagoela Jainkoagan, edo, hobeto esateko, aipatzen den handitasun bakoitza Jainkoa dela” [161]. Ez munduko gauza mugatuak benetan zerutarrak direlako, baizik eta mistikoak esperimentatzen duelako Jainkoaren eta gainerako gauzen artean dagoen konexio hertsia, eta horrela “sentitzen du gauza guztiak Jainko izatea” [162]. Mendi baten handitasunak liluratzen bagaitu, hori ez dago Jainkoagandik bereizterik, eta hautematen duena berak bere barnean bizi duen miresmen hori Jaunarengan ipini behar dela: “Mendiek alturak dituzte, ugari dira, zabal eta ederrak edo grazia handikoak, loredunak eta usaintsuak. Mendiok nire Maitatua da. Aran bakartiak geldi dira, entretenigarriak, freskoak, itzaltsuak, ur gezaz beteak, eta bere landaredi bariatuak eta hegaztien kantu eztiak sekulako bozkarioa eta atsegina ematen dizkiote zentzumenari, gozamen eta atsedena ematen dizkiote bere bakardade eta isiltasunean” [163].

235 Sakramentuak modu pribilegiatua dira Jainkoak natura nola asumitzen duen ikusteko eta naturaz gaindiko biziaren bitartekari bihurtzen da. Kultuaren bitartez mundua beste maila batean besarkatzera gonbidatuak gaude. Ura, olioa, sua eta koloreak beren indar sinboliko osoarekin dira asumituak eta goresmenean sartuak. Jainkoaren maitasunaren instrumentu eta biziaren bidean laguntzera etorri zitzaigun Jesukristoren hurbiltasunaren isla da bedeinkatzen duen eskua. Bataiatzen den haurraren gorputz gainera isurtzen den ura bizi berriaren sinbolo da. Ez dugu mundutik ihes egiten eta ez dugu ukatzen natura Jainkoarekin aurkitu nahi dugunean. Hori hauteman daiteke, bereziki, Ekialdeko espiritualitate kristauan: “Edertasuna da Ekialdean jainkozko harmonia eta gizadi antzaldatuaren eredua espresatzeko usuen erabili ohi den izenetako bat, edozein tokitan azaldu ohi da: tenpluko formetan, soinuetan, koloreetan, argietan eta perfumeetan” [164].Kristau-esperientziarentzat, unibertso materialeko izaki guztiak Berba haragi bihurtuan aurkitzen dute zentzua, zeren Jainkoaren Semeak bere baitan txertatu du unibertso materialaren parte bat, non itsatsi duen behin betiko transformazio-ernamuina: “Kristautasunak ez du errefusatzen materia, gorpuztasuna; alderantziz baizik, guztiz baloratzen du ekintza liturgikoan, non giza gorputzak erakusten duen Espirituaren tenplu-izaera intimoa, eta bat egitera iristen da Jesus Jaunarekin, bera ere gorputz bihurturik munduaren salbamenerako” [165].

 

 

 

236 Eukaristian aurkitzen du kreaturikoak goi mailarik altuena. Graziak, modu sentigarrian manifestatzeko joera duelarik, espresio harrigarria lortzen du, Jainkoak bera, gizon egina, bere kreaturi, jan dezan, eskaintzen zaionean. Enkarnazioko misterioaren harrigarririk harrigarriena da Jauna, gure intimitatera iritsi nahi izan zuen, materia-zati baten bidez. Ez goitik, barrendik baizik, gure mundu propioan hura aurki genezan. Eukaristian gauzatua dago asebetetasuna, unibertsoaren funtsezko zentroa da, maitasunaren foku gainezka eragilea eta bizi agorrezinaren gunea. Eukaristian presente dagoen Seme gizon eginarekin batua dagoelarik, kosmos osoak eskerrak ematen dizkio Jainkoari. Hain zuzen, Eukaristia, berez, maitasun kosmikoaren ekintza da: “Bai! Kosmikoa! Zeren mendi-eremu bateko eliza txiki aldare baten gainean ospatzen denean ere, Eukaristia, alde edo moldez, munduko aldarearen gainean ospatzen da [166]. Eukaristiak zerua eta lurra batzen ditu, kreaturiko guztia besarkatu eta zeharkatzen du. Jainkoaren eskuetatik irten zen mundua, berriro harengana itzultzen da adorazio zoriontsu eta asebetean. Eukaristiako Ogian, “jainkozko izaerara orientatua dago kreazioa, eztei santuetara bideratua, Kreatzailearekiko berarekiko batasunerantz begira” [167]. Horregatik, Eukaristia bada argi-iturri eta ingurumenarekiko gure kezken motibazio ere, eta kreaturiko guztiaren jagole izatera orientatzen gaitu.

237 Igandean, Eukaristian parte hartzeak garrantzi berezia dauka. Egun hori, larunbat judutarra bezalaxe, gizakiaren erlazioen bideratze-eguna da: bere burua, Jainkoa, besteak eta munduarekiko erlazioen bideratze-eguna. Piztueraren eguna da igandea, kreazio berriko “lehen eguna”, zeinen primizia den Jaunaren gizatasun berpiztua, kreaturiko errealitate osoaren azken antzaldatzearen bermea. Gainera, egun horretan “gizakiaren atseden eternoa Jainkoagan” iragartzen da” [168]. Modu horretan, kristau-espiritualitateak atsedenaren eta jaiaren balioa txertatzen du. Gizakiak atseden kontenplaziozkoa antzu eta alferrikakoren eremura murrizteko joera du, ahazturik, horrela, egiten den obrari gauzarik inportanteena kentzen zaiola: zentzua. Behartuak gaude gure jokabidean dimentsio harkorra eta dohainekoa txertatzera; zerbait diferentea da ez egite hutsarekin alderatuta. Gure esentziaren parte den beste forma batean obratzea da. Horrela, giza ekintza babestua dago, ez bakarrik aktibismo huts eta hutsaletik, baita neurrigabeko jan-zalekeriatik ere, eta, berdin, etekin pertsonala bakarrik lortzera garamatzan kontzientzia isolatutik. Asteroko atsedenaren legeak behartzen gaitu zazpigarren egunean lanik ez egitera “zure idiak eta astoak atseden har dezaten, eta zure andre mirabearen semeak eta emigranteak arnasa hartzeko” (Ex 23,12). Atsedena da besteen eskubideak berraitortzea permititzen duen begiradaren zabaltzea. Horrela, atseden-egunak, zentroa Eukaristia delarik, argia isurtzen du aste osoaren gainera eta naturaren eta pobreen zaintza txertatzera motibatzen gaitu.

VII  Hirutasun Santua eta izakien arteko erlazioa

238 Aita da gauza guztiaren azken sorburu, existitzen den guztiaren fundamentu amultsua eta oinarri

omunikatiboa. Semea, islatzen duena, eta haren bidez izan da dena kreatua, lur honekin bat egin zuen Mariaren sabelean osatu zenean. Espiritua, maitasun-lokarri infinitua, intimoki presente dago unibertsoan, animatuz eta bide berriak sustatuz. Hiru Pertsonen artean kreatu zuten mundua, jainkozko printzipio bakarra den aldetik, baina bakoitzak obra komun honetan esku hartzen du bere propietate pertsonalaren arabera. Horregatik, “unibertsoa miresmenez kontenplatzen dugunean bere handitasun eta edertasunean, Hirutasun osoa goretsi behar dugu” [169].

239 Kristauentzat, komunio trinitarioa den Jainko bakarrean sinesteak pentsarazten du errealitate osoak marka trinitarioa daramala bere baitan. San Buenabenturak esan zuen gizakiak, bekatuaren aurretik, deskubri zezakeela kreatura bakoitzak nola “testifikatzen duen Jainkoa hirukoitza dela” . Hirutasunaren isla ikusi ahal zen naturan “liburu hau gizakiarentzat iluna ez zenean eta gizakiaren begia artean lausotu ez zelarik” [170]. Santu frantziskotarrak erakusten digu kreatura orok egitura trinitarioa daramala bere baitan, hain erreala kontenplatu ahal izango litzateke espontaneoki baldin eta gizakiaren begirada mugatua, iluna eta ahula ez balitz. Horrela adierazten digu errealitatea klabe trinitarioan irakurtzeko desafioak.

240 Pertsona zerutiarrak iraupenezko erlazioak dira, eta mundua, eredu zerutiarraren arabera kreatua, erlazio-sare bat da. Izakiek Jainkoarengana jotzen dute, eta, aldi berean, bizidunak berea du beste gauza batera jotzea; ondorioz, unibertsoaren barruan aurki ditzakegu milaka erlazio konstante, sekretuan uztartzen direnak [171]. Horrek ez bakarrik gonbidatzen gaitu kreaturen artean existitzen diren milaka konexio mirestera, baita gure gauzatze propioaren klabea deskubritzera ere eramaten gaitu. Zeren pertsona gehiago hazten da, helduagoa da eta gehiago santifikatzen da erlazioan sartzen den neurrian, bere baitarik irteten denean, Jainkoarekin, gainerakoekin eta izaki guztiekin komunioan bizitzeko. Horrela asumitzen du Jainkoak harengan, bere kreaziotik hasita, ezarri duen dinamismo trinitario hori. Dena konektaturik dago, eta horrek gonbidatzen gaitu Trinitatearen misteriotik datorren solidaritate globalaren espiritualitatea umotzera.

VIII  Kreaturiko guztiaren erregina

241 Mariak, Jesus zaindu zuen amak, orain afektu handiz eta amaren oinaze-sentimenduz zaintzen du mundu zauritu hau. Bihotza zulaturik, Jesusen heriotzan negar egin zuen bezalaxe, orain errukiz begiratzen dio pobre gurutziltzatuen eta giza botereak tatarrez darabiltzan mundu honetako kreaturen sufrimenduari. Bera Jesusekin bizi da, guztiz antzaldatua, eta kreatura guztiak haren edertasunak kantatzen ari dira.  “Eguzkiaz jantziriko Emakumea da, ilargia oinazpian duela, eta hamabi izardun koroa bat buru gainean” (Ap 12,1). Zerura jasoa, kreaturiko guztiaren Ama eta Erregina da. Bere gorputz loriatuan, Jesus berpiztuarekin batera, kreazioren parte batek bere edertasunaren asebetetasuna eskuratu zuen. Mariak ez du bakarrik gordetzen bere bihotzean Jesusen bizi osoa, tentu handiz “kontserbatzen” duelarik (cf Lc 2, 19.51), orain konprenitzen du baita gauza guztien zentzua ere. Horregatik eska diezaiokegu lagun diezagula mundu hau begi jakintsuagoekin begiratzen.

242 Mariarekin batera, Nazareteko familia santuan, san Joseren figura nabarmentzen da. Hark zaindu eta defenditu zuen Maria, lanarekin eta presentzia eskuzabalarekin, eta injustuen biolentziatik libratu zituen Egiptora eramanik. Ebanjelioan gizon justu gisa azaltzen da, langile eta fuerte. Baina harengandik samurtasun handia jalgitzen da; hori ez da ahulen kontua, benetako fuerteak direnena bazik, arreta handiz beti errealitateari, maitatu eta apalki zerbitzatzeko. Horregatik. Eliza unibertsalaren jagole izendatu zuten. Berak ere irakats diezaguke zaintzen, motiba gaitzake eskuzabaltasunez eta samurtasunez zaintzen, Jainkoak eman digun mundu hau babesteko.

IX  Eguzkia baino harago

243 Azkenik, aurrez aurre aurkituko gara Jainkoaren edertasun infinituarekin (cf 1 Co 13, 12) eta irakurri ahal izango dugu miresmen zoriontsuaz unibertsoaren misterioa; gurekin parte hartuko du bukaerarik gabeko asebetean. Bai, eternitatearen larunbaterantz ari gara bidaiatzen, Jerusalem berrirantz, zeruko etxe komunerantz. Jesusek hau esaten digu: “Nik berri bihurtzen ditut gauza guztiak” (Ap 21,5). Betiereko bizia harridura konpartitua izango da, non kreatura bakoitzak, argitasunez transformatua, bere tokia okupatuko duen eta izango du ekarpenen bat behin betiko askaturiko pobreentzat.

244 Bien bitartean, eman zaigun etxe honen kargu egiteko elkartuko gara, jakinik hemen dagoen ongi guztia asumitua izango dela zeruko festan. Beste kreatura guztiekin batera, Jainkoren bila goaz lur honetan barrena, zeren “munduak printzipio bat badu eta kreatua izan bada, normala da kreatu duenaren bila ibiltzea, hasiera eman dionaren bila ibiltzea, bere Kreatzailea denaren bila ibiltzea. Bidea egin dezagun kantatuz. Planeta honekiko gure borrokek eta kezkek ez diezagutela ken bozkarioa eta esperantza.

245 Jainkoak, entrega eskuzabalera eta dena ematera gonbidatzen gaituelarik, aurrera ateratzeko behar ditugun indarrak eta argia eskaintzen dizkigu. Mundu honen bihotzean presente jarraitzen du hainbeste maite gaituen biziaren Jaunak. Hark ez gaitu abandonatzen, eta haren maitasunak bide berriak aurkitzera garamatza beti. Goretsia bedi.

**********

246 Gogoeta luze honen ostean, atsegin eta dramatikoa aldi berea, bi otoitz proposatzen ditut; bata, Jainko kreatzaile ahalguztiduna sinesten dugun guztiok konparti dezakeguna, eta, bestea, kristauok jakin dezagun Jesusen Ebanjelioak planteatzen dizkigun konpromisoak asumitzen.

Gure lurraren aldeko otoitza

Jainko ahalguztiduna,
unibertso osoan presente zaudena
eta zure kreatura txikienetan ere bai.
Zuk, zure samurtasunez existitzen den guztia inguratzen dun horrek,
isuri guregan zure maitasunaren indarra,
bizia eta edertasuna zain ditzagun.
Busti gaitzazu bakeaz, anai-arreben moduan bizi gaitezen
inori kalterik egin gabe.
Pobreen Jainko, l
lagun iezaguzu erreskatatzen
mundu honetako abandonatuek eta ahaztuek
hainbeste balio baitute zure begietan
Sendatu gure biziak,
munduaren babesleak izan gaitezen
eta ez depredatzaileak,
edertasuna erein dezagun
eta ez kutsadura eta suntsiketa.
Ukitu etekinaren bila
baino ez dabiltzanen bihotzak.
pobreen eta lurraren kontura ibili ere.
Erakuts iezaguzu gauza bakoitzaren balio deskubritzen,
liluraturik kontenplatzen,
onartzen sakonki  baturik gaudela
kreatura guztiekin
argi infiniturako gure bidean.
Eskerrak egunero gurekin zaudelako.
Hats emaguzu, mesedez, gure borrokan
justiziaren, maitasunaren eta bakearen aldeko borrokan.

Otoitz kristaua kreazioarekin

Goresten zaitugu, Aita, zure kreatura guztiekin,
zure esku ahaltsutik irten ziren.
Zureak dira,
eta zure presentziaz eta zure samurtasunez beterik daude.
Goretsia zaitez.
Jainkoaren Seme, Jesus,
zuk egina dira gauza guztiak.
Mariaren sabelean osatu zinen,
lur honetako parte egin zinen,
eta mundu hau giza begiez begiratu zenuen.
Gaur kreatura bakoitzarengan bizi zara
berpiztuaren loriarekin.
Goretsia zaitez.
Espiritu Santua, zure argiarekin
mundu hau Aitarengana orientatzen duzuna
eta kreazioaren deiadarrean lagun zarena,
gure bihotzean ere bizi zara zu
onera bultza egiteko.
Goretsia zaitez.
Jaun Bakar eta Trinoa,
maitasun infinituaren komunitate ederra,
erakuts iezaguzu zu kontenplatzen
unibertsoaren edertasunean,
non dena zutaz mintzatzen ari zaigun.
Iratzar itzazu gure goresmena eta gure esker-ona
sortu duzun izaki bakoitzagatik.
Den guztiarekin
hertsiki batuak sentitzen garelako eskerrak ematen ditugu
Maitasunaren Jainkoa,
erakuts iezaguzu gure tokia mundu honetan
kariño-instrumentu moduan
lur honetako izaki guztiengatik,
zeren horietako inor ez dago ahaztua zure aurrean.
Argi egiezu boterearen eta diruaren nagusiei
indiferentzia-bekatuan eror ez daitezen,
maita dezatela guztion ona, eta egin dezatela ahulen alde
eta zain dezatela bizi garen mundu hau.
Lurreko pobreek deiadarka dihardute:
Jauna, har gaitzazu zure botere eta zure argiarekin,
bizi osoa babesteko,
etorkizun hobea prestatzeko,
justiziaren, bakearen, maitasunaren eta edertasunaren
Erreinua etor dadin.
Goretsia zaitez.
Amen

Erroman emana, San Pedroren ondoan, maiatzaren 24an, Mentekoste Solemnitatea, 2015. urtean, nire Antasantutzako hirugarean.

OHARRAK:

a) osatzen jarraituko dugu,
b) hau da testu ofiziala; hor zehar dabiltzan beste batzuk ordezkatuak geratzen dira,
c) iradokizunak onartzen dira testua hobetze aldera,
d) gaztelerazko bertsiotik itzulia,
e) deiak (zenbakiak urdinez) ez ditugu hemen ezarri; ikus blog honetako beste sarrera batean: “LAUDATO SI’ (Bibliografia, deiak).

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s