DV: Gipuzkoako Bertsolari Tapelketa

Unai Agirre onena saiorik onenean

Finalaurreko betea eta beroa izan zen, orain arteko ederrena, eta sei bertsolariek egin zuten lan bikaina

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu zen atzo Tolosan. Unai Agirrek irabazi zuen, eta horrenbestez zuzenean sailkatu da abenduaren 19ko finalera. Aurreko asteburuan Alaia Martinek lortu zuen txartela, eta datorren igandean, Eibarko saioa bukatu ostean, jakingo da finaleko izen-multzoa.

Beñat Gaztelumendi eta Iñaki Apalategi sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 1.600 bertsozalek lepo bete zuten Usabal kiroldegia. Eibarren jokatuko da igandean txapelketako azken finalaurrekoa eta han erabakiko da zein izango den Ilunben kantatuko duen zortzikoa.

Esan bezala, Unai Agirre nagusitu zen atzo Tolosan, Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdian. Saio borobila, betea eta beroa izan zen, eta sei bertsolariek ere lan bikaina egin zuten. Nahiz eta denentzat saririk ez den izango.

Puntuari erantzunez, adibidez, sei bertsolariak aritu ziren borobil. Atzoko irabazlerari honela jarri zizkioten lehen biak: «Telebista jarri da Gabonei begira», «neri etzait gustatu horko ikusmira / opari eta amu tira eta tira / gure semiak ere konturatu dira». «Haurrentzat horrenbeste iragarki dago», «dana gustatzen zaie sakela akabo / aitta amorrazten da ondotik zeharo / bat aukeratu zazu bainan ez gehiago». Iñaki Apalategi ere bikain: «Goxo kozinatzeko behar da denbora», «ta ez ditut pasatzen bost minututik gora / ondo dakit nik iker ez dela ganora / pazientzi gehixeago hartu beharko da». «Zuk zerekin betetzen duzu lapikoa?», «botatzen diot noiznahi suertaturikoa / baina lehen pausoa jakin mutikoa / da ondo betetzea frigorifikoa». Nerea Elustondo ere borobil: «Dibortzioek gora egin omen dute», «hori besteren batek esan behar luke / ezkongai daramatzat hoitamalau urte / eta ahal dala hala jarraitu nahi nuke». «Elkar ondo zaintzeko zein da sekretua?», «ahaztea inbidia eta mendekua / bakoitzari eskaini beraren lekua / elkarbizitza izan dadin perfektua».

Ziria ere bai

Zirirako ere izan zen tarterik. Zortziko txikian batera aritu ziren lehen bi sailkatuak. Beñat Gaztelumendi lantegi bateko garbitzailea zen. Komuneko zorua garbitzeaz bat, han agertzen zitzaion Unai Agirre, nagusia. Añorgarra hasi zitzaion demandan, eta hernaniarrak bere arrazoiak azaldu: «Komona hemen dago zulo eta ate / sibarita antza naiz zuretzako kalte / begira egoten naiz hemendik aparte / ta ez det etorri nahi zuk garbitu arte». Kexan jarraitu zuen Gaztelumendik: «Nere zai beraz egon ohi zera zu trebe / bakarrik ere ondo nabil alafede / igurtzi ta igurtzi nik zenbat botere / garbituko al dizut ipurdia ere?». Nagusiak arazorik ez, eta eskakizun bat: «Gogorikan badezu neretzat primeran / bukatu ordurako hor dezu aukeran / usaia ta zikina joango dira hegan / mesedez lejiarik ez zaidazu eman». Aurreko gai bat ekarri zuen orduan añorgarrak: «lejia omen degu azkeneko moda / zure gibel horrentzat ona izango da». Ez zen asko aztoratu Agirre: «Gai honekin ez det nahi luzaro segitu / lan asko baitaukat nik nahiz ez iruditu / nere tripak gaurkuan soinu asko ditu / ta hiru ordurako berriro garbitu».

Hain zuzen, seiko motzean Ohiana Iguaranekin adineko bikotea izatea tokatu zitzaion Agirreri. Hil ondoren Iguaranek lurperatzea nahi zuen, Agirrek, ordea, ez zeukan arazorik gorpua zientziari emateko. «Heriotzarako data / gertura datorren marka / kanposantuan pronto daukagu panteoi galanta / ta ni hantxe jarri zarta / kutxa onean ze arka / baina ez erre hoi inpernura joatea da ta» bota zuen Iguaranek. Agirrek: «ez erre esan bezela / antzeko da dena dela / lehendik erre dan gorputz eder hau azter dezatela». Andreak gizonari gibela, behintzat eredugarria izango zuela bota zion, eta gizonak baita arrazoia eman ere: «Gezurra balitz sikira / sortuko dan ikusmira / … / nere gibelai begira / asko ikusiko zituzten baina harrituko dira».

Kartzelako gaia, berriz, bihurri xamarra tokatu zitzaien atzoko bertsolariei: «Sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik».

Bihurria, ateratzeko ez zuelako asko behar: oraindik esan ez, baina oraintxe esan; esan ez den hori zer den pentsatuz kantatu; aurrena pentsatu, eta gero esan… Ama izan zuten gehienek gogoan, hau Beñat Lizasorena: «Bai bai badakit beti ematen dizut sekulako lana / bai bai badakit ni hazi nahian jasan izan duzun zama / zure ondoan beti bestela agertzen da panorama / zenbat maitasun jasoko nuen nik nere bizitzan barna / gaur ozen esan nahiko nizuke orain arte ez esana / eskerrik asko guztiagatik asko maite zaitut ama».

DV, Kultura

Bianditz Iraola Azanza

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s