Ereduaren araberako bertsolaritza 

Ez da oraingoxeko kontua, bertsolari-txapelketa hasi eta kanporaketek aurrera egin ahala, sentsazio txar samarrarekin etxeratzen nintzela, niri  gustatzen zitzaidan estiloko bertsolariak aurrera pasatzen ez zirelako. Eta iruditzen zait ez naizela bakarra. Nik beti galdera bera neukan: hainbat jendek hain gogoko dituen bertsolariek zergatik ez dute luzitzen txapelketan? Nondik dator eten hori? Gero eta garbiago daukat bertsoa neurtzeko irizpideek (ereduak) determinatzen dutela zein estilok aurrera egin.

Stephen Hawking fisiko handiak esaten du erabiltzen dugun ereduaren araberakoa izango dela bizi dugun errealitatea. Oso adibide polita dakar bere “Diseinu handia” liburuan. Italiako Monza herrian debekatu egin zuten arrainak ontzi borobilean edukitza, arrainek errealitatea distortsionaturik ikus omen zezaketelako. Horrek, noski, nolabaiteko “tratu txarra” esan nahi du arrainen kontra. Baina Hawking-ek dio ez Monzako arrainek bakarrik baizik eta guztiok begiratzen diogula unibertsoari kristal baten barrena. Horrek ez du oztopatzen, ordea, lege fisikoak eraikitzea: edozein egoera eta ereduren arabera eraiki daitezke legeak eta arauak. Nik uste errealitate txikiagoetan ere gauza bera gertatzen dela; adibidez, bertsolaritzan.

Ez al litzateke sortu dugun eredua –Epai Irizpideak–, sikiera, apur bat  bederen aztertu beharko? Uste dut objektu mentalei (buruaren mende bihotzaren kaltetan?) gehiegi atxikirik gaudela, esperientzia eta bizipenen iturriari bideak murrizturik. Kontzeptuekin bikain moldatzen den jendeak egindako txostena da. Ez ote da hor falta beste ikusmolderen batetik datorren ekarpenik? Gutxienez, sinplifikatu egin beharko litzateke arautegi hori alderdi askotatik.

Hamabost orrialdeko txostena da azkenekoa. Hamar atal ditu. Dena loturik dago, azkeneko xehetasuneraino. Baina ez dago bertsolaritza-hizkeran espresatua. Guztiz hizkera akademikoa darabilgu. Hori kontraesan bizian dago bertsolaritzaren esentziarekin. Bertsolaritza herri xumearen espresio-moldea zen, eta hala izaten jarraitu beharko luke. Horrek ez du esan nahi beste genero bat, jasoagoa, landu eta heda ez daitekeenik.

Portzierto, ikusi al duzue beste eremu edo arloren batean; adibidez, literatur lanak epaitzeko, horrenbesteko txostenik eta hain zehatzik?

Idatzizkoan bezalaxe, hemen ere bi azpigenerorekin egiten dugu topo. Bata, bertsolaritza tradizionala edo herrikoia eta, bestea, bertsolaritza berria edo ahoz esateko testu jasoa. Bi txapelketa egin beharko lirateke, nahi duena nahi duen sailean apuntaturik, eta bi arautegi ezberdin erabili epaitzeko garaian. Inoiz pentsatu duzue “soinu txikia” eta “soinu handia” zaku berean sartu eta parametro beretan edo irizpide berdinekin epaitzea? Jakina, norbaitek esango dit bertsolaritzan, jada, ez dela geratzen “soinu txikirik”; hori ere hein handian egia da.

Baina orduan esan dezakegu bertsolaritza herrikoia edo herri xumearen espirituarekin uztartua zegoena desagertu egin dela, eta haren bariante batekin jarraitzen dugula. Enbor axialari atera zaion besanga luze bat da, eta jada independentzia osoarekin funtzionatzen duena. Horrelakoetan, beti, Patziku Perurena etortzen zait gogora. Hark bertsolaritzari buruz esandakoak ez dira hitzez hitz edo literalki hartzekoak izango, baina eduki sinboliko moduan oso esanguratsuak, jakinduriaz beteak, iruditzen zaizkit. Jakina, ez dela hartu behar hitzez hitz esaldi hau: «Bertsolaritza Txirritarekin amaitu zen»; horrek, ordea, zerbait ebokatzen digu guztioi. Halako oihartzun bat egiten digu gure barruan, halako sentimendu bat eragiten. Hori da, azkenean, hitz eta “metaforen” xedea. Badakit hori baino ere errotikoagoa dela leitzarraren kritika: “Basarrirekin iraultzen da erabat bertsolaritzaren funtsa”; geroztikoa “bertsolaritza dirijitua” dela edo horrelako zerbait esan nahi du, eta uste du ez dagoela bertsolari bakar ere, bera idazten bezala, libreki bertsotan berak nahi duenean ari denik…

Trikitiarekin jarraituz, uste duzue Junkerak eta Lajak egiten duten musika, biak batera, arautegi berarekin neur litezkeela? Zinez eta benetan esan al dezakegu Junkerarena trikitia denik? Ez dago esaterik trikitiak eboluzionatu duenik, baizik eta handik beste adar bat, aski diferentea, sortu dela. Antzeko zerbait gertatzen da bertsolaritzaren ere. Zenbait bertsolarirekin sintonizatzeko ikasia izan behar duzu.

Beste gauzatxo bat: entzun duzue sekula Bitoriano Gandiaga bertsolaria (bertso-jartzailea) zenik? Ados egongo gara, noski, mendatarra poeta handi bat zela. Bada, Gandiagak baditu bertsoak edozein lehiaketan aurkezteko modukoak (guk poesia esaten dizkiegunak) eta saria irabazteko adinakoak. Bi gogoratuko dizkizuet (gaia ez noa aipatzera, zeren beren soilean ere ederki ulertzen dira); bata, “zortziko txikian” eta, bestea, “bederatzi puntukoan”:

Moises ere bai eta
profeta ugari
bidali zenizkion
zeure herriari;
gizalditan aritu
ziren mezulari
Mesias zetorrela
guztion gidari.

Heriotzara noa
muturrez aurrera.
Nahi banu ere ezin
egin atzera.
Trantzeaz gogoratzen
naiz, noizik noizera,
ikusiz nola martxan
nihoan gainbehera,
astun, erorbera
uraren antzera,
behera eta behera
unetik unera,
behin honez gero malo,
laster lurrera.

 Nahi duenak gehiago ere aurki ditzakete; esate baterako, “Denbora galdu alde” liburuan. Hori poesia bada, bertsopaper lehiaketan dabilen asko ere ez dago hortik oso urrun. Beraz, gero eta garbiago ikusten dut bi azpigenerori buruko debatearen premia.

Eta orokorrean (edo zeharka) defenditzen ari naizena da egon daitekeela beste eredurik ere bertsoak neurtzeko. Esate baterako, bertsolariak hain bertso luzeak kantatzera behartzen ez dituena, ahozko espresioari askoz garrantzi gehiago ematen diona, gaiak hainbeste mugatzen ez duena, fikziozko gaiak eta rolak kontuzago emango zaizkiena, errima lasaixeagoa hartzeari garrantzi gehiegi emango ez diona, neurria doinuaren arabera onartzea, estetikari baino dialektikari garrantzi handiagoa emango zaiona (funtsean, dialektika -hizketan elkar menderatzea- izan da bertsolaritza)… Epai irizpideetan, hainbeste zehaztapen, nahasgarri ere gerta daiteke. Dena den, berriz diot, ez gara ari eredu jakin bat errefusatzen edo ezeztatzen, besterik ere egon daitekeela defenditzen baino.

Errepikatzea baldin bada ere, esan dezadan bi estilo oso diferenteko bertsoak iristen direla lehiaketara, eta epaimahaiak eredu jakin baten arabera epaitzen baditu, oso zaila da estilo batekoak aurrera egitea, nahiz eta epaimahaiak bere lana bikain egin. Baina zer gertatuko litzateke beste eredu baten arabera epaituko balira? Galdera airean uzten dut, norbaitek erantzun nahi balu. Nire proposamena da “soinu txikia” eta “handia” bezalaxe, bi sailetan bereiztea.

Lehenago esan dudan eran, bertsolaritza, historian zehar, kultur produktu herrikoia izan da, herri xumearen izaera eta kontzientziari lotua egon da, eta herri xehearen eta herri xehearentzako espresio-moldea zen. Funtsean, dialektika hutsean oinarritua zegoen. Orain, planteatu den ereduari esker, beste toki batean dago. Inork ez du esaten zilegi ez denik. Egoera deskribatzen baino ez gara ari.

Badakigu bertsolari asko gai dela bertso jarrien mugatik nahiko hurbil dagoen bertsoa bat-batean kantatzeko. Gai da pentsamendu abstrakturako, badaki idatzizko forma eta beste figura literario batzuk erabiltzen. Noski! Baina bada beste estilo bat ere, bertso inprobisatuak izan zuen arintasun, bizkortasun, zorroztasun eta erabaki-gaitasunarekin planteatzen dena, nahiz eta teknika aldetik hain landua ez izan eta lizentzia gehixeago hartu. Agian, atzera bueltarik gabeko oihan zarbatsuan sartzen ari naiz, baina esateko gogoa neukan.

Apostoluak ere
ezjakinak ziran.

Begiratu noraino
altxatuak diran:
doktrina zabaldu zuten
munduaren jiran,
Espiritu Santuaz
azkartu baitziran.

Irakurleak dakien eran, Lazkao Txikiren bertsoa da. Txapelketa batean puntuari emandako erantzuna. Garai hartako testuinguru soziala kontuan hartuta, ez dago bertso hoberik botatzerik. Ez zaio ezer falta, ez dauka ezer soberan, ez dago betelanik. Badakit norbait hasiko zaidala errima pobrea ez al den galdezka. Errima pobrerik ez dago edukiak beste guztia zeharo estalirik uzten duenean, diskurtsoak goia jotzen duenean. Era berean, hanka-luzea ere aipa dezake norbaitek, baina Lazkao Txikik kantatzen duen bezala ez da antzematen. Ez Lazkao Txikik bakarrik, ia-ia bertsolari guztiek kantatzen zuten horrela doinu horretan. Zer esatea nahi duzue? Gaur beste eredu batek agintzen duela!

Lazkao Txikiren adibidea ikusten duenak esango dit, agian, gaur beste paradigma batean gaudela, errealitatea begiratzeko beste betaurreko batzuk ditugula, beste marko kultural batean gaudela, beste ohitura batzuk, beste pentsaera bat… Ni horretan konforme nago. Esaten ari naizena da berez zetorren etena areagotu egin dugula, eta oraindik ere badagoela bertsolaritza “tradizionala” estimatzen duenik, eta jende hori ez dela aintzat hartzen; ez, behintzat, bertso-txapelketetan.

‘Bertsolari’ aldizkarian argitaratua: 99. zbk., 2015eko udazkena (luzatuta).

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a Ereduaren araberako bertsolaritza 

  1. Aupa Rufino!
    Hamarretik hamarrean, edo nahi baduk, hamarreko luzeenean ere, goitik behera eta alboz albora, erabat bat eta bat natorrek hirekin. Bai soinuen alderaketan eta bai bertsoenetan, guztiz bat.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s