Eguberriak nire bizitzan zehar

Lehen aroa, estreinako partea

Hasteko, gure etxean, auzoan eta herrian, orain dela hamarkada gutxi arte, ez zen inoiz entzuten ‘Gabonak’, ‘Eguberriak’ baizik: nik ere horrelaxe izendatuko duk igarotzen ari garen aldi hau. Hiru aldi, epe edo aro markatuko nituzke. Esan dezagun lehenengo aroa izango litzatekeela, gogoetarik gabe, Eguberriak “seriean fabrikaturiko” katoliko ginen aldetik ospatzen genituen garaia. Bi partetan banatuko beharko genuke aldi hori: haurtzaroa eta nerabezaroa.

Haurtzaroan, Eguberri bezperaren inguruan eta Errege Egunari begira ospatzen genuen dena edo ia dena. Zortzi urtetik hamahirura arteko tartea hartuko luke aldi horrek. Hilaren 24an eskean ateratzea zen ekintza nagusia. Hilabete lehenago, gutxienez, jartzen ginen egun horren zain. «Hogeita hamar lo egin eta Ogeitalaugarrena, hogei lo egin eta Ogeitalaugarrena…». Horrela egoten ginen egun horren antsia eta irrikaz. Mutilen artean inork ez zuen galdetzen eskean atera behar genuen, “Ogeitalaugarrena” atera behar genuen baizik.

Zergatik Ogeitalaugarrena? Mutilek, lehenengoa horrela hasten zen bertso-sorta kantatzen genuelako etxe-atari bakoitzean:

Ogeita laugarrena
degu abenduan,
desio genduena
irtsi genduan:
gaueko amabiak
jo duten orduan
gure Salbadorea
jaio da munduan.

Neskek, aldiz, beste hau kantatzen zuten:

Gaur da, nire kristauak,
zeru-lurren festa,
goazen denok Belema
Jesus jaio da ta…

Sosak beti ematen du poza, eta denei. Binaka ibili ohi ginen, normalean, eta ilunarekin batera hasten ginen irabaziak kontatzen: «Hau hiretzat eta hau niretzat, …». Juxtu ateratzen bazen, ondo; bestela, txanpona airera eta asmatzen zuenarentzat sobratzen zena.

Errege bezpera ere egun handia zen. Ahaztu gabe ipiniko genuen oinetakoa; normalean bakarra; biak betetzeko adina kargamendu ezin garraiatu baitzuten gameluek; gurera etortzen zirenak, nonbait, gazteak edo ahul samarrak izaki. Dena den, arrangurarako motiborik ere ez genuen izaten: urtero ekartzen zizkiguten, gutxienez, karta-pare txikia eta mazapan-kaxa goxoa.

Egia esan behar badut, garai horretan guk ez genuen Olentzeroren berririk, abestiren batean entzunda-edo ez bazen. Guretzat, niretzat, askoz geroagoko kontua da. Nik uste Ikastolarekin sartu zela erabat gure ingurumarian. Gainera, adituei entzun diedanez, batez ere Joxe Miel Barandiaran eta Joxe Mari Satrustegiri, hasieran Inauterietako pertsonaia zen Olentzero. Zenbaiten ustez, garai horretan sutan erretzen zen enborrari ere esaten zitzaion Olentzero.

Dena dela, ez da Erregeei kontrajarri beharreko zerbait. Abenduaren 24ko Bai Horixen esaten nuen eran, “astakeria hutsa da, Eguberrien testuinguruan, Olentzero eta Erregeen arteko borroka sortzea. Absurdua da, ezjakintasunaren ondorio penagarria. Biak dira mito handiak, zoragarriak, eta ez dago inolako kontraesanik bien artean”. Ezjakintasuna esan dut, baina intentzioren bat ere egon daiteke tartean. Esate baterako, Olenetzero jatorri nafarduna  izanik, ez da normala ofizialki Iruñean ez onartzea. Ezta beste sektore batek Erregeak baztertu nahi izatea ere.

Lehen aroa, bigarren partea

Aro honetako bigarren partea, gutxi gorabehera, hamalau urtetik hogeita batera artekoa-edo izango litzateke. Erlijioari dagokionez, ildo beretik jarraitzen genuen; nolabait esateko, testuak-eta hitzez hitz edo literalki hartzen. Eskean ateratzen jarraitzen genuen. Orain, koadrilan eta ilunabarrean hasirik; ahal bazen, soinuarekin. Bildutako diruak ez ziren banatzen; normalean, afari eder bat egiteko gorde baizik. Garai horretan, Gau Erdiko Mezara joatea zen ohitura, eta ondorenean parranda egin. Herriko tabernak irekita egoten ziren.

Beste gauza ere badut azpimarratzeko: etxean eta familian afaltzen gu geu, behintzat, oso berandu hasi ginen. Jakina, gazteak eskean “Ogeitalaugarrena” ateratzen baginen, ez zen posible denok elkarrekin afaltzea. Xehetasun txiki bat: Ogeitalaugarrena deitzen genion, baina, horrez gain, beste batzuk ere abesten ziren; gehienetan, koplak.

Bigarren aroa, lehen partea: haustura-aldia

Muga  nonbait ipintzekotan, soldaduska joateko aurre horretan ipiniko nioke. Aski konplexua da aldi hori. Laburbilduta, esan dezakegu, garai horretan, tradizio zaharra, begiratzen diogun tokitik begiratzen diogula, baztertzen hasi ginen. Erlijioa, fedea eta Elizarekin erlazionaturiko guztia, zama pisua balitz bezala, apurka-apurka edo nahiko kolpean, gainetik kentzeari ekin genion, faktore asko direla medio eta denak ez ditut hemen aipatuko. ‘Herrigintza’ zen ordezkoa edo suzedaneoa. Gauza asko sartzen ziren `Herrigintza’ epigrafepean: kultura, politika, sindikalismoa, euskara, ikastola…

Testuinguru horretan Eguberriak “sekularizatu” egin ziren. Olentzerok hartu zuen protagonismoa, lehen inoiz ez bezalako indarra. Beste gauza askoren artean, ikastolako irakasle eta guraso batzuek ipintzen zituzten irizpideetan zuen oinarria. Irizpide horien arabera, hobe zen haurrei opariak oporren hasieran ematea, jolasteko denbora izan zezaten. Eta logikoa ikusten zen Olentzero izatea opariak ekarriko zituena. Ideolgia apurren bat ere egongo zen horren azpian.

Olentzero bera uztartu zen herrigintzarekin, Eguberritako euskal kulturaren ikono nagusi bihurturik. Hemendik aurrera, binaka eta hirunaka kantatu ordez, taldean kantatuko da. Hiru talde nagusi aterako dira eskean.  Goizez Ikastolako haurrak, eta iluntzean Parroki Elkartekoak eta Herrigintzaren ordezkariak. “Ogeitalaugarrena” ez da orain hainbeste entzuten, ez ekintzaren izenburu moduan eta ez kantuen artean.

Bigarren aroa, bigarren partea: etenaren aldia

Niri dagokidanez, aldi luzea bat hasiko da. Etena sentitzen dut barrenean: Eguberriek zentzu osoa galdu dute niretzat, baina ospatzen jarraitzen dut, inertziaz, ohituraz eta etxean haurrak ditudalako. Guztiz negatiboa iruditzen zait ospatzea. Telebistako publitateak “kiskaltzen” nauen garaia da.

Eguberriak kontsumismoarekin erlazionatzen ditut, eta “fatxada-zuritzaileekin”. Kontzientzia lasaitzeko ekintza gehiegi ikusten dut alde guztietan. Pentsatzen nuen “kontu zahar” eta “gezur hutsa” baino ez zela. Dena hitzez hitz hartu izanaren ondorioa zen hori.

Nahasturik eta lur jota sentitzen nintzen.

Hirugarren aroa: errekuperazioa

Orain, gero eta gehiago “sinesten” dut Eguberritan. Literalismoak alde batera utzirik, hizkera sinbolikoa baloratzen ikasi dudanetik, gero eta pozgarriagoak dira Eguberriak. Poesia hutsa: mezu guztiz itxaropentsua eta alaia hedatzen dute (badago premia!). Ipuinik ederrenetakoa da Jesusen jaiotzaren kontakizuna zeinek adierazi eta erakusten duen txundiarazteko modukoa dela gizakiaren sormena. Magia ikaragarria ikusten dut orain Eguberrien jiran.

Olentzero eta Erregeak, biak, dira mito handiak, zoragarriak, eta ez dago inolako kontraesanik bien artean. “Kristauontzat esanahi handiko jaiak dira Eguberriak”, entzungo diezu askori. Nola kristauentzat? Jesus –eta Jesus bezala munduan izan diren gainerako jakintsu eta “profeta” handiak− ez da inoren ondare esklusiboa, denona baizik, unibertsala. Muga bakarra da norbere interesen (politiko eta beste era askotakoen) zerbitzuan ez erabiltzea. Eta diren bezala hartzea, hau da, mito eta poesiarik ederrenen moduan.

Duela hiru urte-edo, musulman bat etorri zen gure etxera, Gabon bezperan, lau urteko semearekin eskean. Haurtxo hari bai pozik eman nizkiola bi musu eta diru apur bat, artean kantatzen ez zekiela errepikatu baitzidan aitak behin eta berriz.

Orain beste pertsona bat naiz Eguberritan. Aitona egin naizen honetan oso diferente ikusten ditut gauzak aita nintzanetik. Ez da, ordea, zahartu naizelako, baizik eta hizkera sinbolikoak eta azpian duten mezu aberatsak beste jarrera bat harrarazi didatelako Misterioaren aurrean.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s