Artikulu osoa

Hitz-erdika aipatu zaitut orain arte, eta zorionak eman dizkidate. Nik oso pozik jaso ditut. Zu etortzen zatzaizkit gogora. Hobeto esan, ez zatzaizkit joaten sekula. Izan dut besoetan hartzeko ausardia ere. Eta argazkia atera didate zu besoetan zaitudala. Ez dago espresatzerik, hitzen bidez, zer sentitzen den. Baina nik zuri hau esan arren, ez dezagun uste izan munduan bakarrak garenik. Eta guztien omenez eta izenean hartzen zaitut hizpidetzat, eta zuri esaten dizudan guztia mundu osoko aitona-amonek eta bilobek konparti dezaten nahi dut. Bai, zoragarriak zarete munduko haur guztiak, kolore guztietakoak. Zuei esker da mundua pixka bat hobea. Ez duzue ezer egiten, eta, hala ere, zuek ari zarete mundua hobetzen, zuek kontenplatze hutsak egiten gaitu hobeak, eta zuen begietara begiratzeak maitagarriago egiten du dena. Kate-mailarik ahulenak zaretelako zarete indartsuenak.

Hitz-erdika aipatu zaitut orain arte, eta artikulu osoa noiz eskaini behar dizudan galdetzen didate. Izan bedi hauxe! Artikulu osoa zuretzat, baina ez ahaztu munduko haur guztien omenez eta izenean hartzen zaitudala hizpidetzat. Errege aurrean ari naiz idazten. Errege bezperaz eta zutaz oroitu gara. Eta pentsatu dut Errege egunean bertan edo ondorenean eskribitu izan banu, honela egingo nuela: «Traktorean etorri ziren amonaren (eta aitonaren) herrian erregeak, zuretzat opariekin. Baltasarrek zure izena esan zuenean, berotasun urduria sentitu nuen gorputz osoan, eta poz handia. Eta zure izena entzun nuenean, pena ere sentitu nuen, ohartu nintzelako leku askotara ez zela traktorea iritsiko haurrentzat opariekin. Eta garaia baino lehen guraso batzuek, beren seme-alabei, esan beharko dietelako Erregeak ez direla existitzen. Eta, garaia datorrenean, ohar zaitezen nahiko nuke opari horiek ez direla zureak bakarrik, konpartitzeko egin dizkizutela opariak. Eta munduko haur guztien laguna izan zaitezen nahiko nuke».

Hitz-erdika aipatu zaitut orain arte, eta bertsotan irakatsiko dizudan galdetzen didate. Ez dakidala esaten diet, bertsoak ez baitituk idazten inori ezer irakasteko, bihotza askatzeko baizik, ateratzen zaizkidan bezala, naturalagoak izan daitezen, nahiz eta sariketan ez luzitu. Hementxe ezarriko dut bertso bat, saririk jaso ez duen bertso bat, zuretzat eta mundu guztiko haurrentzat, zure bidez iritsi nahi baitut haiengana:

Bizi-indarren sustraietatik
jalgi zaigun miraria,
iraganaren funtsa gaurkotu
eta jarraitu haria.
Barne-barnetik eman nahi dizut,
Alatz, ongietorria,
zu zarelako gure malkoen
eta pozen iturria,
aingeru zoragarria!

Bai Horixe, DV: 160107

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s