Bertsolari ‘iraunlariak’

Asmatu berri da ‘iraunlari’ terminoa. Bernardo Atxagari irakurri diot, ‘Muskerraren bidea’ liburuan. Mañukorta hartzen du adibidetzat. «… mende bukaera baino lehen, unibertsitatean eta bertso-eskoletan hezitako bertsolariek ia oholtza guztiak hartu zituzten, eta batez ere garrantzizkoenak, txapelketakoak. Alde horretatik, Mañukorta ‘iraunlari’ bat da, edota, Leslie P. Hartleyren metaforarekin (iragana atzerria da) esanda, atzerritar bat». Eta jarraitzen du: «Zer ziren, beraz, Karitateko Bentan biltzeko ohitura zuten haiek, edota, gaur bertan, haien pareko direnak, lege zaharreko bertsolariak? Nik esango nuke: hizketari forma berezi bat emateko gaitasuna zeukaten pertsonak; horixe ziren, batez ere».

Bete-betean asmatzen du Asteasuko idazleak. Eta hizketa berezi horri errima eta neurria eransten badizkiogu, horra bertsolaria eta bertsoa, dantzaria eta dantza bezalaxe.

Bernardo Atxaga eta Patziku Perurena ehunetik ehunean datoz bat, data bat ipintzerakoan. Perurenaren metafora ezagutzen dugunez (“Txirritareki amaitu zen bertsolaritza…”), entzun diezaiogun Atxagari: «Jakina den bezala, joan den mendeko 30eko hamarkadan hasi zen ikuspuntu-aldaketa hura 60koan gorpuztu zen, eta erabat indartu mende bukaeran». Teodoro Hernandorena eta Jose Ariztimuño “Aitzol” izendatzen ditu bertsolaritzaren bide berria markatu zuten intelektualtzat. Hernandorenaren buruzagitza ez dakit hain ezaguna den, baina Aitzolena inork ez du zalantzan ipintzen.

Ikuspuntu-aldaketak badu beste ondorio bat (begira nire blogean “Ereduaren araberako bertsolaritza): bertsoa neurtzeko irizpideetan ere aldaketak ekarri ditu. Neurketarako arauek asko definitzen dute zein estilok aurrera egingo duen, eta lege zaharreko bertsolaritza, nire uste apalean, galduan atera da. Ni artikulu hau idazten ari nintzen bitartean, Gipuzkoako Txapelketaren finala dela eta, begira zer idatzi didan apaiz adiskide batek Ameriketatik: «Harritu nintzen benetan Unai Agirre hain atzera geratu zela ikustean, baina nik uste dut haren bertsokera, oso ona izanik, ez dela txapelketako egituretara egokitzen. Esan nahi dut bertsoa epaitzeko txapelketan erabiltzen diren irizpideetatik at gelditzen dela haren bertsokera».

Beraz, bertsolaritzaren barnean bi azpigenerorekin egiten dugu topo: lege zaharreko bertsolaritza eta bertsolaritza berria. Atxagarentzat, bertsolari tradizionalak hizketari forma berezi bat emateko gaitasuna zeukaten pertsonak badira, bertsolari berriak dira ahoz esateko testuak osatzeko gaitasuna dutenak. Ondorioz, bi txapelketa, bakoitza bere eredu eta arauekin, planteatzeko ideiak seduzitzen nau. Sektore zabal batek barre egingo dit. Baina zentzurik ez duelako ote?

Bai Horixe, DV: 160114.

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa, 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s