Estatuak eta herriak

Bi eratako herriak dira munduan: estatua dutenak eta ez dutenak. Estatua dutenek hori dute aski iraun dezaten, kultura eta hizkuntza aldetik inolako lermarik gabe. Estatua duten herriek izatea eta iraupena bermatua dauzkate, egitura politikoei esker. Nazioarteko gatazkarik ezean, dena segurtatua dago.

Oso bestelakoa da estaturik ez dutenen egoera. Kultura, hizkuntza eta ekonomia aldetik fuerteak izan behar dute. Ez da nik esaten dudalako; ezta berri-berria ere: Joan XXIII.ak, duela 53 urte, ‘Pacem in terris’ entziklikaren 96. atalean, horrelako zerbait esaten du; alegia, gobernariek efikaziaz saiatu behar dutela minorien giza baloreak sustatzen, batez ere hizkuntza, kultura, usadioak, eta baliabide eta ekimen ekonomikoak.

Pertsona izateko lan berdinak daude alde guztietan, baina estatua duten herriek jarrai dezakete lasai ederrean herri izaten, beren kultura eta hizkuntzaz gehiegi kezkatu gabe. Aski da inertziaren “indarra”. Horrek ez du esan nahi guztientzat ere kanpoko haizeek eraginik ez dutenik, globalizazio porrokatua dela bide, baina, eusteko ere, estatuaren babesa dutenek murru eta langa sendoagoak dituzte.

Estaturik ez duten herrien kontua desberdina da. Hizkuntza, kultura eta ekonomiarekiko ardura handiak behar dira, gauzak ongi antzean joateko. Beste herrialde batzuekin konparatuta, ikasketa gehiago behar da: batetik, lan egin eta pertsona izateko, eta, bestetik, herri bezala irauteko. Estaturik ez duen herriak kultura handiko herritarrak behar ditu, iraungo badu. Gure gaztaroan, adibidez, geure burua janzteko obligazio morala sentitzen genuen. Asko zegoen irakurri beharra (langileek ere bai, ez intelektualek bakarrik): euskal literatura, filosofia, politika…, eta, ahal bazen, baita idatzi ere. Funtsezkoak ziren ‘Zeruko Argia’ eta ‘Anaitasuna’.

Gauza asko antolatu behar ziren: kantaldiak, bertso-saioak, hitzaldiak, antzerkia, ikastolak… Gaur dena instituzionaldurik dago, instituzioetatik antolatzen da. Ez dut esan nahi instituzionaltzea txarra denik, baina dena instituzioen esku uztea ez da ona. Instituzioek, izan ere, bi kulturak dauzkate elikatu beharra; horrela, beti, ahulena galduan aterako da. Hemen ez du balio inertziaren “indarrak”. Ezinbestekoa da ahulenaren aldeko diskriminazio positiboa.

Bestalde, denbora gehiegi eman dugu ETAri “begira”. Berak bakarrik “kultura” bat osatu du, eta hori ez da batere mesedegarria izan; batetik, beste gauza batzuetara dedikatu beharreko denbora asko kendu digulako, eta, bestetik, jende gehiegik arbuiatu duelako, biolentzia arbuiatzean, euskal kulturarekin zerikusia duen guztia.

Estaturik gabeko herrientzat ez lirateke gaizki etorriko GKE edo antzeko zerbait, batez ere gaztea dinamizatzeko; ez dut esaten gure garaietara itzuli behar dugunik, baina erabat ahanztea ere arriskutsua da.

Bai Horixe, DV: 160121

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s