Solteko dantza

‘Solteko dantza’ ipini diot izenburu, euskararen inguruan handik eta hemendik jasotakoekin txirikordatu nahi dudan gaurko lan honi. ‘Sueltoko dantza’ ipini izan banio ere ez zegokeen gaizki; taberna batean irakurri dudan “ardiko haragia” (edo antzeko zerbait) baino hobeto. Isilik egoteko ni  ez izaki ona  eta aportazio txiki bat egingo diodala esan diot arduradunari. Jartzen duenaren partez, beste hau ipini beharko lukeela: ardi-haragia, ardiaren haragia edo ardikia (txerriarekin edo txahalarekin ari bagara, berdin). Baina ez dit kasurik ere egin, eta errotuluak lehen bezala jarraitzen du; orain neuk lotsatu behar. Beste batek esan dit, nik ez ezik, hark ere ikusten dituela tabernetan gauzak gaizki. Esaterako, batean hau ikusi omen du: “Eguneko menue”, “txorixo egosie”, … Barka biezat nire lagunak, baina hori, eguneroko hizkera arrunt edo informalean, primeran dago; endemas, Goierri aldean. Hori baino okerrago ikusten dut hau: “Alokatzen da”. Agentzia batek (toki dezentetan) ipini duen iragarkia da. Horrela ipintzeak iradokitzen du alokatzeaz gain beste aukeraren bat ere eskaintzen duela. Zuzena izatekotan, “alokatu egiten da” esan beharko luke.

Inork ez luke lotsatu beharko akats bat edo beste egiten duelako, baina norbaitek zuzenketak egiten dizkigunean, onartzeko prest egotea ere gauza ederra da. Euskararen aldeko errebindikazio asko, nik uste, sintzeroak direla; beste asko, ordea, politikoki zuzena izan nahia besterik ez.

Orain pilotari batzuek asko “jolasten” omen dute; beste batzuek ez hainbeste. Nik uste, momentu honetan, jolasteko moduan Irujo eta Resusta bakarrik daudela; besteek, oraindik ere, finalerdietan sartu nahi badute, behintzat, gogor jokatu beharko dute, Pilotariak esan dut, baina euskaraz egiten duten futbolari batzuen kasua ere berdintsua da. Horrek ez nau gehiegi kezkatzen; kezkatzen nauena da, lehen esan dudan eran, beren hobe beharrez zerbait zuzendu egin nahi, eta hori ez onartzea. Ez dit inporta neu gaizki geratzea ere, badakit eta batek baino gehiagok “listillo” esanez hartuko nauela. Beste zerbaitengatik ari naiz gauza hauek esaten; neuk ere ez dakit zergatik: agian, barru-barrutik ateratzen zaidalako.

“Listillo” honek istilu asko kontatuko lituzke oraindik ere. Adibidez, gaur goizean neska batek esan didana: “ederra izango zen Aste Santuan eguraldi ona egitea”. Segundo bat baino gehiago igaro da zer esan nahi zuen ulertzerako, datorren Aste Santuari buruz ari baitzen.

Barka iezazkidazue burutazio pobre hauek; hurrengoan saiatuko naiz zerbait mamitsuagoa idazten.

Bai Horixe, DV: 160204
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s