Automatismoak eta fantasiak

Irakurri dut, zerbait errefusatu eta zerbaiti erantsita geratzearekin batera, eguneroko errealitatetik ihes egitea dela hirugarren automatismoa. Zer da automatismoa? Funtsean hauxe: arretarik jarri gabe gauzak egitea, automatikoki, horretan ohitu garelako. Aurrekoengandik heredatu ditugun ohitura eta iritziak automatismoak dira, batez ere bere horretan erreproduzitzen jarraitzen badugu. Era guztietako propagandak sortzen du automatismoa, ezer kuestionatu gabe dena irensten badugu. “Automatismoa = artaldekeria” entzun izan da. Automatismo batzuekin bizi garela ohartzea da kontua. Horretaz kontziente izanez gero, partida irabazia daukagu.

Hitz egiterakoan, hitzak automatikoki jaulkitzen ditugu; “automatismo” hori normala da, baina jaten ari garenean, zertan ari garen antzik gabe, batere edo gutxi mastrikatuta jatea oso txarra da: ondorioak izan ditzake gure osasunean. Egiten dugun gauza bakoitzean arreta ipintzea da egoki bizitzeko modua. Eta bide batez, presenteari atxikirik bizitzeko era.

Bestalde, aurrekoan adiskide batek esan zidan idazleok erdi “neurotikoak” garela (kasu honetan neure burua ere sartu egingo dut, beste testuinguru batean ez nuke hori egingo). Ez dakit hori hala den, uste dut fantasiak pertsona guztiek izaten dituztela, eta idazleok, agian, gehiago. Dena den, pentsatzen dut idazten dugunaren parte handia autobiografikoa dela, horretaz jabetu ala ez. Ametsetan azaltzen zaizkigun “pertsonaia” guztiak, psikologo famatu baten iritziz, gu geu omen gara, eta idatzi batean aurkezten diren pertsonaiek izango dute geure arrastorik non edo han. Behin baino gehiago, ez ote dira idatzietan azaltzen ametsetatik jasotako piezak?

Buruan zenbat pentsamendu pasatzen ote dira, eta gure irudimenak zenbat “pelikula” muntatzen ote ditu, geu asko konturatu gabe, batzuetan, eta ohartuki beste batzuetan? Sarri askotan, idazlearen beraren esperientziaren bat edo inguruan gertatua hartzen da oinarri. Hori uste dut, behintzat; nahiz gero mila modutan kamuflatu, lekuak, izenak eta garaiak aldatuta, eta abar. Liburuetan irakurritakoak edo besteri entzundakoak ere toki handia izan ohi du idazlanetan; ez, noski, zuzenean, baina bai zeharka, eta inspirazio-iturri moduan erabilirik. Hori guztia, jakina, “koktel” gozoa aterako bada, ondo nahastu behar da aurrekoen anparoan eta harira sortuko ditugun pertsonaia eta egoera berriekin.

Errealitatetik ihes egiteko joerarekin hasi gara, eta horra itzuli nahi dut. “Zulo” horretara iraulita bagaude, nik gomendatuko nuke gure fantasietan sortzen ditugun pertsonaia eta egoera horien gainean ipuinak idazteko. Iruditzen zait oso praktika osasungarria dela. Edo, ipuinak idaztea zail suertatzen bazaigu, gertatzen zaigun horri buruz idatzi. Gauzak kontziente egitea da kontua.

Beste praktika on bat da nobelak irakurtzea da, eta, ahal bada, hango pertsonaiekin identifikatu eta, aldi berean, fikzioa dela ez ahaztu. Identifikatzea ez da, noski, nahita egiten den gauza: bere kasa sortu behar du horrek. Horrela lortzen duguna da geuk sortu beharrik ez izatea. Edo nobelari buruz idatz dezakegu. Agian, ez dugu izango egunkari edo aldizkarietan publikatzeko modurik, baina bloga sortzea erraza da, eta han publika genezake. Orain arte esandako guztia baztertu beharrean aurkitzen bagara, saiatu beste bide batetik; adibidez, horretaz mintzatzeko moduko lagunak aurkitzen, eta hitz egin.

Azken finean, errealitate alternatiboa norberak sortzeaz ari gara mintzatzen. Literatur pretentsiorik gabe, irudimenari libre utzirik, egiten denean, hori arriskutsua al da? Bizi normala egiteko eta biziak dituen ardurei aurre egiteko gai ez izateraino blokeatzen bagaitu, izan liteke. Baina fantasiatik edo fikziotik errealitatera problemarik gabe itzultzen baldin badakigu, ez dut uste. Psikologo batzuek diotenez, fantasia batzuk izatea pertsona kreatiboren seinalea izan omen daiteke. Hemen ere, jakina, neurria izango da problema.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s