Zahar gazteak

Laurogeita hamar eta laurogeita hamaika urteko bi pertsona bizi dira gure inguruan. Bata, artzaina; bestea, apaiza. Biak zindo eta zimel, zein baino zein. Gure bizilagun batek, irribarrez, esan ohi du ez direla ofizio txarrak urte asko jotzeko. «Horrek bixak be, lan gitxi eiñda ta ondo kontserbatuak zauzek», esaten dit, berriz, herrian bizi den bizkaitar batek. Nolanahi ere, oraindik biek lanean jarraitzen dute.

Etxeko balkoi batera ateratzen banaiz, artzaina han arituko da aurreko baratzean, aitzurrez lurra konpontzen eta, ahaztu gabe, garaian garaiko barazkiak landatzen. Harritzen nau, adin horretan, aitzurra nola jasotzen duen ikusteak. Baratzean saioa egindakoan, alboko etxolara joango da, handik artilea eta txaratila hartu eta haria egiten jardungo du, gero artilezko galtzerdi bero eta gozoak negurako prestatzeko.

Beste balkoitik, apaiza ikusiko dut, arratsaldez bada, brebiarioa errezatzen edo, goizez bada, okinarekin hizketan, erosketak berak egiten baititu. Lehen esan dut oraindik lanean jarraitzen dutela. Artzainarena zati bat kontatu dut. Badakit apaiza egunero joaten dela elizara, baina nik hileta-elizkizunetan ikusten dut lanean: korua zuzentzen, eta, maiz asko, hilari hilobira laguntzen.

Artzaina ere ez da konformatzen baratzeko lanarekin. Udaberriaren hondarrean edo udaren lehen txintak nabaritu orduko han duzu Oidui mendiko betiko txabolan, oilo sailarekin, eta ez da itzuliko Santa Fe ondorenera arte; konkretuki, urriaren azken igandean ospatzen den Ardiki Egunera arte. Aurreko urteetan horrela egin du, eta ez dut uste aurten ere huts egingo duenik.

Bizia luzatzea, dirudienez, errazten ari da, batez ere medikuntza eta farmaziaren laguntzaz, baina bizi-kalitatearenak konplikatuagoa ematen du. Adinera iristekotan, gaurko nire bi protagonistak bezala iristea nahi litzateke, ahaztu gabe herrian badugula 102 urteko amona bat; hura ere oso ondo ailegatu da.

Bizia bera misterioa da, eta urte asko jotzearena ere bai. Ez dakigu zein den sekretua, nahiz eta mila ipuin entzuten diren alde guztietan: janarena, edanarena, loarena… inork ez daki garbi. Jakitekotan, dakiguna da nabarmen kalte zerk egiten digun; nekezagoa da, ordea, mesede zerk egiten duen jakitea.

Dena den, urte asko jotzea ona da, baina nik biziari, batik bat, eskatzen diot hiltzeko bezperara arte gustuko lanean jarduteko abildadea eta grazia. Nire kasuan, eskribitzeko eta abar, neure buruarentzat bakarrik jardungo badut ere.

Bai Horixe, DV: 160407

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s