Txarapeko bertsoak

Antton Kazabonen Txarapekoak. Bertsoak, noski! Nahiz eta Oiartzungo Txarapeko irakasle, idazle eta bertsolariak ondo hornitu gaituen ipuin-liburuz ere, bertso-liburuaz mintzatuko gara gaur: Txarapekoak. Ehun eta laurogei orrialde ditu liburuak. Bertsoak jarri ez ezik, liburua editatu ere berak egin du: auto-publikazioa dugu, beraz. Bertsoez gain, badu Xabier Lete herritarrari dedikaturiko atal bat ere eta, bestetik, amaieran hiru ipuin labur sartu ditu.

Bertsoei erreparatuta, Anttonek ongi ulertu eta barneratua dauka bertsolaritza produktu herrikoia dela, herri xumearen izaera eta kontzientziari lotua, eta herri xehearen eta herri xehearentzako espresio-bidea. Nahiz eta bertso jarriak izan, inprobisazioaren arintasun eta zorroztasuna berekin duten bertsoak dira. Jakina, ez dira bat-batekoak; ezta, alabaina, lantzearen lantzeaz, beste muturrera jo eta nik ‘maila landuko genero berria’ deitzen diodan horretara iristen direnak ere.

Gaiak sinpleak dira, hurbilekoak; sarritan lagunartekoak. Gaizki ote legoke ‘bertsolaritza aplikatua’ dela esatea? Hori diot bertso asko eta asko eskatuta jarriak edo motibo bereziren batengatik paratuak direlako. Hurbiltasun horrek, maiz asko, sentikorrago egiten du bertsoa, zuzenean aritzea bezala, emozioari errazago eragiten dio. Gaia “txikia” denean (herritar ezagun bati bertsoak jartzea), meritua ez da txikia, bigarren aldiz jotzen den sagarrari bezala, zukua atera egin behar baitzaio. Gaia “handia” denean, zukua dariola dago gaia, bildu besterik ez da egin behar. Ondo bidez, bertsoak atera behar du ‘burua’ gaiaren gainetik, eta ez gaiak bertsoaren gainetik. Freskotasuna eta umotasuna ongi uztarturiko bertsoak dira aipatzen ari garen liburukoak.

Era askotako bertsoak aurkituko ditu irakurleak. Asko dira “egun handira arte” esanda joandakoei eskainiak; beste asko erretiro, urtebetetze eta abarrekin lotuak (enkarguz sortuak asko), baina gehiago dira Anttonek bere iniziatibaz sortuak, eta batzuk lehiaketaren batean sarituak. Biluztasunak, inoiz, jantzi egiten du, eta uste dut bertso hauek ere horrelakoak direla: sinpleziak korapilatzen ditu, umoreak ematen duen seriotasuna nabari zaie askotan.

Propio bila ibili gabe, liburuko azken bertsoa gogoratuko dugu. Biografia antzeko bat kontatzen digu Anttonek sail honetan: Mundua pasatzeko hainbeste komeri / ale batzuk gertatu zaizkit behintzat neri! / Odolaren mintzoa nuenez kantari / batzuk kantatu ditut zuentzat opari.

Bai Horixe, DV:160512

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s