Zurrunbiloaren erdian

Bizitza modernoa abantailaz jantzia dago, baita, ordea, traba handiz betea ere. Zurrunbiloan murgildurik bizi gara. Zalantzaz josita gabiltza, aulki-jokoan bezala: ez dakigu esertzerik izango dugun hurrena musika gelditzen denean. Ez ote da posible bizitzeko beste era bat? Gauza inportante bat gogorarazi zidan aurrekoan irakurri nuenak, oso inportantea: “inoiz ez da berandu berriro ekiteko, bide egokiari heltzeko”. Eta jarraitzen zuen gero: “bi mugimendu-mota daude, esnatzekoa eta lokartzekoa”. Badirudi lokartzekoa dela gurea.

Badugu kaiolako katagorriaren antza; hura bezalaxe, burdina sendo eta gogorrez egindako danbor-formadun kaiolan bizi gara, jira eta buelta eta beti leku berenean, kaiolan gaudenik ohartu ere egin gabe. Hiru zati ditu gure kaiolak: itxura egin edo eman nahia, kontsumitzeko irrika eta botere-gosea. Ez gara kontzienteak. Kaiolaren urre-koloreak despistatu egiten gaitu. Kanpotik ere eginahalean dihardute, kontura ez gaitezen.

Oharkabean, beraz, mugitzen gara hara eta hona. Itxura denez, ahaztu egin zaigu bizitzen. Ibiltzea da kontua. Presaka eta korrika ibili ere! Gure egonarria gastatzen ari da, etengabe aizkorak eta labanak zorrozten ari den gezteraren moduan. Bihurgune bakoitzean zorionarekin topo egingo dugulakoan sartzen gara abiada bizian. Jakintsuaren hitzak dira, ez nireak: zoriona, aurkitzekotan, lehenengoa da gelditzea. Patxada hartzea. Kanpora begiratu partez, geure barnera begiratzea. Zorion bila gabiltza demonioak hartuta, baina kontrako lekuan egiten dugu, nonbait, kolpe! Noski, telebistatik eskaintzen diguten mundu idilikoaren atzetik baikoaz!

Aurrekoan hiri batean suertatu nintzen. Jendea txindurriak bezala zebilen kalean, norabide guztietan, elkarri agur egiteko denbora eta premiarik gabe, auto partikular, taxi eta autobus tartean. Batera eta bestera mugiarazten dizute burua eta zorabioa da. Txindurri-zuloetatik bezala sartu eta irteten da jendea dendetatik. Eta batetik irten orduko bestera korrika. Eta horrela, amaitzeko antzik ez duen lasterketa zoroan, existitzen direnik ere gogoratzeko astirik hartu gabe. Arretarik jarri ezean, hutsala da, ordea, bizia. Konturatu gabe bizitzea ez bizitzearen sinonimo da. Ondo bidez, egiten dugun gauza bakoitzean ipini beharko genuke ‘konszientzia’.

Norbaitek besondotik heldu eta «geldi hemen!» esatea falta zaigu, esnatzeko. Izan ere, jakintsuak dioenez, lokartzeko mugimendu eta ibilien mende bizi gara.

Bai Horixe, DV: 160526

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s