Lehen irakaslea

Kurtso berria hastera doa, eta haurtzaroko kontuak datozkit gogora. Jende gehienak esaten du lehen amodioa dela ahanzten ez dena, 13 edo 14 urte inguruetan izaten dena. Batez ere, nirea bezala, guztiz platonikoa baldin bada. Baina niri sekula ahanzten ez zaidana da lehen irakaslea.

Bi maistraren historia kontatuko dizuet. Historia aski paraleloak direlako eta biak, maistra lanetan, herri berean hasi zirelako. Pilar Asian ezagutzeko grazia izan nuen 2012ko abenduaren 27an, duela 60 bat urte Argiñanon egondako maistra. 83 urte zituen orduan. Dirudienez, argiñanotar baten hileta Iruñean den guztian elizkizunera joateko ohitura dauka. Argiñanorekin maistra moduan izan zuen loturak bultzatzen du horretara.

Ikasle ohiek ere ondo gogoan daukate Pilar. Banekien hori lehendik ere. Bi aipamen bakarrik. Hamaika aldiz esan izan zuen Miguel Antonio Peruk (g.b.) maistra horrek irakatsitakoarekin baliatu izan zela bizitza osoan, eta beti eskertsu azaldu ohi zen harekiko. Bestea, Jesus Mari Barrenechea: seminariora joan zenean, non ikasi zuen galdetu omen zioten, eta harro bota omen zituen Agiñano eta Pilar Asiainen izena. Batez ere, bigarren honek aspalditik zeukan egundoko gogoa bere irakasle kuttunarekin hitz egiteko, eta azkenean lortu zuen.

Memoria harrigarriko emakumea ikusi nuen. Nondik edo handik familia guztien arrastoa bazeukan. Halako ezagutzen al zuen galdetu, eta baietz, baina hil zela uste zuela: “creo haber leído su esquela, y… aquél tenía una hermanica”, eta gure emazteak emozioz beterik: “soy yo”. Momentu horiek ez dira kontatzekoak, bizitzekoak baizik.

Baina nork esan behar zidan orduan niri, urte pare bat geroago, egundoko deskubrimendua egin behar nuela, nire lehenengo irakaslea (Zaldibian), Maria Dolores Arsuaga tolosarra, Argiñanon maistra egona zela. Dirudienez, zigortuta bidali zituzten, senarra (maisua) eta biak, bata Argiñanora eta bestea Jaitzera (Salinas de Oro-ra).

Ni nahiko berandu hasi nintzen eskolan, zortzi urte arrimatuta, eta egunean ordu eta erdi bakarrik. Sarritan esan izan dut gauza askotara berandu iritsi naizen sentsazioa dudala, baina ongi aprobetxatu nuen Tolosako maistrarekin igarotako denbora, meritua, nirea baino gehiago, harena bazen ere. Maistra ona zen, eta hala behar erdaraz kasik tutik ere ez genekienoi zerbait irakastekotan. Hemen dago froga: ez genuen beste ikasketarik mundura, zerbait gehiago ikastera,  irten ginenean eta, nola edo hala, defenditu ginen behintzat.

Bai Horixe, DV: 160818

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s