Paradigma berria, galdera zaharrak

 

Posible da −nik ziurtzat joko nuke− erlijioak desagertzea, orain ezagutzen ditugun moduan behintzat, munduko leku guztietan abiadura berean gertatuko ez bada ere, tokian tokiko kultur eboluzioaren arabera. Batzuen ustez, erlatibismoan eta materialismoan murgildu garelako ari dira fedea eta erlijioa atzera egiten. Beste batzuek, ordea, argudiatuko dute erlijioaren atzerakoitasun, fanatismo, edo bere dogmatismoan… aurkitu behar dela galeraren oinarria.

Nire iritziz, beste arrazoi batzuek dira egoera horretara garamatzatenak: paradigma aldaketa (errealitatearen ikuskera berria), kontzientzia-mailaz aldatzea (arrazionaletik transpertsonalera) eta ezagutza-moduaren aldaketa (ez-dualtasuna, dena bat eginik dago, sare batean uztarturik). Erlijioak iritsi diren planteamendu eta burokrazia-maila jasanezinak dira (zentzugabekeria asko), gaurko kontzientzia-maila eta paradigmatik ikusita.

Baina, ezbairik gabe, funtsezko galderak egiten jarraituko du pertsonak: inguruari begira, hau zer da?, nor naiz ni?, zer egiten dut hemen? Pertsonaren dimentsio espirituala beste dimentsio bat gehiago da, eta sineste-molde guztien gainetik dago. Hain zuzen, galdera horiek dimentsio espiritualean sartzen dira. Aldi berean, jarrera materialista hutsak ere ez dauka etorkizunik. Kontzientzia gara, eta kontzientziarik gabe ez dago errealitaterik.

Esplikazioa, araua eta promesa dira erlijioaren funtsa: dena esplikatzen dute, dena arautzen dute (morala) eta promes handiak egiten dituzte, biharko. Profetaren baten izenean sortu dira, profetak berak horrelakorik eskatu gabe edo prometatu gabe. Kristautasunaren kasua, adibidez, nabarmena da: Jesusek ez zuen erlijiorik sortu.

Hauek dira Jesusen ezaugarriak: pobrea eta pobreen ondoan jarri zena, bitxia eta koherentea, librea, bake-gizona gatazkaren erdian, kritikoa erlijioarekin, anaikorra, Abba du funts eta oinarri… Abba, erreal ororen berberatasuna, erreal ororen azken hondoa. Horrek guztiak iraungo du, baina ez oraingo formetan, forma erlijiosoetan. Nik ez nioke kristautasun-ostea deituko, funtsezko gauza asko kontserbatu beharko ditu-eta, baina planteamendua erradikalki aldatuta.

Jesusek… bizitzeko filosofia bat planteatu zuen: errukian, solidaritatean, karitatean eta maitasunean ardaztua. Geroagoko muntaia osoa jasanezina da, onartezina da, gaurko ikuspegitik begiratuta. Inork ez die ukatzen erlijioei beren balio historikoa, oso funtzio inportantea bete izana, baina aldamenera pausoa eman beharrean daude; beste zerbaiten garaia da.

Erlijioek ‘jakitetik’ eman dute erantzuna. “Orojakile” bihurtu zaizkigu. Baina ‘ez-jakitetik’ eta apaltasunetik etorri behar du benetako erantzunak. Erlijioak pentsamenduan oinarritu dira, baina bizipenean oinarritu beharreko zerbaiten aurrean gaude: batasunetik eta konszientziatik bizi. Misterioaren aurrean, erantzutea ez, baizik bizitzea da kuestioa.

Bizi bakarraren forma diferenteak gara, gorputz beraren zelulak, dena sarean uztartua dago. Hori konprenitzea, horren kontzientzia hartzea, eta dena hortik bizitzea da milenio berri honetako erronka nagusia.

Identitate konpartitua eta ez-duala da gurea. Har dezagun olatuak eta uraren metafora. ‘Urtasuna’ da olatuen eta ozeano osoaren azken errealitatea. Olatu huts eta separatu moduan identifikatzen bagara (pentsamenduaren ondorioa), hala gaizki. Aitzitik, burua isiltzen dugunean, ‘ura’ garela deskubritzen dugu.

Misterioaren aurrean gaude, deitzen dioguna deitzen diogula: Jainkoa, Bizia, Kontzientzia… Dena bat da. Errealitate Errealaren azken hondoa eta gure honda berbera da (gogoratu: olatuaren eta ozeanoren azken errealitatea bera da, ura da). Den errealitatea onartzea dagokigu, baina ez etsipenez, baizik hori delako gure izatea. Eta “egin bedi zure nahia”  da egin litekeen otoitz bakarra.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s