Barne indarrak

Indar anitz da gure barnean, eta beharrezko da pluraltasun hori aintzat hartzea. Horrela, identitate monolitikoa dugula pentsatuta baino errazago argitzen da zenbait problematika. Samurrago identifikatuko gara beste bizimolde batzuekin, erreal nahiz balizkoekin, historia posible guztiak baita gizakia potentzian.

Gero eta maizago mintzatzen dira psikologoak identitate edo nortasun anitzez. Adibidez, inkesta bat egiten digutenean, dela ekologiari buruz, arrazakeriaren gainean edo zaborrak birziklatzeaz, gure portaera idealizatua gogoan dugula erantzuten dugu: «bai, oso gaizki dago pauso bat egin behar dugun guztian autoa hartzea; oso gaizki, mendian motoz ibiltzea; bai, ni arrazakeriaren kontra nago guztiz; zaborra birziklatzen ez badugu, hondamendi ikaragarria da planeta honentzat».

Sinesten dut intentziorik onenarekin esaten dugula. Baina, praktikan, Goiko Kaletik Beheko Kalera, ogia eta egunkaria erostera, autoan joaten gara; mendian ere nahiago izaten dugu ahal den urrutiraino ibilgailuz joan; ez gara arrazistak; ez gara arrazistak problemarik ez dagoen arte; ‘sutan jartzean  probatzen da, ordea, nolakoa den eltzea’.

Publikoan esaten duguna eta pribatuan egiten duguna, sarri askotan, ez dira bat etortzen. Pribatuan errazago azaleratzen dira inpultsu bikoitz eta egoistak. Orwell-ek esaten zuen ‘pentsatze bikoitza’ ote?

Nik uste beste zerbait dela: denoi interesatzen zaigu besteen aurrean irudi ona izatea, eta publikoan gauza asko erreprimitzen dugu. Publikoan beti ez gara autentikoak. Batzuetan aktore onak gara. Besteak gutaz pentsatzen duenak ‘zibilizatu’ egiten gaitu.

Dena dela, eskribitzeak erruz laguntzen du publikoan eta pribatuan dauzkagun portaerak orekatzen. Errazagoa da eskribitzen dugunean benetakoak izaten: gairen baten inguruan aritzen gara, gehienetan geure burua sartu gabe. Iritzia ematen dugu, bai, baina ez da zaila pentsatzen duguna esatea, inoiz metaforaz baliatuta bada ere.

Bada beste kontu bat: eguneroko bizimoduan, beti ere, beste giro batean mugitzen gara, eta badirudi, idazle askok hala esaten du behintzat, idatzian beste testuinguru batean gabiltzala; badakizu egunero tratatzen duzun jende askok ez duela irakurriko zure zutabea, besteak beste, tartean erdaldunak ere badirelako, eta beste arrazoi askorengatik. Dena den, badut lagun bat (eusdaldun peto-petoa) eta sarritan esan izan dit: “Txato, hire artikuluk ez zetiat letzen, ez diat-eta ezer entenditzen”.

Bai Horixe, DV: 161006

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s