‘Dingi’ batean

Orain paterei deitzen omen zaie ‘dingi’ (dinghy). Hori eta beste gauza asko ikasi eta ikusi ahal izan genuen, joan den igandean, Astral dokumentalean. Dakizuen bezala, Jordi Évole kazetari aurkezleak eta bere ekipoak egindako –bikain egindako− lana da. Irudiak irudi (lehen ere bagenekien horien eta itsasoak eramandakoen zifra hozkigileen berri, gutxi-asko), Mikel Ayestaran kazetzari beasaindarrari, Luis Eguiluz, Estrela Galán eta beste batzuei egindako elkarrizketak argiak eta txit argigarriak iruditu zitzaizkidan. Beste behin gehiago nabarmen utzi zuten Europaren, errefuxiatuekiko, konpromiso urria, eskasa, murritza…

Astral barkuaren historia bera ere polita da; polita eta eredugarria: Livio Lo Mónaco italiar dirudunak ‘Proactiva Open Arms’ gobernuz kanpoko erakundeari emana. Eredugarria esan dut, eta hala da; baita eskertu beharrekoa ere, eskuzabaltasuna eta solidaritatea hain purian ez dauden garai hauetan. Baina benetan eredugarria litzateke munduko agintariak beste politika bat egiten hastea, eta, bakoitzak berea bakarrik zaindu beharrean, besterenari ere kontu pixka bat egiten ikastea; eta, batez ere, gerrak pizten ibili gabe, gatazka dagoen tokietan erremedioa ipintzen saiatzea, diplomaziaren bidetik eta ez armen bidez. ‘Si vis pacem para pacem’.

Badakigu zein den munduko eta munduaren errealitatea. Eta nik uste borondate on eta sentimenduzko jokabideekin ez dugula ezer konponduko. Izan ere, elkarrizketatu batek esan zuen eran, zenbat denbora irauten digute Aita Santuak edo pertsona ospetsuren baten hitzek eragiten dizkiguten sentimenduek? Astraleko tripulazioan zihoan batek eman zuen klabea, jo zuen mailukada ingudean zuzen: «Ni han eta hura hemen egon gintezkeela konprenitzen ez dugun bitartean ez dago konponbiderik». Egia handiagorik! Beraz konprentsioa da bidea. Behin behar eta, Xabier Leteren kantaz gogoratu nintzen: ‘Neri berdin  zait zu hemen eta ni hor egotea’.

Sarritan amets egin dut, bai lotan eta bai esna, eta iragana ezagutu edo beste garai zaharrago batean bizi izateko gogoa sentitu izan dut. Esan izan zaigu kulturak eta herriak beti zibilizatzen joan direla. Ederra kontua edo ipuina herri eta kultura guztiek parean egin balute aurrera, eta herri eta kultura batzuek besteak zapaltzeko erabili ez balute indarra. Zibilizazioaren izenean, toki askotan egiten dira ospakizunak, baina iruditzen zait ospatzeko baino motibo gehiago dagoela barkazioa eskatzeko.

Bai Horixe, DV: 161020

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s