Mondejurik onenak, Urkolarenak

Ahizpa zaharrenari, iazko irabazleari, ahizpa gazteak hartu dio erreleboa

Aralarko gaztarekin, berriz, Juan Mari Zinkunegi, Aitzarte elkartea, izan zen irabazle.

Ardiki Kutur Elkarteak antolaturik, atzo egin zen, Zaldibian, XXII. Ardiki Eguna. Jende ugari bildu zen. Giro ederrean bete zen programan iragarririk zegoena: azoka, lehiaketa, erakusketa, musika, dantza, eta abar. Ikusgaien artean hau nabarmenduko genuke: asta-zerra, gure adineko eta gazteagoentzat nahiko ez-ezaguna.

Programaz kanpo ere izaten mugimendurik: batetik euskal artisau asko etortzen da bere lan finak azaldu eta saltzera. Bestelako saltzaile ibiltariak ere ez dira gutxi izaten. Aukeran gehiegi.

Mondeju lehiaketari dagokionez, esan dezakegu txapela ez dela etxez aldatu: Isabel Urkolaren, iazko irabazlearen, burutik Amaia Urkolaren burura pasatu da txapela. Ahizpa zaharrenari ahizpa gazteak hartu dio erreleboa.  Zaldibiako Illati taberna eta Zuloetan baserriaren artean dabil jokoa. Ez da Zuloeta baserriko Amaia Urkolak txapela eskuratzen duten lehen aldia; 2013an ere bera izan zen txapeldun. Eneko Urkolak (Zaldibia) eta Amets Galartzak (Amezleta) lortu zuten bigarren postua. “Kastatik kondea”, dio esaera zahar eta bete-betean konplitzen da, irabazlearen iloba eta semea baitira biok. “Senos”ek (Gantzarain anaiak, Oto anaiak, Pungi Aranguren, Peizio eta Asier Muruak osatzen duten taldeak) eskuratu zuen hirugarren postua, iaz bezalaxe. Hogeita lau kazuela aurkeztu ziren guztira.

Aralarko Gazta Lehiaketan, berriz, Errezilgo Juan Mari Zinkunegi (Aitzarte elkartea) izan zen irabazle. Hiru urteotan segidan atera du saria, iaz eta orain bi urte, bigarrena, eta aurten, lehenengoa.  Doniturrieta Garakoan larreratzen ditu ardiak Juan Marik. Ataungo Isidro Sukia, iazko txapelduna, irten zen txapeldunorde. Isidrok Doniturrieta Azpikoan gobernatzen du artalde ugari bezain ona. Aitor Iztueta lazkaotarrak eskuratu zuen hirugarren saria. Eluxeta Goikoan dago ardiekin. Hamabost gazta aurkeztu ziren lehiaketara. Azpimarratzekoa da, txapelduna ateratzeko, desenpatea egin behar izan zela.

Egañak eta Lizasok, urtero egiten duten eran, bertsotan aurkeztu zuten epaimahaiak emandako erabakia. Sei bertso izaten dira: batak mondeju-lehiaketako hiru lehenengoei, eta besteak, gazta-txapelketako irabazleei.

Herritar adituez gain, hauek aritu ziren epaimahaiko-lanetan, mondejuari dagokionez: Iban Mate, Beasaingo Dolare jatetxeko sukaldaria eta Tolosako “Julian” jatetxeko Matias Gorrotxategi. Gazta lehiaketan, berriz, herritarrez aparte, hauek jardun zuten: Ttale Ouret, Iparraldekoa eta Iratiko artzaina, Idiazabalgo Gaztintxulo artzaina eta Zaldibiako Lazkaoetxe jatetxeko Eneko Azurmendi.

 

Amaia Urkolak: «Etxeko jeneroa erabili eta behar den denbora hartu»

—Berriz ere txapeldun; itxaropentsu etorri al zara?

—Behin aurkeztu gero itxaropentsu dago egon beharra. Lehen ere txapelaren esperientzia badaukat, eta horrek konfiantza ematen du.

—Zein da mondeju onak egiteko metodo edo sekretua?

 —Sekretu gutxi dago. Guk etxeko jeneroa erabiltzen dugu, eta hori izan liteke oinarria: etxeko ardia, etxeko arrautzak… Eta, gero, behar denbora hartu, eta gainean egon.

—Mondejua puntuatzeko garaian, gauzak asko hartzen dituzte kontuan. Hori buruan duzula jarduten al duzu mondejuak egiten?

—Ez. Inolaz ere ez. Nola, ba! Gainera guk, taberna daukagunez, mondeju asko egiten dugu, iaz ahizpak esan zizun moduan. Ikasi dugun eran, amak erakutsita bezala, egiten saiatzen gara. Misteriorik ez dago.

—Osagaien proportzio nola neurtzen duzu?

—Ahal-iritzira. Gutxi gorabehera. Eskarmentuaz fidatu behar da. Gero, probatzen eta ikusten joan.

Erabiltzen al duzu tresnarik denbora, tenperatura, gatza, irakina eta abar kontrolatzeko?

—Ez. Horrelakorik ezer ere ez.

—Nori eskaintzen diozu txapela?

—Amarengandik hasi eta familia osoari. Familian ikasi dut honetan, eta hark eman didana berati itzul nahi diot…

—Besterik?

—Ardiki Eguna oso festa polita da, herri osoak parte hartzen duena, elkartasun ederrean, eta horri eutsi beharra dago.

Zuloetak badauka
nonbait hor habea,
egiteko mondeju
nahi baino hobea;
etxean baratzea
eta artaldea;
eskulanean berriz
abila jendea,
Amaiak hargatik du
txapel dotorea.

Hamidou-rekin bazkaltzen

Guk bazkaldu genuen toki berean, hain zuzen Illati tabernan, bazkaldu zuen Hamidou mauritaniarrak. Hiztun eta gustura ikusi genuen, eta amaieran derrigorrez galdetu behar ea mondejua gustatu al zitzaion. Eta izugarri gustatu zitzaiola erantzun zigun. Ea Zaldibiako mondejuak uste baino urrutirago iristen diren.

Esta entrada fue publicada en Ardiki Eguna. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s