Politikaren arazoak

Eguna joan eta eguna etorri, etengabe ari gara entzuten eta ikusten ustelkeriari buruzko informazioa, han eta hemen. Azkenean, ustelkeriak berak ez ezik informazio hori entzun eta ikusi beharrak begi bietaraino okitzen gaitu. Ez dut ukatzen beharrezkoa dela salatzea eta errudunei justizia aplikatzea. Baina ez dezagun pentsa politikaren problematika osoa horrekin konpondua dagoenik, epaileen esku uztea nahikoa denik.

Ustelkeriarik gabeko politika, bera bakarrik, nahitaez, ez litzateke politika ona izango. Politikari eskatu behar zaion minimoa da ‘res publica’ (gauza publikoa) ongi administratzea; baina ez hori bakarrik, baita problema eta arazo sozialei erantzun egokia ematea ere. Eta hori egin behar da inertzia oro alde batera utzita, dinamismo ekintzailetik: ideia berriak sortu eta proiektuei eraginez.

Politikaren egitekoa da, adibidez, herri mugimenduak eta mobilizazio demokratikoak eraiketa instituzional bihurtzea, mobilizazio horiek testimonial hutsak izan ez daitezen. Beraz, txalogarria da 15M bezalako mugimendutik alderdi politikoa sortzea, eta errebindikazioak parlamentura eramatea. Zaila, alafede, kaleko aldarrikapen guztiak instituzioetan ongi bideratzea.

Ez hainbeste, instituzioek alderdi berria domestikatzen dutelako, baizik botere faktikoek, batez ere ekonomikoek eta mediatikoek, kontenplaziorik gabe egurra ematen diotelako alderdi berriari, akats txikiak anplifikatuz eta gauza onak ezkutatuz. Nondik iritsi zaiola uste duzue horrenbesteko presioa PSOEri, Podemosekin pakturik ez egiteko?

Politikak izan beharko luke ahala neoliberalismo basatiaren kontra borroka egiteko ere, hortik ez baitator gehiengoarentzat ezer onik, ez bada gutxien batzuen eskuetan diru-pilaketa handiak eta behekoentzat ‘ogi-papurrak’. Baina alderdi politiko batek nola egingo dio horri kontra bere ideologia bera ere bide horretatik badoa? Hau da gertatzen dena: gastu publikoaren murrizketa etengabea eta ahal den guztia pribatizatu. Horrek dakarrena da goiko eta behekoen artean gero eta diferentzia handiagoa, eta aurki, deskuidatuz gero, berdindu ezingo den zuloa.

Paradoxen garaian bizi gara. Ekonomia asko ari omen da hazten, eta langabezia jaisten, eta, hala ere, Gizarte Segurantzan gero eta zulo handiagoa. Paradoxa esan dut, baina logika hutsa da. Horrek esan nahi du oso kontratu eskasarekin ari dela jendea lanean. Eta guztientzat ditu ondorioak, batez ere zerbitzu sozial eta erretiroentzat.

   Bai Horixe, DV: 161117

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s