Nikolas Segurola

Uste dut Nikolas Segurola aski ezaguna dela Euskal Herrian, hainbat esparrutan (erlijioso, artzain eta bertsolaritzan), nahiz eta Xabier Iraola arranguratsu azaldu ‘Nikolas txikia’ (El pequeño Nicolás) “zoritxarrez” hain ezaguna delako eta ‘Nikolas handia’ jende gutxiegik ezagutzen duelako. Gero, Nikolas Segurolak izan duen ibilbidearen eta burutu dituen egintzen berri ematen du luze eta zabal, Nikolasek merezi bezain luze eta zabal ez bada ere. Aipatzen du Xabier Euzkitze, Iñaki Beristain eta Eduardo Urartek, ildo bana hartuta, Nikolasi buruz egiten duten liburua ere.

Hain zuzen etzi, larunbatean, egingo da liburu horren aurkezpena, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Aurkezpena aprobetxaturik, omenaldia eskainiko zaio Gomistegiko fraide artzain eta bertsolariari. Euzkitze, Beristain eta Urarteren hitzaldien ondoren eta, ezbairik gabe, Nikolasen beraren hitzen ostean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasoren bertso-saioa izango da. Horrez gain, kantuak ere izango du lekua omenaldian. Ezeren okerrik ez dela, hantxe izango gara. Iruditzen zaigu betekada ederra hartuko duela Topaguneak.

Ez dut gogoan noiz egon nintzen lehenengo aldiz Matximentako gizon baketsu eta handiarekin −handia zentzu bikoitzean−, nahiz eta aditzera aspalditik nuen bertso-munduarekin zeukan loturari buruz. Fama handia zuen gai-jartzaile moduan. Bertsolariek gustura kantatzen zuten hark ipinitako gaiekin. Zerbait berari botatzen bazioten, barre-algara izaten zen haren “haserrea”. Ez dut gogoan elkar noiz ezagutu genuen pertsonalki, baina badakit biok epaimahaiko izan ginela 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Umore handiko gizona da Nikolas. Ez dakit hori frantziskotarra izateak ematen dion ala Matximenta errekatik jadanik odolean zekarren. Nolanahi ere, frantziskotarrek umoreari garrantzi handia ematen diote. Eta nago Jainkoak ez ote duen nahiago Nikolasen umorea haren errezoak baino. Fraide eta bertsotan epaimahaiko izateko, kontzientzia lasaikoa eta umoretsua izatea hobe.

Badakizue 1986ko Txapelketan puntuazioa bistan ematen zela. Bertsolari batek denbora asko pasatu zuen bertsoa hasten. Nik, bertso ona bota arren, ‘penalizatu’ egin nuen. Jendeak txistu jo zigun (zidan); ni ere apur bat bai, baina beste mahaikide bat erruz larritu zen. Nikolasek inguratu eta hau bota zigun: «Ez al dakizue zer esan zigun Lazkanok? Lasai etortzeko, ez genuela-eta ondo egingo».

Horra hor Nikolasen erretratu txiki bat.

Bai Hori, DV:161123

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s