Fidel Castroren aditzera

Ez dut ekarpen handirik egingo, historia aldetik, Fidel Castrori buruz. Baina, agian, harritu egingo zarete, esaten badizuet Kubako iraultzaren protagonista nagusiak presentzia handia izan duela nire bizitzan, erreferentzia bidez. Artean gauzak konprenitzeko askorik gauza ez nintzela hasi nintzen Castroren berri jakiten; ondo esateko, ‘jakiten’ ez, baizik ‘entzuten’ esan beharko nuke.

Gure auzoan bazen baserritar bat, orotan gogorra, sentimenduak gordin azaltzen zituena, okasioa zuen guztian, baita soroan ganaduekin lanean zebilela ere, haiek, atseden apur bat hartzeko, soro-bazterreko sagarrondoren hostopean abaro uzten zituenean. Makila jasota hasten zen demandan, erdi bere kasa, entzungo zuenik inguruan sumatzen baldin bazuen.

Harentzat lana, noski, eskulana zen bakarrik; batez ere, nekazaritza. Hargintza, zurgintza eta igeltserotza ere onartuko zizkizun. Harakintza eta dendaritza ez hainbeste. Baina, batik bat, hauek ziren surtan ipintzen zutenak: udaletxeetako bulegoetan, notarioenean, kontribuzioa kobratzen… aritzen zirenak. Jesusen garaian publikanoak baino okerragoak ziren azkeneko horiek gure auzoko baserritarrarentzat. Eta irratiz aritzen zirenak hortik honakoak!

Basarri hartzen zuen sinbolotzat amorrua deskargatzeko: «Castro etorri behar likek honea –hasten zen–, Basarri eta kontutik bizi den jendilaje guzti horri bizkarra bero-bero egittera. Bestek eginda jaten duten hoiri, hoiri, egurre gogotik, eta hala ere ez dittuk pagatzen!». Apaizen kontra ez nion sekula ezer entzun, baina pentsatzekoa da zaku berean sartuko zituela.

Nik orduan ez nekien zer esan nahi zuen ‘bestek egindakoa jateak’. Gure etxera, behintzat, inork ez zuen ezer ekartzen, txerria hildakoan odolkiak ez baziren; eta eman ere apenas ematen genuen. Pentsatzen nuen bakoitza beretzat aritzen zela lanean. Gure auzoko baserritarrak bazekien, ordea, hori ez zela horrela. Nik ere bai orain.

Hamabi urte bete aurretxoan joan nintzen kolegio batera, interno, eta han ezagutu nituen Kubatik derrigorrez itzuli behar izan zuten fraide batzuk. Hala ere, guri ez ziguten, ez kontrako ez aldeko, gauza askorik esaten.

Orain etxean daukat, koinatua, kastrista porrokatua. Atzo bertan bidali zidan zerrenda luzea, iraultzaren bertuteak aipatzen dituena. Zalantzarik gabe, kontrario asko izan du Castrok etxean eta kanpoan, nahiz eta egunotan Habanan, azken agurra emateko, ikusi diren ilarak ikusita zaila den sinesten.

Bai Horixe, DV: 161201

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s