Haranburu adiskideari

Abenduaren 8an, artikulu luzea publikatu huen, medio honetan bertan, izenburu honekin: ‘PISA: educación e identidad’. Nik, hire artikulua leitzerako, banian erreferentzia, facebook-en bidez. Erreferentzia horretan, ‘putrea’ deitzen ziaten. Ni ez nauk sartuko deskalifikazio pertsonaletan. Baina esan beharrekoak esan beharra zagok, beste hark zioen moduan, gogorkeriarik gabe (sin acritud) bada ere.

Eta lehenik esan beharrekoa duk oso oportunista jokatu duala. Ez duk pazientzia handirik izan. Luma, nonbait, aurrez zorroztua huen. Jarrai dezadan. Uste diat diakronia eta sinkronia nahasten ari haizela, eta jakinaren gainean ari haiz egiten. Hori –termino erlijiosoak hainbeste gustatzen zaianez– ‘bekatu astuna duk’. Garbiago esanda, momentu jakin batean izan den emaitza txarra aprobetxaturik, hamarkadetan ongi funtzionatu duen Hezkuntza Sistema gutxiesten duk. Azkarregi egin diok tiro erbiari. Gutxienez, 2020ra arte itxaron behar huen, eta orduan zer gertatzen den ikusi.

Ideologia jakin baten kontra mintzatzen haiz, eta, askotan, ez gaituk ohartzen geuk ere geure ideologiatik dihardugula. Kexu haiz identitate-arazoari pisu gehiegi ematen zaiolako. Ez nauk  hor sartuko. Baina ohar adi ‘Katalunia espainoldu behar dugu’ esan zuenak zer pentsatzen duen. Esan Wertek esan zian, baina nagok haren alderdiko beste askok ere berdin pentsatzen duela. Identitate-arazoa esklusiboki Euskal Herriarena balitz bezala saltzea ez duk justua.

Murgiltze linguistikoaz diharduk gero. Nik ez nikek minuturik ere galduko hori eztabaidatzen, baizik esperientzia izan dutenei zuzenean galdetu. Niri, ‘beoteprontoan’, izen bat edo beste zetorkidak gogora (Jon Maia, Mikel Idoate, Xabier Paia…), baina beste mila adibide egon litezkek, eta galdetu modu inpartzialean. Galde ziezaiekek euskaraz ikas zezaketen eta ikasi ez zuten batzuei ere, ea orain zer pentsatzen duten.

Eskerrak Nafarroan emaitza onak izan diren! Hala ere, ez diok barkatu, esanez egungo Gobernuak oraindik denborarik izan ez duelako ez direla emaitzak okerragoak. Ez nian uste horretaraino iritsiko hintzenik. Ez hadi ahantz Nafarroan oraindik ez dagoela D ereduaren eskea betetzeko adina plaza. Zer deritzok?

Nik esaten diat hori dena, baina ez diat uste separatista porrokatuen artean kataloga nazakeanik; izekotan ere abertzale kulturala izango nauk, eta, hiri bezalaxe, interesatzen zaidak euskara. Zenbait planteamenduk, ordea, desagerpena zekarrek.

Bai Horixe, DV: 161215

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s