Gabonetako parabola

Behin batean, baziren bi herri, Marondo eta Malkarain. Marondon zorionez gainezka bizi ziren; Malkarainen, ezbehar handien mende, sufrikario hitsean. Sakan harritsuak, eta horma edo malda piko bezain arriskutsuek banatzen zituzten bi herriak. Asko ziren  Malkaraindik Marondora pasatzen hasi, amildu eta harritzan galduak.

Egun batean, etorri zen gizon bat, eta zutoin bat sartu zuen sakaneko harritzaren erdian. Gero, sakanaren aldamenetatik, ohol bana luzatu zituen zutoinera, eta han iltzez josi. Lanak amaitu eta zutoinetik jaistean, lehentxeago lurrera bota zuen eta ahoz gora geratu zen aizkoraren gainera egin zuen, zoritxarrez, salto. Ebaki handia egin zuen hanka-orpoan eta, odolusturik, bertan ‘hil’ zen. Aurkitu zutenean, artean, bihotza bazerabilkion, baina motel, eta zizpuru txikitan galdu zuen bizia, gizakien begietarako.

Testiguek heroia zela erabaki zuten. Ez ziren gelditzen kultua eskaintzen: Hala ere, ez zuten askok baliatzen Malkaraindik Marondora pasatzeko gizonak egindako oholezko zubia. Azkenean, erabat ahaztu zitzaien: sasiak eta laharrak hartu zuten oholezko zubi sendoa.

Heroiarenganako kultuak, ordea, aurrera jarraitu zuen. Herriak monumentuak eraiki zituen haren omenez, himno sarkorra konposatu zuen kanpoan bizi zen herriko seme musikari batek: «Gizon bedeinkatuak ditu mila grazi /guretzako zerua nai du irabazi; / gu salbatzeagatik eta nola bizi / guri erakusteko da zerutik jetxi” kantatzen zuten, ozen; eta, horrekin batera, ez zioten utzi otoitzak eskaintzeari, erakutsi zien maitasun handia eskertzeko.

Herriko zaharrek jakinaren gainean ipini zituzten belaunaldi gazteak heroiaren bertuteei buruz, eta buruan ondo sartu nahi izan zieten haren heriotzak salbatu zituela, eta hiltzen zirenean inolako ezbairik gabe sartuko zirela zorionaren herrian, Marondon. Sekula gehiago ez ziren mintzatu oholezko zubiaz. Jakitunen diskurtso eta irakaspenek nahaste-borraste izugarria sortu zuten. Sineskeria ugari barreiatu zen, eta ez ziren asko zuzena eta okerra bereizteko gai zirenak.

Bien bitartean, heroiaren espiritua han hasi zen: «Seme-alaba kutunok, oker zaudete. Nire heriotza ez zen izan zubia eraikitzean izandako istripuaren ondorioa baino. Zubia eraiki nuen, zorionaren herrira, Marondora, igaro zintezten, baina tamalez, ez diozue kasurik egin». Eta otoitzen zarata hain zen handia, ez zen entzuten heroiaren espirituaren ahotsa, eta Malkarainen geratu ziren betiko.

Bai Horixe, DV: 161229

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s