Ebidentzia batzuk

Bada kontzientzia bat edozein ‘lehen’ baino lehenagokoa, inoiz jaio ez den kontzientzia eta inoiz hilko ez dena. Giltzak galdu zitzaizkidanean frogatu nuen nik hori ondo. Orduan piztu zitzaidan bonbilla. Giltzak galdu zitzaizkidan igande goiz batean, eta ‘argi’ batek esan zidan bazela norbait giltza horiek non zeuden zekiena. Eta horrela da. Ez dago ezer unibertsoan kontzientzia txikiak ala Kontzientzia Handiak non dagoen ez dakienik. Batzuetan biek dakite. Baina beti Kontzientzia Handiak.

Hari beretik jarraiturik, behin batean, Einstein lagun batekin ari omen eztabaidan: Einsteinek ez bide zuen sinesten kontzientziak eraginik zuenik errealitatearen sorkuntzan. Eta esan omen zioen lagunari ea uste al zuen hura begira zegoenean bakarrik azaltzen zela ilargia. Nik, Einsteinekin egon izan banintz, hau esango nion: beti dago norbait ilargiari begira; Kontzientzia Handia begirik kendu gabe, noski.

Beste ebidentzia bat. Ni pertsona guztiengan ordeztua nago, eta pertsona guztiak nigan ordeztuak daude. Horrek esan nahi du ‘Zu’ ‘Ni’ ere bazarela eta ‘Ni’ ‘Zu’ ere banaizela. Platonen erreminiszentziaren teoria baino hobea da nirea. Hark zioen zaldia ezagutzen genuela aldez aurretik zaldiaren ideia gure ‘ariman’ zegoelako, ideien mundutik genekarrelako. Ez da horrela. Zaldi ‘berria’ nik ezagutu dut, zaldi hori nik lehendik ezagutzen ditudan zaldi guztiengan ordeztua dagoelako. Errealitatea holistikoa da: ‘partean’ dago `dena’ eta denean dago partea. Zaldi batengan daude munduko zaldi guztiak eta munduko zaldi guztiengan dago edozein zaldi.

Ebidentziekin aurrera. ‘Izan’ (‘izatearen kontzientzia’, nahiago bada) da gure identitate sakona eta konpartitua, edo Errealaren (izan-denaren) azken hondoa, nukleoa, nondik jalgitzen ari baita dena.

Orain, har ezazu pago handi bat, eta ‘dena’ da pago hori: eskultura, aizkora-kirtena, mahaia, aulkia, azpila, ziriak, hesolak, ohola, sehaska, eskuare-hortzak, uztarria, estatua: san Inazio edo san Frantzisko… dena!, dena! Ez potentzialki bakarrik, baita errealitatean ere.

Gaur inguratu zait halako “filosofo” bat eta eztabaidan jardun dugu (oso denbora gutxian, zorionez). Erregeena ‘gezur galanta’ dela esan dit. Erantzun diot hori ez dela sartzen ‘egia’ / ‘gezurra’ kategorian. Baina alferrik! Gero galdetu diot nobelak, ipuinak, parabolak, Olentzero… non sartzen diren, eta esan dit Olentzerori bakean utzi eta ‘kontu txinoekin’ haizea hartzera joateko.

Atzo burla egin zidan adiskide batek, Jainkoa ez dagoela ukatzerik esan nuelako, ‘ebidentzia hutsa’ baita. Baina haren burla gorabehera nik lehenean segitzen dut: Jainkoa ez dago ukatzerik. Jakina, ‘Jainkoa’ zeri esaten diogun da kontua. Noski, zeharo baztertua dudala irakatsi ziguten jainko hura. Orain ‘aurkituriko’ Jainkorekin gabiltza, ni behintzat, eta hori, noski, ez dago ukatzerik. Erreal ororen edo izan-den guztiaren azken hondo sakonari, nukleoari, deitzen baitiot. Eta nola ukatu?

‘Jainkoa’ esan dugu, baina beste edozein izen erabil dezakegu izendatzeko: Bizia, Presentzia, Kontzientzia, Taoa…, nahiz eta benetan egokirik aurkituko ez dugun. Den Hori ez dakigu zer den, ez dakigu badela besterik. Nazareteko Maisuak asko lagundu zigun argitzen. Hark maitasun, erruki, enpatia, solidaritate, behartsu eta gaixoen lagun… moduan enkarnatu zuen.

Azkenik, badakigu ez zela izan Aingeru Gabrielen anuntziaziorik, ezta Belengo artzainen bisitarik ere, edo Errege Magoenik, ez birjinagandiko jaiotzarik, ez ogi eta arrainen miraririk edo piztuera fisikorik… Baina ba al dago, zinez, kontatu nahi diguten ‘esan ezinezko hori’ baino errealagorik? (cf. Joxe Arregi, ‘La estrella’, 25.12.16).

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Ebidentzia batzuk

  1. Arantzazuko txindokiarra dijo:

    Oso ondo, Rufino.
    Pentsamentu, edo filosofia, edo kontuen giharrea, edo errealitatearen ikuspegia, edo izaera-modua, edo (Oñatin dioten gisara) trikitx egiteko arrazoitxoa, edo… nahi den modura deitu geniezaiokeen kontu natural zuztarreko hori dena, oso ongi deritzaidak, hi bezalako, ta hirea bezalako leiho-guneotan idatzi ta agertzea. Espiritualitate XXI deritzan mamiaren ekarria hortxe zabilek eta hortixe zihoak. Bejondaiala! Urteberrion!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s