Bide berriak

Gaur egun, bakarren bati galdetzen baldin badiozu bere bizia zer den eta zer egin nahi duen, ez duzu jasoko, segur egon, honako bi erantzunetarik bat bera ere, hau da, Jainkoa laudatu eta zerbitzatzeko kreatua izan dela, eta horren bidez arima salbatu, edo produkzioko medioen jabetza kolektiboari esker sistema aldatu. Aldiz, beste honako erantzun hau aterako du edo aterako zaio: zoriontsu bizi, kalterik ez egin inori eta babesturik sentitu, eta sinesten duela hor nonbait badela gu baino gorakoa, dena esplikatzen duena.

Bibliak, gaur egun, Jainkoaren Hitz absolutu eta esklusibo moduan, Salbamen Misterio gisa, ez digu deus esaten. Eta zer esaten digu sekuentzia tenporal honek: kreazio-bekatu-gizoneztatze-erredentzio-piztuera-betiko bizitza, baldin eta metafora bikain baten antzera ez bada? Deseraiki egin ditugu gure sineskerak, lurrikara txit desegilea nozitu dugu, zeinek eragin dizkigun: lehenik egundoko nahasmena, gero lasaitasuna eta azkenik animo eta kemen berriak.

Mundu hau zapi bat dela esaten genuen lehen, eta egun immigrante-mantarekin konparatzen dugu, kale-ertzean zabaldurik eta punta banatan lokarri banarekin, behartutakoan hartu eta hanka egiteko. Opresioz josiriko manta globalean bizi gara, desberdintasun lotsagarrien munduan; mundu hautsi, kontraesanezko, likido eta gaseosoan; mundu egoista, berekoi eta dirua paradisu fiskal eta telematikoetan gordetzen dutenen mende; mundu grinatsu, karroina zale eta fundamentalistan murgilduta; “pentsamendu bakarra” nagusitzen ari den munduan. %99, merkatu eta ez-afektuaren ur izoztuetan sarturik bizi gara.

Gizarte honi buruz galde egiten dugunean, ebanjelioak ze ekarpen egin dezakeen jakin nahian, hau da gure lehenengo erantzuna, mantarien begiez begiratu nahi diogula, oinak kalean finkaturik, begi ernez begiratu nahi diegula pertsegitu eta handik botatzen gaituztenei. Jesusen begirada behetik gorakoa da, eta hain irekia, ez du ukatzen ezinezkoa dirudiena ere.

Ebanjelioaren irakurketa dela eta, azken urteotan aldaketa sakonak nabaritzen ari gara. Hasiera da, baina uste dugu konbultsio handia eragingo duela, ez kristautasunean bakarrik. “Iraultza” horri paradigma-aldaketa deitzen dio askok: mutazio sakona munduaren interpretazioan eta, nola ez, baita egoaren interpretazioan, federenean eta Jainkorenean ere.

Paradigma berriaren estreinako eta oinarrizko ezaugarria da zientziara irekitzea. Zientziaren aurrerabide izugarriak eta, batez ere, bere dibulgazioak esplikazio onargarrien atzetik ipini ditu sineskerak sinbolo gisa. Jadanik (sineskerak) ez dira lehenengo egia. Onartu dugu eboluzioaren teoria, onartu dugu genetikaren iraultza, erlatibitate-teoriak, fisika kuantikoa, ‘neurozientzien’ aurrerabidea, onartu dugu informatika eta bere luzapena den zibernetika.  Baita Marx, Nietzsche, Wittgenstein eta abarren filosofia kritikoak eta, berdin, ‘kontestazio-soziologia’ batzuk ere.

Baina, batik bat, ezagutza beste modu batean ulertzen dugu. Ez dago egia absoluturik eta prozedura definitiborik. Ez-ziurtasuna, subjektibotasuna eta mentura oso kontuan hartu beharreko elementu-osagai dira ezagutza orotan. Geuk sortzen ditugu errealitatea deskribatzen duten digituak, geuk sortu dugu kreatu gaituen Jainkoa. Biblia da gure arrazoimen eder eta ahaltsuaren beste kreazio bat, eta “mezu ebanjelikoa” gure kontzientzia pertsonal eta sozialean jalgitzen den ontasunaren ‘esplizitaziorik’ hoberena.

Milurteko luzeetan nahastu da metafora egiarekin eta beharkizunarekin. Orain arte, fedeak beti arrazoi zuen, orain zientziaren hitza da ukaezina.

Beste erlijio batzuekin bizi beharrak ispilu batean bezala ipini ditu gure sinbolo eta praktika asko. Kanpotik begiratu diogu geure buruari eta irudi arraroa atzeman dugu, eta erlatibitatera bultzatu gaitu. Nolanahi ere, erlijio guztiek dirudite arraroak eta egiten dituzte gauza arraroak. Beren indarra ez daiteke etor jada inspirazio zerutiarraren eskutik, baizik eta giza premia eta eskubideei ematen zaizkien erantzunetatik. Kant-ekin batera esan genezake hauxe: Sinets eta obra ezazu zure fedea gizadi osoak aintzat hartzeko moduan.

Jesusek ez zuen sortu erlijiorik, politikarik eta moral jakinik. Bakar-bakarrik maitasuna jaso zuen zeruetaraino: kalte egin dizunari ere barkatu eta hura ere maitatu, beste masaila ipini. Hori ez da kristautasunarena bakarrik, zorionez denena da, baina egia da historiako momentu jakin batean berak [Jesusek] ‘asmatu’, errebelatu eta aktibatu zuela, gero Kristo deituko genion pertsonak. Iturri horretatik edan dugu humanismo guztiek.

Kontakizun dotore, zinema, arte, poesia, utopia sozial, eta praktika politiko, erlijioso eta komunitario batzuk oso baliosak dira gizarte berri hau animatu eta eraikitzeko. Baina hegadari ekiteko goi plataformak Nazareteko Jesusen kutsua du. Behartsuenen tokian jartzeko gai zena, errukiaren benetako paradigma.

Ebanjelizatzea, gur egun, da justizia eta zorionaren aldeko mugimendu unibertsal hori hedatzea, munduko instituzio eta mugimendu alternatibo guztiak baturik. Hori da eliza berria: jende guztien konbergentzia giza duintasunaren alde. Hori egin eta nahi izan zuen Jesusek. Bukatu da “gure eliza” eraikitzeko garaia, “gure Jainkoa” definitzeko tenorea, “gure Salbamena” defenditzeko sasoia. Justiziaren aldeko mundu-konbentzioa eraikitzeko ordua da, esperantzaren internazionala osatzekoa.  

Formazioa eta gizartean esperantzaren indarra izango dira kristautasun berriaren erronkak. Formazio-funtzio eta funtzio sinbolikoak bultzatu behar dira, gizartearen moralitatea igotzeko. Esperantza indartu: ez da gauza bera ziurtasun itxien bidez ala metaforen bidez mugitu. Lehenengoak pautak markatzen ditu; bigarrenak, askatasuna. Parroki, kafetegi, foru eta tertulia edo beste leku komunitario batzuek, ezbairik gabe, kredo eta pentsamendu guztientzat izan behar dute, ekintza-tokiak, kritika sozialerako lekuak…

Santiago Villamayor. Comunidad Almofuentes de Zaragoza.
Zaragoza, 15 de abril de 2016.
Gentileza de E. Martínez Lozano
Itzulpena eta moldaketa: rufino iraola garmendia
Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s