Hotzari begira

Urtarrileko lehen egunak. Hotzak termometroa puskatu behar zuela! Etxean ere kalefakzioa eta txapela eta bufandarekin egon behar horietakoak izan dira batzuk. Leihotik begira jarri eta segundo batzuen buruan lurrinak kentzen zidan bista. Eskuaz garbitu eta etxe aurreko zelaian, bi kundan ikusten nituen arkumeak. Oiloek hanka-arrastoa uzten zuten izotzetan. Putzu-zuloak hormaturik. Bizkarreko mina egin arteraino jardun dut doministikuka.

Igogailua aberiaturik barruan gelditzea urteko edozein egunetan izango da txarra, baina horrelako hotzarekin gelditzea ez diot opa etsairik handienari ere (dena den, nire aldetik etsairik ez dago), batik bat zaborra ateratzera pijama hutsean zoazela. Badakit sukarraren hotzikara oso txarra dela, baina hotzaren hotzikara ez da hobea izango, ez da hobea. Aszentsorean eguraldiaren gainean hitz egitea ohikoa bada, kasu honetan, igogailu gabe ez ezik teilatuperik gabe bizi direnak eta errefuxiatuak izan dira hizpide sarritan. Zorionez, asko dira solidaritatea igogailutik kanpora ateratzen saiatzen direnak.

Bestetik, hotzari begira jarri eta txoriak txioka ikusi ditut. Bada txori klase bat etxe ondotik asko urruntzen ez dena eta ez dakit zenbat izen dituena: txolarrea, burgoia, mokomotza, lapur-txoria. Txolarreak edo burgoiak etxekoiak dira, baina aurten horiek ere ez dira libratu urtarrileko eguraldiaren krudeltasunetik. Eta askotan amorru galanta eman izan badidate ere, batik bat gariak eta artoak zaindu ezinik ibiltzen ginen garai hartan, uxatzeko txorimaloa ipini eta bertan igual egiten zuten habia, praketatik barrena sartuta, aurtengo urtarrilean errukia eman didate: ez  dakit jada garirik lapurtu ez dezaketelako ala nik orain gauzak beste modu batean konprenitzen ditudalako.

Nolanahi ere, jilgeroak eta txantxangorriak edo xoxoak ez dira ibili hobeto. Neuk topatu nuen jilgeroa akabatuta etxe-kantoiko gereziaren azpian, xoxoari kantuaren ordez kurriska tristea entzun nion. Motel eta mantso ikusi nuen txantxangorria, hegan zihoala atera nion argazkia.

Garai batean, kazuela bete txori noiznahi izaten zen neguan. Egiten genuen garbizio ederrik, zepo, tranpa eta tiragoma. Ez naiz damutzen orduan txoriei ematen genien tratuaz; besteak, beste ezertarako balio ez duelako. Baina gaur ez dut bihotzik hori egiteko. Orain, lorategiko gorosti dotorearen ale gorriak, bai dotoreak!, jaten uzten diet, inolako eragozpenik gabe: ikusitakoan, izu ez daitezen, gorde egiten naiz. Ez, ordea, ezeren damu naizelako, baizik orain ohartu naizelako erein gabe jateko esan ziela Jaunak.

Bai Horixe, DV: 170112

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Hotzari begira

  1. Arantzazuko txindokiarra dijo:

    Gustatu zaidak hire, hotzak kizkurtutako txorimalo horren jarduna. Baina, hau bai, egia dela, ta kontu mingarria: gure gaztaro hartan baino txori askoz gutxiago zebilek: txori-familiak gutxitu dituk, eta familia bakoitzeko senideak ere bai. Gure mendi hegaletako zoko txorientzako hain erakargarri hauetan, lehenago zortzi-bederatzi txori famili bagenituen, orain, azken urteotan, lauzpabost besterik ez; eta haietatik ere, lehen esan dudanez, senide gutxi. Penagarria, baina, hortaraxe iritsi gaituk eta… ez duk panorama berehalakoan argituko…!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s