Ispiluaren jokoa

Zenbat aldiz begiratu ote dugu ispiluan bizitzan zehar! Noiz hasi ote ginen begiratzen! Kontzientziarekin lotua dago ispilua. Haurrak bere burua ispiluan lehenengo aldiz ezagutzen duenean jaiotzen omen da kontzientzia. Iristen da momentua, ezen ohartzen den haurra, aurreko ispiluan ikusten duena bera dela; horiek bere begiak direla, bere bekokia, sudurra, belarriak, bere hortzak, ahoa… Jakin-minez betea nago gure Alatzek nola erreakzionatuko ote duen egun horretara iristean.

Ispiluak jasotzen ditu etxeko sekretuak. Ispiluaren  aurrean hasten dira mutilak goiko ezpain gaineko bizar bisutsak ebakitzen. Biloba ezpain gainari begira hasten denean, aitonak aurpegiko zimurrei begiratuko die, bizi baniz. Ezerk ez du erakusten errealitatea ispiluak baino garbiago, gizakiak mesfidantzaz betaurrekoak mugitzen baditu ere ea irudia distortsionatzen ote duten. Aldi bakoitzean ispiluan irudi berria ikustea da adina. Ispilua eta biok batera zahartu gara. Hark ere ez daki non gordeak dituen nire gaztetako irudiak.

Ispiluari azaltzen zaizkio beste inori azaltzen ez zaizkionak. Hala nola, zita batetik frakasoa etxeratu duen neskak edo mutilak, itxaropen osoan amodioa deklaratu ostean. Masailean malkoek irekitako erretena islatu da ispiluan. Malkoei eutsi ezinik etorri da ispiluaren aurreraino eta lehertu egin da. Ispiluak ez daki disimulatzen. Aurrean ipintzen zaion irudia itzultzen du, inoren zizpuruen gupidarik gabe. Superrealista da ispilua. Horregatik, ‘espejismoa’ ez dut entenditzen, edo paradoxa moduan entenditzen dut. Bihotza estuturik negar dagiena benetan ari da, han ez dago efektu optikorik.

Ispiluak ikusten ditu hilekoa lehengo aldiz jaitsi zaien nesken erreakzioak, aurpegira eta begietara ere begiratuko baitute. Edozein gertakariren aurrean bakoitzak bere erreakzioak ditu, noski. Ezinbesteko gertakari fisiologiko batek ez die denei modu berean erasaten, eta ispiluko irudia ere diferentea izango da.

Ez dakit ispiluak soluziorik emango dion premian denari, baina ispiluak badu bertute handi bat: oso diskretua eta isila da. Ez dago besterik ispiluak adinako bermea eskaintzen duenik ikusitako irudiak ez dizkiola inori erakutsiko. Protagonista bere bistatik ezkutatu bezain laster borratzen ditu ispiluak bere baitan ziren irudi guztiak. Ispiluak momentuko irudiak besterik ez du jasotzen. Zaharrak ezabatu egiten ditu, eta etorkizunari buruz ez daki ezertxo ere. Presenterik zorrotzena da ispiluarena.

Bai Horixe, DV: 170302

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s