Luis Mari Mujika

Itsasotik sorturiko olatua hintzen, eta berriro ozeanoarekin bat egin duk, haren izaera berekoa izaki. Bat egin duk, beraz, den guztiaren dimentsio sakonarekin. Ukitu eta pentsatu ezin duguna, baina den oro izan dadin ahalbidetzen duena. Hitzak eta kontzeptuak baino harago dagoen misterioa. Heuri entzun nian, behin, hire jarrera erlijiosoa urrun zegoela gauza askotan Tolosako komentuan eta Erroman ikasi huenetik, baina ez huela ukatzen gure gainetik egon zitekeen inteligentzia edo adimen handiago hori. Beste gauza askori ipini arren, ez hintzen ausartzen horri izena ipintzera, eta arrazoi huen. Izan dadila, eta kito! Roger Lenaers teologoaren orriak izan omen dituk kontsolamendu azken aldian. Pozten nauk.

Ez zekiat elkar noiz ezagutu genuen, baina gogoan diat behin biok izan ginela Idiazabalen, hitzaldia ematen. Ez iezadak galde zertaz zen: ez zekiat, ezta noiz zen ere, baina bazekiat hik eman huela hitzaldia, eta niri erruz balio izan zidala hitzaldi hark zeinen gutxi nekien jakiteko. Eskerrik asko. Pentsatzen jarrita… oraintxe ohartu nauk. Uste diat erdaldunak euskara ikastera bultzatzea zuela helburu saio hark. Izan ere, erdaraz izan zuan ekitaldia.

Ez zekiat hori baino lehenago edo geroago, Donostiako Irakasle Eskolan egin genian topo, hi irakasle eta ni ikasle. Nola, bestela? Aukera asko eskaintzen zuen irakaslea hintzen. Bazekiat toponimian jarduteko bideak irekitzen hizkigula. Hik iradokita aztertu nian ‘Peru Abarka’, euskaraz eskribituriko lehen nobelatzat jo ohi dena. Hik esanda egin nian Zaldibiako eskolan haurrek erabiltzen zuten euskarari buruzko lan bat. Batez ere, zenbat lagundu higun euskal lexikoaren lanketan, heure liburu bat, ‘Latina eta erromanikoaren eragina euskaran’, oinarri hartuta. Hik ohartarazi gintuan tipula, zartagin, gela, kupela, kaiola, katilu, agin, berba, maskuri, makulu eta beste hainbat eta hainbat hitzen latin-jatorriaz.

Eremu asko jorratu hituen: poesia, nobela, saiakera, toponimia, irakaskuntza… Baina, Luis Haranburu Altunak dioen eran, hire obrak, bizi izan haizen arte, ez dik jaso merezi duen aitortza eta eskerronik. Ez gaituk errudunen bila hasiko, baina  dagokienak ea saiatzen diren zor hori kitatzen. Eskuzabala omen hintzen. Bai, noski. Gainera, idazle handien obra sakonak irakurtzeko gai eta, aldi berean, gu bezalako idazle txiroen lan batzuk ere irakurtzen hekiena. Eskerrik asko.

Historiak ipintzen dik bere tokian gizakiok ukatzen duguna.

Bai Horixe, DV: 170406

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s