Tximeletak buruan

Ni iritsi naizenean, orduantxe zihoan Basilio etxera, aitzurra bizkarrean duela, Zaldi Hibiko kanposantuaren ondoko baratzetik. Urrundik egin diot kasu, baina ez dit aditu edo ez-aditua egin dit, atzera begiratu badu ere. Traktore txikia baratzean utzi du, martxan, motorra nahiko suabe duela. Ez zuen ateratzen lanean ari denean bezalako zaratotsik eta asko hurbildu behar zen entzuteko. Pentsatu dut gosaltzera joango zela, traktorea, ahazturik, martxan utzita. Ez neukan motiborik beste ezer pentsatzeko, komunera joango zela ez bada. Zimel eta zindo kontserbatzen da, urteetan aurrera doan arren, 65 aurki. Buruan ez du ilerik falta eta mingainean ez du izan… orain arte. Begi biziak gordetzen ditu betaurrekoen atzean, eta bestela ere hagitz izaera bizikoa da.

Medikuaren txanda neukan, Basilioren baratzetik ehun metrora, kamioa tartean beste oztoporik gabe, hamarrak hogei gutxian. Atzerapenik gabe ari zen medikua eta, esandako orduan, zuzen hartu nau. Herriaren albo batean dago osasun-etxea, eta kanpoko atetik sartu eta ezkerretara medikuaren kontsulta. Txikia da, 8 bat metro koadro. Bulegoko mahaia eta bi jarleku dauzka aurrena. Eskuineko apalean, Medikuntza Zientziaren Hiztegia, 16 liburuki ilaran. Aldamenean, ezkutu samarrean, beste gela bat, irekia, azterketa-mahaiarekin. Hantxe behatu nau, galtzak jaitsi eta galtzontziloak beheratuta. Kontsultaren gainean elkarte gastronomikoa dago. Saltsako bakailaoaren usaina aditzen nuen, eta gaixoen eztul-hotsak ere iristen omen dira elkartera, sabai mehean barrena.

Pomada errezetatu dit, eta, halabeharrez, ez da aseguruan sartzen. Botikari ilehoriak segituan zerbitzatu nau, paperean bilduta eman dit botika, 8 euro ordainduta. Behin farmaziara joanez gero, pisatzeko ohitura daukat, 80 kilo markatzen zuen baskula elektronikoak. Ez diot berehala antzeman hark ere ez duela lanik egin nahi dirurik gabe. Zalantzan ikusi nauenean, botikariak berak bota dio 20 zentimoko txanpona, irribarrez etorrita.

Farmaziatik irten naizenean, keak hartua zegoen Basilioren baratzearen parterik handiena, baina traktorea isilik. Hilobiko ormarekin lerro bakarra osatzen du ortuaren barrenak, forma errektangularra du; goitik beheraka edo behetik goraka landu behar da, zeharrera laburrekoa baita. Putzua dago ortuaren erdian, borobilean. Handik ateratzen du ura Basiliok. Madari-arbola dago ortuaren aldamen batean, eta urtero egiten du pinpinak habia hantxe. Aurten katu beltzak jan dizkio kumeak, arbola gainera igota. Datorren urtean ez du horretan lanik izan behar, lehenago eramango du “pasaportea”.

Txamarra eta txanoa zeuden putzuaren ertzean; eta bota lokaztuak lurrean, erorita. Ez zen han Basilioren arrastorik, eta pentsatu dut motorra bere kasa geldituko zela, gasolioa ahitu zaionean. Ez dakit zer landatzeko garaia den, baina alboekin alderatuta tristura ematen du Basilioren baratzeak. Gaizki hazitako baba handi batzuk eta hosto luzedun landare baldar batzuk baino ez dut ikusi.

Simonekin, Basilio eta bion lagun batekin, egin dut topo. Basilioren baratzearen abelerarekin hura ez da ni adina harritu, bazekien zerbait: «Aspaldian oso nolabait dabil; ortura etorri etortzen da, baina traktorearen gainean jarri eta, motorra martxan duela, mugitu ere egin gabe egoten da. Buruan tximeletak dauzkala esaten du berak, haiek uxatzeko ipintzen duela traktorea martxan, baina ez diotela lanean uzten». Simon eta biok hizketan ari garela, han azaldu zaigu Basilio burua zapiaz bilduta eta uxaka, eskuan bidoia duela. Hitzik esan gabe, traktorera hurbildu, bidoikoa isuri depositura, gainera igo eta martxan ipini du. Orduan irribarre egin digu zapi-tartetik.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Narrazioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s