Argazki zaharra

Aurrealdean dudan argazki zaharreko emakumeak 111 urte beteko zituzkeen atzo, bizi izan balitz. Apalak txukundu eta liburuak ordenatzen ari naizela etorri zait eskuetara, Émile Zolaren ‘Germinal’ eta Mario Puzoren ‘Los Borgia’ liburuen tartetik. Argazkiak berak, kontuak ondo aterata, baditu 87 urte aurten, eguna eta hilabetea esan ez baditzaket ere. Emakume gaztea, ezkontza egunean, ikusten dut argazkian, eta nire kalkuluen arabera 24 urte ditu, 25.aren bidean. Senarra ondoan duela azaltzen da, urte batzuen aldea nabaritzen zaiola, dozena bat bai, agian, argazkiak islatzen duenez.

Laurogeita zazpi urte izateko, dudarik gabe, argazki dotorea da: senarra trajea eta gorbatarekin eta emaztea eskuan lore-sorta duela. Lore-sortaz gain, mantelina beltza, soineko eta zapaten kolore berekoa, darama buruan diadema zuriaz apainduta. Lepoan bola txikidun koilare zuria, ondo ajustatua, belarritakoekin eta diademarekin konjunto harmoniatsua osatzen duela. Garaiko usadioek agintzen zuten eran, aurpegi serioa, baina, andre gaztea itsustu gabe, haren edertasuna areagotzen duena.

Aditzera dudanez, Bilbora joan zen eztei-bidaian, eta astebeteren buruan baserriko etxekoandre zen, duela 33 urte hil zen arte. Baserriko bizimoduak ez du aipamen berezirik merezi, paralelismo izugarria baitago guztien artean, eta nik ezin esan zuek ez dakizuenik. Izatekotan ere, argibide hauxe emango nuke: baserrian egun eta data asko izaten dira egutegian apuntatu beharrekoak. Ordea argazkiko emakumearen kasuan hori ez zen beharrezkoa, memorian  gordetzen zituen gertaera eta gertakizun guztiak. Berdin halako ardik umea noiz egingo zuen, edo auzoko aitona Maurizio noiz hil eta hobiratu zuten. Kanpo-herrian ibili zen eskolan eta dotrinan, eta memoria ona zuelako adibide ugari dira. Bat aipatzekotan, erdarazko dotrina propio horretan jardun gabe ikasi zuela, apaizak erdaldunei lezioa hartzen zien bitartean.

Esan gabe doa baserrian gogor egin behar izaten zutela lana baita emakumezkoek ere edo, batez ere, emakumezkoek. Sarritan, gizonezkoei segi behar soro-lanean, belar ontzen edo garotan, eta horrez aparte etxeko lanak propina. Bestetik, umeak hazi eta, normalean, ez sail makala, argazkiko emakumeak 8 seme-alaba izan ditu. Gainera, bake eta oparotasun garaian erraza da, baina gerra-bezperan, gerratean edo gerraren biharamunean, lantegi zaila. Eta ez etxekoak soilik, sarritan kaleko ilobak ere gonatik tiraka, aitona-amonen babesera baserrira etorrita.

Bai Horixe, DV: 170420

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s