Denak zoriontsu

Bakaziotatik nator. Handik dakart materiala, itsasertzean eguzkitan umotuta. Eguzkiak eskuzabal jokatu du aurtengo Aste Santuan, gu egon garen lekuan. Haizea ere lagun izan duela, horixe bakarrik! Arantxa Urretabizkaiak asteleheneroko saioan (2017.04.17) zioenez, jada inork ez du galdetzen bakaziotan joan behar ote dugun, nora joan behar dugun baizik. Neuk ere aspaldi esan nuen mugitzea dela kuestioa, nora goazen ez badakigu ere. Korrika ibiltzea da kontua, zoriona azkar atzemateko.

Hain zuzen, badirudi orain zoriona saldoan dagoela. Bidaia-agentziek ez dizute saltzen hotela bakarrik, bakaziotako sorta berean sartzen eta saltzen dute zoriona ere. Zoriona bilakatu zaigu produkturik eskuragarrien. Ez duzu ikusiko zoriona eskaintzen ez duen publizitate-spotik. Ez da txarra bakaziotan ateratzea, ez da txarra publizitateari bere neurrian kasu egitea, ez txarra jana eta edanarekin disfrutatzea. Txarra da dena bitan banatzea, alde batean gauza ‘onak’ eta bestean ‘txarrak’ (lana, obligazioak…) ipinirik. Ordea, garen errealitate osoa asumitu eta integratzen ez badugu, gure zoriona beti herrena izango da. Adibidez, bakazioak eta lana antagonikotzat jotzen baditugu, gaizki ibiliko gara, berez ez baitira osagarriak baizik.

Aspalditik ezagutzen dugun neska batekin aurten ere hotel berean egin dugu topo. Burua ongi atonduriko neska da. Denetarako hartu du denbora: mutilarekin egoteko, hondartzara joateko, futbola ikusteko, lagunartean ibiltzeko, unibertsitateko lanak egiteko, baita aurki zituzten festetako disfraza prestatzeko ere. Zenbaitek neska horren zorion-bide nagusia (edo bakarra) mutilarekin egotea joko du. Beste batzuk bigarren mailakoak izango dira, adibidez, festak; eta zenbait gauza (esaterako, estudiatzea) gogorik gabe bada ere, erremediorik gabe egin beharrekoa. Bada, errealitate osoa onartzen ez dugun bitartean jai daukagu zorionarekin. Berez disfrutatzeko diren gauzekin ere ez dugu disfrutatuko.

Bakazioak baliatu ditut Aldous Huxley-ren ‘Un mundo feliz’ (Bai mundu berria) bigarren aldiz irakurtzeko. Etorkizunari buruzko metafora gordina eta ironikoa da. Ez dago gurasorik, ez dago familiarik, ‘in vitro’ sortzen dituzte haurrak, muntaia-katean bezala, enbrioi bakarretik hainbat ‘biki’ kloniko, munduko beharren arabera, taldeetan sailkaturik. Dekantazio- eta kondizionamendu-metodo sofistikatuenen bidez, batzuk meatzariak izango dira, beste batzuk exekutibo izateko baldintzatuko dituzte, eta horrela espezialitate bakoitzaren arabera. Bakoitza bere lanean “zoriontsu” izango da.

Ez dago protestarik, hegorik sekula izan ez duenak eta izateko espektatibarik ez duenak hegoak errebindikatzea bezala baita. Eta muntaia-kateak zerbaitetan huts egiten badu, ‘soma’ (droga) emango zaie sistematik kanpora geratu direnei, eta horiek ere zoriontsu. Panorama beltza da nobelak planteatzen duena. Nortasuna, duintasuna eta askatasuna falta direnean, dena da nahasmen, eta edozeri esatean zaio zoriona.

Bai Horixe, DV: 170427

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s