Prentsa arrosa


Garai bakoitzak bere ‘prentsa arrosa’, baserririk urrutienean ere falta izan ez dena

Zaldi Hibiako Orbeleta auzoan zegoen Itsasola baserria, lau bizitzako etxe handia; gaur egun, etxe berriak egiteko botea. Isidora, Joakina eta Severiano ziren bateko bizilagunak; Madalen bestekoa, Felisa hirugarren bizitzakoa eta Mariana laugarrenekoa. Gavina bisitaz joaten zen Itxasolara, jaiotzez hangoa bazen ere, ezkontzaz auzo bereko Orkoien baserrira joana. Aipaturik geratzen dira protagonista nagusiak, etxebizitza bakoitzean jende gehiago bizi bazen ere.

Severiano ere ezkontzaz iritsi zen Itsasolara. Gaztetan, Ameriketa aldean ibilia, eta orain txofer fabrikan. Fundizioko hondakinak atera eta bueltan almazen batetik eraikuntzako materialak ekartzen zituen fabrikara. Asteburuan, baserrian aritzen zen: ganadu-jatekoak egin, egurra txikitu, garaian garaiko haziak erein, eta abar. Igande goizean, mezatara joango zen zintzo arraio! Handik irtendakoan arrantxoa, auzoko Maurizio eta biek. Ordu pare bat baino gehiago harrapatzen zizkion Severianok igandeari mezatarako aitzakian.

Jakingo zuen jendeak Gavina noiz sartzen zen bere jaiotetxean, baina zailagoa zen noiz irtengo zen jakitea, ilunak askotan harrapatzen baitzuen bertan, eta, bide batez, aurreko igandean  eramandako farola entregatzera etortzen bazen ere, atzera farolarekin itzultzen zen etxera.

Kontua erruz zuten emakumeak ziren, baina Severianori ez zitzaion asko axola Isidora, Joakina eta Gavina etxean kontu-kontari aritzea, merienda ona ematen bazioten. Felisa nekezago, baina Madalen laster elkartuko zen beste hirurekin; Marianak gor-haizea zeukan, eta etxean gelditzen zen, biloba jaioberriaren sehaskari eragiten. Aurki ziren Pilartxoaren martopilak. Juanito etxeko semearen eta Justina errainaren fruitua zen Pilartxo txikia. «Datorren ilen 5n ditun 6 ilabete Juanito eta Justina ezkondu ziela, eta segituan martopilak!», esango zuen Gavinak, denetan memoria onena zuenak. «Bai, ez dute denborea alperrik galdu», erantsiko zion Isidorak, eta Joakinak: «Izarran kontadurie eamaten ondo ikasia eongo den Justina oi!», eta Gavinak ez zion erantsiko ezer, aski zuen barre-algara egitearekin, ezkerreko begia erdi itxian. Madalenek informazio osoagoa izaten zuen beti: «Emakumea, Abaltziketako Sebastian koplarik bertsok eta dana ataa omen zien, Justinan nobioa izandakok ainduta, eta bikario zaarrak frente eman azkeneko ordun, eta ola salbatu omen die».

Eta gero denak martopiletara joango ziren, Pilartxo Ama Birjina baino ederragoa zela esanez. Garai bakoitzak bere ‘prentsa arrosa’, baserririk urrutienean ere inoiz falta izan ez dena.

     Bai Horixe, DV: 170504
 
Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s