Urrezko ezteiak

Olaberrian genuen zita, Joxepa eta Mielek izendatuta, duela 50 urte eztei-bazkaria eman ziguten toki berean, oraingoan urrezko ezteiak ospatzeko. Olaberria, Gipuzkoako herririk oparoenetakoa, beti bezain dotore zegoen joan den larunbatean. Belardi berdeak goi aldean, haziak erne berri soroetan, mahastia loretan; eliza goren-gorenean. Barruan ez ginen izan, baina kanpotik beti bezain buruzut. Garai batean erruz bisitatzen zen Olaberriako eliza, han kutunak banatzen zituzten eta. Herri-gunea hantxe, Txindokiren begiradapean, tontorreko eguteran, alaitasun jario. Toki ederra aukeratu dute Joxepa eta Mielek urrezko ezteiak ospatzeko. Jatetxe onak ere bai bat gehiago, nire publizitatearen premiarik ez dutenak, noski. Behe aldean, fabrikak eta tailerrak. Atentzioa ematen du espazioaren banaketa zein ondo egina dagoen.

Hantxe elkartu gintuzten, bada, Joxepa Iraola eta Ariolako Mielek alde bateko eta besteko senideak. Hara, berriz! Ohartu gabe nengoen ‘iraola’ eta ‘ariola’ letra berberez osatuak daudela. 50 urteko despistea nirea; ez da makala, mantsoagatik! Eguzkiak eguraldi ona oparitu zigun, eta eskertsu gagozkio. Berez festa ederrak direnak mila aldiz gehiago luzitzen dute eguraldi onarekin. Euriak narrastu egiten du giroa; ez da animo berdina izaten. Ez dagokigu antolatzaile eta protagonistei, Oleiko Joxepa eta Miel Etxeberriari, zorionak esatea besterik.

Urrezko ezteiak beti dira gertakizun sozial garrantzitsua. Lehen usuago izaten ziren. Orain, maiz asko, ezkontza eta ezteirik gabe elkartzen da bikote asko, eta gero lanik ez zilarrezko zein urrezko ezteiak egiten. Orain beste garai batzuk dira. Niri oso ondo iruditzen zait urrezko ezteiak egitea, 50 urte elkarrekin bizitzeko suertea izanez gero. Eta Mielek eta Joxepak izan dute. Zorionak!

Ez dakit nondik jo orain, artikuluak Basarri edo Txomin Garmendiaren idatzien tankera har ez dezan. Ez dut esaten haienei txarrak irizten nielako, plagiatzea gustatzen ez zaidalako baizik, ezta estiloa ere. Lanak sekula ikaratu ez duen matrimonioa da Joxepa eta Mielena. Biak baserritar peto-petoak eta fabrikan ere gogotik saiatuak. Miel orain ere goizero joango da bere Ariolara, damurik ahalak apur bat eskastu bazaizkio ere, eta Joxepa lagun izango du sarri asko. Bestetik, bi seme hazi eta haiek ongi uztartzeko suertea izan dute, eta aitona eta amona erruz maite dituzten hiru adaxka sendo sortu zaizkie haien enborretik. Urte askotarako!

Bai Horixe, DV: 170511

 

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s