Azoka zaharra

XX. mendean gaude, 40ko hamarkadan. Asteazkeneroko azoka Ordizian. Egunsentiko argi-txintak Txindokiko haitz punta argitu orduko –gerrako tiro hotsen oihartzuna ozta-ozta isildu delarik–, Goierri osoa jarri da martxan. Idi-gurdiak, zaldi-karroak, astoak eta mandoak datoz azokara salgaiez zamaturik: txerrikume, arkume, txahal, oilasko, arrautza, gazta, barazki eta fruta. Saltzaile bakoitza bere tokian kokatuko da dakarren jeneroaren arabera: ganaduzaleak, ganadu plazan; arkumeak eta gaztak beheko plazan; txerriak, txerri-kalean; oilaskoak eta arrautzak saltzen, oilo-kalean. Azokan baserriko produktua da nagusi. Geroxeago ere hala zen hori.

Tratuan hasiko dira gero. Ezerk ez dauka prezio finkorik. Eskaintza eta eskearen arabera erabakiko dira, inoiz gorabehera dezenterekin. Sarritan, goizean goiz agindutakoa hartu ezin eta etxera itzuli behar eramandakoarekin. Beste batzuetan, ‘merkantzia’ etxera ez bueltatzearren huskerian eman eta bakeak egin. Ez dago goiz osoan oilasko pare bati begira egoterik.

Saltzaileak denak euskaldunak dira, euskara besterik ez dakitenak asko eta asko. Erosleen artean erdaldunak ere bai. Ikustekoak izaten dira elkarrizketak! Erostunak esaten badio: «usted pide mucho», hurrengo esaldia jakinekoa da: «pues, ¿cuánto manda usted?». Horrelako ‘euskaradakak’ jaulkiz aritzen dira gure baserritarrak. Baina tratu ona ala txarra ez da egoten hizkuntzaren baitan. Tratulari ona denak eutsiko dio bereari.

Askok aprobetxatuko du bertsoak entzun eta paperak erosteko, berri-emaile onak dira bertsopaperak. Beste asko aztiarengana inguratuko dira, nonahiko mina kentzen duten belar-potokoak erostera.

Komeni da ahalik eta azkarren dena saltzea, errekaduak  lehenbailehen egin eta etxera itzultzeko. Hain zuzen, plaza hutsik gelditu da, baina aldameneko kaleetan denda txikiak irekirik: oihal-denda, harategi, zapata-denda, botika, janari-denda, eta abar. Etxekoak zain egongo dira, amak feriatik zer ekarriko. Gizonezkoak ibil daitezke beranduago. Tabernan bazkaldu eta ilunabarrera arte, agian. «Garai tristek alaittu bearra zeoan», entzun izan nion aitona bati.

Beti izan da interesgarria, tratuez gain, baserritar eta kaletarren arteko harremana, azokari esker. Bi gizarte-mota diferente uztartzeko bitarteko ona da feria. Kultura eta pentsamoldeen kontrastea aberatsa da beti. Ordea, orain ere pertzak ipurdian zuloa: hitz egiteko konfiantzarik ez, gerraren esperientzia mingarriaren erruz.

Bai Horixe, DV: 170615  

 

 

Anuncios
Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s