Ostutako haurrak

Jaiotzeko betarik gabe eraman dute haurra, zaintza berezietan sartu behar dutela esanda

Zaila da kasu horrentzat  ‘modus operandi’ bat imajinatzea, baina, kasuak eragin duen alarma dela bide, honezkero askok egin izango ditu bere kabalak, nik ere egin ditut nireak:

Emakumea sartu da ginekologoaren kontsultan, senarrak lagunduta. Lehenik, emazteari entzun eta senarrari erreparatzen dio betaurreko beltzen azpitik. Emakumea biluztu denean, hura aztertu eta senarrari mintzatzen zaio, informazio eta segurtasun bila dabil, delinkuente profesionalen antzera. Hari-mataza nahasten saiatzen da, eta esaten dio haurdunaldi konplikatua izango duela; hori guztia, ahots ezti eta goxoz. Eta sarea zabaltzen jarraitzen du: «Ez litzaizuke gaizki etorriko, tokoloak ikusiko bazintu.»  Eman dio tokologoaren izena ere. Medikuak erizaina du ondoan, batzuetan hormara begira, hurrena isilka abesten; gero, batere beharrik gabe, instrumentala batetik bestera mugitzen, emakumeari irribarre zuria isuriz. Konfiantzaz beterik, kasik hunkiturik, atera dira kontsultatik senar-emazteak.

Joan dira tokologoarengana; hark, beste horrenbeste: santuaren eskuak iruditu zaizkio emakumeari bere ingurune intimoen jiran. Esaten dio azken fasean ohean egon beharko duela. Aldian-aldian erizainak deitzen dio, “nola dagoen jakiteko”. Haur izateko geratzen zaion tartetxo horretan arreta handia eskainiko diote, aldizka beren artean isilpeko bilerak eginez. Ginekologoa, tokologoa eta erizaina dira inplikatu nagusiak; badira konplize gehiago ere, tanatorioan edo hileta-enpresan egon liteke sekretuaren beste parte bat.

Zerratu dute tratua beste familiarekin, ez da gertukoa, eman dizkiote sumorik ez sortzeko ezinbesteko diren instrukzioak, erizainak deituko die bere momentu justuan umea jasotzera joateko. Aldez aurretik, dirua entregatua izango dute, diru beltza noski!, ginekologoaren betaurrekoak bezala.

Azkeneko bisitan, haurra oker datorrela esaten diote, beraz erditze arriskutsua.

Jaiotzeko betarik gabe eraman dute haurra, zaintza berezietan sartu behar izan dutela esaten diote amari.Torturaturiko nazarenoa baino “sentikorrago” azaldu da medikua, Ama Doloretakoa ematen du erizainak: «Hil egin da gaixoa». Medikuak sinatuko du heriotza-partea. Ama kontsolatzen saiatuko dira, eta, batez ere, derrigor bete beharreko “gomendioa” emango diete: «Zuen osasun psikikoarekin problemarik nahi ez baduzue, mesedez, ez ikusi haurra.» Aise konbentzitu dituzte ama gaixoa eta aita bera. Fededunak badira, ospitaleko apaizak ‘in extremis’ bataiatu duela esango diete. A ze lasaitua gurasoentzat!

Hil-kutxa hutsarekin doaz etxera.

Publicado en on enero 27, 2012 at 5:00 pm  Dejar un comentario  
Tags:

Artzain, errementari eta tenore

Txirritarena bertsoa bezala, harena kantua zen, eta mailu-kolpe artean kantatu egiten zuen

Astelehenean bete ziren 168 urte Julian Gaiarre jaio zela. Elur zuriak hartuak zeuzkakeen Erronkariko etxe-teilatuak eta landa-basoak. Aita ardien peskisan aterea zen alorrik alor, andrea haur egitera zihoala abisatu zioten arte. Izeba Juanita hantxe sukaldetik koartora, emaginari laguntzen. Abarka-mantarrak kendu eta prest jarri zen nagusia, etxean indar berria onartzeko. ‛Anisco ongui’ jin zen mundurat Sebastian Julian Gaiarre, familia apalean bada ere, gero hagitz kantari ospetsu izanen zena; 1844ko urtarrilaren 9a zen.

Apur bat ibili zen eskolan ere, 13 urtera arte bederen. Handik antzina erdietara zeharo emana, aitak Iruñara igortzea deliberatu zuen arte, dendan lan egin eta, agian, erdara ikastera. Hantxe izanen du lehen harremana musikarekin; dendaren aurretik banda pasatu eta hari segika doa, salmenta kontuak ahantzirik. Dendariak gurasoei itzuli zien hain hoben handia egin zuen semea. Hiriberrin egin zuen gero lan, burdina guria maneiatzen, forjako sutan. Artzaina errementari bilakatu zaigu, eta Iruñan hasiko bere kontura.

Baina Txirritarena bertsoa bezala, harena kantua zen, eta mailu-kolpe artean kantatu egiten zuen. Lagun bati esker, ‘Orfeon Pamplones’n sartu zen, Joakin Maiaren gidaritzapean. Ahotsak zuzendaria liluratu, eta lehen tenore izendatuko du. Ondoren, etorriko ziren musika-ikasketak, Eslavaren eskutik, eta laster ikusiko dugu Madrilgo Kontserbatorioan. Baina bide guztiak ez zeuden arrosa-orriz beteak erronkariarrarentzat. Buru-makur itzuli behar izan zuen sorterrira, Gaztanbide maisuaren erruz.

Hala ere, Iruñako Diputazioa ongi portatu zitzaion: Milana joateko beka ordaindu zion. Orduan hasiko da, tximistaren pare, inoiz gehiago atzera bueltarik izango ez duen karrera arrakastatsua: Bolonia, Erroma, Mosku, Viena, Madril, Bartzelona, Napoles, Paris… Madrilen jo zuen barrena. ‘Los pescadores de perlas’ kantatzen ari zela, ahotsa etenda geratu zen . Laringeko minbizia, depresioak…

Urtarrilean jaio zaio bazen, hil ere halaxe egin zen, 1890 urtarrilaren 2an, 46 urterako justu astebete falta zuela; beraz, gazterik, nahiz eta aspaldi esan: «Ha! cer vizia! tia Juana maitia, amar urte chiquiago bagunu…» Panteoia ikusi nahi duenak han dauka bere Erronkari maitean. Ezkongabea zen, baina ez haur gabea, alaba bat izan zuen. Azkenik, haren laringe famatua medikuen esku geratu zen, azter zezaten, eta gaur oraindik kontserbatzen da, ‛Museo de Navarra’n dago.

Publicado en on enero 25, 2012 at 8:08 pm  Dejar un comentario  
Tags:

Hizkuntzak eremuren batean hegemonikoa izan behar du

Horrenbeste metahizkuntza egiten denean, gauzak ez doaz ondo. Zoriontsu denak ez du pentsatzen zorionaz; ez denean hasten da pentsatzen

‛Babeli goarazarre’. Izenburu polita da, egokia, Patxi Baztarrikak duela urte pare bat idatzi zuen liburuarena; neu ere horren, Babelen, aldekoa naiz. ‛Suajili’ hizkuntzari buruzko datuak ikusten jardun dut egun hauetan; interesgarria da, mintzatzen ez badakizu ere, hizkuntza baten barrunbeak apur bat miatzea. Hori esan bezain laster esan dezadan, ordea, nekez uler dezakedala existitu ere egiten den ez dakizun hizkuntza nola izan daitekeen nire ondare. Suajilia, neurri txiki batean, nire ondarea da, baina interesatu zaidalako, eta miatu dudalako, nahiz eta maila oso apalean izan. Munduko hizkuntzak guztion ondare potentzialak dira, baina ez errealak. Esa nahi dut, ‛euskara guztion ondarea da’ onartzeko, erantzukizun minimoa exijitu beharra dagoela hori esatean duenari. Minimo hori finkatzerakoan sortzen zaizkit problemak, baina ni suajiliarekin egiten ari naizen adina edo gehixeago bai, behintzat.

Patxi adiskidearen liburua politikoki oso zuzena da; seinale du, ez dakit Adminsitrazioan zegoela pentsatua, baina egon izanaren ondorioak oso nabariak direla. Erraz gaindituko luke Tribunal Konstituzionalaren azterketa: indarrean dagoen legediaren barruan pentsatua dago. Estatus politiko eta sozial pribilegiatutik eskribitua. Printzipio orokorretan oinarritua, nagi antzean dabil konkrezioen eremu aldapatsuan. Hori bai, asmo onez josia, eta posible da Patxi Baztarrika ifernura joatea, infernua asmo oneko jendez betea omen dago eta. Zenbaitetan errepikakor samarra suertatu zait. Agian, arrazoi du ataundarrak: hemen gauzak sarri dago errepikatu beharra, bestela inor ez da enteratzen. Aipu egokiak ditu, asko gainera. Alde horretatik ahalegin handia egin du; bibliografia ikusi besterik ez dago. Bestalde, jakintza-maila dezentea eskatzen duen liburua da. Oro har, gai hauez zerbait baino gehixeago jakin beharko duzu: politika, ekologia, filosofia, soziologia, Europako legedia hizkuntzei buruz, eta euskaraz ere maila ona beharko duzu, ondo idatzia dago, erdarakada txiki batzuk gorabehera. Egoki-egokia da kontsulta-liburu moduan erabiltzeko. Azkenik, Paragrafo hau amaitzeko, esango nuke erdaraz (gaztelaniaz) eskribitu beharreko liburua dela; liburu hori euskaraz leitzeko gai diren euskaldunek badakizkite gauza horiek gehienak (lehendik).

Patxiren hitzetan, hizkuntza biziberritu eta indartzeko prozesuak arrakastarik izango badu, ezinbestekoa da hiru baldintzok uztarri berean lotzea: herritarren atxikimendua, lege-babesa eta baliabidez hornituriko politika eraginkorra, hizkuntzak ez direlako bere kakuz ahultzen. Egia esan, hizkuntza bere kabuz ez da ezer, dituen funtzio sozialen baitan da zerbait. Jakinekoa da, Patxik dioen eran, hizkuntza guztiek ez dituztela prestigio eta funtzio sozial berdinak. Gero ikusiko dugun eran, hori da gakoa; klixe utilitarioa da, azkenean, problema. Beraz, gure egitekoa badakigu zein den: beharrak sortzea; adibidez, Goierriko bankuetako mostradoreetan euskaldunak badaude, Goierriko gizartearen beharrak eraginda daude. Patxik dio Frantzian ere hasi ote diren euskara apur bat bultzatzen; hori ez da Sarkozyri, ametsetan, Gabriel goiaingerua hori esatera etorri zaiolako, baizik eta premiaren bat ikusi duelako, oraindik geldoa agian, enbrionarioa, baina nolanahi ere beharra; segur aski, oraindik ez da izango ‛politikoki zuzena’ besterik, baina… Espainiak ere, Baztarrikak dioenez, konpromiso politiko zehatzak hartuak ditu. ‛Konpromiso formalak’ esateko tentazioa sentitzen dut.

Uste dut, batzuetan, ingenuitate sano apur bat badagoela liburuan: Europan gehiegi fidatzea, eta abar. ‛Pluraltasunean bat egitea’ eta horrelakoak oso politak dira; alegia, hizkuntza-pluraltasunean; edo esaten duenean Europako hizkuntza bat galtzea Europako identitateren zati bat galtzea dela… Egia al da mozturiko besoaren oinazea? Eta nazioarteko zenbat soziologo eta linguistek zein aholku zoragarriak ematen dituzten, hor datoz horietako asko, Patxik ipinita. Hipotetiko asko: ‛Se debería’ eta abar. Horrenbeste metahizkuntza egiten denean, gauzak ez doaz ondo. Zoriontsu denak ez du pentsatzen zorionaz; ez denean hasten da pentsatzen.

Patxik bi galdera egiten ditu: ‛zergatik ikasi’ eta ‛zertarako ikasi’. Niretzat, lehen galdera soberan dago, ez dago ‛zertarako ikasi’ beste galderarik. Funtzionaltasunean oinarritu behar da beti hizkuntzaren etorkizuna; jakina, identitate-funtzioa ere hor dago, bera bakarrik ezer gutxi den arren. Ez nuke sartu nahi, ez bainuke jakingo nola irten, hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza bezalako disgresioetan, Baztarrika sartzen den eran; dena den, hizkuntza ofizialak, gero esango dudan eran, lan-hizkuntza ere izan behar du eremuren batean. Bestetik, oraindik ez dut ikusten zer abantaila duen Europan ofiziala izateak, eremu horretan sekula erabiliko ez bada; interesgarriagoa jotzen dut Europak hizkuntza bakoitza bere eremuan onar dezan, eta erabiltzeko medioak ipintzea. Izan ere, Patxik berak argitzen digu Europak ez daukala hizkuntza-pluraltasuna gorde eta indartzeko politika eraginkor eta egiturarik. Ados gaude elebitasuna dela integrazio bidea; nola ez gara egongo?

Baina hasierara itzuliko naiz berriro: Eremu jakin batean hegemonikoa izan behar du hizkuntzak, buru emango badu. Patxik ere mezua jasoa du, eta ez dago gizarte elebidun orekaturik. Utopia hutsa da Euskal Herri elebidun perfektuaren kontua. Identitate-funtzioaz gain, beste minimo batzuk ere bete behar ditu hizkuntzak –berriz diot– eremuren batean, berdin dit eremu hori Goizueta bada ere. Nik gutxieneko hauek eskatuko nizkioke: maila idiotikoa (pentsamendua, ametsa), familiarra (transmisioa barne), lagunartea eta aisia, lana, ikasketak, herria (herri aldizkariak, udala, dendak, bankuak, kirola…).

Horraino gutxienez iritsi beharko genuke. Hala ere, oraindik beste hiru maila inportante, inportanteenak, geratzen dira: Nazioa (insitituzioak, gizarte-komunikabideak, goi hekzuntza, sindikatuak, justizia, osasuna…) Nazioartea (turismoa, merkatariza, diplomazia, nazioen arteko kooperazioa, politika) eta Zibilizazio-mailako funtzioak (ikerkuntza zientifikoa, eta abar).

Batzuek esango dute gutxi eskatzen dudala, dena nahi izateko eskubidea daukagula. Baina pragmatismoak eskubideei, askotan, ez die jaramon handirik egiten. Premien arabera egingo dugu aurrera; arazoa da burutsu jokatzea premiak sortzeko. Hortik etorriko da ikasteko motibazioa ere.

Publicado en on enero 24, 2012 at 8:39 pm  Dejar un comentario  
Tags:

¿En qué consiste la paz?

Vivo apartado del mundo y sigo la escondida senda por los montes de Argiñano, no sé si por estulto o por sabio. Aquí habla el silencio, aquí reina la paz, paz de soledad escogida, contexto inmejorable para cultivar el pensamiento, escuchar música o leer y descubrir a Bolaño. También buena atalaya, con perspectiva, para observar qué se dirime por esos mundos vascos y no vascos. Hablan los periódicos de la manifestación del pasado sábado en Bilbao. No estuve en la manifestación, aunque estuve en Bilbao virtualmente, disfrutando del magnífico espectáculo que nos ofrecieron Titín –al que le silban menos o ya no le silban en Bilbao–, Barriola, Olaizola y Ruiz, cada cual con su pensamiento y juego en la cancha y fuera de ella. ¡Inonvidable! Respetables todos, los del frontón y los de la calle; sin ese respeto mutuo no es real la paz. (más…)

Publicado en on enero 9, 2012 at 3:49 pm  Dejar un comentario  
Tags:

Bahator aurten ere

Sagrarioan gorde eta adoratzeak ez dik balio, hire mezua oinperatzen badugu

 Ez gaituk disgresio teologikoetan sartuko. Ezta historikoetan ere. Onartzen diagu, fededun ala ez, borondate oneko gizakume guztientzat haizela eredu, hau da, «Pax hominibus bone voluntatis.» Bahator aurten ere. Gure herriari dagokionez, aldaketa bat aurkituko duk iaztik aurtena: ETAk hitza emana dik biolentziari uko egiten diola. Notizia ona duk. (más…)

Publicado en on diciembre 22, 2011 at 7:05 pm  Dejar un comentario  
Tags:

Menditik kale berrira

Ez da erraza hain obra laburrarekin historian sartzea. Bertsolaritzako Juan Rulfo dela esango nuke

 Liburu baten azalari itsatsiak daude nire begiak. Adineko gizasemea ageri da argazkian, baina tentea, nahiz eta eskuineko eskua makuluari atxikia eduki; ezkerra, patrikara bidean, erabat ezkutatu gabe; traje grisa soinean; alkandora zuria; zapata beltzak; buruan txapela, eta betaurrekoak sudur gainean. Artzain eta azeri-harrapatzaile izan zen; bi ofizio, noski, elkarrekin ongi konpontzen direnak: ardiarentzat etsai porrokatua da azeria eta, bidenabar, artzainarentzat ere bai. (más…)

Publicado en on diciembre 16, 2011 at 9:25 am  Dejar un comentario  
Tags:

Txango hona, txango hara

Lorentxok utzi zuen modutsuan dago dena, baina atariko pinu alertzea ikaragarri hazi da

Demagun Zaldibiako Goiko Plazan zaudela. Lau bide har zenitzake txango egiteko.  Nik laugarrena hartu nuen aurrekoan, bi ordu eta laurdenekoa.  Parke botanikoa, Olaa eta Olalde kale-baserriak eskuinetara utzi, eta Amondarain ibaiaren ertzetik aurrera egin nuen! Alboko zelaian artaldea, txalaka eta txintxarri, dunbak bere garairako utzita. Errepidearen alde bietan, arraza bereko behi-talde bana; bikainak, alazankoa! Ondoren, Braulio-presa, lehengo itxuraren arrastorik gabe, berrituta, amuarrainen babesleku. Santa Barbara ‘mini-ermita’, eta baserriak bi aldetara: Aiestarangoena, Aierdi, Errekalde, Konporta, Antsusieta… Antsusietan geldialdia. Egurrezko besaulki dotorea atarian. Nagusia falta! Aurrerago, Antxusietatelleri eta Lazkaoetxe, zein baino zein txukunago. Bata txiki eta fin, beste handi eta eder. Hirugarren kilometroan, Joxe Mari zenak bizikleta gordetzen zuen etxolaren ondoan, errepide ertzean, bi pago-tantai. Aspaldiko urteotan egin duten irabazia! Metro banako zirkunferentzia oinarri dutela, horren gainean hogeina metro jaikiko dira; batak sardengo bakarra; besteak, bi besanga. Azpialdeko zelaian, Joxeren behi gorriak larrean. (más…)

Publicado en on diciembre 1, 2011 at 9:37 pm  Dejar un comentario  
Tags:

Fiódor Dostoievski

Urrezko idazlea, kristalesko pertsona. Gizon handiak zergatik zarete hain hauskorrak?

Bihar, 11/11/11, beteko dira 190 urte jaio zinela. Ez zenuen izan luzaro bizitzeko graziarik: 59rekin hil zinen. Kritiko gehienen, edo guztien ustez, munduko literatura osoan izan den idazlerik handienetakoa zara. Nietzscheren hitzetan, zerbait irakas zenazkeen psikologoa. Freudek ‘El Gran Inquisidor’ bereziki goraipatzen du. Stefan Zweig-en ustez, giza arima ongien ezagutzen duzuna. Kafkarentzat inspirazio-iturri… Baina, beste asko bezalaxe, bizitzak nahiko gaizki tratatua. Urrezko idazlea eta kristalesko pertsona. Gizon handiak zergatik zarete hain hauskorrak? (más…)

Publicado en on noviembre 19, 2011 at 10:26 am  Dejar un comentario  
Tags:

Gaztagintzako proiektua Aralarren

Aralar mendia, artzaintza, Zaldibia eta Ardiki Eguna erabat loturik daude. Dakizuen bezala, sarritan mintzatu izan gara artzaintza eta Ardiki Egunaz. Aurten gai berria dakargu: ‘Antzinako zaporeak. Mendiko Idiazabal gazta’ proiektu pilotuaren gainean mintzatuko gara. Aralarko Parke Naturalean ipini da martxan, Euskal Gobernuaren Nekazaritzako Departamenduaren Zuzendaritzaren eskutik. 170.000 euro inguru kostatu da. Mankomunitateak eta Goimenek ere hartzen dute parte. Momentuz, bi artzain ari dira lanean: Doniturrieta Garakoan, Gerardo Garmendia eta Arritzagan, Karlos Beloki.

(jarraitzeko, hemen klikatu).

Publicado en on noviembre 1, 2011 at 9:46 am  Dejar un comentario  
Tags:

Ardiki Eguna

Ardiki Eguna, Zaldibia, mondeju-lehiaketaren historiala 1994-2011

(jarraitzeko, hemen klikatu)

Publicado en on octubre 30, 2011 at 9:36 pm  Dejar un comentario  
Tags:
Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.