On eginez igaro zuen bizitza

26 Igandea, denbora arrunta, 140928, Mt: 21,28-32

 «Publikanoak eta prostitutak zuen aurretik doaz Zeruetako Erreinurako bidean»

 *******************************************************

 JESUSEK ZERGATIK SALATZEN DUEN ERLIJIOA

 “Bekatari eta publikanoekin” jaten zuela leporatzen zioten Jesusi, hau da, pertsona erlijioso batentzat portaera desegokia zela harena. Jesusek, ordea, aurrera joko du: probokaziotik salaketara pasatuko da. Akusatzaileen beraien erlijiotasuna salatuko du.

Testuak adierazten du harekin mintzatzen direnak “apaiz nagusiak eta agureak (edo senatariak) direla, hau da, elite erlijiosoa eta judaismoaren autoritate gorena. Zintzotzat daukate beren burua, eta ortodoxiaren zaintzaile eta epaile kontsideratzen dira, eta onar ala kondena ditzakete jendearen portaerak. Jainkoarekiko “bitartekaritza-funtzioa” beren gain harturik, erlijioa absolutizatu egin dute, gizarte hartako erakunde boteretsuen bihurtzeraino.

Badakigu Jesus ez zela ondo eramaten boterea eta erlijioarekin. Lehenengoari, zerbitzua kontrajartzen zion beti: «Dakizuenez, herrien buruzagiek hankapean hartu eta handi-mandiek zapaldu egiten dituzte herritarrak. Aitzitik, zuen artean ez du horrela izan behar. Zuen artean, handiena izan nahi duena izan bedi zerbitzari, eta lehenengo izan nahi duena izan bedi guztien morroi. Gizonaren Semea bezalaxe, hura ez baita etorri zerbitza dezaten, baizik eta bere bizia guztien alde ematera» (Mt 20,25-28). Bigarrena, dohaintasuna: «Nirea den guztia, zurea ere bada. Poztu egin behar dugu, eta festa antolatu, zure anaia hau hilda zegoen eta piztu egin baita, galdurik zegoen eta aurkitu egin baitugu» (Lk 15,31-32).

Ez da kasuala zerbitzuak (errukiak) eta dohaintasunak osatzea Jesusen mezuaren oinarrizko ardatza. Era berean, ez dirudi kasuala autoritateak bi ezaugarri horiek ez onartzea. Modu inkontzienteak bada ere, autoritateak botereari eutsi nahi izaten dio. Horretarako, solemnitate-kutsu handiz inguratu eta jantziko da, eta, aldi berean, otzantasuna eta arauak betetzeko eskatuko du. Horrela, nahiz eta sarritan kontrakoa aldarrikatu teorian, praktikan Jesusen mezuari buelta ematen dio, eta mendekoek, jakina, automatikoki jasotzen dutena da arauak betetzea eta merituak egitea dela bide bakarra. Diskurtso “erlijiosoa” egiten jarraituko dute, eta Jesus eta Jainkoa aipatzen, baina, zinez eta zuzen hitz eginda, mezu originala desaktibatu egin da.  

Autoritate erlijiosoaren funtzionatzeko modu horren aurka, ezin bortitzagoa da Jesusen hitza: «Publikanoak eta prostitutak zuen aurretik doaz Zeruetako Erreinurako bidean».

Paradoxa mingarria izan behar zuen horrek Jesusen “adiskide” edo mintzaide horientzat: haien begietarako bekatari publiko eta Jainkoarentzat “madarikatu eta aldenduak” zirenak, hain zuzen, handizki haiek baino maiteago ziren Jesusentzat.

Ez da Jesusek “ordena erlijiosoa” iraultzen duen lehen aldia. “Samariar onaren” parabolan (Lk 10,25-37) edo “juizio unibertsalaren” parabolan ere (Mt 25,31-46) eduki bera transmititzen da. Eta modu argi eta garbian, hala irakurtzen da Mateoren ebanjelioan bertan ere: «‘Jauna, Jauna!’ esaten didan guztia ez da sartuko zeruetako erreinuan, baizik eta zeruan dagoen gure Aitaren borondatea egiten duena» (Mt 7,21).

Jesusen hitz guztion azpian, harentzat garrantzitsuena zen hauxe atzeman daiteke:

  • dohaintasuna berretsi; hizkera teistan honela adieraziko litzateke: “Jainkoa Grazia da”;
  • “azkenak”, hain zuzen ere azkenak direlako, dira maiteenak;
  • maitasuna sinesteen aurretik: ez dio hainbeste axola mentalki sinesten dugunak, baizik eta bizi dugunak eta, are gehiago, maitatzen denak.

Hau ere esan zen Jesusi buruz: «on egiten igaro zuen bizitza» (Eg 10,38). Hori da klabe definitiboa: bizi espiritualaren testak ez dauka zerikusirik sinesteekin, eguneroko bizitzarekin baizik eta, konkretuki, besteenganako onberatasun-jokaerarekin.

             www.enriquemartinezlozano.com
rufinoiraolagarmendiaren itzulpen librea

 

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario