Mundua mundu

“Mundua beti mundu”. Deigarria da tradizio erlijioso guztiek gauza bera azpimarratzea: “Gizakia, mundura etortzean, halako egoera hits eta iluntasun batean murgiltzen da”. Kristautasunak, gainera, zehaztasun handiz adierazten du: “Jatorrizko bekatua” deitzen dio. Ondorioa da, azkar esateko, mundu honetan ez dagoela “zoriontsu” izaterik.

Bi korronte ideologiko handi baliatu edo aprobetxatu izan dira munduaren kontzepzio horretaz: erlijioa eta kapitalismoa. Erlijioa, modu horretan, beste munduko zorionaren agentzia eta fabrika bihurtuko da. Bere agenteek (Eliz hierarkiak) esandakoa konplituz gero, bermatua daukagu eternitate guztiko zorion amaigabea. Hori bai, Elizaren ordezkariek, sarri askotan, mundu honetako pribilegioei ere ez diete ukorik egingo.

Dena dela, ezinbestekoa da Eliz hierakriak esandakoa itsu-itsuan sinestea eta betetzea. “Ez da onartzen erreklamaziorik”. Erlijioak eta bere ordezkariek (Elizek), nagusiki, hiru eremutan dute aginpidea edo ematen dituzte pautak, gure bizia bide zuzenetik eramateko.

Lehenik eta behin, erlijioak esplikatu egiten du. Dena esplikatzen du: Jainkoa eta bere kreazioa, mundua eta bere historia, gizakia eta bere biziaren zentzua… Ez dio inporta, maiz asko, zientziak arrazoia kendu badio ere (auskalo zenbat aldiz Kopernikoren garaitik hasi eta Darwin-en eboluzionismoraino). Beti aurkituko du, ordea, moduren bat, bereari eusteko.

Bigarren, morala ezartzen du. Horren barnean, arauak eta betebeharrak, dogmak ahaztu gabe.

Hirugarren eta ondorioz, erlijioak esandakoaren arabera bizi denarentzat, sari ikaragarria beste munduan: betiko zoriona. “Jainkoaren hitzaren” ordezkari, beraz “egiaren” ordezkari izatetik datorkio erlijioari sariak eta zigorrak banatzeko ahala, hau da, Absolutuaz jabetzetik. Baina, Javier Mellonik esango lukeen eran, erlijioak irentsi ezin ez ezik guztiz arriskutsu bihurtzen dira, Absolutuaz jabetu nahi dutenean.

Kapitalismoa dela esan dut, egoera horretaz baliatu den beste korronte ideologikoa. Aberatsak eta pobreak beti izan diren “teorian” oinarritzen da kapitalismoa, erlijioaren laguntzarekin. Pobreari ez dagokio kapitalak esandako baldintzatan lana egitea besterik. “Jainkoaren borondatea” azpimarratuko du korronte batek bezala besteak. Eta langile gizagaixoak hor dauka, mundu honetan posible ez den zoriona, beste munduan: “ematen duenaren bateko ehun” jasoko du, gainera. Oraindik ere, langile-portzentaje handia da, munduan, baldintza duinik gabe lanean ari dena.

Eta hemen bertan ere bai. Madrilgo Caritasek salatu duen moduan, soldatarik gabeko lanpostuak eskaintzen dira edo egunean 12 orduko lanaldia, astelehenetik igandera, 500 euroko soldataren truke. Bistan da, krisiaren izenean, batzuek lotsa galdu egin dutela, eta kontzientzia ere bai.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario