Esplikazio txiki bat (azalpen-testua)

Txolarreek habia asko egiten dute, eta katua igotzen da teilatura, txorikumeak ehizatzera

Simon nekazaria da. Simonek garajea du guretik gertu. Simonen garajea harrizko eraikin txiki bat da, paisaiari dagokion eran, gibeletik basa-arrosez inguratua. Eskuineko hormak bereizten du lorategia eta, ezkerrekoak, ortua. Goraka irekitzen den ate sendoa du sarrera. Ortuan, era askotako landarek ikus daitezke: porruak, tipulak, azak, berakatzak, letxugak, tomateak…; lorategian, olibondoa, gorostia eta jasmin horia nabarmentzen dira, sasoiko beste batzuekin batera, bereziki begonia eta geranioak.

Simon bizi den etxetik hogei bat metrora dago garajea. Ez du altura handirik, etxearen lehenengo solairuaren parera iristen da, gutxi gorabehera. Simon bigarren pisuan bizi da, eta garajeko teilatua beti begi-bistan dauka. Teilen pitzadurak eta itoginak ederki kontrolatzen ditu handik, baina, sortzen direnean, semeari deitzen dio, konpontzeko. Gauzak txukun edukitzea gustatzen zaio; ahal badu, berak nekerik hartu gabe.

Txolarreek habia asko egiten dute Simonen garajeko teilatuan, eta katua igotzen da teilatura, txorikumeak ehizatzera. Katuak ordu luzeak ematen ditu kiribilduta, aukera onenaren zain, begi nabarretatik gezi finak darizkiola; kolpe segurua gustatzen zaio, eta mokadu goxoa. Gutxitan deskuidatzen da; gainera, teilatuan zakurrak ezin du harrapatu; alfer-alferrik zorrozten ditu letaginak.

Simonen garajea bihitegia ere bada. Simonek garia eta garagarra hantxe gordetzen ditu, irindegira eramateko txanda iritsi arte, auto, golde eta beste lanabes batzuekin batera. Zazpi golde dauzka burdinazko barra luzean lotuta, denek batera lan egiteko prestaturik, eta Simonek ordu gutxitan sail handiak gorritzen ditu.

Simonen Azkeneko modako traktorea erosi du, asko ordainduta (120.000 eurotik gora), nik entzun dudanez, herrian kontatzen den guztiari kasu egiterik ez badago ere. Esan liteke traktore horrek kabina alferrik duela. Kanpotik gidatzen da, eskuko agindu-koadroren bidez. Gehiago esango nuke: soroaren forma eta neurriaren arabera, programatu ere egin liteke, berak bakarrik lan egiteko. Harri edo oztopo gogorrik aurkitzen badu, abisua ematen du, argia piztu eta sirena joka.

Horrela, Simon ibil liteke, ziza-garaian, ziza biltzen edo, ehiza-sasoian, adibidez, oilagorretan. Biak ere jenero estimatuak edozein lekutan. Horregatik dauzka Simonek adiskide asko, boladaz. Berak ere esan ohi du: “Jendea etortzen da hemen ziza eta ehiza garaian, baina soroko harriak biltzera inor ez”.

Bai Horixe, DV: 150514

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa, 1 Liguistiko-testuala y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario