Balio duen lana

Gure gizartea ‘ekonomizista’ da. Zenbat diru daukan, hainbeste balio du pertsonak. Boterea eta fama doaz horren atzetik. Hara ‘hirutasun santua’: dirua, boterea eta fama. Horiek lortzen laguntzen dutenak dira jarduera baliosak. Horiek dira konforta eta ongizatearen ardatz nagusiak.

Pertsona moduan hazteko balio duten gauzak atzera geratzen dira baremoan; adibidez, kultura, espiritualitatea edo filosofia. Eta begi-bistakoa da gurasoek, maisuek eta, oro har, gizarteak zer gomendatuko dion ikasle bati: diru asko irabazteko moduko karrera hautatzeko.  

Filosofiak, kulturak edo arteak balio dute, baina ez dirua irabazteko. Beste balio-mota batzuk aurkitu beharko dizkiegu. Ez dira, dirua bezala, medio bat beste zerbait lortzeko. Beren baitan dira helburu. Musika aditzeak, bertsoak jartzeak, artea kontenplatzeak… ez dute ezer lortu beharrik. Ez dute balio instrumentalik, esate baterako, zapatak egiteak daukan bezala.

Baina beste helbururik ez duten gauzek ematen dizuten gozamena segitukoa da, bertatik bertakoa, ez dago itxaron beharrik: irakurtzea, dantzan egitea, kantatzea… gauza baliosak dira gure barrenarentzat. Ez dakigu balio klase hori estimatzen. Zerbait ‘handia’ lortzeko bitarteko diren gauzen irrikan gabiltza beti.

Benetako eginkizuna desinteresatua da. Lan desinteresatua, atsegin-iturri. Horrek ez du esan nahi zeharka zerbait etortzen bada, hartuko ez duzunik. Jende askok egiten du lana ordain ekonomikorik gabe. Hobby hutsez egiten diren lanek satisfazio handiak ematen dituzte. Plazera ez da txanponik kostatzen, non aurkitu baldin badakigu. Egiten dakizuna gustura egiten baduzu, ongi ordaindua zaude.

Badakigu hegazkinak egin beharra dagoela, badakigu etxeak eraiki beharra dagoela, badakigu ardiak zaindu beharra dagoela. Ipini nahi dituzun ofizio guztiak. Baina gure ofizioa diru-iturri besterik ez bada, ez gaitu erabat aseko, inondik inora ere.

Txirrita alferra omen zen. Txirrita ‘hargina’, agian, izan zitekeen alferra, baina ez Txirrita ‘bertsolaria’. Txirritarentzat bertsoa zen bizia. Bertsoak asebetetzen zuen, hura zen haren elikagai espirituala. Txirritak bezalaxe, guztiok behar dugu janari espirituala. Bakoitzak atera ditzala kontuak zein den berea. Eta Txirritaren moduan, gehienok beharko genuke bigarren ofizioa.

Bai Horixe, DV: 160310, moldatua

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario